Emozioak menderatzea, funtsezkoa lanean eta lanetik kanpo
Emozioak pertsonaren parte ahulentzat jo izan ditu gizarteak tradizioz; norbaiten gaitasun intelektuala, berriz, logika eta pentsaerarako gaitasunean ia bakar-bakarrik oinarritzen zen. Pertsonala hautatzeko prozesuetan, enpresek gaitasun intelektualak neurtzeko testak lehenesten zituzten, hots, arrazonamendu abstraktua, ahozkoa edo numerikoa, adibidez, baina ez emozionala. Egun, aitzitik, erabaki behinenetan (pertsonaletan ez ezik, profesionaletan orobat) aukerarik hoberena hautatzeko gaitasun emozionalak erabatekoak direla egiaztatu da.
Gaitasun emozional produktibo positibo horrek hainbat alderdirekin du lotura, hala nola:
- Gaitasun emozional pertsonalak
- Auto-kontzeptua. Nork bere burua den bezala onartu eta errespetatzea.
- Asertibitatea. Kalterik ez egiten saiatuz, adierazpenak egiteko eta, besteren ikuspegitik, eskubideak defendatzeko trebezia.
- Pertsona arteko jarrera emozionalak
- Enpatia. Gainerakoen emozioak atzemateko trebezia.
- Erantzukizun soziala. Gizarteko kide eraikitzaile bezala agertzeko gaitasuna.
- Moldakortasuna
- Malgutasuna. Inguruneko baldintza aldakorretara egokitzeko gaitasuna.
- Arazoak konpontzea. Egoera desberdinetan ikusten, juzkatzen eta jarduten jakitea.
- Estresa gobernatzea
- Tolerantzia. Ustekabeko egoerak jasan eta onartzeko gaitasuna, hondoa jo gabe, noski.
- Bulkadak kontrolatzea. Bulkadari eutsi edo geroratzeko trebezia
- Aldartea eta motibazioa
- Optimismoa. Gauzen alderdi onera begiratzen ikastea.
- Zoriontasuna. Norberak lortu duenarekin eta daukanarekin, oro har, gozatzeko eta asebeterik sentitzeko trebezia.
Emozioak behar bezala moldatzea bizitza pertsonal eta profesionalean elementu balioztatu bezain baliagarria da. Izan ere, horiek kontrolatzea ezinezko denean oso litekeena da emozio negatiboen eragin kaltegarriak jalgitzea; sentipen irrazional horiek gizakia zamatu egiten dute eta sinesmen (horietako asko, garapen hastapeneko etapetatik herrestan ekarri direnak) bihurtzen dira eta, orokorki, inkontzienteki aritzen dira, horietaz pertsona konturatzeke.
“Pentsamendu automatiko” izena ere ematen zaielarik, nork bere buruarekin egiten dituen barne-elkarrizketa mentalak dira, egoera emozional biziekin -hala nola antsietatea, depresioa, sumina, euforia, etc.- loturiko imajina edo pentsaera gisa adieraziak. Maiz, gertatzen zaizkigun gauzen bertsio objektiboak izanik, errealitatea desitxuratu egiten digute, “distortsio kognitibo” izenekoak sortaraziz.
Pentsaera distortsionatuak aintzat hartzea
Geure buruaren parte diren baina kalte egiten diguten pentsaera distortsionatuak zein diren identifikatzen lagun gaitzake ondorengo zerrendak:
- Iragaztea. Bizi izaniko egoeraren alderdi bakarra hautatzen da. Negatibo dena gogoan hartu eta positiboa ahaztu egiten da.
- Pentsamenduaren polarizazioa. Gertaerak “onak” edo “txarrak” dira, tarteko alderdiak ezabatuta. Distortsio hau identifikatzeko hitz klabeak: frakasatua, inutila, koldarra…
- Gehiegizko generalizazioa. Puntuala izan daitekeen gertaera bat beti-beti jazoko dela pentsatzeko joera. Hitz klabeak: beti, behin ere ez, den-denak, inor ez…
- Pentsamendua interpretatzea. Proiekzio mekanismo honen bidez, norberaren sentimendu eta motibazioak gainerakoei egozten zaizkie. Hitz klabeak: badakit zergatik den hori, hau bestearen ondorio da…
- Ikuspegi katastrofikoa. Nork bere interesen alde, gertaerak era katastrofistan aurreratzea. Zerbait txarra jazo dela entzutean, pertsonak “niri gertatzen bazait…” hasiko da, bueltaka.
