Lege-asistentzia

Abokatu-zerbitzua 24 orduetan

Lege-asistentziako "tarifa lauan" ez ohi dira sartzen epaiketengatiko gastuak eta, gainera, ez dute bermatzen bezeroaren esanetara abokatu bat egongo denik
1 iraila de 2007
Img eco domestica listado 203

Abokatu-zerbitzua 24 orduetan

Arazoak sortzen direnean bakarrik gogoratzen gara horiekin baina, egiari zor, maiz samar jazotzen zaizkigu abokatuaren edo lege-aholkularitzako zerbitzuaren laguntza eskatzen duten arazoak. “Xehetasun juridiko eta legalez” arduratzeko astirik ez duen gizarte honek etxeko lege-aholkularitza geroz eta premiazkoa duela jabeturik, aspaldi honetan enpresa askok sortu dituzte, mugarik gabe eta moduko prezio finko batean, lege-aholkularitza familiari eskaintzeko zerbitzuak.

Zerbitzuon publizitatean esaten denez, abokatu baten kontratazio garestiaren ordezko aukera da hau. Nolanahi ere, prestazioak xehetasun osoz aztertzea komeni izaten da. Kontratuak arreta handiz irakurtzea eta lege-aholkularitza beharrezkoa izango dugun aferak ezagutzea behar-beharrezkoa da, horrelako zerbitzuen kontratazioan iruzurren biktima ez izateko eta ez sentitzeko. Dena den, ez dira nahasi behar lege-asistentzia zerbitzua eta defentsa juridikoko asegurua: bigarren hau askoz ere osatuago dago eta, noski, prezio handiagoa du.

Kontuz, tarifan sartuak ez dauden zerbitzuekin

Familiarentzako lege-aholkularitza alorreko produktu berri gehienen muina, orokorki, diru gutxiren truke kontsultak artatzea da. Lantokian, etxebizitzan, etxejabe-komunitatean eta antzekoetan arazoekin loturiko lege-aferetan jendea orientatzeko unean baliagarri gertatzen diren arren, kontuan hartu behar da, ezer baino lehenago, “tarifa lau” horiek izatea eta, gertatzen den arazo bakoitzean, abokatu bat gure aginduetara edukitzea ez dela gauza bera. Zerbitzu pertsonalizatuagoak (erreklamazio-eskutitzen, kontratuen edo bestelako lege-dokumentuen idazketa, adibidez) eskuratu nahi baditugu, ohiko zerbitzu horietatik gauza asko daude salbuetsiak.

  • Kontsulta-mugarik ez. Hona alderdi positiboenetako bat. Zalantzak nahi adina bider kontsulta ditzakete familiek. Halaz ere, zenbaitetan emango zaien informazioa orokorra izango da eta ez, ordea, kasu horrek eskatuko lukeen berariazkotasunari egokitua.
  • Lege-artapena, epaiketaz kanpo soilik. Horrelako kontratuetan ez ohi dira sartzen epaiketak eraginiko gastuak. Horretara iritsiz gero, polizak abokatuaren zerbitzua ordaintzeko ere balioko ez duenez, aparte ordaindu beharko zaio bere lansaria.
  • Defentsa laboral eta juridikoaren berariazko kostua, aparte. Konpainia denek esaten dizute defentsa laboral eta juridikoa sartuko dizutela lege-aholkularitza zerbitzuan baina, egiari zor, hori emango zaio bezeroari beste prima bat ordaintzen badu, ez bestela.
  • Gai nagusiak. Bertan sartu ohi diren gai nagusiak etxebizitzarekin lotuak daude, hala nola, jabekideen komunitatearekiko edo beste jabekideren batekiko arazoak eta lan-alorrekoak, orokorki.
  • Auzokideak eta obra-lanak, Ke edo gasen emisioak, higienea, hots iraunkorrak eta jarduera higuingarri, kaltegarri edota arriskutsuekin loturiko lege-arauak urratzeagatik auzokideei eginiko erreklamazioak estaltzen dituzte kontratu hauek. Horiez gainera, obra-lan kontratuak ez betetzearren, etxebizitza eta bertako instalazioak konpondu, berritu edo mantentzeko lanengatiko erreklamazioak ere estaltzen dituzte polizek, baldin eta zerbitzu horiek, osorik, bezeroak ordaindu baditu.
  • Maizterrak. Aipatzen ari garen lege-aholkularitzako kontratuetan, alokairu-kontratuaren ondoriozko liskar eta borroketan, bezeroaren interesen defentsa eta erreklamazioa sartzen badira ere, ez ordaintzeagatik norbait kaleratzeagatik epaiketa egiten denean, horri dagozkion gastuak ez ditu polizak estaltzen.
  • Arau-hauste administratiboak. Zerbitzu hauek, asegurua hartu duen pertsonak arau-hauste administratiboa egiten duenean, balizko arau-hauste administratiboak egitearren, partikular gisa ezar dakizkiokeen zehapenen aurrean bezeroa defendatzen du konpainiak. Horrelakoetan, bide administratiboan bidezkoak diren deskargu-idazkiak eta helegiteak idatzi eta aurkeztea estaltzen du polizak. Halaz ere, administrazioarekiko auzi-bidezko defentsa ez dute ordaintzen zerbitzu hauek.

