Naturako zaindariak
Noranahiko ibilgailuan, motorrean, oinez, uniforme berdea jantzita -kolore urdina errebindikatzen ari dira, Europako lankideekin homologatze aldera-prismatikoak lepoan, lege-kodeak eta fauna eta flora-gidak autoan eskura, mapak aurrealdean eta GPS bat patrikan, 6.000 basozain dabiltza Espainiako oihanetan. Misioa, natura babestea, hots, udako suteen kontrako borroka baino asko gehiago. Urte osoan zehar mendirik mendi, abelbideetan barrena, urbazterrak miatuz dabiltza, kilometroak eta kilometroak eginez, arriskutan dauden espezieen erroldak osatzeko, erreka eta hezeguneetako uraren kalitatea zaintzeko, arbolen osasunaz arduratzeko, piztien kontrako lakio zein pozoirik izan ez dadin zaintzeko obligazioa bereganatua. Areago, naturaren baitara animatzen diren txangozaleen maisurik onenak dira batzuetan.
Eguneko eginbeharrekoak hartuz
Baso Agenteak, Inguruneko Agenteak, Landa Zaintzaileak edo Natura Babesteko Agenteak. Tokian tokiko Administrazioak ezarritako izenak gorabehera, 1877an halakotzat instituzionalizatutako funtzionario horiek, 1966ko Errege Dekretua indarrean sartu zenetik polizia judizial generiko dira, izatez. Bestela esateko, agintaritzako agenteak dira, ingurune alorreko legeria aplikatu eta betearazteari dagokienez, eta alor horretako delituen ikerketei ekiteko eskumena dute. Operazio-zentroaren koordinazioan, goiz asko hasten da lanaldia.
Ehiza-lekuak eta uren egoera ikuskatzea
Agenteek jarduera bertatik bertara garatzen dute: beraiek dira ehiza eta arrantza-debekualdiak errespeta daitezen zaintzen dutenak, ehizaldietan agintaritza daukatenak, legez kanpoko ustiakuntza gerta daitekeen eskualdeetan erreketako uren egoeraz informazio zehatza ematen dutenak.
Inausketen kontrola
Basoen aprobetxamendua legeak arautua dago. Hektarea bakoitzeko zenbat arbola bota daitezkeen, kontzesioek eta arauek mugatzen dute. Hitzarmenak itundu diren baldintzetan bete daitezen zaintzen du agenteak. Zuhaitz-ebaketa amaitutakoan, tratamendua (baso-garbiketa) aplikatu behar den zona agenteak adieraziko du.
Mugen azterketa
Jabetza publiko zein pribatuen mugak lursailen jabetza-eskriturekin bat etorri behar dute. Hesolek, sarexkek langa eta zuhaitzek landa mugatu egiten dute. Agenteak egiaztatu behar du GPS txikiak adierazten duen errealitatea mapa ofizialarekin bat datorrela eta zedarriak horixe errespetatzen duela.
Bidezidorrak berriztatzea
Meteorologiak eta piztiek bideen marken higidura areagotzen dute. Mendiko eta basoko pistetatik barrena geroz eta txangozale gehiago dabiltza. Bideen egoera onak erraztuko du naturazaleak mendian jardunaldi ederrez gozatzea. Bideen ikuskaritza ere agenteen eginkizuna denez, beraiek jakinarazi beharko diete arduradunei egiteko lan horien berri.
Hodeiertzera so
Basoko sutea da mendiaren mehatxu behinena. 2007 urtean Espainian 28.000 hektarea erre dira horrelakoetan. Talai moduan antolatutako etxoletatik hodeiertzera begira egon ohi dira. Uda partean, postu denetan daude eskualdeko basozainak koordinatutako begiraleak. Urte osoan zehar, kontrolpeko erreketak behar diren ordutegietan egiten direla egiaztatzen laguntzen dute.
Agintea eta zerbitzua
Basozainei buruzko Europar Arauak xedatua duenez, horrelako bat izan behar da 5.000 hektareako. Lurralde zabal hori aspaldiko lanbide honetan diharduten profesionaletako bakoitzak berea balitz bezala ezagutu, balioztatu eta babesten du. Aukera duenean, inguruneaz eta bertako natur baliabideez gozatu nahi duenari eskaintzen dio.