Hobe inoiz edo behin bakarrik kontsumitzea
Elikagaien industrial fabrikatzen dituen snack edo aperitibo gazien ezaugarriak ezagunak dira: tamaina txikikoak dira, arinak, maneiatzeko eta “areago” jateko errazak, zaporetsuak eta kontsumitzaileari gose sentsazioa une batez kentzen diote. Norbaitek agian pentsa lezake beste ezaugarri bat produktuon prezio merkea dela baina alderdi hori arretaz jorratu beharko litzateke: CONSUMER EROSKI-k azterturiko zortzi aperitiboetatik (artozko zizaretxoak eta patatazko lastotxoak) hiruren prezioa 20 eurotik gora doa, kiloko, batena 15 euro eta beste birena 9 euro inguruan dabil. Gainerako bien prezioak, kiloko beti, 7 eta 4 euro dira. Merketik deus gutxi, beraz.
Snack horiek kontsumitzaileari hamaikatxo itxuratan aurkezten zaizkio: batzuk labean eginikoak dira, beste batzuk frijitutakoak, kakaotan bilduak, etc., eta klase guztietako usain eta zaporeak izan ditzakete: gurina, barbakoa, urdaiazpikoa, ketchup, antxoa, gazta? Bereizgarri dituzten zapore eta aroma bizi-biziak direla medio, makina bat kontsumitzaileri benetan tentagarri gertatzen zaizkio: snack kraskatsuez beteriko zorro ireki baten aurrean jende asko ez da muzin egiteko gauza.
Oraingo honetan zizaretxo eta lastotxo naturalak (erantsitako zaporerik gabekoak) aztertu dira, hots, haurrek gehien kontsumitzen dituzten bi aperitiboak. Osagai ugarienak laboreen semola edo irina (artoa, garia, patata fekula) eta gantza (hazi-olioa, landarezkoen gantza edo landarezko gantz hidrogenatua) dauzkate, ur, gatz eta gehigarriez (koloratzaile, zapore-indartzaile eta kontserbatzaileak) gainera.
Zer daukaten zizaretxoek eta lastotxoek
Laborategian zortzi lagin aztertu ziren: bost zizaretxo (labean eginiko aperitiboa) eta hiru patatazko lastotxo (frijituriko produktu aperitiboa). Neurketek agerian utzi zuten lehendabiziko egiaztapena: snack horiek kaloria ugari-ugariko elikagaiak dira (ehun gramoko, 450 – 540 kaloria artean), ur gutxi edukitzeaz gainera (eduki osoaren %1,3 – %4,3 artean dabil ur kopurua) osagai nagusiak horrelakoxeak direlako: artoa edo patata, biak ere karbohidrato ugarikoak, eta horiek erretzeko edo frijitzeko baliatzen den gantza. Arauak xedatua duenez, aperitibo erako elikagaien hezetasun graduak ez du %5 baino handiagorik izan behar, eta hori lagin guztiak zorrozki betetzen dute. Karbohidratoak produktu osoaren %64 eta %75 artean dabiltza zizaretxoetan eta %59 eta %67 artean, lastotxoetan. Proteinak, landarezko jatorridunak (artoa edo patata) uri-urri agertzen dira: zizaretxoen %5 – %6,5 eta lastotxoen %1,4 – %3,2 baizik ez dira.
Zizaretxoak artoz moldatzen dira: artoari olioa edo landare gantza eta gatza erantsi behar zaizkio; lastotxoak, berriz, frijituko den patatazko masa bat dute osagai bakarra. Frijitzean, zer esanik ez, produktuak gantza hartuko duenez, zizaretxoek baino gantz gehiago lastotxoek daukate (hauetan, produktuaren %27 – %32 gantza da; batez bestekoa %29 inguru dabil); zizaretxoetan batez besteko gantz kopurua %19 da (%14 eta %24 artean). Aztertu diren lagin denetan gantz gutxien daukaten aperitiboak, gainerakoetatik urrun, Rufinos (gantza: %14) eta Jojitos (%15) markako zizaretxoak; zerrendako beste muturrean, gantzatsuenak, Facundo markako lastotxoak (produktuaren %32).