Lege-asistentzia eta defentsa juridikoko polizen arteko aldeak

Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat: zehazki bereizi behar dira honelako lege-asistentzia zerbitzu hauek, batetik, eta defentsa juridikoko seguru tradizionalak, bestetik. Hauek, merkatuan bereiz kontrata daitezkeen arren, zenbaitetan etxebizitza- edo automobil-aseguruarekin loturik etortzen dira. Lege-asistentzia zerbitzuak ez bezala, produktu hauek aseguru-kontratuaren legeak arautuak daude eta epaiketako kostua ordaintzen dute.

Edonola ere, polizako letra txikia bereziki arretaz irakurtzea komeni da, hutsaldiari (sinatu ondoren, erabiltzaileak zerbitzuak ezin erabil ditzakeeneko epea), famili unitatearen estaldurari eta beste hainbat alderdiri dagokionez. Hitzartutakoaren mugak eta estaliko diren kopuruak ezagutzea ere komeni da, batzuetan behar adinekoak ez izatea suerta daiteke-eta.

Prezioak

Bi produktuen arteko aldeak, orobat, prezioen arteko aldea ondorioztatzen du. Lege-asistentzia zerbitzuak, batez beste, 30 eta 100 euro artean kostatzen dira, urtean eta, bertan, informazio alorreko lege-asistentzia eskaintzen da: zalantzak argitzeaz gainera, idazketa eta erreklamazio agiri batzuk sartzen dira bertan, baina epaiketako asistentzia eta gastuak salbuetsiak daude.

Defentsa juridikoko polizak, berriz, urtean 300 euro inguru kostatzen dira eta, abokatu, prokuradore, peritu eta horrelakoen gastu-mugen arabera, baliteke prima garestiagoa izatea. Prezioa, hortaz, orientazio modukoa da aseguru konpainiek bezeroen beharren araberako poliza pertsonalizatuak egiten dituztelako. Batzuetan, aseguru horiekin batera telefonozko lege-asistentzia zerbitzua ematen dute konpainiek eta, horri esker, bezeroak nahi dituen kontsulta guztiak egiteko aukera izaten du.

Kontuan hartu beharreko alderdiak

Lege-aholkularitza

  • Oinarrizko polizek ez dute estaltzen ez epaiketako asistentziarik, ezta prozesuaren ondoriozko gasturik ere.
  • Zerbitzuak urtebete irauten du eta poliza automatikoki berriztatzen da.
  • Afera laboral eta fiskaletako defentsa eskaini egiten dute konpainiek aukerako estaldura gisa; horrek tarifa garestitzea ondorioztatzen du.
  • Aholkularitza-zerbitzu oinarrizkoaren kostua, urtean, 100 euro inguru da.

Defentsa juridikoko asegurua

  • Helbide berean bizi diren familiako kide guztiak estaltzen ditu poliza honek.
  • Lege-aholkularitza zerbitzuek administrazio bidetiko defentsa egiten dute baina ez, ordea, administrazioaren kontrako auzi-bidea.
  • Zerbitzuak urtebete irauten du eta poliza automatikoki berriztatzen da.
  • Defentsa juridikoko aseguruaren gutxieneko kostua, urtean, 300 euro inguru da.