Haurra telebistaren aurrean / Erditze osteko depresioa gizonezkoak / Ugalkor ez diren bikoteen erdiak bakarrik doaz espezialistarengana / Elkarrizketa: Mercè Boada
Egunean hiru ordu telebistaren aurrean, bera begira egoteak haur eta nerabeen arreta-gaitasunean ondorioak eragiteaz gainera ikasketa alorreko arazoak sortarazten dizkie, Columbiako Unibertsitateko eta New Yorkeko Estatuko Pediatria Institutuko ikertzaileek Archives of Pediatrics and Adolescent Medicine aldizkarian plazaratutako azterlan batean diotenez. Hamar urteko ikerkuntza egin ostean ondorioztatu dutenez, telebista ikustean -hau da, hutsaren pareko ahalegin intelektuala eskatzen duen jarduera batean- horrenbeste denbora emateak arreta arazoak, oharkabetasuna, ezarritako lanak egiteko ezintasuna, kalifikazio txarrak eta eskola-erakundeari eta errutinak betetzeko obligazioari arbuiatze jeneralizatua sortarazi zituen ikasleengan. Urteak joan, urteak etorri eta eragozpenek iraun egiten dutenez, ikertzaileen iritziz funtsezkoa da telebista aurreko denbora mugatzea: bi ordu egunean, gehienez ere.
Haurra jaiotzeak zenbaitetan berarekin dakarren tristezia eta larritasuna dagoeneko ez da emakumeen kontua soilik. Erditze osteko depresio izenekoa (haur jaioberriaren kontrako sentimendu negatiboak) lau astetik aurrera luzatzen denean aitak ere nozitzen du, Pediatrics aldizkarian argitara emaniko azterketa baten arabera. Aitak eta amak sintoma berberak agertzen dituzte horrelakoetan: larritasuna, tristezia, beldurrak, apetitua galtzea eta energia ahultzea. Orain arte, egoera berezi hori ernaldian zehar emakumearen organismoan gertatzen diren aldaketa hormonalen ondorio zela uste bazen ere, ikerkuntzak ez du erabateko kausa hormonalik idoro, bestelakoak baizik: depresioaren aurrerakinak, bikote-arazoak, larrialdi ekonomikoak, etc. Beste aldetik, emakumeak erditze osteko depresioa nozitzen duenean, bikotekideak koadro berbera garatzeko aukerak areagotu egiten dira.
Europan, sei bikotetatik batek haurrak ekartzeko arazoak dituen arren erdiek bakarrik jotzen dute sendagilearengana, arazoaren konponbide bila. Espezialisten iritziz, hori izan daiteke lagundutako ernalkuntza-teknikez herritarrak duen irudi hotzaren ondorioz edo, bestela, egoera ekonomikoak probokatua, osasun zentro publiko batean tratamendua hartzeko itxarote-zerrendak bi urtekoak ere baitira, leku batzuetan. Osasun publikoan luze-luze itxaron behar izate horrek bikote asko zentro pribatuetara desbideratzen dituzte baina, honelakoetan teknikak eta tratamenduak subentzionatuak ez daudenez, umea ekartzeak 3.000 ? 6.000 euroko prezioa izan lezake. Espainian ugalkortasun eza populazioaren %20k nozitzen du eta zifra hori, Espainiako Ugalkortasun Elkartearen arabera, handituz doa egunez egun. Horrelakoen kausa nagusiak dira ama izateko adina geroratzea (35 urtetik aurrera, emakumearen ugalkortasuna %50ean urritzen da). Horrez gainera, estresak, tabakoak, elikadura kaskarrak eta alkoholak eragin handia dute hazi edo espermaren kalitatea eta kopurua urritzean.
Mercè Boada
Hirugarren Adinean espezializatutako neurologoa. Hospital General Vall d’Hebron. Bartzelona
Nola zahartzen da garuna?
Nerbio-sistemak, oro har, eguneroko funtzioetan eragina duten aldaketa asko nozitzen ditu zahartzean. Garunak, batik bat, erreakzionatzeko gaitasuna eta lastertasuna galtzen ditu: dena mantso, astiroago gertatzen da. Loa, apetitua, gaitasun kognitiboa aldatu egiten dira. Aldaketak ez dira bat-batean gertatzen, era progresiboan baizik eta, gainera, ez dira jazotzen modu berdinean pertsona denengan.
Gizonezkoa emakumea baino okerrago zahartzen al da?
Gutxiago bizi da baina horrek ez du esan nahi okerrago zahartzen dela. Gure pazienteei azkartasun mentala jakiteko eginarazten dizkiegun test-etan emakumeek puntuazio hobea lortzen dute gizasemeek baino, baina hori horrela izatearen arrazoiaz konturatu gara: eguneroko jarduketei buruzko galdategietan etxeko lanei buruzko galderak agertzen dira eta gizonezkoek, jakina, behin ere ez dute ikasi horietan.
Zahartzaro osasuntsua posible ote da?
Noski dela posible. Adineko ajeak gorabehera, zaharra konturatzen da aspaldiko buru-azkartasun hura ez duela baina, halaz ere, bera izaten segitzen duela. Dementziak jotako pertsona, ordea, ez da lehenagoko bera: garunean jazo diren aldaketak ohiko zahartzea baino erasotzaileagoak direnez, zahar horren bizi-kalitatea askoz ere azkarrago endekatzen da.
Nola aurre egin gure zahartzaroari ez ezik, gainerakoenari ere?
Formula magistralik ez dago. Besteak zaintzeaz geu arduratzen garenean latzagoa da, dudarik gabe. Kontua da zaharraren ohiko zaletasunak, auto-errealizatzeko azturak sustatzea, poliki hitz egin eta hitzez bestelako komunikazioa areagotzea, begietara begiratuz, hizketa-tonu samur batean jardunez, logela eta bainugeletan heldulekuak ezarriz zaharra eror ez dadin, elikadura eta botikak kontrolatuz… Gauza horiek haur txikiekin ikasten ditugun arren, ahantzi egiten omen zaizkigu aitona-amonekin aritzeko garaian. Heldu garen aldetik, gure gaitasunaren beharra eta gure maitasunaren premia dute.