Etxe-garbigarriak

Garestienetako batek ia-ia ez du garbitzen

Hobe da arreta jarri eta ondo aukeratzea: alda handiak daude batetik batera, prezio, osoko kalitate eta garbitzeko gaitasunean
1 azaroa de 2007
Img analisis 2 listado 156

Garestienetako batek ia-ia ez du garbitzen

Jele zein likido gisa merkaturatzen diren etxe-garbigarri likidoek berdin-berdin balio dute komuna, sukaldea edo baldosadun zoruak ikuzteko. Etxeko garbiketa-lanetan zernahitarakoak dira. Oraingoan, erabilera generikoko zazpi etxe-garbigarri likido eta jele laborategian aztertu eta praktikan probatu dira. Horien prezioak, litroko, 1,28 eurotik (Vim) 2,64 eurora arte (Cillit Bang) doaz. Litro eta erdiko ontzietan merkaturatzen dira, Estrella (1,1 litro) eta Brillax (1 litro) izan ezik. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Ajax laginak ematen du: merkeenen artekoa, gehien eta hobekien garbitzen duenetako bat eta kalitate on-ona erakutsi zuenetako bat, gaitasun detergente eta koipegabetzailearengatik.

Lehen-lehenik, segurtasuna

Produktu hauek ez dute beren burua desinfektatzailetzat agertzen, Brillax laginak izan ezik (bakterizida dela dio, baina ez du zehazten eginkizun hori betetzeko behar duen denbora, ezta produktu kopurua ere). Estrella laginak, etiketako letra txikian, desinfektatzaileen gaineko arau bati buruzko aipamen nahasgarri eta osatugabea ematen du, kontsumitzailearen kaltetarako izan daitekeena. Zazpiek beren ontzietan segurtasunari buruzko ezinbesteko argibideak ematen dituzte. Brillax eta Vim laginek ez dute aipatzen ontzian kontserbatzaileen izen kimikorik.

Estrella eta Brillax laginen botiletako estalkiak erosoenak diren arren, ez dute balio produktua neurtu eta dosifikatzeko, gainerakoek ez bezala. Horien etiketa nahasgarriek, gainera, ez dute bat ere errazten produktu disolbatua dosifikatzeko prozesua: Estrella laginaren arabera, edalontzi bat erabili behar da; Brillax-en esanetan, “kopuru txiki bat”. Tenn laginaren ontzia nabarmendu da, produktua tantaka erortzea galarazten baitu.

Zazpi etxe-garbigarriak likido garbi, perfumatu eta pikorrik gabeak dira. Cillit Bang, Ajax eta Tenn berde kolorekoak dira; Don Limpio, Estrella eta Vim, urdinak; Brillax, margul edo kolorgea. Denek antzeko dentsitatea dute: 0,987 gramo mililitroko (g/ml) (Brillax) eta 1,014 g/ml (Estrella) artean dabil. Azidotasun gradu edo pH faktorea, berriz, desberdinagoa dute: Cillit Bang, Don Limpio eta Tenn aski basikoak dira (pH altua, 9,7 eta 11 artekoa); Estrella eta Vim azidoak (pH apala, 4,5 eta 4,9 artekoa); Ajax eta Brillax, neutroak (6,4 eta 7,3 arteko pH). Koipearen kontrako egintzan pH basikoa eraginkorragoa izanik, zerbatik marka batzuek aukeratu dute formula azidoko produktua sortzea? Horrela bakarrik kontserba daiteke produktu hauek daukaten hidrogeno-peroxido (edo ur oxigenatu) izeneko substantzia ikuzgarri eraginkorra.

