Energia garbiak, bai, baina ez edozein preziotan
Energia berriztagarrien hedapenak, berez, ez du bermatzen ingurugiroaren hobekuntzarik. Ordezko energi iturriak ?hala nola bioerregaiak, haize edo eguzki energia? arazoak sortaraz ditzakete, aurretiaz beraien inpaktuaz ebaluazioa egiten ez bada eta egiazko aurrezki politikak ezartzen ez badira. Kontua ez da horiei uko egitea, erabilera ongi planifikatzea baizik, eragin negatiboak abantailak baino handiagoak izan ez daitezen. Horiexek dira energia garbien buztinezko euskailuak.
Nazio Batuek arestian eginiko txosten batek, gizarteak bioerregaiaren industria azkarregi garatzera jotzeak izan litzakeen ondorio kaltegarrien arriskuak erakutsi ditu. Txostenak dioenez, landare-hazkuntza zabalak elikadurara bideratu ordez bioerregaien ekoizpenera jartzen badira, oso litekeena da mundu osoko elikagai-hornikuntzak oreka galdu eta, gainera, deforestazioa areagotzea, bioerregaiak erdiesteko beharrezkoa izango den lursailen azalera berebizikoa izango baita.
Bioerregaiak ala elikagaiak
CO2 gasaren emisioak arintzeko bioerregaien erabilera hedatzeko premiak alboko lehen eraginak izan ditu. Soja, arto, koltza, ekilore, azukre-kanabera eta antzekoetatik erdiesten diren bioerregaiek elikagaien prezioak %10ean (laboreen prezioa, zehazki, %40) disparatu zituzten iaz. Duela hilabete batzuk, artozko “tortillak” (populazioaren oinarrizko elikagaietako bat) Mexikon leherturiko krisia, Mexiko eta Estatu Batuetako arto uztaren parte handi bat elikagaien merkatutik bioerregaienera desbideratzearen ondorio izan da, artoaren prezioa ikaragarri igo baita. Egoera horretan milaka pertsona kaleratu zen protesta agertzera eta, areago, krisi politikoa piztu zuen. Lehen kate-begia izan liteke hori.
Worldwatch Institutek eginiko txosten baten arabera (El estado del mundo 2006), Txinak ere horrelako egokiera bat bizi izan lezake. Bertako Gobernuak, petrolioko gastua murriztu asmoz, herrialdeko energia-premien %10 energia berriztagarriekin bete nahi du 2020 urterako. Horretarako artotik erdietsiriko etanolen ekoizpena 14 milioi litroraino altxatuko du (Brasil edota Estatu Batuetako produkzioaren parekoa). Baina baliteke behar adina lehengai ez izatea, herrialdeko labore-erreserba handiak aspaldi honetan murriztu egin direlako. Txinako Gobernuak bioerregaien ekoizpena ugaltzen segitu nahi badu, oso litekeena da bertako gizateria (1.300 milioi lagun) eta etxaldeetako animaliak elikatu ahal izateko laboreak inportatu behar izatea.
Deforestazio arriskua
Arazo horri eman beharreko konponbidea ez da landareen hazkuntzarako azalera kontrolik gabe hedatzea: orduan, Nazio Batuek eginiko beste txosten batek ohartarazi duenez, deforestazio arriskua sortuko bailitzateke. Dokumentu hori ez doa bioerregaiez baliatzearen aurka; alderantziz, lurren erabilera iraunkor eta onargarria bermatuko duen ezarpenaren alde egiten du. “Bestela, dio, bioerregaiek gizarteari eta ingurugiroari egin liezaioketen kaltea abantailak baino handiagoa izan liteke”.
Lehen eragin kaltegarriak errealitate dira dagoeneko: Brasilen -azukre-kanaberatik ekoitzitako etanolen produktore handienetako bat- energiatarako hazkuntzak orain arte bestelako erabileretan baliaturiko lurrak okupatzen ari dira. Eta Asiako hego-ekialdean bioerregaia ekoizteko hazkuntzak baso tropikalak suntsitzen ari dira. Europan, berriz, Britainia Handiko adituek kalkulatu dutenez, herrialde hartako automobilen %20rentzako erregaia ekoitzi ahal izateko, bertako laborantza-lur gehientsuenak horretara bideratu beharko lirateke. Joera hori planeta osora zabalduko balitz ondorioak benetan ikaragarriak lirateke. Badira ordezko aukerak ere, hala nola bioerregaia erabilitako olioetatik (sukaldekotik, adibidez) edo bestelako biomasa-iturrietatik (itsasoko fitoplanktonetik, esaterako) ateratzea, nahiz horiek hobetu behar diren oraino.
