Sarean barna informazioa "tonaka" bidaltzeaz
Digitalizazioa bideo, film, telebista eta musika mundura ere iritsi da. Eduki guztiak, praktikan, txirikordan josiriko bat eta zero gisa agertzen dira aparatu elektronikoek (MP3 erreproduktoreak, LTD-aren dekodeztatzaileak, kamera digitalak edota telefono mugikorrak) guri itzuli eta irudi edota soinu bihurtu aurretik. Horri esker, orain urte batzuk pentsa ezineko artxibo erraldoiak trukatu ahal izatea geroz eta ohikoago bihurtu da. Ezkontzako bideoak edo oporraldietako argazkiek ehunka megabyte izan ditzakete: tamaina hori, egungo disko gogorren edukieraren aldean, hutsaren hurrengo bada ere, zama astun bihurtzen da urrutiko senitarteko edo adiskideekin partekatzea nahi bada.
Sareak berezkoak dituen ubikuotasuna eta eskuragarritasuna direla medio, badirudi iraganeko kontua dela bide zinta bat kutxa batean sartu eta mezularitza enpresa bati ematea, gure senideari igor diezaion; enpresa horrek 30 euro kobratuko dizkigu zinta Oviedo-tik Cádiz-era eramatearren eta 10 ordu beharko ditu, gutxienez, enkargua egiteko. Erabiltzaileak nahi duena, berriz, bideoak, musika eta argazkiak igortzea testua posta elektroniko bidez bidaltzea bezain soila izatea da: doan (Interneterako konexioa izanez gero) eta bat-batean, ahal bada. Gauza desberdinak dira, ordea: testua bakarrik duen mezu bat igortzea soil-soila da eta konexiorik oinarrizkoena edukita egin daiteke; baita posta horretan argazki txiki bat bidaltzea ere; baina kamera digitalak atzituriko dozenaka irudi (hauetako bakoitzak hainbat “mega” pisatzen duela jakinik) helarazteko metodo horixe baliatzea eromena da eta, seguru aski, hartzailearen postontzi elektronikoa kolapsatuko du.
Posta elektronikoak ez du horretarako balio
Sarea ez da informazio-karga hartzeko mugarik ez duen biderik. Hamar “mega” (argazkiren batek, kanta pare batek edo segundo gutxiko bideoak betetzen duena) baino gehiago duen posta elektroniko bat bidaltzea edukazio txarrekoa omen da. Baliteke gure posta elektronikoko hornitzailea hori guri baimentzea eta guk konexio azkar eta eraginkorra izatea baina… hartzaileak ere beste horrenbeste ba ote du? Horrela ez bada, mesedea egin baino areago, arazoa sortarazi diogu.
Horrelako arazoak ez izateko bidezko arintasun batez informazio karga handia mugitzea ahalbidetzen duten berariazko kanal eta metodoak baliatu behar dira. Horrelakoetan egokiena da, bidalketa egiten ari den bitartean, erabiltzaileak Sarean beste hainbat gauza egiteko (gutxieneko erosotasunez nabigatzeko, adibidez) bandarik izatea. Egun erabiltzaileak Interneten barna artxibo erraldoiak arteztea ahalbidetzen duten bi teknologia ditu eskura, funtsez: lagunetik lagunerako sistemak (P2P) eta bezeroa – zerbitzaria erlazioa.
P2P izenekoaren eratorriak
Irudi-, bideo- eta soinu-artxibo era guztietakoak partekatzeko biziki baliatuak ohi diren Emule-k eta BitTorrent-ek, besteak beste, darabilten teknologiari P2P deritzo. Filmak eta diskoak igortzea ahalbidetzearren ospea hartu badute ere, sistema ezin aproposagoak dira lagunekin geure artxiboak partekatzeko. P2P teknologiari esker hainbat programa ezagun garatu dira: Pando (Bittorrent-en egokipenetako bat), adibidez, artxibo astunak (gigabytre batetarainokoak: 1.000 “mega”, alegia) bi lagunen artean doan eta era soilean iriotea ahalbidetzen du. Programa horren bidez, artxibo itzelak bidaltzea email arrunt bat igortzea edo bat-bateko mezularitza programa batean lotura bat kopiatzea bezain soila da. Pando eta ADSL konbentzional edukita, 100 mega ordu erditxo batean mezutu daitezke.
