Gida-baimena berbera bost aldiz gehiago kosta dakioke erabiltzaileari, segun-eta zein autoeskola aukeratu duen
Espainiako ia 16 milioi pertsonak dute gida-baimena gaur egun eta, urterik urte, beste 700.000 lagunek ateratzen dute B1 gida-baimena, berau baita automobila eramateko ezinbestekoa. Honelako eta bestelako gida-baimenak erdiesteko -denak ematen ditu Trafikoaren Zuzendaritza Nagusiak- batez ere zirkulatzeko araudia gradu batean ezagutzen duela eta, horrez gainera, automobila gidatzen nolabaiteko trebezia erakutsi behar du hautagaiak. Bestela esateko, azterketa teorikoa eta, bidean, proba praktikoa gainditu behar ditu. Azterketa horietan eskatzen den prestakuntza autoeskolek -titulartasun pribatukoak, denak ere- bakarrik ematen dute, Administrazioak homologatu eta kontrolaturik: horrenbestez, batetik besterako aldeak ez du sortarazten edukiak prezioak baizik.
Espainiako 18 hiritako 200 autoeskolatan CONSUMER EROSKI-k eginiko ikerketak adierazi duenez, gida-baimena lortzeko egin behar den gastua biziki handia da: B1 agiria aurreneko saiakeran lortzea batez beste 950 euro kostatzen da. Kostua, egiari zor, ia ez da bat ere aldatu azken bost urteotan baina, era berean, batez besteko batek behin ere ez du orain bezain gauza gutxi garbitu: autoeskoletako prezioen arteko aldeak izugarriak dira. Adibidez, B1 baimena ateratzea (20 eskola praktiko eginez, kasu denetan) 1.677 euro kostatu da autoeskola garestienean (Bartzelonan) eta 333 euro baino ez, bost aldiz gutxiago alegia, merkeenean (Granadan).
Hiri batzuetan (garestienak: Bilbo, Iruña, Donostia, Logroño eta Gasteiz) autoeskoletako batez besteko prezioa beste batzuetakoen (merkeenak: A Coruña eta Granada) bi halako eta gehiago ere bada. Erabiltzaileak, hala ere, bere herriko autoeskolen arteko aldeak horren nabarmenak diren galde egin lezake; hots, autoeskola bat aukeratu aurretik prezioak eskatu eta zentroak bisitatzea merezi ote? Erantzuna erabatekoa da: bai, dudarik gabe.
B1 gida-baimena ateratzeko prestakuntza dela-eta, hiri askotan autoeskola garestienetik merkeenerako aldea hainbat ehuntxo eurotakoa da. Hona hiru lagin: Bartzelonan alde hori 953 euro da; Alacant eta Sevillan, 710 euro inguru. Horrek ez du esan nahi, paradoxa bada ere, hiri gehienetan autoeskolek prezio-hitzarmena egina ez omen dutela, atal horretan inolako lehiarik ez baita sumatzen.
Duela urtebete baino gehixeago puntukako gida-baimena indarrean ipintzeak autoeskoletan eragina duten aldaketak ekarri dituzte: horietako bat, puntu batzuk edo, areago, gida-baimena bera berreskuratu ahal izateko ikastaroak ezartzea. Prestakuntza hori irakasteko zentroak ugaldu dira 2006ko uztailetik hona. CONSUMER EROSKI-ko teknikariak, galdutako lau puntuak berreskuratzeko asmoa zuten gidarien planta eginez, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak gaitutako 26 autoeskolatara joan ziren, horixe lortzeko xedez. Zentro horietako hiru Bartzelona eta Madrilen zeuden, bi Malaga, Sevilla, Valentzia eta Bilbon eta txostenean agertzen diren gainerako hirietan, bana. Puntukako gida-baimena ezarri zenetik urtebetea igaro den arren, horrelako ikastaroak ematen dituzten hiru autoeskolatik bakar batean daukate horren gaineko informazioa ematen duen kartelik sarreran. Zentroetako hirutan (Kordoba, Donostia eta Zaragozan bisitatutakoak) puntuak berreskuratzeko bidea ez zuten ongi azaldu edo ez zuten azaldu. Horrelako autoeskolen %20tan ikastaro horiei buruzko informazioa eman behar zuen enplegatuak gida-baimena berreskuratzeko prozesuaren alderdi nagusietako batzuk ez zekizkien. Bukatzeko, hiru autoeskolatik bakar batean eman zuten idatzizko informazioa.
Ikastaroan baliatzen diren materialei dagokienez, ohikoena ikus-entzunezkoa da (autoeskolen %70etan), ondotik liburuak datozela (%58). Horiez gainera, on line metodologia darabilte akademia askok (%42) eta beste batzuek (%38) testen bitartez dihardute.