Garbitzen duten substantziak

Estraktu lehorrak produktuak zenbat ur daukan adierazten du. Estraktu lehor gehiagok ez du derrigorrez esan nahi produktua eraginkorragoa dela, oso litekeena baita substantzia horiek mineral gatzak edo koloratzaileak izatea. Tenn da estraktu lehor gehien daukan lagina (%5,7), ondotik Ajax (%5,4) eta Don Limpio (%5 datozkiola). Ur gehienekoa, berriz, Vim (%1,6). Produktuen kalitatea baloratzeko unean materia aktiboaren (hots, ikuzten duten agenteen) proportzioak datu zehatzagoak emango dizkigu. Horregatik produktu-kopuru berbera duten etxe-garbigarri batzuk eraginkorragoak dira, gehiago irauten dute edo apar gehiago egiten dute. Denetan hoberenak Tenn (edukiaren %5,1 materia aktibo) eta Ajax (%5) dira; txarrena, askoz ere, Vim (%0,6).

Produktu hauen oinarria partikula tentsioaktiboak dira, berorietan baitatza ikuzteko ahalmena. Tentsioaktibo anionikoek orbanak erauzteko ahalmen-aukera zabala dute eta apar asko eragiten dute, gainera. Horrelakoak daude Tenn (%3), Ajax (%1,9) eta Don Limpio eta Vim (%0,3) laginetan. Xaboia ere tentsioaktibo da baina geroz eta gutxiago baliatzen da (Don Limpio eta Tenn laginek bakarrik daukate). Tentsioaktibo ez-ionikoek anionikoen egintza indartu egiten dute eta koipearen aurrean eraginkortasun handia erakusten dute. Ohikoenak dira eta Don Limpio, Cillit Bang eta Ajax laginek honelakoak edukiaren %3tik gora dauzkate; Brillax, Ten eta Estrella laginek %2 daukate eta Vim da osagai horretatik gutxien daukana (%0,3). Desinfekzioa tentsioaktibo kationikoei esker lortu daiteke (Estrella eta Brillax) baina anionikoekin elkartezinak dira, elkar indargabetzen dutelako.

Karearen aurka

Ura “gogorra” dela esaten da bertan mineral gatz asko -kaltzioa, magnesioa, burdina, manganesoa, etab.- disolbaturik dabiltzanean. Ur hori lurruntzen denean karea geratzen da bertan, hots, kanila, manpara eta aparatu sanitarioetan geratu ohi den lorratz zurixka mineral ezagun hori, suntsitzen zail-zaila. Don Limpio, Ajax, Vim eta Tenn laginek gatz horiek “bahituz” karerik sor ez dadin berariazko formulak dauzkate.

Disolbagarriek bi funtzio dituzte: etxe-garbigarriaren osagaiak disolbatzea, eraginkorrak izan daitezen, eta gantzezko orbanak disolbatzea, ondoren eraz erauz daitezen. Disolbagarriak dauzkate Brillax eta Tenn laginek, baita Cillit Bang-ek ere (baina azken honetan disolbagarrien presentzia hutsaren hurrena denez, eraginkortasuna auzitan jarri beharra dago). Agente zuritzaileek orban gogor batzuk -kafea, fruta…- kentzen laguntzen dute. Horretarako ur oxigenatua (hidrogeno-peroxidoa) baliatu ohi da, aldi berean desinfektatzaile ere baita. Zazpietatik Estrella eta Vim laginetan soilik aurkitu da.

