Menstruazioak dakartzan molestien aurkako elikabidea
Emankor diren emakume askorentzat bidaide higuingarria baino askoz ere okerragoa da menstruazioa. Askotan bularrak handitu eta minbera bihurtzen dira, izaera sumingarri egiten da, likidoak atxikitzen dira eta, zenbaitetan, pisua areagotu ere egiten da. Horrelakoxea da menstruazioaren aurreko sindromea; baina sintoma multzo horri buru egiteko maiz botikak erabiltzen badira ere, baliteke dieta egokia egin eta berariazko elikagaiak hartzea botikak bezain eraginkorrak gertatzea, efektu horiei aurre egiteko
Menstruazioaren aurreko sindromearen (MAS) ondoriozko ondoeza arintzeko eskuarki erabiltzen den baliabidea ezaguna da: analgesikoak, antiinflamatorioak edota antisorgailuak (gehiegi, maiz) ahoz hartzea. Elikabidean aldaketaren bat egitea horiek hartzea bezain eraginkorra -eta, ez ahaztu, botikek bere-bereak izaten dituzten alboko ondoreak gabe- jazo daitekeela, ordea, ez da gogoan hartzen.
Ordezko konponbide hori aukeratzeak garrantzi handia du, are eta handiagoa Espainiako hamar emakumetik zortzik aipatutako MAS horren ezaugarri bat baino gehiago nozitu ohi dituztela eta, kasuen %10etan gutxienez, egokiera horrek ohiko bizimodua egitea galarazten diela kontuan hartzen bada. Menstruazioaren bezperatik hastapenak arte larrien agertzen diren molestia horien ondorio latzenak nozitzen dituzten emakumeak 19 eta 25 urte bitarteko gazteak dira, 2005 urtean argitara eman zen “Menstruazioaren Aurreko Sindromeari buruzko Arkopharma Azterketa” izenekoaren arabera, bertan Espainiako hainbat hiritako ginekologo eta botikarik hartu zutelarik esku.
Molestia fisikoez gainera, aldartean eta jokabidean, oro har, eragina duten beste eragozpen batzuk ere jasaten ditu emakumeak: umore aldaketak, apetituak ere gorabeherak izaten ditu eskuarki, gose-sentsazioa maizago agertzen da eta karbohidratoen (batez ere, txokolatearen) aldeko jaidura handia erakusten du.
Sintoma denak ez badituzte emakume guztiek nozitzen, ezta intentsitate berdinean ere baina, frogatua dagoenez, arinak edo, gutxienez, latzak ez direnean, berariazko nutrienteak eta osagarri dietetikoak hartzean oinarritutako terapia nutrizionala eraginkorra izan daiteke. Hasierako molestiak agertzean, dietan unean uneko aldaketa jakinak egiteak ondoeza ez areagotzen laguntzen du. Nutrizio alorreko tratamendua garaiz eta -hau bai euskarria- ohituraz egiten bada (hilekoak irauten duen bitartean antiinflamatorioak hartzea ohitura den tamaina berean), molestia asko arindu eta, areago, prebenitu egin daitezke, alderdi hau emakume askok ezagutzen ez badute ere.
Nutrientea | Bera daukaten elikagaiak | Eragin mesedegarriak |
---|---|---|
Karbohidratoak | Irinezkoak (ogia, arroza, pasta, patata, lekalea) Fruta Txokolatea, gozokiak | Autore zenbaiten iritziz, karbohidrato ugariko dieta eginez, garunean triptofano (umore onarekin eta apetituaren kontrolarekin lotu ohi den neurotransmisorea den serotonina ekoizteko beharrezkoa da aminoazido hori) baliagarri gehiago omen dago. |
E bitamina | Galorratza, oliba olioa (lehen zanpatze hotzekoa: hau etiketan adieraziko da), fruitu lehorrak naturalean, hosto berdeko landarezkoak | Mastalgiaren (bularreko mina) tratamenduan E bitaminazko osagarriak ahoz hartzea eraginkorra dela ere frogatua dago. Obulazioaren ondo-ondoren, fase luteoan, bitamina horretatik 400 UI egunean hartzeak sintoma afektibo eta somatikoak hobetzen omen ditu. |
AGE (azido gamma linoleikoa) | Onagra olioa |
E1 (PGE1) prostaglandinen ekoizpena laguntzen duen azido gamma linoleikoa dauka; horren propietate antiinflamatorioei esker, menstruazioaren aurreko sindromearen efektuak, hantura eta mastalgia arindu egiten dira. Eraginkortasuna nabarmen bihurtzen da tratamendua hasi denetik bizpahiru hilabetera baina, halaz ere, kontuan izan behar da olio hau kaltegarri gerta dakiekeela epilepsia edota koagulazioaren trastornoak nozitzen dituzten pazienteei; beraz, tratamenduari ekin aurretik, hobe da sendagileari kontsulta egitea. Olioa kapsuletan merkaturatzen da eta belar-dendetan ohi dago salgai eta posologia profesional adituak preskribatu behar du. Hantura errazten duten PGE2 prostaglandinak, ostera, haragiak, esnekiek eta arrautzek ugari daukaten azido arakidonikotik datoz. Menstruazioaren aurreko sindromeak irauten duen bitartean, beraz, elikagai horien kontsumoa apaltzea mesedegarri gerta daiteke. |
