Net Label /Google Web History / Algoritmoa

1 iraila de 2007
Img internet 2 listado

Net Label /Google Web History / Algoritmoa

Neurri-neurriko nabigazioa

Net Label

Net Label, ingelesez, “Sareko zigilua” da. Horrela esaten zaio geroz eta hedatuago dabilen fenomeno berri bati, Interneteko doaneko eta legezko musikari dagokionari. Musika hori, web orri batean egoitza birtuala duten enpresa diskografiko txikiek eskaintzen dute dirua irabazteko -zuzeneko- asmorik gabe; horien asmoa, batez ere, Creative Commons (copyright itxi-itxia eta “erabat askearen” arteko erdibidean dauden lizentzien) izenekoen babespean kultura zabaltzea da. Net Label horien atzetik artea ogibide bihurtzeko asmoa duten artista batzuek dihardute, baina hauen negozio-ikuskera eta diskografiko tradizionalena ez da berdin-berdina: hauek ez dute sinesten diskoa produktua banatzeko bitartekoa denik; alderantziz, deskargak doan egiten dira eta dirua lortzen dute artistari egiten zaizkien emakidetatik, kamiseta edo txapak saltzetik, (Net Label horiek sormen handiko merchandising-ez baliatzen dira) kontzertuak ematearren, etab.

  • Tokyo Dawn Records
    “Tokioko goiztiriko diskoak”, alegia. Ahoz eta instrumentuzko Hip hop-en diharduen zigilu interesgarri hau biziki landutako orri erakargarrian agertu da. Doako diskoen deskargak, CD eta biniloen salmenta eta merchandising ariketak tartekatzen ditu. Etxeko espezialitatea down beat da, hots, bai hip hop-i, bai house eta jazz elektronikoari egokitzen zaizkien erritmo mantsoen estiloa. Katalogo luze-zabal eta ugaria dauka.
  • Miklataklitim
    Jerusalemgo zigilu israeldar honen espezialitatea dub da, hots, Jamaikan jatorria duten soinu digitalen errepikapenean oinarritutako estiloa. Aspaldi honetan online diskografiko huts baino zerbait gehiago bilakatu da: bere burua astinketa kulturaleko kolektibo gisara aurkezten du. Orri horretatik denetik deskarga daiteke: marrazkiak, posterrak, agiriak, bertako artisten grabazioak (horietako batzuk salgai daude, beste zenbait zuzenean aditu daitezke eta beste hainbat deskargatuz) edo taldearen ekitaldien egutegia.
  • Ideology Records

    Hip hop eta drum”n”bass-eko zigilu germaniar honek, aldaera ilunetatik jazzistikoenetara, era guztietako giro-alorreko ukitu eta ñabardurez estiloa garatzen duten artisten katalogo luzea agertzen du. Beren errepertorioan bideo digitaleko multimedia artistak eta, areago, irudimen biziz apainduriko kamiseta edo bestelako sortze-lanak zigilu honen bitartez saltzen dituzten diseinugileak ere agertzen dira. Funtsezko datua: deskargatzeko multimedia artxiboak OGG formatu librean bakarrik eskaintzen ditu (MP3 baino askeagoa, patentaturik ez dagoelako, baina ez dago bestea bezain hedatua).
  • Sofasound Records
    Musika anbientaleko Netlabel aleman honek bere katalogoan hamahiru LP ditu erabat deskargatzeko, baina badira bertan pop indie-ko beste hainbat titulu. Horrez gainera, diskoaren karatulak eta diseinua ere eskaintzen ditu, inprimatu nahi izanez gero. Era berean, zigiluak diseinaturiko kamiseta eta txanoak saltzen ditu bere dendan. Beste hainbat online zigiluk bezala, honek ere kantak entzuteko aukera ematen du, deskargatu beharrik izan gabe.

Hileko zerbitzua

Google Web History: erabiltzaileak nabigatzean zeharkatu dituen web orriak gogorarazteko

Webeko nabigatzaileei maiz gertatzen zaie: orain egun batzuk oso orri interesgarria bisitatu du baina helbidea ez du gogoan eta ezin dute aurkitu, bila eta bila ibili arren. Arazoaren konponbidea, egunean bisitatu diren web ori guztien erregistroa izan eta bertan miatu ahal izatea litzateke. Horixe egiten du Google Web History-k. Google-ren zerbitzu horri esker, orri bat bisitatzen den edo Google-n bilaketa bat egiten den bakoitzean, informazio hori zerbitzari batean gordetzen da. Bertara sartu eta, hortxe agertzen da aspaldi onetan bisitatu ditugun orrien zerrenda. Egutegi horri esker, zeinahi egunetan eginiko nabigazioen historiala kontsultatu edo, bestela, zein egunetan nabigatu dugun gehiago ikus daiteke, helbideen koloreak hori ere adierazten baitu. Sistemak eskaintzen duen Trends (joerak) izeneko atalean erabiltzaileak egiten dituen bilaketa-ereduak, nabigatzeko ordutegiak eta gehien bisitatu diren guneak aztertzen dira. Esan gabe doa: historialetik orriak ezaba daitezke, aztarnarik ez uzteko.

Hileko kontzeptua:

Algoritmoa
Algoritmo jatorri pertsiarreko hitza da, latinak egokitua. Horren esanahia, zehatza: problema bat konpontzea emaitza duten eragiketa matematikoen multzo mugatu eta ordenatua da. Matematikatik konputagailu mundura eta bertatik herri-hizkerara igaro da terminoa; hemen hartu duen balio semantikoa ezaguna da dagoeneko: robot batek edota ordenagailu batek egintza jakin bat burutzeko behar duten eragiketa multzoa. Esate baterako, “Googleren algoritmoa” esaten da, zerbitzu horretako erabiltzaileek egiten dituzten bilaketen emaitzak antolatzeko bilatzaileak betetzen dituen agindu.-mordoa adierazteko. Termino horren gibelean, egia esateko, nekez defini daitezkeen eragiketa konplexu-konplexuak gordetzen direnez, horixe da algoritmo hitza mintzaira arruntean sartu izanaren motiboa.