Likidoen atxikipenari saihets egiteko / Gastroenteritisa nozitzen duenarentzako otordu-eredua / Botulismoa / Aluminio papera / Kolesterola / Digestio astunak

1 iraila de 2007
Img alimentacion 2 listado

Likidoen atxikipenari saihets egiteko / Gastroenteritisa nozitzen duenarentzako otordu-eredua / Botulismoa / Aluminio papera / Kolesterola / Digestio astunak

Bost klabe… likidoen atxikipenari saihets egiteko

  • Ur gehiago edatea. Zenbat eta ur gehiago edan, orduan eta errazkiago kanporatuko dira metaturiko likidoak. Mineralizazio urriko ura (edo hiposodikoa, hots, 100 mililitroko 20 mg sodio baino gutxiago daukana) hartzea komeni da. Lehen basokada, dena den, barau edan behar da, limoi zukuarekin nahasia, arazgarri izan dakigun.
  • Gatz gutxiago. Gatzak sodioa dauka. Sodioak likidoa atxiki eta odol zirkulazioa eragozten du. Landarezko freskoek ia ez daukate sodiorik. Murriztea komeni den elikagai gaziak hauek dira: gazta onduak, hestekiak eta keztatuak. Are eta sodio gehiago daukate aurretiaz prestaturiko elikagaiek, kontserbek eta ontziratutako produktuek.
  • Potasio ugariko elikagaiak. Gernu gehiago kanporatzen laguntzen dute. Gomendatzen diren landarezkoak dira ziazerba, kalabazina eta txanpinoia. Hainbat frutak (banana, anana, abrikota, fruitu idortuak, fruitu lehor gatzik gabeak), patatak eta lekaleek ere potasio asko daukate.
  • Pixa gehiago egiteko infusioak. Landare diuretiko batzuk, bazkaldu zein afaldu ondoren edo otordu tarteetan harturik, txiza gehiago eginarazten dute. Hona horietako batzuk: txikori belarra, azeri buztana, ortosifoia eta olibondo hostoak. Dena den, espezialistaren aholkua ezinbestekoa da hainbat mineralen -potasioarena, adibidez- galerarik ez nozitzeko, behar baino gehiago hartuz gero.
  • Gatzik gabe jatea? Segun eta. Likidoen atxikitze-graduaren arabera. Atxikipena larria bada, sodio janariei erantsi ohi zaion gatza eta asko daukaten elikagaiak dietatik atera beharko ditugu. Giltzurrunek soberako sodio guztiak eliminatu arte, organismoak likidoa atxikitzen segituko du.

Datua: zortzi

Zortzi dira organismoarentzat funtsezko diren aminoazidoak, egunero dieta bidez ekarri behar ditugunak, gorputzak ezin baititu ekoitzi horrelakoak. Zortziak ere animali proteina ugariko elikagaietan (arrautza, arrain, haragi, esne eta esnekietan) daude.

Gastroenteritisa nozitzen duenarentzako otordu-eredua

  • Gosaria:

    Tea limoiarekin baina azukrerik gabe, sakarinaz. Ogi xigortua eta irasagarkia.
  • Hamarretakoa:
    Bifidusdun jogurta.
  • Bazkaria:
    Arroz saldatsua azenarioarekin. Labean erretako legatza patatekin, limoiz lurrindua. Ogi xigortua eta udare konpota edo banana heldua.
  • Askaria:
    Bifidusdun jogurta. Tea limoiarekin, azukrerik gabe.
  • Afaria:
    Tapiokadun zopa, oilasko-saldaduna. Tortilla frantsesa eta xerra bat york urdaiazpiko. Ogi xigortua eta sagar errea.

Trukua
Egunean zehar pare bat litro aho bidezko suero edatea. Etxean ere egin daiteke suero hori: litro bat ur irakin, limoi zukua, 2 koilara handi azukre, koilaretxo bat bikarbonato, koilaretxo erdia gatz. Suero honek likidoak eta elektrolitoak berreskuratzen eta, noski, deshidratazioa itzurtzen laguntzen du, uda partean aski ohikoa den gastroenteritisak probokaturiko diarrearen ostean.

Nutrizioaren alfabetoa:

botulismoa
Clostridium botulinum bakterioaren toxinak probokaturiko elikagai bidezko toxikazioa. Botulismoa kutsatzeko arrisku bizieneko elikagaiak etxeko kontserbak eta erdi-kontserbak dira. Sintomak -abdominalak edo neurologikoak- kutsaturiko elikagaia hartu ondorengo hamabi orduetatik zortzi egunetara agertu ohi dira. Hilgarria izan daiteke botulismoa.

Nutrizio alorreko aholkuak

Egokia al da aluminio papera jakiak labean erretzeko?

Ukitzen duen elikagaiari partikula toxikorik itsatsi gabe, tenperatura handiko egospena pairatzeko prestatua dago aluminio papera. Halaz ere, aluminio papera egosaldi laburretan (papilloteak, pastel moldeak) bakarrik baliatzea aholkatzen da, produktu azidoak (tomate saltsa edo limoi zukua) ahal dela ukitu gabe. Tenperatura handian azidoaren erreakzioak paper horren geruza babeslean alterazioak eragin ditzakeenez, era horretan aluminioak elikagaia ukitu egingo luke.

Soja-lezitina kolesterola jaisten duela egia ote da?

Lezitina gure organismoko zelula guztietan datzan gantz-konposatua da eta lipidoen metabolismoan hartzen du esku. Betetzen dituen oinarrizko funtzioetako bat, adibidez, odoletan dabilen kolesterola suspentsioan mantentzen laguntzea da; horrela, beraz, ez da itsatsiko zain eta arteria-paretetan. Organismoak lezitika gibelean ekoizten du, dietan osagai egokiak sartzen badira: fosforoa, gantz-azido intsaturatuak, oleikoa, linoleikoa eta linolenikoa). Nutriente horiek labore integraletan, hotzetan prentsatu baina findu gabe dauden olioetan, arrautzan, fruitu lehorretan, galorratzean eta gibelean daude. Soja-lezitina hartzea lagungarri edo osagarri izan daiteke gehiegizko kolesterola saihesteko, baldin eta dieta egokia egiten bada. Pertsona horrek kolesterola altua baldin badu, sendagileak deliberatuko du, dieta berriro aztertzeaz gainera, hiperkolesterolemia kontrolatzeko botikarik hartu behar duen, lezitina osagarri gisa kontsumitzeaz gainera.

Digestio astunak, bihotz errea eta aire asko sentitzen direnean zer jan daiteke?

Digestioa prozesu mantsoa da eta jan gehiegi, elikagai gantzatsuak edo zuntz ugarikoak hartzen direnean, luzatu egiten da. Aztertu zeure elikabidea: egiazta ezazu haragi gantzatsu, hesteki, elikagai frijitu edo gisatu gehiegi kontsumitzen ez dituzula. Sartu dietan maizago haragi gihartsuak (indioilarra, oilaskoa, untxia, txahal xerra, txerri solomoa). Kafea eta deskafeinatuaren ordez, har itzazu infusio digestonikoak (kamamila, erregaliza, mihilua, kuminoa, salbia, etc) eta hartu ura otordu tarteetan, ez janarietan bertan. Distentsio abdominalak eraginiko molestiak, mina, aireak edo bihotz errea arintzeko, papaia zukua edo anana freskoa har dezakezu, batak papaina eta besteak bromelina baitaukate: entzima horiek digestioa egiten laguntzen dute.