Bideojokoak flashetan / Crowdsourcing / Bidi
Sarean barrena nabigatzea
Badira Interneten orri asko, denbora kezkarik gabe pasatzeko aukera ematen diguten bideojoko soilez josiak. “Flash” teknologiaz moldatuak daude eta jolas horietan, adibidez, pinguino batekin beisbolean jokatzeko, hegazkin txiki bat pilotatzeko edo xabalina ahalik eta urrunera jaurtitzeko aukera ematen digute. Ezaugarri bera dute denek: erabilera soil-soilekoak dira. Kontsolako bideojoko konplexu itzel ezagunak baino inondik ere umilagoak badira ere, sekulako arrakasta bildu dute eta orduak eta orduak eman ditzakegu bertan, jolasean.
- Shuffle: billarrean oinarrituriko jolas soil honetan kontua da arerioaren bolak tapetetik kanpora ateratzea. Bola gorriek horien kontra jokatzen dute eta, mailaz igo ahala, jokalariak bola gutxiago ditu arerioarenak kanporatzeko. Saguari eraginez norabidea eta bektorearen potentzia markatzen dira.
- Yetti Sports: Sarean dauden jokoetan ezagunenetako bat da hau, bai erraz-erraza delako, bai sortarazten duen “menpekotasunagatik” ere. Jokalaria Tibeteko Yeti beldurgarria da eta, pinguino adiskidea pilotatzat harturik, beisbolean dihardu jaurtiketak eginez. Sagua bi aldiz klikatuz pinguinoa bota eta, ondoren, tundra izoztuaren gainean markatu den distantzia neurtu behar da. Hurrengo urratsa: lagunen artean harro agertzeko, pantaila atzitu eta posta elektroniko bidez igorriko die. Hauek, beren aldetik, beste horrenbeste egin dezakete beren ordenagailuan.
Joko honek aldaera asko ditu; areago, horietako batzuk trukatuak daude, adiskideen aurrean sekulako trebeziak egin izana erakusteko. Beste batzuetan, Freddy Kruger adierazezinak nekez asmatuko zukeen pareko bidegabekeriak egiten dizkiote pinguinoari. - Eskiatzailea: joko samur honetan eskiatzaileari jaitsarazi behar zaio elurturiko hegian behera, harkaitzak eta izeiak saihestuz. Beherako lasterketan eskiatzaileak nozituko dituen kolpe eta istripuen kopurua jokalariaren trebeziak adieraziko du, sagua ezker-eskuin eraginez.
- Master Mind: estrategia eta pentsamenduko joko honetan kolore-multzoak identifikatu behar dira, “hirurak lerro” jokoan bezala, hainbat bolaren posizioa igartzeko. Zazpi kolore hauta ditzake jokalariak hamar aukeratan eta bost posiziotan ipin ditzake bolak.
Hileko kontzeptua
- Crowdsourcing
-
Crowdsourcing terminoa, zeinahi eratako arazoak konpontzeko -produktuak fabrikatu, argazkiak sailkatu, programa informatikoak garatu…- ahaleginetan borondate hutsez diharduten gizatalde anonimo handiak definitzeko baliatzen da. Interneten sistema horrek berealdiko hedakuntza hartu du, etengabe elkarrekin konektatuak dauden eta elkarreraginean diharduten komunitate zabalekin kontaktatzeko erraztasun handiak eskaintzen baititu Sareak. Outsourcing hitza produktu baten fabrikazioa soldata apal-apalak dituzten herrialdeetara (Txina eta Indiara, bereziki) ateratzea adierazteko baliatzen den modu berean, crowdsourcing honek kolaborazio anonimo txiki baina mugagabeak sustatzen ditu. Adiera horretan, paradigmatikoa da “Amazon” on-line denda itzelaren kasua: horrek, agertzen diren programazio alorreko arazoak konpontzen dituzten boluntarioei txartelen bitartez ordaintzen die; Google-k bide bertsutik, argazkiak egokiro etiketatzean datzan jokoa antolatu du, internautek bikoteka parte har dezaten.
Hileko nobedadea
Telefono mugikorretako argazki-kamerek ikus eta uler ditzaketen barra-kodeak dira bidi-ak. Kode bidimentsional horiei esker, mugikorrarekin era askotako gestioak egin daitezke: ikuskizunetarako sarrerak kontratatu, norbait halako web orrira bidali, jokoak baztertu, etab. Hastapenean, barra-kodeen bertsio berri eta landuago ziren heinean, logistika lanetan, pertsonen identifikazioan, sarbideen kontrolean eta antzekoetan baliatzen ziren, baina kameradun mugikorren ugalpenak kode berri horiek ere hedarazi ditu.
Bidiak zeinahi azaleratan egon daitezke. Inprimatutako agirietan, publizitate-hesietan, web orrietan, etab. Erabiltzaileak mugikorreko kamera kodera zuzendu eta fotografiatu egin beharko du, besterik ez. Dagokion programak itzuli egingo du hori eta kodeak adierazten duena “obedituko” du. Esate baterako, web helbide konplexu batera birbidaltzeko balio dezake; horrela, erabiltzaileak ez du hainbat minutu galduko, teklak sakatuz.
Mugikorreko fakturan nahi gabeko karguak izan ez ditzagun, hobe dugu kodearen gaineko informazioa eta egin beharreko jarduerak ez ezik, horrek eragingo dizkigun kostuak ere egiaztatzea, terminalean sartu aurretik. Honelako kodeak baliatzea dirurik kostatzen ez bada ere, oso litekeena da beraiek eragiten dituzten egintzekin beste horrenbeste ez jazotzea. Kodeek mezuen bidalketa edota tarifa bereziko zenbakietarako deien hasiera aktibatu egin dezakete. Eta horrek badu preziorik.