Ez dut uste “besteek asma dezaten” esan omen zuen Miguel Unamuno hura zure autore gogoenetakoa denik.
Tira, gauza horiek zeharo bestelako testuinguruak esan ziren, Espainia oso desberdina zen. Unamunok egun “geu ere asmatzen ari gara” esango zukeen, seguruenik.
Adierazpen horrek zein mailatan islatzen du Espainiako errealitatea?
Gaur egun inola ere ez du islatzen. Asmatzeaz gainera, berritzeko premia ere larria dela badakigu, jabetuta gaude: berrikuntza ez da teknika hutsa, hor bada merkatuaren, enpresaren eta besteren berrikuntzarik. Egun, Espainiako enpresa ederki jabetuta dago berritzeko eta mugitzeko beharraz. Geldirik bazaude, epe ertainera desagertu egingo zara.
Zer emango zenuke Thomas Alva Edisonen tamainako asmatzaile batzuk Espainian sortzearen truk?
Asmatzaile indibidualez aritzea ez da bat ere erraza orain, ondo antolaturiko enpresa-ahaleginaz jardun behar dugu egun. Garai hartan (Bell-enean, adibidez) gizakiaren ahaleginak goresten ziren arren, orain ezin dezakegu jakin nork asmatu duen telefono mugikorra; XVII. Mendean asmatu balitz, urliak edo sendiak asmatu zuela esango genuke baina gaur ezin da horrelakorik esan, aurrera egiteko ahalegin horretan ikertzaile, zientzialari, enpresa askok hartu dutelako esku.
Lehen aipatu dugun asmatzaileak, Edisonek, jeinua %90 transpirazio eta %10 inspirazio dela esaten zuen. Ez al duzu uste Espainian proportzio horri buelta eman dugula, hots, jeinua %90 inspirazio eta %10 soilik transpirazio dela?
Baliteke, noski; horrela izan da, baina orain dena aldatzen ari da.
Aspaldi honetan Espainian asmatu direnak gogoratuz, denetan ezagunenak fregona, txupa-txups eta futbolina dira. Hori ez al da etsigarri samarra?
Baita gula ere (barre). Espainian badira beste asmakuntza asko ere; esate baterako, energia eolikoarekin loturiko patenteei dagokienez. Orain, energia eolikoko generadore bat aztertuz gero, tartean 30 patente daudela egiaztatuko dugu.
Ikuspegi sozialetik, asmatzailea Mortadelo eta Filemonen Bakterio irakaslearekin lotze horrek, zure iritziz, ez ote du galarazten garapen zientifikoak?
Egia da hori, bai. Ene ustez, orokorki, ez da ona asmakuntzen eta bizitzaren parte handi bat laborategian entzerraturik ematen duten zientifikoen balorazio soziala. Hobe legoke hiritarrek asmatzailea gizartean txertaturiko pertsona normaltzat hartzea, bere bizi kalitatean eragina izango duten alderdi jakinak hobetzeko ahaleginetan diharduten gizakitzat, alegia.
Albert Einsteinek Bernako patente bulegoan egin zuen lan. Listoia altu-altua dagoela ez didazu ukatuko.
Esperientzia hori erreferentzia har bageneza, dudarik gabe: pertsona aparta izan zen Einstein. Patente-aztertzaile denontzat harrotzeko motiboa da Einstein ere gu bezalako bat izan zela jakitea; dena den, aitor dezadan, aztertzaile normala izateko jeinua izatea ez da ezinbestekoa.
Nolako prestakuntza behar da, orduan?
Zientzia alorreko goi-tituludun izatea. Hemen biologoak, kimikoak, albaitariak, ingeniariak… ditugu. Ingelesez eta beste hizkuntzaren batean (alemanez, esate baterako) ondo-ondo moldatzeak ere garrantzi handia du, horiexek baitira Europan gehien erabiltzen diren hizkuntzak.
Defini ezazu, mesedez, patentea zer den.
Estatuak zerbait asmatu duenari epe batez (egun, 20 urtez) asmakuntza hori berak bakarrik ustiatu ahal izan dezan ematen dion eskubidea da; dena den, beste batzuek ere ustiatu egin lezakete, Estatuak baimenduz gero. Epe horretan, asmakuntza horrekin loturiko zerbait merkaturatzen bada, prezio altuan ezartzea ahalbidetzen da neurri horrekin; horrela jaso ahal izango du asmatzaileak asmakuntzan egin duen inbertsioa.
Noiz sortu zen?