Firefox nabigatzaileak bere orri nagusitik deskarga daitekeen baliabideak ugaltzeko dispositiboari esker, zama handiko artxiboak trukatzeko nabigatzaile hori baliatzen duten erabiltzaileen artean berariazko kanalak sortzeko aukera du erabiltzaileak: AllPeers du izena eta bere eragozpen bakarra nabigatzailearen funtzionamendu orokorra mantsotzea da; dena den, artxiboak transferitzeko abiadura hobezina da.
Zerbitzari artekaria
Web orrien jabeen eta zerbitzarien arteko aspaldiko lotura (gaitasun handiko ordenagailua, web orri horietako edukiak gordetzen dituen Sarearekin konektatua) haren ordez, artxibo astunak trukatzeko hamaika zerbitzu agertu dira. Honelakoetan erabiltzaileak partekatu nahi dituen artxiboak zerbitzura igorri behar ditu. Zerbitzari horretan bildurik, jasotzaileak mezu bat hartuko du, artxiboak bere ordenagailua ekar ditzan.
Teknologia horrek abantaila handiak ditu: doako bertsioek zerbitzuek P2P baino askoz ere informazio-kopuru handiagoak bidal daitezke, oso abiadura politean. Badongo zerbitzuak, adibidez, egunean 12 gigabyteraino doan mezutzea ahalbidetzen du, hori bai, abiadura mugatuan. Beste batzuk, ordea, ez dira horren eskuzabalak: GigaSize-k dohain 1,5 gigabyte arteztea bakarrik onartzen du; Megaupload-ek muga erdian jarri du 500 megabyte (0,5 gigabyte) egunean; RapidShare-k, aldiz, YoySendIt-ek bezala, 100 megabyte.
Zerbitzu osoa eta bolumen handiekin baliatzeko bi aukera daude: ordaintzea edo, bestela, publizitatea ikustea; tarifak, noski, zerbitzuaren arabera aldatzen dira: abiadura hobezinean eta publizitaterik ikusi gabe 12 gigabyte irion ahal izateko Badongo-n 9,99 dolar ordaintzen dira; YouSendIt-en, aldiz, mugarik gabe 2 gigabyterainoko artxiboak igorri ahal izatea hilean 29,99 dolar kostatzen da. GigaSize-n hilean 5,49 euro ordaindu behar dira gehienez ere 2 gigabyteko artxiboak bidaltzeko, publizitaterik gabe. Zerbitzu horien eskakizuna artxiboak pribatuak izatea da, hots, copyright duten disko eta film komertzialak igortzea debekatua dago.
Nolanahi ere, multimedia artxiboen igorpena bat-bateko edo aldi berekoa ez denez, informatika ekipoak pizturik egon behar du bidaltzea egiten ari den bitartean. Artxibo eskergak direnean, jakina, hori ez da beti mesedegarri.
Britainiar klubik finena balitz bezala, Internetek ere baditu bere arauak, idatzi gabeak, internauten arteko komunikazioa eta elkarbizitza gozatzen laguntzen dutenak. Posta elektronikoari dagokionez, portaera ona (“netiketa”) ez da biziki aldatu hamar urte honetan: letra larria baliatzea oihuka aritzea da; testu soilaren ordez HTML (letra beltza, koloretakoa edo hondoko irudia duten mezuak) idaztea alferrikakoa edo, areago, trauskil eta baldresa da; geroz eta pertsona gehiagok agertzen dute beren haserrea pribatutasuna babestu gabe eta ezkutuko kopiaz baliatuz mezu masiboa heltzen zaienean (horrela, helbide hori spam edo hartu nahi ez den postaren biderkatzaileen eskuetan uzten delako). Dena den, horien artean higuingarriena da maiz eskatu ez diren datu-kopuru itzelak hartzea (powerpoint, bideo edo irudidun aurkezpenak, eskuarki), postontzi elektronikoak kolapsatu egiten dutelako. Horregatik komeni da multimedia artxiboak artezteko ordezko zerbitzuak ezagutzea.