Landare gantz guztiak ez dira berdinak
Kontua ez da bakarrik aperitiboek (edo elikagaiek, oro har) daukaten gantz kopurua; nolako gantz mota den ere begiratu beharra dago (saturatuak, jakina, osasunarentzat kaltegarrienak dira). Zenbaitetan, ordea, erabili den gantzari buruzko informazioa ez zaio eskaintzen kontsumitzaileari behar den era egokian. Azterketa honetan, Risi eta Facundo marketako lastotxoen eta Rufinos markako zizaretxoen etiketek “landarezko gantza” baizik ez du adierazten; kontuan hartu beharra dago, lehen bi kasuetan palmondo gantza dela eta soja, hirugarrenean. Laborategiak, zortzi laginetan fabrikatzaileek baliaturiko gantz mota aztertu ondoren, etiketetan adierazitakoa egia dela ondorioztatu du: denek landare olioak baliatu dituztenez, kolesterolik ez daukate snackek. Zehazkiago esateko, Risi, Jojitos, Jumpers eta Aspitos marketako zizaretxoak eta La Iscariense lastotxoak egiteko ekilore olioa erabili dute; Rufinos markakoak fabrikatzeko, berriz, soja olioa; Risi eta Facundo lastotxoak ekoiztean, berriz, palmondo gantza maneatu dute. Horrelako gantza erabiltzeak badu garrantzirik: gantz azido asegabeen (kolesterolaren kontrolean eragin mesedegarria dutenen) proportzioa, ekilore olioa daukaten aperitiboetan guztirako gantzaren %88 da eta soja olioa daukatenetan, %82. Palmondo gantza daukaten bietan, ostera, (Risi eta Facundo lastotxoetan) asegabeen proportzioa %53 baizik ez da.
Bestela adierazteko, gantz saturatuaren (osasunarentzat kaltegarriena) kopurua askozaz ere handiagoa da palmondo gantzarekin eginiko aperitiboetan. Kontu hori aspaldikoa da: edonork daki hazi-olioak (ekilore, soja, etc.) baliatzeak gantz asegabeen agerpena areagotzen duela, saturatuenaren kaltetan; palmondoko gantza edo landarezko gantz hidrogenatua baliatzen bada, aldiz, osasunarentzat kaltegarriagoak diren gantz saturatuen agerpena biziki ugaltzen da. Gantz saturatu asko kontsumitzeak odoletako kolesterol (arrisku kardiobaskularreko faktorea) maila altxaraziko du.
“Trans” motako gantzen edukia ere aztertu da laborategian: olio likido horiei hidrogenatze partzialeko prozesua aplikatu zaie, produktuaren bizitza baliagarria luzatzeko eta bere ezaugarri organoleptikoak indartzeko. Horrelako gantzei, odoletako kolesterol kaltegarriaren (LDL kolesterola, alegia, arteria koronarioetan metatzen dena, kardiopatia koronarioa nozitzeko arriskua larriagotuz) kopurua areagotzeko ez ezik, kolesterol mesedegarria (HDL) urritzeko ahalmena ere egozten zaie. Trans gantz horiek, beraz, saturatuak baino kaltegarriagoak dira. Dena den, zortzi laginetan atzemaniko trans gantzen kopurua txiki-txikia da: kasu bakar batean ere ez zen iritsi gantz guztiaren %1era. Onarturiko trans gantzen kopuruaz ez dago ezer legislaturik Espainian baina, erreferentzia gisara besterik ez bada ere, Danimarkako arauteriak elikagaietan gehienez onartzen duena, gantz guztiaren %2 baino ez da.
Lastotxoek kaloria gehiago dauzkate: ehun gramo zizaretxok, batez beste, 477 kaloria dauzkate (450 kaloria baino gehixeago Jojitos eta Rufinos markakoek eta 500 kaloria, Risi markakoek); lastotxoek, berriz, 521 kaloria dituzte ehun gramoko (510 kaloria La Iscariense eta Risi marketakoek eta 540 kaloria, Facundo markakoek).