Berreskurapen partzialeko ikastaroak bi partetan banatzen dira: lehenean, bide-segurtasunaren gaineko gaiak jorratzen dira; bestean, gidari bakoitzaren arabera egokituta dagoela, zehaturiko pertsona horrek beharrezkoen dituen areetan sakontzen da. Horretarako, hamar zentrotik seitan trafiko alorreko adituek hitzaldiak ematen dituzte eta bideoak erakusten dira, zigortutako gidarien sentikortasuna areagotzeko. Lau autoeskolatik lautan, berriz zehatutako gidarien berreziketaz arduratzen direnak psikologoak dira. Ikastaroan zehar, autoeskolen %54tan, istripuetako biktimek beren lekukotza azaltzen dute eta bestetan (hirutik batean) taldeko terapia egiten da.
Autoeskolak ikasleen premietara egokitzeko moduko ordutegia eskaini behar du. Hamar zentrotik ia zazpitan ikastaroak ostiral arratsaldez eta larunbat goizean ematen dira. Hirutik batean, berriz, ordutegia ez da egokia, ikastaroak goizez bakarrik edo lanegun edo lanorduetan bakarrik ematen direlako.
Autoeskola gehienek ikastaroak urte osoan ematen dituzten arren, hirutik batean itxarote-zerrenda dagoenez, ikasleak zain egon behar du (hilabetea, eskuarki) puntuak berreskuratzeko ikastaroa hartu ahal izateko.
Nola egin den azterlana
Aldizkari honetako teknikariek, B1 gida-baimena lortzeko interesa agerturik, Espainiako 18 hiritako 200 autoeskolatara joan ziren informazio eskean: 15 autoeskolatara Bartzelona eta Madrilen; 12tara Malaga, Sevilla, Valentzia, Zaragoza eta Bilbon; 10 autoeskolatara Alacant, Kordoba, Murtzia, Valladolid, A Coruña, Granada, Oviedo, Iruña, Donostia, Gasteiz eta Logroñon. Hona txosteneko autoeskola denetan bezero horiek egin zuten galdera nagusia: B1 gida-baimena ateratzea, 20 eskola praktiko emanik eta aurreneko saiakeran gaindituz gero, zenbat kostatuko zitzaiekeen.
Dena aurrenekoan
Berrehun autoeskola horietako batez besteko tarifa 950 euro bada ere, zentro batetik besterako aldeak deigarriak dira. Prezio garestienak daude Bilbo, Iruña, Donostia eta Logroñon: bertan, bezeroak gastatu behar duen batez besteko kopurua 1.300 euro inguru dabil.
Batez bestekoaren gainetik, oso gainetik, daude Gasteiz (1.217 euro, batez beste), Bartzelona, Murtzia eta Zaragoza: hirurotan ere batez besteko prezioa 1.000 eurotik gora doa. Beste muturrean, aldiz, Granada (505 euro, batez beste) eta A Coruña (513 euro) nabarmentzen dira; horien ondotik, baina urrutik samar, Madril (694 euro) eta Malaga (714 euro) daude.
Valladolid, Valentzia, Sevilla, Alacant, Kordoba eta Oviedoko autoeskoletan (827 euro batez beste), azterturiko 18 hirietako batez bestekoa baino prezio apalagoak zeuden indarrean. Hiri garestieneko batez besteko prezioa (Bilbo: 1.358 euro) merkeenaren ia hiru halako da (Granada: 505 euro).
Muturren arteko aldea are eta nabarmenagoa da ikerketako autoeskola garestiena eta merkeena elkarrekin konparatzean. Tarifa handiena (1.677 euro) daukan zentroak, Bartzelonan, merkeenak (333 euro, Granadan )baino bost aldiz gehiago kobratzen du. Zehatz dezagun, nolanahi ere, autoeskola katalaneko eskola praktikoa ordu eta erdikoa dela eta Granadakoa 45 minutu baizik ez, erdia alegia.
- Konpara itzazu prezioak. Autoeskola bat baino gehiagotan prezioak galdetu eta konparatzeko tarte bat hartzea merezi du. Hoberena, gastu guztiak (matrikula, eskola praktiko eta teoriko bakoitzaren prezioa, dokumentuak kudeatzearen kostua…).zehazturik eskatzea da Batu itzazu kontzeptu guztiak, batzuen eta besteen arteko aldeak hautemateko. Ez dago gaizki, era berean, lagunei edo autoeskolako aspaldiko ikasleei didaktikaren kalitateaz, azterketako emaitzez edota harturiko tratamenduaz galdetzea.
