Helduentzako Unibertsitatea

Berrogeita hamar betetakoan ere, eskolara

Helduentzako Ikasgela izenekoetan 50 eta 85 urte arteko 23.000 ikasle espainiar sartzen dira, hiru eta bost urte bitarteko egitarauetan
1 iraila de 2007

Berrogeita hamar betetakoan ere, eskolara

Askorentzat estreinako aldia da, beste batzuk berriro jarri dira liburu aurrean aspaldiko partez, zenbaitek seme-alaba edo bilobekin dihardu lehian, nota hobeak nork ekarriko. Denek dituzte berrogeita hamar urteak ongi beteak, gehientsuenak jubilatuak dira eta, gazteen kasuan ez bezala, titulua da gutxiena hauentzat: jalkin-minak, ikasteko eta gainditzeko gogoak jota sartu dira ikasgelan. Adin egokian ia inortxo ez zen unibertsitatera joan (55 urtetik gorako espainiar populazioaren %5,8 bakarrik iritsi da ikasketa-maila horretara, Estatistika Institutu Espainiarraren arabera) baina, egun, ehuntxo erdi bat unibertsitate espainiar publiko eta pribatuk ireki dizkiete ateak 23.000 ikasle, Imserso-k emaniko datuen arabera, Espainia osoan 55 urtetik gorako ikasleentzat ematen diren programa akademikoetako ikastaroetan. Ikastaro hauen ibilera bederatzigarren hamarkadan isilka-misilka hasi bazen ere aspaldi honetan eskaintza eta eskakizuna biziki handitu dira eta, itxura guzien arabera, unibertsitate-hezkuntza mota berri hau ugaldu egingo da hurrengo urteetan, hiru faktoreren eraginez: jaiotza-tasa jaisteak dakarren unibertsitate mailako ikasleen urritzea, populazioa zahartzea eta “bizitzan zeharreko prestakuntza” izenekoaren indarra, behetik gora datorrena.

Alacanteko Unibertsitateak martxan jarritako AEPUMA Proiektuaren (Espainia eta Europako helduentzako unibertsitate irakaskuntzen azterketa eta ebaluazioa) datuek erakutsi dutenez, ikasgelara biltzen diren ikasleak era guztietakoak dira, baina gazte samarra, oro har: ikasle gehienen (%55) adina 55 eta 64 urte artean dabil. Gehienak emakumeak dira (%64,5) baina erkidego batzuetan, hala nola Balearretan, gehiengoa gizonezkoek osatzen dute (%78); bestetan, -Euskadi, Madril eta Alacanten- aldiz, gizonezkoen partaidetza %40tik gorakoa da.

Betebehar ohikoena adina da: programen %58tan aritzeko 55 urtetik goragoa behar du izan ikasleak. Beste hainbatetan (%32), adina 50eraino jaitsi da eta bestetan (gutxienetan) sartzeko 60 urteak beterik edukitzea ezinbestekoa da. Programa zenbaitek bestelako betebeharrak ere ezartzen dituzte, hala nola erretiratua izatea edo ordaindutako lanik ez egitea. Edukiei dagokiela, Giza eta Gizarte Zientziekin lotutakoak ugariagoak dira (%54,78) gainerakoak baino. Bigarren tokian Osasun Zientziak datoz (%11,84) eta atzenean, hizkuntzak (%2,24).

Helburuak eta onurak
  • Edadeko pertsonen artean kultura ezagutzera eman, hedatu eta gaurkotzen dute.
  • Aldakuntza sozial eta teknologikoetara egokitzeko ezagutza eta gaitasunak eskaintzen dizkie eta, horrekin batera, erabakiak hartzeko, balio berriak lantzeko, gaiei buruzko bestelako irispideak baliatzeko eta egungo gizarte biziki aldakor honetan ongi moldatzeko aukera ematen die pertsona helduak jasotzen duen informazioak.
  • Bestelako testuinguruetan arazo latza baria ere, belaunaldien arteko elkarrizketa eta harremanak gorpuzteko markoa eskaintzen dute ikasketok.
  • Ingurunea hobeki ezagutzea sustatzen dute, gizarteak eskaintzen dizkion aisialdi-aukerei (kultural, fisiko, intelektual eta abarrei) adineko pertsonak etekin hobeak atera diezazkion.
  • Pertsona edadetuaren bizi kalitatea hobetzen dute, unibertsitate eremuan eratzen diren ezagumendu eta harremanei esker.
  • Adin handietan batik bat, ikasleari fisikoki eta mentalki bizirik irauteko “betebeharra” sortzen diote; bestetik, elkarbizitzaz gainera, harreman sozial eta pertsonalak ere sustatzeko bide egoki-egokia da hau.
  • Gure garaiak bereizgarri dituen aldaketa latzetara pertsona heldua etengabe egoki dadin laguntzen dute.
  • Egitarauen edukietako askok prebentzioa sustatzeko eta bizimodu osasuntsuko aztura eta estiloak laguntzeko orientazioa dute.