Gatz gehiegi
Honelako produktuei dagokienez, legeriak onartzen duen gehieneko gatz kopurua %5 da, substantzia lehorrarekiko (ura erauzi ondorengo pisua). Zortzi laginek atal hori zorrotz betetzen duten arren, lagin batetik besterako aldeak nabarmenak dira: %0,7tik (Rufinos markako zizaretxoak) %3,2raino baitoaz (Risi lastotxoak). Adituek aholkatzen dutenez, 1 eta 3 urte bitarteko haurrek egunean 2 gramo gatz har dezakete gehienez, 4 eta 6 urte artekoek, 3 gramo gehienez eta 7 eta 10 urte bitartekoak, 5 gramo gatz egunean. Aholkuok aintzat harturik, snack horietako askok gatz gehiegi daukate: Risi markako lastotxo zorro batek (20 gramo) 0,63 gramo gatz dauka, hots, haur txikienei aholkatzen zaien eguneko gehieneko kontsumoaren herena; Jojitos markako zizaretxo zorro batek (36 gramo) 0,42 gramo gatz dauka. Kontuan izan dezagun aperitibo horiek ez direla haurraren dietan gatz-iturri bakarra.
Zortzi laginetatik bostetan, gainera, glutamatoa atzeman da: E-621 zenbakiaz identifikatzen den zapore-indartzaile ezagun hau onartua dagoen arren (milioiko 10.000 zati baino gehiago ez badu), alferrikakoa da kalitate oneko produktuetan. Lagin batetik bestera glutamato edukiak oso desberdinak badira ere, bakar batek ere ez du legezko muga gainditu. Eduki handiena Jumpers zizaretxoak daukate (7.940 zm). Facundo lastotxoek (395 zm) etiketan horrelakorik adierazten ez dutenez, araua urratu egiten dute. Bestetik, bitxia bada ere, Rufinos markako zizaretxoetan glutamatorik ez da atzeman, etiketak kontrakoa dion arren.
Laborategian beste bi gehigarri bilatu dira, biak ere oxidazioa saihesteko ahalmeneko kontserbatzaileak: BHA (butilhidroxianisola) izenekoak gantzak zaharmintzea galarazten du eta BHT (butilhidroxitoluenoa) gehigarria aurrekoarekin konbinazioan baliatzen da, haren eraginak indartzen dituelako. Produktu aperitiboetan BHA eranstea baimendua dago (guztirako gantzaren 200 zm muga izaki) baina masa egiteko erabiltzen den olioari bata zein bestea erants dakizkioke. Lau laginek (hiru lastotxoek eta zizaretxoetako batek, Rufinos markakoak) ez dauzkate gehigarri horiek. Lagin bakar batean (Jumpers zizaretxoak) atzeman dira bi substantziak (BHA, 63 zm eta BHT, 8 zm); BHA soilik Jojitos (26 zm) eta Aspitos (3 zm) zizaretxoek daukate; BHT bakarrik, Risi zizaretxoek (0,5 zm). Antioxidatzaile horien kopurua oso-oso txikia da eta ezin esan daiteke BHT daukaten bi laginek araua urratzen dutela: substantzia horren agerpena elikagaiari berari edo erabilitako olioari erantsi izanaren ondorio izan daiteke.
Zortzi laginetako bi arauz kanpora, etiketa zuzen ez egotearren
Zortzi aperitibo hauen etiketen azterketak irregulartasunak erakutsi ditu bi laginetan (biak ere, patatazko lastotxoak: Facundo eta La Iscariense) eta, ondorioz, arauz kanpokotzat jo behar dira. La Iscariense markako laginaren izendapena (“lastotxo mehea”) ez dago aintzat hartua arautegian; horren ordez, “produktu aperitibo frijitua” behar luke. Bestetik ere araua urratzen du, enpresari (eta ez elikagaiari) dagokion kalitate-zigilua erakusten baitu, onartua ez dagoen arren. Facundo markakoak osagai zerrendan landarezko gantz “jangarria” idatzi du eta hori ere ez dago baimendua, jangarri ez den inongo gantzekin elikagairik egitea ez baita legezko. Hona Facundo markako lastotxoen beste arau-urratze bat: etiketan horrelakorik ez badio ere, azido glutamiko izeneko gehigarri zapore-indartzailea dauka (395 zm, laborategian atzemanik). Gainerako sei aperitiboen etiketek araua ongi betetzen dute, eskaturiko informazio guztia jasotzen dutelako, irregulartasunik izan gabe. Dena den, Rufinos zizaretxoen eta Risi lastotxoen etiketa hobetu egingo lirateke, baliatutako gantz mota zehaztuko balute (“landarezko gantza” baizik ez dute adierazten), gainerako laginek egin duten bezala; izan ere, landarezko olio batetik bestera alde handia dago, elikadura eta nutrizioa edo osasuna lotzen dituen ikuspegitik: kasu honetan, ekilore edo soja olioak gantz osasungarriagoak dira Facundo eta Risi marketako lastotxoetan baliatutako palmondo olioa baino, honen gantz saturatuaren proportzioa dezente handiagoa baita.
