Okerreko heziketaz elikatzea
Hogeita lau urte baino gutxiago duten espainiar gazteen laurdenak obesitatea edo gehiegizko pisua du: “horri esker”, Espainia da haurren obesitate tasarik garaienak dituen estatu europarretako bat. Erruak bilatzeko garaian, berriz, era guztietako kausak daude: ariketa fisikorik eza, zabor-jana, publizitate-mezuak eta beste hainbat ere, baina behetik gora ziztu bizian datorren epidemia honen zergati nagusia okerreko elikatze-heziketa da.
Esakunearen egiazkotasunaren bila ez da beste herrialde batetara joateko beharrik: 2007ko apirilean Asturiasko aitona-amona batzuek bilobaren zaintza behin-behingoz galdu zuten: 10 urteko gaztetxoa 100 kilo zen. Asturiasko Gobernuak haurraren zaintza aldi baterako bereganatu zuen, argaltzeko dietan ezartzeko; horrela, adin horretan ohikoak diren mugen arteko pisuan ipini ahal izango zen gaztetxoa. Bi hilabete lehenago, Britainia Handiko gizarte-zerbitzuek 91 kilo zuen zortzi urteko ume baten zaintza amari kentzeko aukera baloratu zuten.
Kasu bi horiek muturrekotzat jo daitezkeen arren, elikatzeko azturekin Europan gertatzen ari den fenomenoaren adierazpenak dira, arestian eginiko inkestek frogatua dutenez: Erresuma Batuaren ondotik, Espainia da haur obesitatearen tasa handienak agertzen dituen europar estatua. Kezkagarriak dira zifrak, guztiz: 2 – 24 urte arteko gazteen obesitatea %13,9 da gaur egun eta gehiegizko pisua dutenak %12,4 dira. Bestela esateko, haur eta gazte guztien laurdenak adin horretan osasuntsua dena baino pisu handiagoa du. Kopurua 15 urtean zehar bikoiztu egin da.
Asturiasko haurraren kasuan emaniko ebazpena guztiz esanguratsua da, adingabekoa obeso izatearen egiazko ardura zehazten duen balorazioa aintzat hartu baitu. Neurri horrekin, epaiaren arabera, aitona-amonek loba osasuntsu elikatzeko benetako konpromisoa har zezaten lortu nahi zen; horrela gaztetxoa bere etxebizitzara itzuli ahalko zen, osasuntsu bizitzeko duen funtsezko eskubidea urratu gabe.
Erabaki hori hartu aurretik, arazo endokrinologiko eta metabolikoak baztertzeaz gainera, adingabekoaren familiaren bizimodua sakon aztertu zen eta, espero bezala, azterketaren emaitza argia izan zen: gehiegizko pisu haren zuzeneko arrazoia, umea ez ezik, familia hartako beste hainbat kide ere “gaizki heziak zeuden elikadura kontuetan”.
Haur obesitatea diagnostikatzeko aztarnak
Gehiegizko pisua erraz atzemateko kontua da: aski da tartean behin baskulara begiratua egin eta adin, gorpuzkera edota altuera horretarako pisu arrunta zer den aditzea. Gehiegizko pisu hori ohiko bihurtzen denean edo, areago, geroz eta handiagoa izateko joera hartzen duenean arazoa agertzen da, batez ere, eboluzio horri modu naturalean buelta ematea aukerarik ikusten ez denean. Horrelakoetan familiak espezialistarengana jotzeko erabakia hartu behar du.
Konplikazio metabolikorik sor daitekeela sumatu bezain laster sendagilearengana edo bestela, dietistarengana joan beharra dago. Nolanahi ere, haurraren bizitzako azturak, jarduera fisikoaren erritmoa eta maila eta elikatzeko jokabidea osotoro profesionalak baloratu beharko ditu. Era berean, gazte horren etxean nolako elikagaiak hartzen diren, nola prestatzen diren, haurrak zenbat hartzen dituen, janariak (gosaria, hamarretakoa, bazkaria, askaria, afaria) nolako ordenaz egiten dituen eta zein ordutan jaten duen ere zehatz-mehatz adierazi beharko zaio profesional horri, diagnostikoa egin ahal izan dezan.
