Zahartzaroa bolantean

Gidatze kontuetan adina ez da arrisku faktorea baina 65 urtetik gorako pertsonek automobileko azturak beren osasun egoerara egokitu behar dituzte
1 azaroa de 2007
Img motor listado

Zahartzaroa bolantean

Gizartearen zahartzeak bertako gidarien zahartzea dakar, jakina. Egun, hamar gidaritik bat 65 urtetik gorakoa da eta, aurreikuspenen arabera, 2020 urtean zifra hori bikoiztu egingo da. Autozale askorentzat, gidari zaharrak arriskutsuak dira baina, egiari zor, bakoitza modu desberdin batean zahartzen da eta zahartzaroa ez da bideko segurtasunik ezaren pareko. Ez Espainiak ez Europar Batasuneko estatuek ezarri diote inolako mugarik adinari. Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren datuen arabera, trafiko istripuetan inplikatuak dauden pertsonen %5 baino gutxiago dira 64 urte baino zaharrago. Horixe agertzen dute aseguru konpainiek ere: hauek ez diete 65 urtetik gorakoei inolako errekargurik, gazteenei ez bezala. Zaharren istripuak bestelako arrazoi batekin daude lotuak: zahartze prozesuan normala den gaitasun fisiko-psikikoak apaltzea, alegia.

Bolante aurreko azturak egokitzea

  • Hartu atsedena maizago. Egokiena, ordubete edo ordu eta erdia eginikoan, ibilgailua gelditzea da.
  • Ahal dela, ez gidatu arrastiri edo ilunabarretik aurrera. Gauez, begi-lausoa glaukoma eta ikuspena egokitzeko trastornoek zailtasunak eragiten dituzte.
  • Ahal dela, ez gidatu baldintza meteorologiko aldrebesetan.
  • Ahal dela, saia zaitez ezagutzen dituzun errepideetan ibiltzen.
  • Saia zaitez lagun baten ondoan gidatzen.
  • Gidatzean, saihestu liskarrezko egoerak (gainerako gidariekin eztabaidan aritzea, laguntzailearekin mokoka ibiltzea, etc.).
  • Saihestu puntako orduak eta ibilbide korapilatsuak.
  • Mugitzeko eragozpenik baduzu, baliatu lagunduriko direkzio, aldaketa automatiko edota pedal zabal-zabalak dituzten autoak.
  • Audifonoa edo betaurrekoak erabiltzen badituzu, egin itzazu beharrezko azterketak, entzumen eta ikuspen maila hoberenetan jardun zaitezen.
  • Ez baliatu estruktura potolodun betaurrekoak, aldameneko ikuspena murriztuko dizute-eta.
  • Audifonoen bidez konpon ezin daitezkeen arazoak nozitzen badituzu, ez gidatu: 55 urtez gorako jendearen %20 inguruk entzumen-arazoren bat izaten du; 65 urtez gorakoetan portzentajea 30ekoa da.
  • Gaixotasunik nozitzen baduzu, aresti ebakuntzarik egin badizute edo botikak hartu ohi badituzu, galde iezaiozu sendagileari gidatzeko gauza ahal zaren eta mola eta noiz gidatu dezakezun.

