"Maizter-kidetza": hiru lagun ez da jendetza
Hamar espainiarretik bakar bat bizi da aloger edo alokairuan, Europako batez besteko hartatik (%30) biziki urruti. Etxebizitzaren jabe izate garestiak eta agintariek errentamenduaren alde egingo duten sustapenak aldea murriztu egin dezakete. Egokiera honetan, gazteenen artean arrakasta handien biltzen ari den formuletako bat “maizter-kidetza” da, hots, etxea aldi berean apopilo bat baino gehiagok hartzea. Egoitza iraunkorra partekatzen duten diru-sarrera urriko pertsonak geroz eta ugariago direnez, etxea errentan hartzeko beharrean era askotako gizakiak daude. Legearen ikuspegitik, titulartasun, iraupen, ez ordaintze, luzapen, beste norbaiti akuratze eta gehiegizko okupazioari dagozkien zehaztasunak mugagabe ugaltzea ekarri du horrek.
Alokaturiko pisua hirugarrengo bati errentatzea
Alokairua partekatuko duen beste pertsona bat sartzeak errentatzaile-maizterraren arteko harremanetan eta etxebizitza erabiltzeko eskubidean aldaketak dakartza; horiek, edonola ere, errentatzaileak onetsi behar ditu beti. Etxebizitzaren lagapen partzialtzat edo berrakurapentzat har daitezke horiek baina, nolanahi ere, baimenik gabe egiteak kontrakoa desegitea ekarriko du. Maizter indibidualak, kontratuaren titular bakarra den aldetik, hirugarrengo bat sartu ahal izateko errentatzaileak idatziz baimenik eman ezean ez du pisua partekatu behar. Baimena jasotakoan, gela bat edo etxearen parte bat alokatzea aukeratu bada, hobe da hitzarmen bat egitea: bertan, berrakuratzea partziala dela eta bigarren maizterrak ordaindu beharko duen errenta adieraziko da.
Denek izan behar dute titular?
Etxebizitzan bizi diren denek kontratuan apopilo gisa agertzea ez da derrigorrezkoa; bai, ordea, pisuaren erabilera bera okupatzen duten denen ohiko egoitza iraunkorra dela zehaztea. Errenta ez ordaintzekotan, kontratuan agertzen diren pertsonen aurka egingo du errentatzaileak erreklamazioa.
Kontratua denek sinatzen badute, maizter bakoitzaren ardura bere errenta partea ordaintzea baizik ez da?
Errenta ordaintzearen arduradun solidarioak den-denak direla agertzen bada kontratuan, errenta guztiak ordaintzearen arduradunak den-denak izango dira. Bestela ere, solidariotasun tazitua ere onartu ohi da, maizter kideek helburuen komunitate juridikoa osatzen dutelako, lege-eraginetarako: errentamendu kontratu bakar bat etxebizitza bakarrari dagokio eta errenta-unitate bakarra itundu da.
Errenta ez ordaintzekotan zer gertatuko litzateke?
Ez pagatzea kontratua bertan behera uzteko eta, horrenbestez, apopiloak etxetik kanporatzeko kausa da. Errentatzaileak epaitegien laguntza eskatzen duenean, zor zaion diru-kopurua ordain dakion edo, bestela, etxebizitza hutsik utz dakion eskatu ahal izaten du.
Bere egoera ekonomikoak txarrera egitearren, alogera hirugarrengo batekin partekatu nahi duen maizterrak zer egin dezake?
Hori errentatzaileari jakinarazi behar dio, idatzizko baimena eman diezaion eskatuz, non eta kontratuan etxea berrakuratzea baimendurik ez dagoen. Egiazta ezazu hori ez dela kontratuan agertzen; orduan, eska ezazu baimena, idatziz. Dena den, hori baimentzeko inongo obligaziorik ez du errentatzaileak.
Berrakuratzeak ba ote du legezko eperik?
Ohiko etxebizitzaren berrakuratzea baliogabetzen da errentamendua amaitzean eta honek dituen arau berberak bete behar ditu hark ere.
Maizterrak errentan hartutako etxebizitzan bikotekidearekin bizi nahi duenean, zer egin behar du?
Maizter bakar batentzat bereziki errentan hartutako etxebizitzan errentatzailearen baimenik izan gabe beste norbait sartzea, baimendu gabeko lagapen partzial edo berrakurapena da eta, halakotzat, kontratua baliogabe uzteko kausa. Halaz ere, maizterra ezkontzea edo izatez bikotekidearekin bizitzen jartzea ez ohi da hartu lagapen edo berrakurapentzat. Dena den, hobe da jabeak horren berri izatea eta, ahal dela, kontratua bien izenean egin dezan, erroldan bi kideak etxebizitza horretan bizi direla agertzea; baita, era berean, dagokien izatezko bikoteen erregistroan izen ematea ere.
Zein da epea sasoiko errentamendu batetarako?
Epea alderdiek hitzartzen dute askatasun osoz. Horixe da ikasle-pisu askoren eta oporraldietarako alogeren kasua, adibidez.
Zer interesatzen zaio gehiago maizterrari, urtebeteko kontratua sinatzea edo urte gehiagotarakoa?
Segun-eta. Legearen arabera, gutxieneko iraupena bost urtekoa da baina kontratua urte gehiagoz edo gutxiagoz egin daiteke, alderdien premien eta gorabeheren arabera. Halaz ere, urtebeterako sinatzen bada ere, kontratuaren iraupen-aurreikuspena gutxienez bost urtekoa da maizterrarentzat, urterik urte luzatu egiten baita kontratua, automatikoki: urtebeterakoa eginik, maizterrak segitu nahi badu, legezko luzamenduaz baliatzeko eskubidea du; jarraitu gura ez duenean, aski du errentatzaileari erabakia jakinaraztea, urtebetea agortu baino 30 egun lehenago.
Legeak xedaturiko bost urteak beteta ere, kontratua beste hiru urtez ere luzatu ahal izango da, bost urteko epea agortu baino hilabete bat lehenago errentatzaileak apopiloari kontratua amaitu dela gaztigatzen ez badio.
Maizterrak hitzarturiko epea baino lehenago etxebizitza uzten badu kontratuari uko egiten dio eta, kasua nolakoa den, horrek errentatzaileari indemnizazioa ordaintzeko obligazioa sor dezake. Bi dira kasu posibleak:
- Bost urte edo gutxiagotarako hitzarturiko kontratuetan, legeak ez du egoera hori berariaz arautua; kontratuak ezer adierazten ez badu, egiaztaturiko kalte-ordainak exijitu ahal izango dizkio. Etxebizitza berriro alokatu bitartean kobratu ez duen errenta, esate baterako. Maizterrak kontratua osorik betetzeari uko egitearen ondorioak kontratuak hitzartzea komeni da, indemnizazioaren munta finkatuz edo, bestela, etxea uztea justifikatua bada, dirurik erreklamatuko ez dela adieraziz.
- Bost urte baino gehiagotarako kontratuetan uko egite hori legeak arautua dago. Horietan, maizterrak kontratu bidezko lotura hautsi ahal izango du, baldin eta bertan gutxienez bost urte izan bada eta jabeari etxea utziko duela gutxienez bi hilabete lehenago jakinarazten badio. Maizterrak, beraz ez dio indemnizaziorik ordaindu beharko, kontratuan besterik hitzartu ez badu. Kontratuan indemnizazioa hitzartu bada, betetzeke dagoen urte bakoitzeko hilabeteko errentaren parekoa ordaindu beharko dio maizterrak jabeari.