Interneten hornitzaileen bidezidor legezkoak

Erabiltzaileak ezin du exijitu banda zabaleko zerbitzua (ADSL) baina zerbitzu eskasa ematen bazaio, indemnizazioa jasotzeko eskubidea izan dezake
1 iraila de 2007
Img derechos listado

Interneten hornitzaileen bidezidor legezkoak

Informazio Zerbitzuen eta Merkataritza Elektronikoaren Gizartearen Legea (“Internet Lege” gisa, ezagunagoa) aldatzeko tramitetan dabil. Helburuak: arau-hutsuneak betetzea, eragozpenak suntsitzea eta herritarren eskubideak sendotzea. Esate baterako, Interneterako sarbidearen hornitzaileek, birus eta espioi programen aurka babesteko bitarte teknikoen, eskatu gabeko mezu elektronikoak murriztearen eta haur edota gazteentzat kaltegarri edo ez desiratuak izan daitezkeen eduki eta zerbitzuetarako sarbidearen berri jakinarazi beharko diete erabiltzaileei.

Lege proiektu horrek merkataritza elektronikoa sustatzen du eta zerbitzu publikoak edo eragin ekonomiko handiko zerbitzuak ematen dituzten konpainiei (elektrikoei, ur, gas, argindar, telekomunikazio enpresei, finantza eta aseguru konpainiei, etc.) agintzen die kontratazioa, alta, baja eta erreklamazioak bitarte elektronikoen bidez egin ahal izateko erraztasunak eman ditzaten. Faktura elektronikoaren eta banda zabaleko konexioen hedapena ere bultzatzen da horrekin. Banda zabaleko zerbitzua exijitzeko eskubidea, baja emateko baldintzak eta fakturengatik protesta egiteko modua dira erabiltzaileek eginiko erreklamazio gehientsuenak biltzen dituzten kapituluak eta artapen juridiko handiena eskatzen dutenak, hain zuzen.

Ba al du erabiltzaileak banda zabala edo ADSL zerbitzua exijitzeko eskubidea?

Ez. Banda zabala hedatzeko politikek ez dute eman oraino espero zen emaitza osoa. Badira oraindik banda zabalaz baliatzeko aukera teknikorik ez duten lau milioi espainiar eta beste hiritar gehiagok ezin dute nahi duten teknologia hautatu, kableko operatzaileek estaldura ematen ez dutelako. Ikerkuntza Soziologikoen Zentroak eginiko azken Barometroak (2007ko martxokoak) Interneteko erabiltzaileen gehikuntza %30ean ezarri duenez, gehientsuenak banda estuko erabiltzaileak dira.

“Zerbitzu unibertsalean” (kokapen geografikoa gorabehera, prezio egokian herritar orori bermatu behar zaizkion telekomunikazio multzoan, alegia), gainera, ez da sartzen ADSL bidezko Interneterako zerbitzua. Horregatik erabiltzaileak ezin exiji diezaioke inongo operatzaileri.

Interneterako sarbidea kontratatu ahal izateko, operatzaileak erabiltzaileari gutxieneko iraupen bat exijitu dio. Epea amaitzeko gutxi falta dela, bezeroak baja eman nahi du. Nolako eskubideak ditu erabiltzaileak eta nolako formula aplika dakioke kasu horri?

Kontratu denetan agertu behar dute erabiltzailea artatzeko telefono zenbakiak, operatzailearen helbide elektronikoak, web orriak eta bulego komertzialaren eta bezeroa artatzeko departamentuaren helbide postalak. Legeak baja emateko eskubidea aitortzen dio hamabost egun lehenago eskatzen duenari, kontratuan agertzen den moduan. Erabiltzaileari eskaini zaion bitartekoa telefonoa denean, bere gestioaren erreferentzi zenbakia eta baja eskatu izana egiaztatzea bideratuko duen dokumentu bat bidaltzea eskatu beharko du.

Oraindik amaitu ez den iraupen-epe bat kontratatua edukitzeak ez du galarazi behar baja ematea. Kontratua bukatutzat ematea zeinahi hiritarri noiznahi zor zaion eskubidea da. Kontratua ez betetzearren operatzaileak bezeroa ezin zigor dezake baina, hori bai, erreklamazioa egin diezaioke ?modu egokian gure ustez? bezeroak gutxieneko epe bat betetzeko hartu zuen konpromisoagatiko “abantailazko baldintzak” itzul diezazkion. Legeak dioenez, epe horiek ezin izan daitezke luzeegiak (luzeegitzat zer jotzen den argitzen ez duen arren).