Sauzgatiloa (Vitex agnus castus) | Sauzgatiloaren estraktua | Kontrolpean eginiko azterlan klinikoetan frogatua dagoenez, belar-denda eta antzekoetan salgai dagoen landare horren estraktua eraginkorra da menstruazioaren aurreko sindrome hainbat tratatzeko. Estraktu horrek, bularren hantura eta mina probokatzen dituen prolaktina hormonaren ekoizpena urritu egiten du. |
Magnesioa | Haragia, itsaskiak, esnekiak, fruitu lehorrak, labore integralak. Hosto berdedun barazkiak. Ura. | Muskuluen erlaxazioan hartzen du esku magnesioak. Menstruazioan, uteroko muskuluak uzkurtu eta emakume askori min handia eragiten diote emakume askori. Magnesio-dosi on batek muskulatura erlaxatu egiten du. |
B6 bitamina | Labore integral, intxaur eta beste hainbat fruitu lehor. | Umore onarekin eta apetituaren kontrolarekin lotu ohi den dopamina izeneko neurotransmisorearen aurreko aitzindaria sintetizatzeko ezinbesteko faktore laguntzailea da B6 bitamina. E1 prostaglandina (antiinflamatorioa) ekoizteko ere bitamina hori ezinbestekoa da. B6 bitamina eta magnesioa elkartzeak eraginkortasun handia erakutsi izan du antsietatearen aurka (MAS horren arazoetako bat). |
Kaltzioa eta D bitamina | Esnekiak, gurina, latako arraina. Arrain gibela eta arrautza gorringoa (D bitamina) |
Menstruazioan MAS nozitzen duten emakume batzuek kaltzio eta B bitamina maila apalak eta hormona paratiroidearen maila altuak dituztela ikusi izan da, biologiko eta metabolikoki loturik dauden estrogeno izeneko hormonen kontzentrazioa aldatzearen aurreko erantzun gisa. Kaltzio eta D bitamina ugariko elikabideak MAS horrek bere-bereak dituen molestiak dezente arintzen dituela ere frogatua dago. |
Potasioa | Landarezkoak, orokorki | Organismoan orekan egon behar duen gehiegizko sodioa kanporatzen laguntzen duenez, potasio ugariko dietak likidoen atxikipena, hantura, edema eta bolumenaren areagotze higuingarria arintzen ditu. |
Landare garbigarriak | Txikori belarra, astalikardua eta orburua | Funtzio hepatikoa apaltzearen ondorioz gehiegizko estrogenoak ez dira eliminatzen; beraz, organismoan hormona horien jarduera areagotu egiten da. Egoera zuzentzeko, funtzio hepatikoa sustatuko duten landareak hartzeaz gainera, gibelaren jarduera saturatzen duten elikagaietatik (gantzak, azukredunak, alkohola) gutxiago hartzea komeni da. |
Normaltasunean, menstruazioan sexu-hormona femeninoak diren estrogenoen (estradiola) eta progestagenoen (progesterona) desdoitze hormonala gertatzen da. Intentsitate aldakorreko aldaketa fisiko eta psikikoetan agertzen den gorabehera horrek emakume askori hilekoa iristear dagoela ohartarazten diete.
Zikloaren erdialdean (hilekoa iritsi baino 14 bat egun lehenago) estrogenoak ugaltzeak neurotransmisoreen (hau da, pertsonaren aldarte, apetitu, logale eta jokabidearekin lotuak dauden garuneko substantzien) kontzentrazioarekin lotura zuzena da. Fase horretan adrenalina eta noradrenalina mailak altxatu egiten dira eta, proportzio berean, serotonina, dopamina eta endorfinen (mina arintzen duten analgesiko endogenoak) mailak apaltzen dira: horrek frogatzen du sumingarritasun eta antsietate handiagoa agertzearen, apetituaren kontrola hein batean galtzearen eta lo egiteko zailtasunaren zergatia.
Estrogenoen ugaltzea, era berean, sabelpeko min handia eta karranpak (dismenorrea) probokatzen dituzten uteroaren kontrakzioak eragiten dituzten G2 (PGE2) prostaglandinen ekoizpen handiagoarekin ere lotu izan da. Autore zenbaiten iritziz, MAS nozitzen duten emakumeek azido gamma linoleikoen -funtsezko gantz-azido bat, organismoak E1 (PGE1) prostaglandina transformatuko duena- maila apalak agertzen dituzte eta, jakina denez, substantzia honek uteroa lasaitu eta bertako hanpadura apaldu egiten du. Hutsune horren aurreko erantzuna baliteke genetikoa izatea eta, era berean, funtsezko gantz-azido gutxiko dieta hartzearen ondorio ere izan daiteke.