- Erne eskaintzekin. Eska ezazu baldintzen gaineko informazioa zehazturik. Kontuz ” 2 X 1″ motako sustapenekin edo doaneko eskolekin: irakurri beti letra txikia, azkenean espero zenuena baino gehiago ordaindu behar izatea gerta dakizuke-eta. Gorde publizitatea, kontratu-izaera baitauka.
- Irakasleak. Irakasleen titulazioa (Trafiko Zuzendaritza Nagusiak ematen duena) eskatzeko eskubidea duzu. Baliteke herri txikietan dauden autoeskoletan tituludun irakasle bakar bat izatea, baina hiri handietakoek bi irakasle eta zuzendari bat izan behar dituzte, gutxienez.
- Ordutegiak. Kontsulta itzazu autoeskolako ordutegiak, zure premietara egokitzen diren eta, bestela, beste aukerarik ba ote zenukeen ikusteko.
- Azterketa gainditu dutenen portzentajea. Eska ezazu autoeskola horretan azterketa gainditu duten ikasleen kopuru edo portzentajea: zentroko irakaskuntzaren kalitatearen adierazleetako bat da (ez bakarra, ordea) datu hori. Autoeskolan ematen ez badizute, Autoeskolen Konfederazio Espainiarrean eska dezakezu (CNAE).
- Kontratua. Ikaslearekin irakaskuntza-kontratua sinatu behar du autoeskolak; agiri horretan alderdi bien eskubide eta betebeharrak agertuko dira. Irakur ezazu arretaz, sinatu aurretik.
- Ordainagiria. Egiazta ezazu autoeskolak kobratzen dituen tarifak eta kontzeptuak kontratuak zehazturiko berberak direla. Eskatu ordainketa guztien agiriak.
- Matrikularen indarraldia. Autoeskola batzuetan matrikulak epe-muga dauka. Informa zaitez, ez utzi denbora pasatzen: baliteke, epea agorturik, autoeskolak kontratua baliogabe utzi eta zuk emaniko dirua (trafikoko tasei dagokiena izan ezik) bereganatzea.
- Eskolak. Eskola teorikoak ezin daitezke test batzuk egite hutsera mugatu. Irakasle batek zirkulazio kodea irakats diezazun eskubidea zor zaizu. Eskola praktikoek ez dute 45 minutu baino gutxiago iraun behar, ezta bi ordu baino gehiago, saio bakoitzean. Hirian eman behar dira eta ez dira halakotzat joko zirkuitu itxietan egiten direnak. Eskola praktikoak eman dituen irakasleak lagundu beharko dio ikasleari azterketa egunean eta froga hori ikasi duen ibilgailu berean egingo du, halabeharrezkoetan izan ezik.
- Erreklamazioak. Gidari-eskolek erreklamazio-orriak eduki behar dituzte nahitaez. Zeure erreklamazioari eman zaion tratamenduarekin ados ez bazaude, Trafiko Zuzendaritza Nagusira eta Autoeskolen Federazio Espainiarrera jo dezakezu.
Ez dirudi lehia behar bezain askea denik
CONSUMER EROSKI-k hautemaniko prezioen arteko alde izugarri horiek hiri berean ere atzematen dira. Alacanten, autoeskola garestienak 1.058 euro kobratzen duelarik, merkeenak 348 euro baizik ez du eskatzen: Bartzelonan 950 euro aurrez dezake ikasleak (garestienean 1.677 euro eta merkeenean 724). Sevilla, Granada eta Malagan, garestieneko kostua merkeenekoaren bikoa da.
Alde horiek erabiltzailearentzat eskandaluzkoak izan badaitezke ere, aurrezkia egiteko aukeratzat hartzea da gizabidezkoena. Okerrago da kontsumitzailearen interesentzat prezioak berdin-berdinak izatea eskola bat baino gehiagotan: hori, zentroen artean prezioetan lorturiko hitzarmenaren seinale izango litzateke; praktika hori, produktu eta zerbitzuen kostua ezinbestez garestitzen duen legez kanpoko praktika izateaz gainera, lehiaren defentsarako erakundeek halakotzat salatzen dute.
Erdietsitako emaitzak ikusirik, tarifen aniztasuna eta, horrenbestez, autoeskolei exiji dakiekeen prezioen arteko lehia horren agerpena ez da, inondik ere, onartzeko modukorik. Hiru hiritik bik proba hau gainditzeke utzi dute, izan ere. Bilbo, Oviedo eta Gasteizek “oso gaizki” nota eraman dute; A Coruña, Alacant, Murtzia eta Iruñeak, “gaizki”; Kordoba, Logroño, Donostia, Valladolid eta Zaragozak, “erdipurdi”.
