Tentsio altuegia
Gaitz kardiobaskularra, Mendebaldeko herrialdeetan osasunaren arrisku gorrienetako bat, osasun alorreko lehentasun bihurtu da eragin ekonomiko eta sozial altuegia baitu. Prebentzio estrategiek, eskuarki, arrisku kardiobaskularreko faktoreak banan-banan aintzat hartzen dituzte (hipertentsio arteriala, hiperlipemia, tabakismoa eta diabetesa) baina ohiko kontua da horietako bat baino gehiago elkarturik agertzea. Horregatik saiatzen dira adituak, geroz eta sutsuago saiatu ere, prebentzioa eta tratamendua planteatzeko ikuspegi bateratuaren bila.
Arrisku faktore denetatik, hipertentsio arteriala (HTA) kontrolatzea da arreta gehien bereganatzen ari dena. Hastapenean berariazko sintomarik (edo berariazkotasunik gabeko sintomak) agertzen ez badu ere, nekea, burukominak, posturaz aldatzean edo jaikitzean zorabioak, belarrietako burrunba edota ikuspenean alterazioak dira HTA gaitzaren iragarleak. Denbora igaro ahala kontrolatu ezean, giltzurrunen, erretinaren, bihotzaren eta arterien osotasuna hondatuz doa. Halako batean hipertentsiozko kardiopatia, aneurismak (odol-hodien haustura), hipertentsioagatiko nefropatia edo, bestela, ezbehar baskular, zerebral edo iktusa proboka dezake. Zifrek adierazten dutenez, Mendebaldeko herrialdeetan helduen populazioaren %10 – %20k HTA nozitzen du.
Diagnostikoa ez da soil-soila
HTA diagnostikatzea erraza dela badirudi ere, praktikan ez da horren soila: egunean zehar tentsioak igoera eta beherakada iragankorrak erakuts ditzake inoiz. Diagnostikoa doi-doi egiteko, bizpahiru hilabetez astean behin tentsioa hartuko zaio pazienteari, baldintza berdinetan beti. Hala eta guztiz ere, zalantzarik balego, erregistro jarraitua egingo da aparatu eramankor baten bitartez: makinatxo horrek, eguneko 24 orduetan, ordu erdian behin tentsioa hartuko dio eramaileari.
Orokorki, 160/95 mmHg eta zifra altuagoak ere onartzen dira mugatzat baina, ingurune eta genetika alorretako faktoreen arabera, eskualdez eskualde hainbat muga finkatu dira. Tentsioa, gainean, egunean zehar aldaketak nozitzen ditu eta erritmo nektameralekoa da, hots, goizean altuagoa da, eguna joan ahala jaitsi egiten da pittin bat eta gauean are eta gehiago jaisten da. Ariketa fisikoak, hotzak, minak, beldurrak edota tentsio psikikoko egokiera zenbaitek (ibilgailua gidatzea, jende aurrean mintzatzea, eztabaidan aritzea, etab.) tentsioa altxa dezakete behin-behingoz. Tentsioa neurtzera kontsultara joan behar izateak berak ere tentsioa altxarazten duen alerta erreakzioa probokatzen du baina, une batez atseden hartu eta hartzea beste pare bat aldiz errepikatu ondoren, normalizatu egingo da.
HTA funtsezkoa edo sekundarioa den (ez dakigu oraino zein mekanismok probokatzen duen) ezagutzeak bera kontrolatu eta tratatzeari dagokionez, erabateko garrantzia du. HTA sekundarioan (giltzurrunetako gaitzak, guruin endokrino batzuen gehiegizko funtzioa, etab.) identifikatu ohi den kausa eragilea tratatu beharko da, tentsio-mailak normalizatzeko.
Dieta, ariketa eta botikak
HTA gaitzaren tratamenduaren oinarrian neurri higieniko eta dietetiko soilak dautza: dieta, ariketa eta botikak. Berdura, fruta eta barazkien kontsumoa areagotuz eta gantz saturatu eta gatz gutxiago kontsumituz, dietaren eginkizuna pisua arintzea da. Bestetik, azterketa medikoaren ostean, adinari eta gainerako gorabeherei egokituriko ariketa aerobikoen egitarauak bihotza indartu, karga arindu eta tentsioa kontrolatzen lagunduko du.
Botikak preskribatzea sendagilearen kontua bakar-bakarrik izango da eta, hastapenean, ohiko kontua izaten da tratamendua aldatu behar izatea, dosi eta botika egokiena aurkitu arte. Eskuarki HTA eta kolesterol handia elkarren eskutik doazenez, horrek, epe luzera terapia eragotzi, oztopatu egiten du.