Hogeita hamar urteko eskarmentua

Helduentzako lehen Unibertsitatea Toulousen (Frantzia) sortu zen 1973 urtean. Goi mailako hezkuntzaren aldaki hori UNESCO-k eginiko “XXI. Mendean Goi-Mailako Hezkuntzari buruzko Mundu-Adierazpen” izenekoari erantzuna emateko sortu zen: Adierazpenak, izan ere, goi-mailako hezkuntza edadeko ikasleei malguki, era irekian eta sormena laguntzeko zabaldu behar zitzaiela planteatzen zuen. Ildo horretan sartzen da “Delors Txostena” (1989) bera ere: sekula baino zaharrago izatera iristen diren edadetuei, zahartzaroari ahalik eta etekin guztia atera nahi diotenez, kultura eta ezagutza zabaldu eta eguneratzeko premiari erantzuna emango diolarik, espazio edo adin alorreko mugarik gabeko hezkuntza jarraitua egitea aldarrikatzen zen bertan.

Espainian, berriz, prestakuntzazko egintza hori Unibertsitatearen Lege Organikoak (LOU) Hastapeneko Tituluko 1. artikulu, d) atalean xedatutakoari dagokio: Unibertsitatearen zeregintzat jotzen du testu horrek ezagutza eta kultura hedatzea, Unibertsitatea zabaltzearen eta bizitza osoan barnako prestakuntzaren bitartez. Bestetik, unibertsitateek zentroan zentroko diploma eta tituluak eskuratzeko xedeko irakaskuntzak ez ezik, bizitza osoan barrenako prestakuntzarako hezkuntzak martxan ezarri ahalko dituztela dio Lege horretako VI. Tituluko 34.3 artikulua.

Ikastea bera, gozamena

Helduentzako Ikasgelak, Esperientziaren Ikasgelak edo -besteak beste- Zaharrenen Unibertsitate izenekin senior kategoriako ikasleentzat eratzen diren egitarauen ezaugarriak berezi-bereziak dira. Bestelako ikasketekin agertzen duten lehen aldea hau da: “ikasgela” hauetan sartzeko inolako titulurik izatea edo inolako baldintza akademikorik betetzea ez da derrigorrezko; unibertsitate batzuetan, dena den, hautagaiak hautapen-proba edo elkarrizketa gainditu behar du. Ekimen honek jakin-mina eta bestelako bizipenak -gizaki zein unibertsitate alorrekoak- ezagutzeko gogoa duen edonorentzat ateak zabalik ditu.

Helburuei goazkiela, honelako ikasketak eginez lortu nahi dena ez da titulazio ofizialik, ezta lan merkatuan sartzerik ere; bestelakoak dira jomugak: norbera pertsona gisara aberastea, burua lantzea, kultura eta balioen gaineko hausnarketa erraztea, pertsona gizabanako eta gizarteko kide bezala garatzea, belaunaldi arteko harremanak sustatzea, gizarte aldakor honetan eroso bizi ahal izateko ezagutza berriak hartzea…

Edukiei dagokiela, zeinahi unibertsitate karretarakoez arras bestelakoak dira, zentro bakoitzak bere irakaskuntza plana, enbor-ikasgaiak, nahitaezkoak eta aukerazkoak ezarriak baititu. Nolanahi ere, plan gehientsuek antzeko materiak jasotzen dituzte, hala nola Historia, Zientzia, Ingurugiroa, Artea, Geografia, Literatura, Filosofia, Teknologia Berriak, Nutrizioa, Hizkuntzak, Ekonomia, etab. Ikastaro gehientsuenetan prestakuntza akademikoaren osagarri dira bisita kulturalak, foroetan esku hartzea, musika entzunaldiak, antzerki obrak, kirol jarduketak, etc.