Biziki produktu kaloriko, gantzatsu eta gazia denez, fabrikatzaileak etiketan nutrizio alorreko informazioa eman beharko luke, arauak horretara behartzen ez badio ere; dena den, azterturiko zortzi laginetatik lauk (Risi markako bi laginek eta Aperitivos Extrusionados faktoriako Jojitos eta Super Aspitos zizaretxoek) bakarrik egin dute horrela; hauek, 100 gramoko anoari dagozkion datuak ez ezik, zorroko edukiari dagozkionak ere eman dituzte.
Laborategiko mikrobiologia-areak zortzi laginen egoera higieniko sanitarioa aztertu zuen. Produktu aperitiboen arautegiak enterobakterio, staphylococcus aureus, salmonella eta enterococus-ik ez izatea agintzen du. Parametro denetan emaitzak negatiboak izan ziren, enterobakterioei dagokienean izan ezik: hauen agerpena atzeman zen Jumpers zizaretxoetan eta La Iscariense eta Risi marketako lastotxoetan, hots, azterturiko zortzi laginetatik hirutan. Kopuruak txiki-txikiak izan ziren (hiru kasuetan ere, 10 ufc/g ?unitate kolonia-eratzaileak gramoko? baino txikiagoak) baina hiru produktu horiek araua urratzen dute, horrelako bakterioen presentziarik ez baitu onartzen elikagaian. Itxura guztien arabera, hiru kasuetan ere, kontsumitzailearen osasunari kaltegarri ez den enterobakterioen tamalezko agerpen hori produktuaren prozesatuan izaniko higiene-hutsune arin baten ondorio izan daiteke.
Laburbilduz eta konparaketako taula
Laburbilduz
- Zortzi snack lagin aztertu dira oraingoan: bost zizaretxo (Rufinos, Risi, Jojitos, Jumpers eta Aspitos) eta hiru lastotxo (La Iscariense, Risi eta Facundo). Formatu batetik bestera alde handia dago: 5 gramotik 100 gramoraino baitoaz.
- Hasteko, deigarri gertatzen da, lehengaia merke-merkea daukaten produktu hauen prezioak horren handiak eta horren desberdinak izatea: zizaretxoak, kiloko, 4 euro ingurutik (Maxfinos Jumpers) hasi eta 30 euro ere kostatzen dira (Super Aspitos zizaretxo erraldoiak); lastotxoak, berriz, 15 eurotik (Facundo) 26,25 eurora arte (Risi), kiloko.
- Produktu aperitibo hauek inoiz edo behin hartzen dira eta, izan ere, horrela behar du, maiz jatea ez baita komeni: kaloria eta gatz asko dauzkate (%0,7tik ia-ia %3,2ra arte). Beste aldetik, zortzi aperitibo horietako bitan gantz saturatuen (osasunarentzat kaltegarrienak) kopurua altuegia da.
- Haurrek janarien aurretik horrelako aperitiboak hartzen badituzte apetitua desagertu egin dakieke, beren dietaren nutrizio-kalitatearen kaltetan. Biziki zaporetsu eta gaziak direnez, berez osasungarriak diren dietako jaki batzuek (barazkiak, entsaladak, arrainak, etab.) ondoren hartzen badira, motel edo geza dirudite.
- Produktu hauetako 100 gramok 450 – 540 kaloriaz hornituko gaitu, ur gutxi daukatelako, bertako osagai nagusiak (artoa edo patata) karbohidrato ugari dituztelako eta frijitzeko edo erretzeko baliatu diren landare gantz edo olioengatik (gatzaren agerpena %14tik %32raino doa).