Erabilera proba

Produktu horien osaketa nolakoa den jakitea alferrikakoa da, orbanen aurrean produktu horien eraginkortasuna balioztatu ezean. Hori frogatzeko, altzairu herdoilezinezko plaka batean koipea ipini eta plaka labean berotu zen, harik eta orbana lehortu zen arte. Zikindutako plaka horiek produktu hutsez (hots, uretan disolbatu gabe) beterik zegoen eta etengabe mugitzen ari zen ontzi batean sartu ziren. Ondoren, plakak labean lehortu ziren ostera. Era horretan, plakak lehenago eta ondoren pisatuz zehazten da zenbat koipe desagertu duten (igurtzi gabe, likidoa inguruan mugitzen ari dela bakarrik). Proba hori produktu bakoitzari hirutan aplikatu zitzaion. Cillit Bang (orbanaren %66 garbitu zuen) izan zen hoberena eta “oso egokia” kalifikazioa irabazi zuena. Don Limpio (%59), eta Ajax eta Tenn (biek %57) “egokiak” izan ziren. Estrella eta Vim (biek ere, orbanaren %36 kenduta) laginek eraginkortasun dezente apalagoa erakutsi zutenez, “zuzen” kalifikazioa soilik eraman zuten. Hona, erdipurdiko emaitza horren balizko zurigarri bat: horien testura jele batenaren antzekoa denez, espartzu edo belaki batekin igurztea eskatzen dute, eginkizuna zuzen beteko badute. Brillax laginak orbanaren %8 baizik kendu ez zuenez, ez zuen proba gainditu.

Detergentzia ahalmena (koipez bezalako orbanak ikuzteko gaitasuna) hautemateko ere aurreko proba egin zen (hirutan, era berean) lurrezko orban bat ipiniz eta etxe-garbigarria disolbaturik, fabrikatzailearen argibideak beteaz. Tenn da “oso egokia” kalifikazioa jaso zuen bakarra: honelako orbanen %73 kendu zituen. Don Limpio (%60) “egokia” da; Ajax (%55), Cillit Bang (%44) eta Vim (%42) “zuzen” baino ez dira eta Estrella (%35) eta Brillax (%30) laginek eraginkortasun ahulena agertu dute.


Lorratzak eta erasokortasuna

Emaitza horiek, garbigarriek ukitzen dituzten materialak azkenean hondatzen dituen formula erasokor baten bidez erdiesten dituztela egia ote den jakiteko, produktu bakoitzaren dosi handi bana aplikatu eta bertan utzi zen 24 orduz, erreakziona zezan zeramika sanitarioan, silikonazko, kautxuzko, binilozko lotunetan, estratifikatuan eta akriliko sanitarioan. Urez garbitutakoan, epe horretan azalera bakar bat ere hondatu ez zela egiaztatu zen. Garbitutako ispilu batean arrastorik utziko ote zuten egiaztatu nahi zen, era berean: Don Limpio eta Ajax izan ziren hoberenak, inolako arrastorik utzi ez zutelako. Denetan txarrena Cillit Bang izan zen, lorratz nabarmenak laga zituelako ispiluan.

Orbanen aurkako eraginkortasunez haratago ere, kontsumitzailek oso kontuan hartzen duten alderdietako bat usaina da. Honen intentsitatea (ez gara kalitateaz ari, honakoa subjektiboa baita) “neurtzeko”, ur berotan disolbaturik detergente bakoitzak zuen usaina aditu eta puntuatu zuten hogei adituk. “Oso perfumatua” bakarra izan zen: Ajax; adituei gutxien gustatu zitzaiena, aldiz, Estrella. lagina

Osoko kalitatea

Osoko kalitatea finkatzeko, analisi bakoitzari emaniko garrantziaren arabera sailkatu ziren. Kalifikazioaren %30 koipea kentzeko gaitasunak eta ahalmen detergenteak dute; %15 usainak; aparrak eta lorratz-kopuruak %10na; materialen aurkako erasokortasunak %5. Harrigarria bada ere, lagin bakar bat ere ez zen “oso egokia” kalifikazioa erdietsi. Tenn, Ajax eta Don Limpio izan ziren hiru hoberenak (?egokia”). Vim, Cillit Bang eta Estrella, “zuzen” baino ez. Proba gainditu gabe utzi du Brillax laginak, orbanak eta koipea kentzeko eraginkortasun ahula agertu duelako, batez ere.

Aparrak garbitzen al du?