Informazio hori, funtsezkoa den arren, ez da jakin beharreko bakarra, ezta denetan garrantzi handienekoa ere: genetika, ingurune, sozio-ekonomia eta, dudarik gabe, psikologia alorretako faktoreek eraginiko ekuazio konplexuaren emaitza da haurren obesitatea. Hori dena, familiaren ohitura eta haurrak (baita gurasoek ere) janarekin daukan loturaren osagaia da. Horrenbestez, ezinbestekoa da espezialistarengana jotzean gurasoak ere presente egotea, bere elikabidea dela eta, haurrari sendagileak edo dietistak egin diezazkiokeen galderei buruzko zalantzak argitzeko.
Gehiegizko pisuaren edo obesitatearen diagnostikoa kontu soil eta azkarra da, pazientearen datu antropometrikoak (pisua, altuera, gerri, aldaka, izter eta besoko perimetroak) eta haur-populazioarentzat finkatuak daudenak elkarrekin erkatzea besterik ez baita. Horiek eskuan, gehiegizko pisua eta obesitatearen arteko aldea markatuko da. Haurraren osasunarentzat obesitatea arriskutsuagoa den arren, gehiegizko pisua are arazo kezkagarriagoa da. Trastorno hau ere haurraren hasierako urteetatik zorrotz tratatu behar da arazo hori, nahiz eta hortxe datzan eragozpen behinena: haurraren pisua zerk handitu duen jakitea, alegia.
Kontuan izan behar da, nola ez, adingabekoaren izaera genetikoa. Gehiegizko pisua, gehienetan, nutrizio alorreko desoreken ondorio izan ohi da, behar bezainbeste energia ez kontsumitzearren, alegia. Nolanahi ere, haurraren gehiegizko pisua iraunkor bihurtuko da familia osoak ez badu bere burua inplikatzen bizi- eta elikatze-azturak aldatzeko ahaleginetan.
Gurasoek irakatsi, haurrak ikasi
Gehiegizko pisua gaizki ikasitako elikatze-jokabidearekin lotua egotearen eta janariarekiko erlazio osasuntsuegia ez izatearen arrazoia, haurrari jaten irakasteko aukeratu den metodoa egokiena ez izatea da.
Horregatik funtsezkoa da guraso, aitona-amona eta hezitzaileek dituzten elikatzeko jokamoldeak atzematea, diziplina eta haurrei jaten irakasten eman duten denbora horretan, beraiek txikienen elikatzeko jokabidearen arduradun zein gradutan izan daitezkeen jakiteko
Jaten irakastea, jakina, gurasoek seme-alabei transmititzen dizkieten ezagutza eta hezkuntzaren osagaietako bat da eta, jakina, beste zeinahi ikasketak bezala, horrek ere egunero ahaleginak egitea eskatzen du.