- Lastotxoek, batez beste, zizaretxoek baino %50 gantz gehiago daukate eta %9 kaloria gehiagoz hornitzen gaituzte.
- Jumpers zizaretxoek eta La Iscariense eta Risi lastotxoek kalitate higieniko sanitarioaren araua urratu egiten dute enterobakterioak dituztelako (edukia txiki-txikia bada ere), arauak horrelakorik onartzen ez duelarik. La Iscariense eta Facundo lastotxoen etiketa ez dago zuzen.
- Zortzi laginak moldatzeko landarezko gantza baliatu da: ekilore olioa Risi, Jojitos, Jumpers, Aspitos eta La Iscariense marketako zizaretxoetan; soja olioa Rufinos markako zizaretxoetan eta palmondo gantza Risi eta Facundo marketako lastotxoetan. Gantz azidoen profila osasungarriagoa da olioa darabilten aperitiboetan (gantz guztien %82tik gora, asegabeak) palmondo gantza baliatu dutenetan baino (asegabeak %50 inguru baizik ez delako).
- Dastatze proban, zizaretxo gogokoenak Jumpers, Aspitos eta Jojitos dira. Lastotxoetan, aldiz Risi markakoek jaso dute onespen biziena.
- Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Jojitos zizaretxo erraldoiek ematen dute: merkeak (6,94 euro kiloko), gantz eta kaloria gutxien dauzkatenen artekoak eta biziki preziatuak dastatze proban. Garaikur hau merezi duen laginik ez da, arazo hauetako bat ez bada bestea nozitzen baitute denek: gantz saturatu larregi, etiketa ez dago zuzen, kalitate mikrobiologiko akastuna edota gatz gehiegi.
Jojitos Gigantes | Super Aspitos | Risi | Rufinos | |
---|---|---|---|---|
Produktua | Zizaretxoak | Zizaretxo erraldoia | Zizaretxoak | Zizaretxoak |
Formatua (g) | 36 | 5 | 35 | 100 |
Prezioa (euro kiloko) | 6,94 | 30 | 8,57 | 9,20 |
Etiketa | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Hezetasuna (%) | 2,6 | 1,9 | 1,7 | 2,9 |
Proteina (%) | 6,5 | 5,8 | 5,9 | 6,3 |
Karbohidratoak (%) | 74 | 71,1 | 67,8 | 75,4 |
Gantza (%) Trans gantzak (%) 1 Saturatua (%) Monoinsaturatua (%) Poliinsaturatua (%) |
15,1 0,2 11,1 28,3 60,4 |
19,2 0,2 10,9 29,5 59,4 |
23 0,5 11,7 25,3 62,7 |
14,3 1 16,9 25,4 56,7 |
Balio kalorikoa (Kcal/100 g) | 458 | 480 | 502 | 456 |
Olio mota | Ekilore | Ekilore | Ekilore | Soja |
Gatza(%) 2 | 1,17 | 1,25 | 1,11 | 0,73 |
Azido glutamikoa (zm) 3 | 200 baino gehiago | 200 baino gehiago | 235 | 200 baino gehiago |
BHA gantzarekiko (zm) 4 | 26 | 2,9 | Ez da atzeman | Ez da atzeman |
BHT gantzarekiko (zm) 5 | Ez da atzeman | Ez da atzeman | 0,5 | Ez da atzeman |
GEO 6 | Negatibo | Negatibo | Negatibo | Negatibo |
Egoera mikrobio- logikoa | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Dastatze proban (de 1 a 9) | 7,5 | 7,6 | 6,2 | 6,5 |
Maxfinos Jumpers | Facundo | La Iscariense | Risi | |
---|---|---|---|---|
Produktua | Zizaretxoak | Patatazko orratzak | Lasto meheak | Patatazko lastotxoak |
Formatua (g) | 60 | 20 | 45 | 20 |
Prezioa (euro kiloko) | 4,17 | 15 | 22,22 | 26,25 |
Etiketa | Zuzen | Ez dago zuzen | Ez dago zuzen | Zuzen |