Errege-pribilegioak baziren aspaldi-aspaldi, XVII-XVIII mendeetan, adibidez. Horra anekdota bitxia: 1848, Japoniako enperadoreak bertan zeuden Estatu Batuetako untziterian berebiziko garaitasun teknologikoa zegoela hauteman zuenez, mundu zabalean garaitasun teknologiko haren arrazoien zergatia aurkitzeko estatubatuarrei eskatzea deliberatu zuen. Izan ere, Estatu batuetan berrikuntza zigortu ordez, asmatzailea saritu egiten zen, asmatutakoaren gaineko monopolioa aitortuz: horrixe zeritzon patente.
Merkatuaren eta kapitalaren garapenarekin hertsiki lotua egongo zen, beraz.
Halaxe da: merkataritzarekin, industriaren garapenarekin, industri produkzio masiboarekin…
Zenbat kostatzen da asmakuntza bat patentatzea?
Diru asko. Herrialde gutxi batzuk bakarrik hartuz gero, ez du prezio biziegia baina patente bat mundu osorako babestea, Europan, 40.000 euro kosta daiteke, batez beste.
Hortaz, asmatu dena on-ona dela jakin behar dugu seguru.
Baina ez berehala. Joera da berritzaileei epe jakin bat ematea, horrelako inbertsio handiak egitea merezi ote duen benetan hausnar dezaten; bidezkoa denez, patentearen babesa zenbat eta zabalagoa egin inbertsioa are eta handiagoa baita.
Ideiak ere patenta daitezke?
Bai, baina horretarako hainbat baldintza bete behar dituzte: praktikan arazo teknikoa konponduko duen ideia izatea, berria izatea, asmatze-egintzarik inplikatzea eta aplikazio industriala izatea.
Zein da alderdi horiek balioztatzeko arduradun?
Patente bulegoak. Nazioarteko eskariak tramitatzeko baimena hamabi bulego bakarrik daude munduan, espainiarra tartean. Enbor horren adarretako bat patente-aztertzaileak dira, oso pertsona espezializatuak, oro har. Oraintxe bertan 150 aztertzaile espezializatu ditugu, bakoitza bere alor teknikoan: horiek aztertzen dute, besteak beste, eskakizuna aintzat hartua izateko baldintza guztiak betetzen dituen.
Baliteke gertatzea -urpekoarekin jazo zen legez, esate baterako- asmatzaile batek baino gehiagok epe labur-laburrean aplikazio tekniko berdina asmatzea herrialde banatan. Liskarrik izatekotan, noren esku geratuko da patentea?
Egun, xedatuak dauden arauekin, ez dago liskarrik. Bi sistema dira, oro har: Europan eta munduko herrialde gehienetan nagusi den sistema first to file izenekoa da, hots, eskatzen duen aurrenari zor zaio patente-eskubidea. Norbaitek eskaera egiten duenean eguna ez ezik, ordua eta minutua ere erregistratzen direnez, ez da arazorik. Beste sistema bat Estatu Batuetan erabiltzen da: first to invent, hau da, asmatu duen aurrenekoa da eskubideduna. Erregistroa bigarren mailako kontua da. Honakoa konplexuagoa da, liskarra sortzeko aukerak ugariagoak direlako bertan.
Nola jakin liteke hori, ordea, munduan milioika patente izanik?
Mundu zabaleko bulegoak elkarrekin lotuak daudelako: horri esker jakiten da nor izan den lehena.
Herrialde bateko patente kopuruak zer adierazten ote du?
Herrialde horretako zientzia eta teknologi sistemaren adierazle da beti ere: bertako tamaina, edo industria, edo ekonomiarekiko, zenbat eta patente ugariago izan, orduan eta zientzia eta teknologiaren garapen maila hobearen seinale da.
Hortaz, bada erlaziorik ikerkuntzaren, berrikuntzaren eta ekoizpenaren artean.
Hori ez da nahitaezkoa. Herrialde bateko ekonomia teknologia berrietan oinarritua badago, patenterik ez badu ezinezkoa du bere burua garatzea. Baliteke, ordea, herrialde batek patenteen menpeko ez diren sektoreetan ekonomiaren funts edo eragilea izatea, hala nola banka zerbitzuak, turismoa, etc.
Espainiaz ari gara orain.
Jakina, Espainia mundu osoan lider dabil ekonomian berebiziko garrantzia duten sektore askotan (aberastasuna sortarazten duten heinean) baina sektore horiek ez dira intentsiboak ikerkuntza eta garapenean eta, horrenbestez, ez dute patente asko sortarazteko aukerarik ematen.
Eta hori kezkabidea duzu.