Osasuna, eragozpen behinena

  • Norberaren ezaugarriak zeinahi direla ere, adinean sartu ahala gaitasun psiko-eragileen endekapena progresiboa da: hauek nabarmenak dira 65 urtetik aurrera eta muturreraino iristen dira 75 adinera iritsitakoan. Zentro Mediko Psikoteknikoen Elkarte Espainiarrak emaniko datuen arabera, 65 urtetiko gorakoei (%2,75) erdiari gainerako adin-taldekoei (%1etik behera) baino gida-baimen gutxiago ematen zaizkie (2?75%).
  • Seinaleak ez errespetatzean, stop ez egitean, pasabidea ez ematean, ohartarazi gabe ezker-eskuinera egitean, kontrako karrilean etengabe sartzean, zirkulatzean edo aparkatzea oker kalkulatzearren kolpeak maiz nozitzean? hasten dira pizten zerbait ongi ez doala adierazten duten alarmak. Zuzen-zuzen joateko edota aparkatzeko zailtasunak ere horren sintoma izaten dira, adibidez.
  • Gidatzeak erabakiak berehala hartzea agintzen du. Ibilgailua eramatean trafikoaz, errepidearen egoeraz, semaforoez, seinaleez, ibilgailuaren jokamoldeaz informazioa etengabe jasotzen da. Kilometroko hamabost bat erabaki hartzen ditu gidariak batez beste, segundo erdia baino gutxiago izaten du normalean talka edo bestelako ezbeharrik saihesteko. Adinak prozesu horretako hiru faseetan du eragina: atzematean, erabakitzean eta jardutean.
  • Zahartzaroan ohikoak diren begiko molestia zenbaitek ikusmena kalte dezakete. Begi-lausoa, glaukoma, makularen endekapena eta korneako gaitzak gidatzean segurtasunaren kalterako dira. Okerrena, trastorno horiek -ikusmenaren etekina hondatzen ari badira ere- sintoma nabarmenik eman gabe agertzea da.
  • Edadetuak, era berean, botiken albo-eraginak nozitzeko joera handiagoa agertzen du (botika bat baino gehiago hartu ohi dute, gainera). Gidatzean eragin kaltegarria izan dezaketen botiken artean, tentsio altuaren kontrakoak, neuroleptikoak, diabetesaren aurkakoak, antsiolitikoak, antikolinergikoak, antidepresiboak, bentzopeina eta intsulina daude.
  • Junturetan malgutasun urriagoa izatearen ondorioz, adin handiko gidariei maniobra batzuk zailago jazotzen zaizkie, hala nola gurutzetan edo beste ibilgailu bat aurreratzean burua jiratzea.

Familiaren betekizuna

  • Autoan ibiltzeak mugikortasun handia ematen digu denoi eta, bereziki, adin handikoei. Izan ere, 2001 urtean, Elkarlana eta Garapen Ekonomikorako Erakundeak (EGEE) pertsona zaharren egoera azterturik ondorio hau atera zuen: osasun-alorreko mugapenak dituztenek, maiz, gidatzeari baino nahiago dutela ibiltzeari edo garraio publikoa erabiltzeari uztea. Horregatik, senitartekoen jokabide zuzenena zaharrei arreta ematea da, istripurik izan ez dezaten eta, beharrezkoa ez bada, haien gidatzeko aukerak ez mugatzea.
  • Alarma seinaleak agertzean, zaharren senideek gidatzeari pixkanaka utz diezaioten ahalegindu behar dute. Kontuan izan, adin horretan, gidatzeari derrigorrez utzi behar izateak eragin traumatikoa izan dezakeela. Horrez gainera, nor bere mugapenaz jakitun izatea mingarria gerta daiteke. Horrenbestez, kezka izanez gero, egoerari nola egin sendagileari edo psikologoari kontsulta dakioke.
Zaharren istripuak

Motak…

  • Gauez gidatzean, ikusmena murriztearen ondoriozko istripuak
  • Meteorologiak sorturiko kasuistika
  • Egoera konplexuengatik eta gehiegizko informazioa jasotzeagatik izaniko istripuak (autobideetan barrena ibiltzean, bidegurutzeetan eta biribilguneetan, batik bat).
  • Sakontasunaren pertzepzioa murriztearen ondorioz, biratze maniobretan arazorik izateagatiko istripuak.
  • Atzerako martxako maniobra egitean izaniko arazoengatiko istripuak.
  • Abiadura eta distantzia egokiro ez kalkulatzearren, gainerako ibilgailuak harrapatzearen ondoriozko istripuak.

…eta kausak

  • Bolanteko porrotak omisioak eragiten ditu, gehiegikeriak bainoago.
  • Adinean sartu ahala “banaturiko arreta” dezente endekatzen da, hots, aldi berean gauza bat baino gehiago egiten behar denean zaharrek arazo ugariago izaten dituzte.
  • Egin nahi duten maniobra hasitakoan ez dira gauza atzera etorri edo beste gauza bat egiteko.
  • Maniobrak egitean mantso-mantsoak izaten dira.