Aparrak ez du garbitzen. Frogatu ere, ez du frogatzen detergenteak elementu garbitzaileak dituela. Baina kontsumitzaile gehien-gehienek bitsa etxe-garbigarri on baten ezinbesteko osagaitzat jotzen dute. Badirudi, arrapo hori harrotzen ez bada, garbitzeko garaian indarrik ez duela izango, baina errealitatea ez da horrela. Datu ona ez dena, berriz, aparrari suntsitzen kostatzea, luze irautea, alegia, horrek urez garbitzea eragotzi egiten duelako.

Bitsa garbitasunaren seinaletzat hartzeko pertzepzio hori arras zabaldua dagoenez etxe garbigarriek zenbat arrapo sor dezaketen eta apar horrek zenbat denbora behar zuen suntsitzeko balioztatu behar izan zuen laborategiak. Apar gehien sortzen zuten produktuak eta azkarren ezabatzen ziren aparrak hobetsi egin ziren. Baina proba honetan laginek ez zuten nota ona lortu. Bera gainditu zuten bostetatik (“zuzen” izan zen kalifikazio altuena), Don Limpio laginak ia ez zuen bitsik eragin; Tenn, Estrella, Brillax eta Vim produktuek arrapo gehiegi zuten, eragiten hasi zenetik bost minutu igarota ere. Ajax eta Cillit Bang laginek ez zuten proba gainditu: apar gehiegi sortu eta hortxe iraun zuen, desagertu gabe.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Sukalde, komun eta baldosadun lurzoruetako orbanak kentzeko balio duten zazpi etxe-garbigarriri erabilera-probak ezarri eta laborategian aztertu dira. Laginetako bost 1,5 litroko ontzietan merkaturatzen dira Brillax litrokoan eta Estrella 1,1 litrokoan.
  • Brillax eta Vim laginek etiketa-proba ez dute gainditu, kontserbatzaileen izen kimikoa ez adieraztearren.
  • Aparra, garbitzen ez badu ere, kontsumitzaileak ezinbestekotzat hartzen du. Ajax eta Cillit Bang proba hau ez dute gainditu, luzeegi irauten duen bits larregi sortzearren. Don Limpio laginak ez du ia arraporik atera eta gainerako produktuek aski sortu duten arren, aparrak gehiegi irauten du.
  • Etxe-garbigarririk usaintsuena Ajax da eta Estrella laginaren usaina da intentsitate ahulenekoa.
  • Eginiko proba guztiak aintzat hartuta, Tenn, Ajax eta Don Limpio kalitate “egokikoak” dira. Vim, Cillit Bang eta Estrella “zuzen” baizik ez daude. Brillax laginak ez du proba gainditu, orbanak eta koipea kentzeko ahalmen urria duelako. Produktuek, hamaika azaleratan probatu badira ere, ez diote bakar bati inolako kalterik eragin.
  • Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena Ajax da: bigarren merkeena izaki, (1,31 euro litroko) osoko kalitatez asetzeko modukoa da, orokorki.
Ajax Pino Vim Oxy-gel Artic Don Limpio con bicarbonato Tenncon bioalcohol
Prezioa (euro litroko) 1,31 1,28 1,58 1,57
Formatua (litro) 1,5 1,5 1,5 1,5
Etiketa Zuzen Ez dago zuzen Zuzen Zuzen
Itxura Likido berde perfumatua Likido urdin perfumatua Likido urdin perfumatua Likido berde perfumatua
Dentsitatea (g/ml) 1,004 1,013 1,008 1,006
pH 1 6,4 4,9 9,8 9,7
Karbonatoa (%) 2 Ez da atzeman Ez da atzeman 0,4 0,3
Estraktu lehorra (%) 3 5,4 1,6 5 5,7
Materia aktiboa, guztira (%) 5 0,6 4,4 5,1