Inpaktua hegazti eta haizeetan
Baina badira energia berriztagarriekin loturiko inpaktu gehiago ere. Horietako bi, energia eolikoarekin hertsiki lotuak daude: paisaiari eta hegaztiei egiten zaien kaltea, alegia. Oso litekeena da parke eolikoak ?haizeak indartsu jotzen duen tokietan eta mendi gailurretan, batik bat? hegaztien pasabidean kokatuak izatea. Hegaztiak haize-erroten tartetik igarotakoan, errotaren hegalen mugimenduak hegaztia xurgatu eta azkenean hegoak ebakiko dizkio. Espainian, Hegazti Harrapariak Aztertu eta Babesteko Taldeak behin baino gehiagotan salatu izan du parke eolikoak sai arreen ibilbideetan ezartzen ari direla. Beste alde batetik, hainbat elkarte ekologistak Espainiako Gobernuari baimenak eman aurretik oraingo epea luza dadin eskatu diote, parke eolikoekin elkartezin diren ingurugiro eta paisaia alorreko interesdun zonen zerrenda zehaztu eta osatu arte, natura-gune interesgarrietan edota arriskutan dauden espezieen ?arranoa edota saia, adibidez? bizitoki diren espazioetan aire-generadoreak instala ez daitezen.
Oraino ebaluatzeke dagoen beste arrisku bat, honelako energiek haizeetan eta kliman izan dezaketen eragina da. Adituek kalkulatu dutenez, haize-erroten hegalek bertatik igarotzen den haize-energiaren %49 baizik ezin harrapa dezakete. “Crisis Energética” foroak eginiko txosten batean kalkulatu da datu hau: egun mundu zabalean kontsumitzen dugun energia elektrikoaren erdia parke eolikoetatik atera nahi balitz, kontinenteetan barrena 100 metro baino altuera txikiagoan doazen haize guztiak atzitzeko horrelako instalazioak eraiki beharko lirateke; horrek, noski, kalte itzulezinak sor litzake sasoian sasoiko haizeen jokamoldean, aire-korronteekin loturiko itsas korronteetan eta bi hauen baldintzapean bizi diren espezieetan.
Eguzki energiarekin ere antzeko beste zerbait gertatzen da. Txostenak dioenez, egun gastatzen den argindarraren ordezkoa ekoizteko eguzki-lakez estalitako azalera zabal-zabalak eduki behar dira baina horrek tokiko klima-aldaketarik eragin lezake. Horri denari, eguzki-plaka horiek eta ekipo laguntzaileak fabrikatzeko eta dena garraiatzeko baliatu behar den energia erantsi behar zaio.
Txostenak aitortu egin du: horrelako zifren eta balizko egoeren planteamendua, magnitude-ordenen ariketa baino ez da; horren xedea, energia fosilen ordez berriztagarri bat edo batzuk baliatzea aski ez dela; hazkuntza finituan, kontsumoaren eta energi xahuketaren etengabeko gehikuntzan oinarrituriko egungo sistema aldatu beharra dagoela frogatzea da.
Energia berriztagarriek hartzen dituzten kritiken aurrean, baliteke kontsumitzailea desorientaturik sentitzea, ordezko energia horien ontasunez horrenbeste laudorio entzunik. Halaz ere, gogora dezagun kritikek ez dituztela energia garbiak baliogabetzen; auzitan dagoena energia horiek ezartzeko manera da. “Crisis Energética” foroko bozeramaile batek azaldu duenez, eraikinetan ezarri diren eguzki-plakak, ordezko energi iturri diren aldetik, biziki konponbide baliagarria da. Arazoa da energia fosiletan oinarritutako egungo energi kontsumo guztia energia berriztagarri gutxi batzuekin ordeztu nahi izatea, aurretiaz plangintzarik egin gabe eta aurrezteko politikarik aplikatu gabe. Energia berriztagarririk ez da aski izango planeta osoko energi premiak asetzeko. Kontsumoa murrizteko neurrietan, berriz, berebiziko eginkizuna du Administrazioak, baina kontsumitzaileak ere badu zeregin handia.