Prezioen lehiakortasunari dagokion azterketa sei hirik (Bartzelona, Madril, Granada, Malaga, Sevilla eta Valentziak) baizik ez dute gainditu ozta-ozta gainditu ere. Hiri bereko autoeskolen arteko prezioen lehia-gradua egiaztatzeko, sistema soil bat aukeratu da: B1 gida-baimena ateratzeko 20 eskola praktiko emanez, batetik bestera 80 euro baino alde txikiagoa duten zentroen proportzioa kalkulatzea. Era horretan ere, azterketa hau gainditu duten sei autoeskoletan proportzio hori %50 baino txikiagoa da.
Emaitzarik txarrenak lortu dituzten hiru hirietan, txostenean agertzen diren autoeskolen %80 edo gehiago da proportzio hori. Oviedoko panorama arras iluna da: bertan, aztertu diren hamar autoeskolen arteko alderik handiena 43 euro baizik ez da, 18 hirietako batez bestekoa 382 euro izanik (eta lau hiritan 500 euro baino handiagoa izaki). Gasteizen ere ia-ia Oviedoko egoera bizi dute: bertan azterturiko hamar eskoletatik zortzitako prezio handien eta txikien arteko aldea 65 euro baino ez da.
Eskola praktikoak, fakturaren erdia baino gehiago
Gida-baimena ateratzeko saioen azken prezioan hainbat kontzeptu sartzen dira, hala nola matrikula, eskola teorikoak, tasak, material didaktikoa, autoeskolak eginiko gestioak, eskola praktikoak eta azterketa praktikoa; batugai behinena, ordea, eskola praktikoak dira, batez beste fakturaren %54 osatzen baitute hauek; dena den, A Coruña eta Granadan bertako guztirako prezioen %12 eta %34 baizik ez ziren. Eskola praktiko bakoitzaren batez besteko prezioa 29 euro da. Tarifarik garestienak azken prezio handienak kobratzen dituzten hirietan ezartzen dira, hain zuzen: Bilbo (40 euro eskola praktikoa), Donostia (39 euro), Gasteiz (38 euro), Iruña (37 euro) eta Logroñon (33 euro). Horrekin paralelo, gida-baimena ateratzea gutxien kostatzen den hirietan (A Coruña eta Granadan) eskola praktikoen prezio apalena daukate (12 eta 25 euro). Halaz ere, kasurik gehienetan, eskola praktikoaren tarifa iraupenaren araberakoa da. Garestienak diren tokietan ordubetea irauten dute (hiru autoeskolatik batean) eta merkeenak 45 minutukoak dira (zentroen %50 baino gehiagotan). Konparazioa egiteko eskola praktikoko minutua aukeratzen bada, tarifak honela ikusiko ditugu: merkeena, 26 zentimo minutuko A Coruñan eta 70 zentimo inguru Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Zaragozako autoeskoletan.
Matrikula, 280 euro inguru
Autoeskoletan matrikularen batez besteko prezioa 280 euro ingurukoa da. Atal honetan, tarifa garestienak dituzten hiriak Bilbo eta Logroño dira (447 eta 420 euro batez beste). Zerrendako beste muturrean Malaga (105 euro) eta Iruñekoak (184) daude. Autoeskolako matrikula, orokorki, aldi mugatu baterako da baliagarri: epea agortutakoan, berriro egin behar da matrikula. Epe hori aldatu egiten da autoeskola batetik bestera, baina batez bestekoa bederatzi hilabetekoa da. Autoeskola zenbaitetan (Iruñean aztertutakoetan, adibidez) epe hori mugagabea da.
Azterturiko berrehun zentro horietan, hamarretik bederatzitan, azterketa praktikoa ere kobratzen dute eta, areago, zentroen %25ek saio horrengatik eskola praktiko arrunt batengatik baino diru gehiago eskatzen du (Bartzelonako guztiek eta Madrilgo hamarretik bederatzik, besteak beste). Errepideko azterketa egitearren kobratzen ez dutenen artean nabarmentzekoak dira Granadakoen %80 eta Alacanteko %70. B1 gida-baimena ateratzeko azterketa egiten duenak Trafikok eskatzen duen tasa (78,20 euro) ordaindu behar izaten du. Egiari zor, hamar autoeskolatik bederatzik tasa horixe ezartzen dute baina gainerakoek plus bat eransten diote horri; laburbilduz, erabiltzaileari 113 eurora arte kobratzen dizkiote.