Hezetasuna (%) | 4,3 | 2,5 | 3,3 | 1,3 |
Proteina (%) | 4,9 | 3,2 | 2,6 | 1,4 |
Karbohidratoak (%) | 63,9 | 58,8 | 63,7 | 66,5 |
Gantza (%) Trans gantzak (%) 1 Saturatua (%) Monoinsaturatua (%) Poliinsaturatua (%) |
23,9 0,3 11,2 28,9 59,7 |
32,3 0,5 47 42,6 9,7 |
27,4 0,2 11,4 24,9 63,6 |
26,6 0,5 45,9 42,9 10,5 |
Balio kalorikoa (Kcal/100 g) | 490 | 539 | 512 | 511 |
Olio mota | Ekilore | Palmondo | Ekilore | Palmondo |
Gatza(%) 2 | 2,46 | 2,11 | 1,91 | 3,17 |
Azido glutamikoa (zm) 3 | 7940 | 395 | 550 | 3190 |
BHA gantzarekiko (zm) 4 | 63,4 | Ez da atzeman | Ez da atzeman | Ez da atzeman |
BHT gantzarekiko (zm) 5 | 8,4 | Ez da atzeman | Ez da atzeman | Ez da atzeman |
GEO 6 | Negatibo | Negatibo | Negatibo | Negatibo |
Egoera mikrobio- logikoa | Ez dago zuzen | Zuzen | Ez dago zuzen | Ez dago zuzen |
Dastatze proban (de 1 a 9) | 7,5 | 6,7 | 6,9 | 7,6 |
(1) “Trans” gantzak: partzialki hidrogenatutako gantz hauek odoletako kolesterol kaltegarria ugaldu eta kolesterol mesedegarria urritzeko gauza direnak.
(2) Gatza: adituek aholkatzen dutenez, egunean 1 – 3 urte arteko haurrek gehienez ere 2 gramo har dezakete; 4 – 6 urte artekoek, 3 gramo eta 7 – 10 urte artekoek, 5 gramo gehienez.
(3) Azido glutamikoa: zapore-indartzaile hau elikagaietan ager daiteke kopuru txikitan (10.000 zati milioiko)
(4) BHA: antioxidatzaile hau elikagaietan ager daiteke kopuru txikitan (200 zati milioiko)
(5) BHT: antioxidatzaile hau ez dago baimendua aperitiboetan, bai ordea horrelakoak egiteko baliatzen diren olioetan
(6) GEO: genetikoki eraldaturiko organismoak
Banan-banan
Zortzi aperitiboak, banan-banan: zizaretxoak eta lastotxoak
Jojitos Gigantes
- “Labean erretako arto naturala”
- 6,94 euro kiloko. 36 gramoko zorroa.
- Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Gantz eta kaloria gutxien dauzkatenetako bat. Ekilore olioz egina. Ez darabil glutamatorik (zapore-indartzailea), bai ordea BHA, gantza ez oxidatzeko gehigarria.
- Dastatze proban, 7,5 puntuz, gogokoenetako bat da; aldekoak: “kolorea” eta “zaporea”; aurkakoak: “zapore motela”, “behar bezain kraskatsu ez izatea” eta “tamaina txikia”.
Super Aspitos
- “Labean erretako arto naturala”
- 30 euro kiloko (garestienak). 5 gramoko zorroa.
- Ekilore olioz egina. Ez darabil glutamatorik (zapore-indartzailea), bai ordea BHA, gantza ez oxidatzeko gehigarria.
- Dastatze proban, 7,6 puntuz, gogokoenetako bat da; aldekoak: “kolorea” eta “zaporea”; aurkakoak: “behar bezain kraskatsu ez izatea” eta “tamaina handia”.
Risi
- “Labean eginiko produktu aperitiboa”
- 8,57 euro kiloko. 35 gramoko zorroa.
- Ekilore olioz egina. Glutamatoa (zapore-indartzailea) baliatu du. BHT antioxidatzailea atzeman da, baina kopuru txiki-txikian.
- Dastatze proban, 6,2 puntuz, gutxien gustatu denetako bat da; aldekoak: “tamaina” eta “zaporea”; aurkakoak: “zapore motela”, “forma”, “behar bezain kraskatsu ez izatea” eta “kolorea”.