Hor egotea ez da kalterako, Espainiako ekonomian egundoko eragina izaten baitu baina ezin dugu bazterrean laga punta-puntako sektoreetako ikerkuntza eta garapeneko inbertsioa: apustu hori galduz gero, nekez kokatuko gara etorkizunean errenta per capita handieneko herrialdeen artean.
Espainian hori aldatzen ari al da?
Horixe, berrikuntzarik gabe lehian aritzea ia ezinezkoa da. Ene ustez, lortzen ari garen hobekuntza hori patenteetan agertzen dela.
Zein adieratan?
Azken bost urteotan Espainiako jatorridun europar patenteen kopurua %88tan ugaldu da eta nazioartekoena %90etatik gora. Batez bestekoaren gainetik daude zifra horiek. Hobetzen ari gara eta, batez ere, aldatzen ari da orain arte izan dugun arazo larria, hots, Espainian bertako patenteak erregistratzeko eskariak egiten baziren ere, hemendik kanpora ez ziren irteten; baina Espainian ez ezik, munduan ere lehiatzeak garrantzi handia du.
Aipatu dituzun datu horiek zer esan nahi dute, asko hobetu dugula edo Espainia oso-oso txarto zegoela lehenago?
Bai bata eta bai bestea. Biziki hobetu da panorama, nahiz azken bost urteotan jazotakoaz ari naizen. Egin ditugun ikerlanen arabera, lehen gaizki geunden, hau da, ez ginen berez zegokigun tokian. Orain, berriz, 16. lekuan gaude, mundu osoko eskari kontuetan; beraz, Europako sailkapenean 5.etik 8.era arteko postuan beharko genuke, sektore modernoak ondo garatuak bagenitu. Baina 11. postuan gara. Oso-oso txarto ere ez gabiltza, gure zifrak ugalduz doazelako eta dagoeneko ez gaude 60. edo 100. postuan. Munduko lehen hogeien aurretik gabiltza beti.
Unibertsitateak ikerkuntzaren eragile nagusietako bat izan beharko lukeen arren, patenteak eskatzeari dagokionez, enpresetatik oso-oso atzetik dabiltza. Deigarria da hori, ezta?
Jatorri espainiarreko eskarien %12 inguru unibertsitate publikoen egiten dute. Eskakizunen portzentajea ez da handiagoa Europako hainbat estatutan, Ingalaterran, adibidez. Batetik besterako aldea patenteak kudeatzeko moduan datza, nola egiten duten patenteak etekin ekonomikoak eman ditzan, nola transferitzen dizkieten enpresei.
Arazoa, beraz, Unibertsitatea eta enpresaren arteko loturan datza.
Halaxe uste dut nik.
Patenteez eta eskariez mintzatu gara. Aurkezten diren patenteetatik zenbat onartzen dira?
Espainian, daukagun kontzesio-sistema horrekin, eskarien %70 inguru baimentzen dira, guk kontzesio-prozedura bikoitza betetzen dugulako: patentea sakoneko azterketa eginik edo azterketarik egin gabe eman dakion aukera dezake eskatzaileak. Gehientsuenek azterketarik gabekoa hautatzen du eta, horrelako patenteak, baldintza formalen bat betetzen badute, beti onartzen dira.
Zertarako balio du patente batek, dagokion produkzio-sektoreak garatzen ez badu?
Ezertarako ez. Merkatuan jarri ezean, patente hori hiru edo lau urteren buruan eskubidez baliogabea izan daiteke patente hori.
Patente bulegoan eman dituzun urteetan era guztietako proposamenak etorriko zitzaizkizun. Deigarriren bat gogoan al duzu?
Sektore kimiko-farmazeutikoan betetzen dute patenteek eraginkortasun handienarekin beren eginkizuna; sektore horretan badira diru iturri oparoak izaniko patenteak, sektoreko gastu itzelak amortizatzeko balio izan dutenak, hala nola prozac eta beste askotxo; horiek, jabe diren enpresei berebiziko dirutza ematen diete.
Barrea eragin dizun asmakuntzaren bat…
Errespetu handia agertzen dut nik asmakuntzen aurrean. Barrea baino areago, jakin-mina. Esate baterako, bazegoen lurrartzeko pistak bi arrapala eta zona lau batekin diseinatzeko proposamen bat: horri esker, hegazkinak aldapaz gora lurrartuko zuenez, distantzia gutxiago beharko zuen. Aireratzean, berriz, arrapala horretatik lasterka irten zitekeen hegazkina, espazioa eta dirua aurreztuz.