Zertan datza haur obesitatearen arazoa? | Nolako ondorioak ditu haurrengan? |
---|---|
Guraso babesleegiak Horrelako aita-amek elikagai gehiegi ematen diete seme-alabei, beren maitasun eta ardura adierazteko ez ezik, gauzak ongi egiten ari ez direneko sentimenduak (justifikatu gabeak, ia denetan) arintzeko modu natural gisa. |
Beharrezkoa duten elikagai kopuruaren ideia, bihurriturik. Haurrek helduei eskerrona agertzen diete gehiegizko janaria onartuz, jokabide hori ohituratzat hartuz. Elikagaien gaindosi hori, jakina, pisua handitzea bihurtuko da. |
Seme-alaben pisuarekin eta elikadurarekin obsesionatuak dauden gurasoak Seme-alabak jaten dutena eta ez dutena etengabe begiratzen ari dira, haurren elikadura kontuetan zorrotzegi jokatzen dute. |
Aurka egitea. Txikitan errepresioa nozitu dutenez, koxkortzean gaztetxo askok, guraso obsesiboek “sartu” nahi izan dietenaren aurkako elikabideari heltzen diote. Bestela esateko, gurasoek ez diete seme-alaba horiei janarekiko harreman osasuntsurik. |
Janaria, sari eta zigor Guraso zenbaitek haurrak gutiziatuen dauzkan elikagaiak (litxarreriak, gozokiak, txokolatea) jokabide ona saritzeko oparitzat baliatzen dituzte. Bestetik, beraien lanaldi luzeak konpentsatu nahi izaten dituzte seme-alabei nahikunde guztien aurrean amore emanez: janari azkarra maiz hartzea edo otordua aukeratzea haurraren eskuetan uztea (hori, noski, ez da izan ohi osasuntsuena). |
Ondoeza bideratzeko, erdipurdiko kalitateko janaria. Elikagaiak eta emozioen arteko erlazioa bistakoa da eta frogatua dago aspaldi. Hainbat elikagai hartzea eta ongizate-sentsazioa lotzen ditu garunak; horrenbestez, haurtzaroan zein helduaroan jaki batzuk aukeratzen ditu ondoeza edo antsietateari irtenbidea emateko modu natural gisa. |
Gehiegi, aukeran? Guraso batzuek umeei elikagai gehiegi ematen diete, gaztetxoen organismoak asimilatu edo erre dezakeena baino askoz ere gehiago, maizegi. Haurren elikagai kopurua, erritmoa eta ordutegia helduenaren parekotzat jotzen dute. Hiru urteko umeak hartu beharreko haragi anoa ez da inola ere 60 ? 70 gramo baino handiagorik izan behar baina, hori bai, egunean bi fruta kontsumitu behar ditu. Hamar urte bete arte, bederen, haragi anoak 100 gramo baino txikiagoa izan beharko luke; bestetik, ohituraz, egunean hiru fruta eta eskutada bat fruitu lehor hartzen ohitzea komeni da. |
Gose eta asearen barne seinaleak hauteman ez. Haurrak janari ugariak hartu ohi baditu, asetasun seinalea “aditutakoan” ez du elikagaia har ez dezan agintzen dion barne-eskakizuna beteko. Adin horretako gaztetxoek baino askoz ere gehiago jan behar duela irakatsi diote eta horrelaxe ikasi du berak. |
Zer gosaldu du? Zer eraman du hamarretakoa egin edo askaltzeko? Astirik ez izatean, erosotasunean eta ekonomian euskarri harturik, guraso askok seme-alabei oso elikagai energetikoak ematen dizkiete: gosaltzeko gaileta eta madalena barrubeteak eta hamarretakoan edo askarian opil industrialak, gozokiak eta freskagarriak. |
Ohitura txarrak. Egunero horrelako jakiak hartzeak, dietako osagaiak bihurritzeaz gainera, ez dator bat ohitura onez daukagun ideiarekin. Horrelakoak inoiz edo behin kontsumitzen badira eta umea aktiboa bada, aparteko kaloria horiek erreko ditu; dena den, horrelako elikagaiak maiz aukeratzeak eta ohitura txarrak izateak, epe motz, ertain eta luzera, pisuaren gehikuntza ekarriko dute. |
Aita-ama aktiboak? Pertsona askoren iritziz, ariketa fisikoa inongo mesederik ez dakarkien alferrikako ahalegina denez, mugitzen eman beharko luketen tarte horretan, automobilean edo, bestela, telebista, kontsola edo ordenagailuaren aurrean ematen dute. |
Haur sedentarioak. Belaunaldi honetako haurrek zaletasun pasiboekin gozatzen dute: egunean bi ordu eta erdi ematen dituzte telebista aurrean eta beste ordu erdi bat bideojokoetan edo Interneten. Pantaila aurrean eserita, krispetak jan eta jan ari direla, ohiz kontsumitzea kaltegarri gertatuko zaizkien elikagaien iragarkiak dozenaka irensten dituzte. |
Eskola horren xedea, haur eta gaztetxoen artean elikadura orekatua sustatzeaz gainera, modu osasungarrian jateak osasunean eragin mesedegarria duela (obesitateari saihets egiten zaio horrela) erakustea da. Informazio zabalagoa bilatzeko: http://obesidadinfantil.consumer.es/.