Rufinos
- “Labean eginiko artozko aperitiboa”
- 9,20 euro kiloko. 100 gramoko zorroa.
- Gantz gutxienekoa eta kaloria gutxien dauzkatenetako bat (456 kaloria 100 gramoko). Gatz gutxienekoa (%0,7). Ez darabil glutamatorik (zapore-indartzailea) ez antioxidatzailerik. Soja olioz egina.
- Dastatze proban, 6,5 puntuz, gutxien gustatu denetako bat da; aldekoak: “kolorea” eta “forma”; aurkakoak: “gogor izatea”.
Maxfinos de Jumpers
- “Labean eginiko artozko snacka”
- 4,17 euro kiloko (denetan merkeenak). 60 gramoko zorroa.
- Ekilore olioz egina. Gazi-gaziak (%2,5). Glutamato (zapore indartzailea) eta BHA eta BHT antioxidatzaile gehien baliatu dituena. Egoera higieniko sanitarioa ez dago zuzen, enterobakterioak baititu agerian; kopuruak txiki-txikiak direnez, kontsumitzailearentzat ez da arriskutsua, baina arauak horrelakorik ez izatea agintzen du.
- Dastatze proban, 7,5 puntuz, gogokoenetako bat da; aldekoak: “zaporea”; aurkakoak: “bigunak”, “txikiak”.
Facundo
- “Produktu aperitibo frijitua, patata zaporeduna”
- 15 euro kiloko (lastotxo merkeenak). 20 gramoko zorroa.
- Etiketa ez dago zuzen: landarezko gantz jangarria darabilela dio (horrelakorik adieraztea ez dago onartua, denak baitira jangarri) baina daukan glutamatoa ez du adierazi. Zortzi laginetatik, gantz gehien daukan lagina (%32) eta kaloria gehienekoa (539 kaloria 100 gramoko). Palmondoko olioa erabili duenez, bertako gantzaren %47 saturatua da (osasunarentzat kaltegarriena); kontuan izan behar da soja edo ekilore olioz eginiko snacken gantz saturatua %12 ingurukoa dela. Glutamatoa (zapore-indartzailea) erabili du.
- Dastatze proban, 6,7 puntu; aldekoak: “zaporea”; aurkakoak: “kolorea”, “txikia izatea” eta “oliotsua”.
La Iscariense
- “Lastotxo frijitua”
- 22,22 euro kiloko. 45 gramoko zorroa.
- Etiketa ez dago zuzen: salmenta-izendapena ez dago zuzen, enpresaren kalitateko zigilua (onartua ez dagoena) ezarri du eta ez du aholkatzen nola kontserbatu behar den produktua. Gantz asko (%27) eta kaloria asko (512, 100 gramoko). Ekilore olioz egina. Glutamatoa darabil (zapore-indartzailea). Egoera higieniko sanitarioa ez dago zuzen, enterobakterioak baititu agerian; kopuruak txiki-txikiak direnez, kontsumitzailearentzat ez da arriskutsua, baina arauak horrelakorik ez izatea agintzen du.
- Dastatze proban, 6,9 puntu; aldekoak: “zaporea”; aurkakoak: (kontsumitzaile batzuentzat) “zapore motela” eta “behar bezain kraskatsu ez izatea”
Risi
- “Patata zaporeko produktu aperitiboa”
- 26,25 euro kiloko. 20 gramoko zorroa.
- Gantz asko (%27), kaloria asko (511, 100 gramoko). Palmondo olioa erabili duenez, bertako gantzaren %46 saturatua da (osasunarentzat kaltegarriena); kontuan izan behar da soja edo ekilore olioz eginiko snacken gantz saturatua %12 ingurukoa dela. Denetan gazienak (%3,2) eta glutamato (zapore-indartzailea) gehien dutenetan bigarrenak. Egoera higieniko sanitarioa ez dago zuzen, enterobakterioak baititu agerian; kopuruak txiki-txikiak direnez, kontsumitzailearentzat ez da arriskutsua, baina arauak horrelakorik ez izatea agintzen du.
- Dastatze proban, 7,6 puntuz, gogokoenak dira; aldekoak: “kraskatsuak”; aurkakoak: “kolorea” eta “burbuilak agertzea”.