Erabiltzailearen kontratua idatzirik ez badago, ostera?

Bezeroa artatzeko zerbitzuan eskatu dezake, doan, eskubide hori ere zor zaiolako. Eskatzeko unean bezeroak operatzaileari bere eskabideari erreferentzi zenbaki bat eman diezaion eskatu ahal izango dio, eskakizuna jasota gera dadin. Era berean, operatzailearen web orrian kontratuen gutxieneko edukia kontsultatu ahal izango du, gure ustez aurreneko aukera hobea den arren.

Erabiltzailea Interneteko fakturarekin ados ez badago, zer egin dezake?

Bere operatzailearen Bezeroa Artatzeko Zerbitzuan erreklamazioa aurkez dezake erabiltzaileak. Erreklamazioaren erreferentzi zenbakia eta jaso izanaren egiaztapena eskatzea komeni da, beti ere. Hilabetean erantzun egokia jasotzen ez badu, kontsumo-arbitraiara jo dezake edo, bestela, erreklamazioa igor dezake Estatuko Telekomunikazioen Idazkaritzara (SETSI). Bezeroa enpresa bada, azken honetara jo behar du zuzenean. 424/2005 Errege Dekretua indarrean sartu zenetik, Interneteko erabiltzaileen erreklamazioei ebazpena eman ere egiten du SETSI erakundeak. Interesatuak aholkularitza bere udalerri edo lurraldeko Kontsumitzailea Informatzeko Zerbitzuetan eskatu ahal izango du. Gogoan izan: Interneteko partida ez baina fakturako gainerakoa ordaintzen badu, operatzaileak ez du telefono zerbitzua eteteko eskubiderik.

Interneterako konexioak eten asko nozitzen ditu. Nolako ordaina jasoko du bezeroak?

2006 urtean 424/2005 Errege Dekretua aldatu egin zen, Internet zerbitzua behin-behingoz etetearren erabiltzailek dituzten eskubideei dagokienean. Bezeroak operatzaileari erreklamazioa aurkeztu ahal izango dio eta abonu-kuota eta beste hainbat kuota ere itzul dakizkion eskubidea zor zaio, etenak iraun duen denbora-tarte horren arabera. Operatzaileak abonatua automatikoki indemnizatzeko obligazioa du, arazoa agertu ondorengo fakturazio-aldian, ordaindu beharreko kopurua euro bat baino gehiago baldin bada. Dena dela, erabiltzaileak arazoaren jatorria zein den zehatz-mehatz jakiteaz gainera, sarbidea ahalbidetzen duten aparatuen edo konexioaren konfigurazioa egiazta dezan ere komeni da.

Indemnizazioaren munta zehazteko, operatzaile horrekin telefonia finkoko eta Interneteko zerbitzuak denak batera kontratatuak baldin baditu eta kontratuan edo eskaintzan zerbitzu bakoitzari dagokion partea zehazten ez bada, zerbitzu bakoitzaren prezioa, bereiz, bere kontratazioaren proportziozkoa dela ulertuko da. Operatzaileak zerbitzuak bereiz komertzializatzen ez baditu, bakoitzaren prezioa guztirako prezioaren erdia dela ulertuko da.

Kontratua izenpeturik dagoenean, operatzaileak ba al du Interneterako sarbide-kontratuaren baldintzak aldatzerik?

Operatzaileak hori proposatzeko eskubidea du eta bezeroak hori onartu edo ez onartzeko eskubidea. Kontratuko baldintzen aldaketak egin baino hilabete lehenago jakinarazi behar dira; aldaketa horiekin ados ez badago, aurretiaz inolako zigorri aplikatu gabe baja emateko eskubidea zor zaiola ohartarazi behar zaio erabiltzaileari.

Musika deskargatzea delitua al da?

Adiera komertzialean, irabaziak ateratzeko nahia egotearen arabera izan daiteke. Oraindik orain Santanderko Auzitegiak emaniko epaiak ez zuen delitutzat jo dirua irabazteko asmorik gabe musika deskargatu eta Interneten barrena partekatzean; epaiak dioenez, “kontrakoa ulertzeak, sozialki onartuak eta biziki hedatuak dauden jokabideak kriminalizatzea ekarriko luke; jokamolde horien jomuga ez da inondik ere inor legez kontra aberastea, nork bere erabilera pribaturako kopiak erdiestea baizik. Horrek guztiak, kasu honetan zehapen penala merezi lezakeen lege-hausterik gertatu ez dela ondorioztatzera garamatza.?