Helduentzako unibertsitate programak zuritzen dituzten motiboak
  • Gaztaroan estudiatzeko aukerarik izan ez zuten pertsonekin zorretan dago egungo gizartea.
  • Titulu profesionalik eskuratu gabe, beren burua garatzen lagunduko dieten prestakuntza jarraitua eskuratu nahi duten populazio-sektoreei erantzun egokia eman behar zaie.
  • Gizarte kulturago, parte-hartzaileago, kritikoagoa erdietsi behar da.
  • Populazioa zahartzearren (Espainiari dagokionez, are eta larriagoa), 50 urtetik gorako pertsonek datozen urteotan ekonomia eta finantzen estrukturetan funtsezko eginkizuna beteko dute.
  • Belaunaldien arteko truke eta topaketa gorpuzten laguntzen duten prestakuntza zientifiko eta kulturalezko jardueren garapena sustatu behar da.

Azterketarik gabe, diploma

Hiru eta bost urte artean irauten duten programa horiek, oro har, dagoeneko 55 urteak beteak dituen jendearentzat eratu dira baina, horretan ere, badira salbuespenak: José Saramago Helduentzako Unibertsitatean, San Pablo CEU Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartu ahal izateko 50 urteak beterik izatea aski da. Ikastaro osoko matrikularen prezioak zentro batetik bestera izugarri aldatzen dira: Extremadurako Unibertsitateak eskaintzen dituen ikasketak egitea 52,23 euro kostatzen da (62,28 euro, senar-emazteak matrikulatuz gero) baina San Pablo CEU-ko Vniversitas Senioribvs-en matrikulatu ahal izateko, 1.000 euro baino gehiago ordaindu behar dira. Eskolak urrian hasi eta ekain aldera amaitu ohi dira eta ikasketei buruzko informazioa unibertsitatean bertan eskura daiteke. Ikastaroan zehar eskola teorikoak eta lan praktikoak edota jarduera osagarriak tartekatu egiten dira. Iraupenaz ari garela ere batetik bestera alde handiak aurkituko ditugu: 45 kreditudun programak ugariak dira ?15 kreditu ikasturte bakoitzeko (150 eskola-ordu)? baina zenbait unibertsitatetan, hala nola Valentziako Nau Gran eta “José Saramago” zentroetan, 600 ordu baino gehiago ematen dituzte. Ikasketak amaitzean, azterketarik egin beharrik izan gabe (aski da eskolara azaldu eta asistentzia hori sinadura batez egiaztatzea), ikasleari diploma ematen zaio eta, jakina, dokumentu hori egiaztagiri huts bat baizik ez da.

50etan unibertsitate-bizipena ezagutu nahi baduzu...
  • Eskuarki ez da eskatzen titulaziorik bertan parte hartzeko
  • Ikastaro horietako asko diruz lagunduak daude
  • Ikastaro horietara joateko astirik eta ilusiorik izatea aski da
  • Ikasle izan nahi duenak erretiratu edo etxekoandre izan behar du, oro har
  • Ikastaro horien bereizgarriak eztabaida, parte-hartzea eta adiskidantza dira
  • Azterketarik ez da egiten
  • Ikastaroa gainditu ahal izateko aski da eskolen %80tara gutxienez joatea
  • Ematen den titulua ez dago homologatua
  • Egitarauetan sartzen dira bisita turistikoak, txangoak, tailerrak (marrazketa, antzerkia, etc.)
  • Izen-emateko epea ekain-uztailean zabaltzen da
  • Eskolak urrian hasi eta ekainean amaitzen dira

Helduentzako unibertsitate-eskaintza, Espainiako erkidegoetan

Andaluzia

Aragoi

Gaztela – Mantxa

Gaztela – Leon

Katalunia

Valentzia Erkidegoa

Extremadura

Galizia

Kanariar Uharteak

Balear Uharteak

  • Universitat de les Illes Balears
    Universitat Oberta per a Majors
    Tfno. 971 173000
    www.uib.es/uom/

Errioxa

Madril

Murtzia

Nafarroa

País Vasco