Hamar autoeskolatik bederatzik, era berean, ikasleari ordainketa hainbat epetan zatitzeko aukera ematen diote baina kreditu-txartela bidez hamarretik bostetan bakarrik ordain daiteke.
Teknologia berriak
Autoeskola gehien-gehienetan (%95tan) eskolak aurrez aurre ematen dira: ikastegira bildutako ikasleei ikasgaiak irakasten dizkie irakasleak baina, halaz ere, geroz eta ohikoagoa da ikasgeletan ordenagailuak izatea: autoeskolen %40tan ikasleek horrelakoak darabiltzate. Iruñean bisitatu diren zentro guztiek dauzkate ordenagailuak, baita Alacant (%90), Zaragoza (%83) eta Murtziako (%70) gehienek ere. Azterketa teorikoa prestatzeko ezinbesteko baldintzetako testa omen den arren (autoeskolen %94k ezartzen dituzte horrelakoak), teknologia berrien erabilera behetik gora dator: autoeskolen erdiek on line sistemak darabiltzate ikasleak etxetik bertatik ariketak egin ditzan; portzentaje hori %90raino doa Alacant, Bilbo, Malaga eta Valentziakoetan. Baliabide hori gutxien erabiltzen dituztenak dira A Coruña eta Logroñokoak (hamarretik bakar batean), ondotik Granada eta Valladolidekoak datozela (hamarretik bitan). Akademien ia erdietan ikus-entzunezkoak baliatzen dira didaktikan. Autoeskola gehientsuenetan ikasleek ikas materiala etxera eraman dezakete; salbuespenekoak dira Bartzelonan bisitaturiko hamabostetatik hamaika eta beste lau zentro, A Coruña, Bilbo, Malaga eta Sevillan daudenak.
Ordutegiaz ari garela, hamar autoeskolatik bederatzik azalpen teorikoetara joateko aukera bi gutxienez eskaintzen dizkiote ikasleari; malgutasun hori bera saio praktikoetara ere hedatzen da. Zentro askotan ez dute aukera guztien berri zehaztu baina irakaslea ikaslearen premietara egokitzen zaiola adierazi dute.
Automobilak eta konparaketako taula
Autoeskolek hiru automobil dauzkate, batez beste, eskola praktikoak emateko. Ibilgailu gutxien dauzkaten zentroak Zaragozakoak dira (hamarretik lauk automobil bakarra daukate) baina hiri horretako autoeskola batek 20 auto dauzkala adierazi du (Donostian bisitatu den batek 30 ibilgailu dauzkala esan du). Autoeskolen erdi baino gehiagotan, ordea, ikasleari ez zaio ematen eskola praktikatzeko automobila hautatzeko aukera. Ez da horrela gertatzen A Coruña, Kordoba (zentro den-denetan aukera dezake ibilgailua ikasleak), Bilbo eta Valladolid (hamarretik bederatzitan).
Batez beste 25 eskola, autoeskolen arabera
Gidatzeko inongo noziorik ez duen ikasleak normalean 25 eskola praktiko ematen ditu batez beste, autoeskolaren arabera. Halaz ere, 18 hirien arteko aldeak nabarmenak dira (Logroñon batez beste 16 eskola ematea aholkatzen dute baina Madril eta Valentzian, 30). Ikasleak zentro bat edo bestea aukera dezan, autoeskolak berak ematen duen informazioaren garrantzia gorabehera, horrelakoen %14tan idatzizko informaziorik ez zen eman. Alderdi hori gutxien zaintzen duten autoeskolak Bilbo eta Malagakoak dira (hamarretik bakar batek eman zuen informazioa). Lau autoeskolatik hiruk ez dauzkate tarifak toki agerian, ikusgai (Bilbo, Logroño, Madril, Donostia, Sevilla, Valladolid eta Gasteizen bisitaturiko zentroetatik bakar batek ere ez), nahiz eta gabezia hori beste eragozpen bat den, erabiltzaileak komenigarriena hautatzeko unean.
Irisgarritasun urriko zentroak
Minusbaliotasunik nozitzen duen norbaitek gidatzen ikasi nahi badu, behar bezalako autoeskola egokitua bilatzea kosta egingo zaio. Azterturiko zentroen hamarretik bakar batek baizik ez dauzka ibilgailu egokituak. Egoera bereziki kezkagarria da Kordoba, Granada, Logroño, Malaga eta Valentzian: hiri horietan bisitatu diren autoeskoletan ez da ematen minusbaliatuentzako eskolarik. Errealitatea horrela izanik, ez da harritzekoa hamar autoeskolatik seik ez izatea mugikortasun mugatuko pertsonentzako irispiderik eta barnealde egokitua erdiek bakarrik edukitzea.