Tentsioaktibo anionikoak (%) 1,9/DBS 0,3/LES 0,3/DBS 3/DBS
Xaboia (%) Ez da atzeman Ez da atzeman 0,9 0,1
Tentsioaktibo kationikoak (%) Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman
Tentsioaktibo ez-ionikoak (%) 3,1 0,3 3,2 2
Karearen aurkako substantziak:
Sozio-zitratoa (%) 0,2 Ez da atzeman 0,3 0,5
Fosfonatoa (%) Ez da atzeman 0,23/DQ 2010 Ez da atzeman Ez da atzeman
EDTA (%) Ez da atzeman 0,10 Ez da atzeman Ez da atzeman
Disolbagarriak: 4
Glikola (%) Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman
Etanola (%) Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman 1,7
Isopropanola (%) Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman
Hidrogeno-peroxidoa (%) 5 Ez da atzeman 2,9 Ez da atzeman Ez da atzeman
Test de eficacia
Koipea kentzeko gaitasun hutsa (%) 6 57 36 59 57
Koipea kentzeko gaitasun disolbatua (%) 6 55 42 60 73
Aparra sortzeko gaitasuna(ml) 7
30 segundotara 315 224 42 206
3 minututara 285 202 13 174
5 minututara 275 202 8 127
Azaleran kondar-lorratzak Nekez ikus daitezke Ikusgarriak Nekez ikus daitezke Ikusgarriak
Materialen aurkako oldarkortasuna 8 Ez Ez Ez Ez
Usainaren intentsitatea (puntuak) 9 197,5 89,5 126 149,5
Osoko kalitatea Egokia Zuzen Egokia Egokia
EstrellaOxygeno activo Cillit BangPotente limpiador BrillaxLavasuelos
Prezioa (euro litroko) 2,11 2,64 2,09
Formatua (litro) 1,1 1,5 1
Etiketa Zuzen Zuzen Ez dago zuzen
Itxura Likido urdin perfumatua Likido berde perfumatua Likido kolorge perfumatua
Dentsitatea (g/ml) 1,014 1,001 0,987
pH 1 4,5 11 7,3
Karbonatoa (%) 2 Ez da atzeman 0,3 Ez da atzeman
Estraktu lehorra (%) 3 4,5 4 3,7
Materia aktiboa, guztira (%) 3,4 3,1 3,7
Tentsioaktibo anionikoak (%) Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman
Xaboia (%) Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman
Tentsioaktibo kationikoak (%) Ez da atzeman Ez da atzeman 1,5
Tentsioaktibo ez-ionikoak (%) 12,4 3,1 2,2
Karearen aurkako substantziak:
Sozio-zitratoa (%) Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman
Fosfonatoa (%) Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman
EDTA (%) Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman
Disolbagarriak: 4
Glikola (%) Ez da atzeman 0,5/butil diGlikola Ez da atzeman
Etanola (%) Ez da atzeman Ez da atzeman 4,1
Isopropanola (%) Ez da atzeman Ez da atzeman 2,9
Hidrogeno-peroxidoa (%) 5 3,3 Ez da atzeman Ez da atzeman
Test de eficacia
Koipea kentzeko gaitasun hutsa (%) 6 36 66 8
Koipea kentzeko gaitasun disolbatua (%) 6 35 44 30
Aparra sortzeko gaitasuna(ml) 7
30 segundotara 180 370 184
3 minututara 165 358 157
5 minututara 154 349 122
Azaleran kondar-lorratzak Ikusgarriak Oso ikusgarriak Ikusgarriak
Materialen aurkako oldarkortasuna 8 Ez Ez Ez
Usainaren intentsitatea (puntuak) 9 36,5 90,5 120
Osoko kalitatea Zuzen Zuzen Eskas

(1) pH faktorea: pH basikodun produktuak koipearen aurkako egintzan eraginkorragoak dira.

(2) Karbonatoa: garbitzean, produktuaren pH faktorea alkalino (altu) mantentzen duen substantzia.