- Pertsonalizazioa. Inguruneko gertaerak norbere buruarekin oinarririk gabe lotzea. Taldean oharrik egiten bada, pertsonak bere artean “niregatik esan du” pentsatuko du.
- Justizi falazia. Gure asmoekin bat ez datorren guztia injustutzat jotzea. Hitz klabeak: ez dago eskubiderik, hori ez da justua…
- Aldaketa falazia. Norberaren ongizatea gainerakoen jokabide eta egintzek (bakar-bakarrik) determinaturik jazoko dela uste izatea, adibidez: gure matrimonioa hobetuko da emaztea jokamoldez aldatzen den neurrian soilik.
- Erruduntasuna. Gertaeren ardura norbere buruari edo besteri soilik egoztea, gainerako baldintzak aintzat jo gabe. Hitz klabeak: ene erruagatik jazo da, horren errua halakoarena da…
Horrelako emozio eta pentsaera irrazionalak finkatzen direnean pairamen psikikoa bizi-bizia denez, batzuetan beharrezkoa izaten da sufriarazten duen pentsamendu emozionala detektatu, atzeman eta aldaraziko duen profesional baten laguntza eskatzea.
Emozio negatiboa | Aukera |
---|---|
Iragaztea | Desdramatizatu eta konponbideak bilatzea Galde egitea: Inoiz gertatu da honelakorik? Horren txarra izan zen? |
Polarizazioa | Egoera graduatzea. Galde egitea: bi mutur horien artean ba al da tartekorik? |
Gehiegizko generalizazioa | Probak bilatu eta zehaztea. Galde egitea: zenbatetan jazo da, benetan? Nolako frogak ditut ondorio hori ateratzeko? |
Pentsamendua interpretatzea | Frogak bilatzea. Usteak baztertzea Galde egitea: nolako frogak ditut, hori sinesteko? |
Ikuspegi katastrofikoa | Aurrerapenik ez egitea. Orainaldian zentratu eta aukerak balioztatzea. |
Personalizazioa | Frogak eta efektuak bilatzea. Galde egitea: beste norbaitek baino gutxiago edukitzeak hura baino gutxiago bihurtuko nau? |
Justizi falazia | Gainerakoen asmoak aditzea. Pertsona horrek nik ez bezalako iritzia izateko eskubiderik ote duen galde egitea. |
Aldaketa falazia | Galde egitea: nolako frogak ditut aldaketa bestearen esku bakarrik dagoela sinesteko? |
Errunduntasuna | Bilatu bestelako motiboak kasu jakin baterako. Galde egitea: bik egotzitako motiboaz besterik izan ote liteke? |
- Gai jakin eta mugatuen inguruko barne-elkarrizketak dira; adibidez, bere burua bazterturik ikusteko beldur dagoenak honela pentsatuko du: “Jendeak ni ikusita, ezdeus naizela pentsatuko du”.
- Hitz klabeekin moldaturiko mezu laburrak dira. Osasuna kezkabide duenak, adibidez, halako batean “bihotzekoa emango dit” pentsatuko du. Porroten bat buruan daukanak, berriz, “txarto irteten zait dena” hausnartuko du bere artean.
- Oharkabekoak dira. Egokiera jakin batzuetan bat-batean gertatzen dira erreakzio hauek, gogoan automatikoki sartu dira, ez dira inongo gogoeta edo azterketaren emaitza.
- Maiz, geure buruari edo gainerakoei ezarritako obligazio gida agertzen dira: beharko luke?
- Gauzak dramatizatu, puztu egiten dituzte. Objektiboki garrantzirik ez duen zerbaiten aurrean, “baina zerbait gertatzen bada?” pentsatuko du.
- Kontrolatzeko zailak dira. Pentsamendu hauek arrazionalak ez direnez, ez ohi dira errealitatearekiko leial, nahiz eta beraiek sentitzen dituen pertsonak erraz sinesten dituen horrelakoak.
- Haurtzaroan ikasten dira, analisi gaitasuna oraino garatu gabe dagoenean. Orduan errazkiago asimilatzen eta oroimenean metatzen dira, karga emozionala duten egoeretan disparatuak izateko prest.