(3) Estraktu lehorra: produktuari ur guztia erauzita geratzen diren substantziak.

(4) Disolbagarriak: likidoaren osagaiak eta orbanak disolbatzen laguntzen duten gaiak.

(5) Hidrogeno-peroxidoa: ur oxigenatua, alegia, oxidaziozko orbanak suntsitzen dituen agente zuritzailea. Propietate desinfektatzaileak ere baditu.

(6) Koipea kentzeko gaitasuna eta gaitasun detergentea: proba egitean, produktuak suntsitu duen orbanaren portzentajea adierazten da taulan.

(7) Aparra ateratzeko gaitasuna: ikuzteko ura prestatzean apar-kopuru garatzeko gaitasuneko produktuak bilatzen dira; apar hori, dena den, berehala suntsitu behar da.

(8) Materialen aurkako oldarkortasuna: produktuak sanitarioetako zeramika, silikonazko juntura, kautxua, biniloa, estratifikatua eta akriliko sanitarioa kaltetzen ote zuen egiaztatu zen.

(9) Usainaren intentsitatea: fabrikatzailearen aholkuak 20 pertsona kualifikatuk betez gero, disolbaturiko laginei eman zaizkien guztirako puntuazioak agertzen dira hemen.

Banan-banan

Zazpi etxe-garbigarriak, banan-banan

Ajax Pino

  • Etxe-garbigarria
  • 1,31 euro litroko
  • Osoko kalitatea: egokia
  • Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Litro eta erdiko botila. Intentsitate bizieneko usainetako bat. Koipea kentzeko gaitasun onekoa; garbitutako azaleretan ez du ia arrastorik uzten. Aparra sortzeko gaitasun urria.

Vim Oxygel Artic

  • Etxe-garbigarria
  • 1,28 euro litroko: denetan merkeena
  • Osoko kalitatea: zuzen
  • Litro eta erdiko botila. Etiketa araua ez du betetzen, baliatu dituen kontserbatzaileen izen kimikoa ez baitu adierazten. Proba denetan emaitza “zuzenak” erdietsi ditu.

Don Limpio

  • Etxe-garbigarri bikarbonatoduna
  • 1,58 euro litroko
  • Osoko kalitatea: egokia
  • Litro eta erdiko botila. Garbitutako azaleretan ia ez du arrastorik uzten. Koipea kentzeko eta orbanak garbitzeko gaitasunean ere, kalifikazio onak.

Tenn

  • Etxe-garbigarri bioalkoholduna
  • 1,57 euro litroko
  • Osoko kalitatea: egokia
  • Litro eta erdiko botila. Orbanak kentzeko eraginkortasun handienekoa, koipea kentzeko gaitasunik hoberenetako bat. Usain bizienetako bat duena.

Estrella

  • Etxe-garbigarria, oxigeno aktiboa, lixibarik gabe
  • 2,11 euro litroko
  • Osoko kalitatea: zuzen
  • 1,1 litroko botila. Orbanak kentzeko ahalmen urrikoa. Usaina, intentsitate ahulenekoa.

Cillit Bang

  • Etxe-garbigarri ahaltsua, lurzoru-garbitzailea, koipearen aurkako fresh
  • 2,64 euro litroko, denetan garestiena
  • Osoko kalitatea: zuzena
  • Litro eta erdiko botila. Koipea kentzeko ahalmenik onenekoa. Aparra sortzeko gaitasun-proba ez du gainditu. Garbitutako azaleretan arrasto gehien uzten dituena.

Brillax

  • Etxe-garbigarria, bakterioen aurkako lurzoru-garbitzailea
  • 2,09 euro litroko
  • Osoko kalitatea: urria
  • Litroko botila. Etiketa araua ez du betetzen, baliatu dituen kontserbatzaileen izen kimikoa ez baitu adierazten. Koipea kentzeko eta orbanak garbitzeko probak gainditu gabe utzi dituen bakarra.