Idazle hau da Real Academia de la Lenguako emakume bakarra (“k” hizkiaren jarlekua dagokio) eta erakundeak dituen hiru mendeetan errekonozimendu handi hori jaso duen hirugarrena.
Zergatik idazten du Ana Maria Matutek?
Bakarkako lana delako. Idazlea izaki bakartia da, bere fantasia eta obsesioekin bizi dena. Idaztea bakarka egiten den abentura da, irakurtzea bezala. Nire kasuan, idazten dudanean liburuarekin aurrez-aurre jartzen naiz: liburuari gaina hartzen diot edo liburuak neuri hartzen dit gaina. Borroka titaniko horrek irauten duen bitartean, ez dut pentsatzen zenbat irakurle izango dudan. Liburuan baino ez dut pentsatzen, zer kontatu edo azaldu nahi dudan. Nire liburuak galdera batean edo zalantza batean laburbiltzen dira. Pertsona bakar batek irakurri eta nirekin batera zalantza izatea aski da. Norbaitek nire deia jasotzea interesatzen zait, baina aitortzen dut idaztearen gauzarik onena pertsona askorengana iristeko aukera dela. Hala ere, irakurleak kopuru gisa, editoreek hartzen dituzten moduan, ez zaizkit interesatzen. Negozio hau egunean baino egunean gehiago merkantilizatzen da. Idazle askok saltzeko idazten du eta ondo iruditzen zait, ez diet hori aurpegira botatzen.
Zer garrantzi du irudimenak idazle baten lanean eta bizitzan?
Irudimena funtsezkoa da, baina ez idazteko bakarrik. Baita bizi izateko ere. Kontuan izan behar da ez dela irudimen mota bera behar liburu guztietarako eta idazle bakoitza mundu bat dela. Bestalde, hitza da sortu den gauzarik ederrena, gizakiok dugun gauzarik garrantzitsuena.
Gerta daiteke idazle bati gaiak agortzea?
Beti dago zerbait kontatu, aldarrikatu eta protesta egiteko. Nik inoiz esan izan dut idaztea protesta egiteko modu bat dela. Nik beti egin izan dut protesta, umetatik.
Zer iritzi duzu literatura sariez?
Sariek ez dute garrantzirik, garrantzitsuena liburua da. Sariak ondo etortzen dira, baliagarri izaten dira gaztetan. Hirurogeiko hamarkadan zaila zen emakume idazle izatea eta 1961ean ezagun izaten lagundu zidan Nadal sariak. Literaturako sariek ez dute idazlerik egiten, baina irakurleak sortzen dituzte eta hori ere garrantzitsua da.
Zure ustez, hobetuz doa gure gizartean emakumearen lekua?
Emakume izatea zaila da idazteko edo lan egiteko. Zoritxarrez, jarrera normala gizonezkoaren azpian egotea da. Egia da egoera izugarri aldatzen ari dela, ez naiz kexu; hala ere, beti dago zerbait eta egoera berean, lan arloan adibidez, gizonezkoaren alde mugituko da balantza. Oraindik ere horrelakoak gertatzea da tristea. Horrelako gauzek min ematen didate. Baina gazteak hobera aldatzen ari direla uste dut.
Gaur egungo ikus-entzunezkoen eta informazioaren teknologia berrien inperioaren eraginez, aldatzen ari al da literatura, idazlearen sormenezko prozesua?
Literatura apurka-apurka aldatuz doa, baina sakonean berdin jarraitzen du. Har dezagun, adibidez, Dostoievskiren Karamazov anaiak eleberria. Eleberri horretan sentimenduek dute garrantzia, gizakiaz hitz egiten da eta horregatik harrapatzen du irakurlea istorioak. Telebistak eta Internetek zeregin garrantzitsua dute gure munduan, baina literaturarik onenaren mailan jarri nahi badute, modu egiazkoago batean transmititu beharko dituzte bizitza eta giza harremanak. Pertsonei sentimenduak axola zaizkie: gorrotoa, maitasuna, botere nahia, inbidia… hori oraindik ez da aldatu eta hortik sortzen dira istorio onak. Nik 17 urterekin idatzi nuen “Pequeño teatro” eta jendeak esaten zuen: “baina nola liteke neskatila batek (garai hartan adin horrekin galtzerdiak janzten baikenituen) bizitzaz horrelako desengainua izatea, gizakiaz horren eszeptiko izatea?” nik Shakespeare, Cervantes, Dostoievski, klasiko greziarrak… irakurririk nituelako. Geroago, eskarmentu literario horiek bizitzak erakutsi zizkidan, belarrondokoen bidez.
Irakurketaz gozatzen hasteko edo irakurtzeko aholkurik?
Irakur dezatela! Gazteek batez ere. Ni hitzmotela nintzelako eta beste neskatilek barre egiten zidatelako hasi nintzen irakurtzen, oso gaiztoak baitziren nirekin; eta gure aitak, irakurle ona izanik, liburutegi oparoa zuelako. Gurean amak ere irakurtzen zuen eta beraz, liburuak gauza naturala ziren, ez nituen gauza arraro gisa ikusten.
Oraindik ere neskatila zara?
Uste dut oraindik ez dudala 12 urte baino gehiago, beste zenbait arlotan zoritxarrez 20 urterekin pertsona heldua nintzen arren. Ni umetan hasi nintzen idazten, 5 urterekin. Izan ere, idaztea niretzat ez da lanbidea edo bokazioa, izateko eta munduan egoteko modua baizik.
Literaturan maila gorena lortzeko presa izaten dute gazteek?
Gazteak dira nire irakurlerik onenak eta uste dut oso ondo konektatzen dudala eurekin. Literaturako kontu hauetan hasten diren gaztetxoei esan behar zaie inork ez duela hasieran “Danteren Komedia” idazten. Baina gaztetan, egiten duzuna bizitzako gauzarik onena dela pentsatu behar da, nork bere irizpide, beldur eta zentsurekin. Gero ere etorriko da apaldu beharra. Izan ere, hainbeste dugu ikasteko gazteek zaharrengandik eta zaharrok gazteengandik, eta animaliengandik ere! Garrantzitsua da gazteei esatea ez dagoela eredurik, bizitzako esperientziak baizik. Denok ezagutzen ditugun egoera beldurgarrietara eramaten gaituzte ereduek.
Ahozko hizkuntza idatzizkoa baino garrantzitsuagoa da?
Hizkuntza idatzia da geratzen dena. Baina funtsezkoa da haurrei ipuinak kontatzea. Nire haurtzaroko zaintzaile euskaldunak istorioak kontatzen zizkidan eta geroago irakurri egiten zizkidan eta orduantxe ezagutu nuen ipuinen mundu liluragarria. Gero, neuk irakurri nituen berriro eta honela egin nion neure buruari: handitzean idatzi egin nahi dut, idatzi egingo dut bizitza ozpintzen diguten pertsona nagusiez mendeku hartzeko.
Norbera konturatzen al da Hirugarren Adinera iristen ari denean?
Bai, eta ez da hain dramatikoa. Gaztetan hamar urteko bizia dudala esan izan balidate, ondoezak emango zidan; orain, nire adinean, ez. Agortzen ari den bizitzako aro bat bete dela sentitzen da. Adinak, esku batekin kentzen duena -denbora- bestearekin eman egiten du: naturaltasuna eta patxada, bizitzako azken urte hauei aurre egiteko. Ni minak izutzen nau, oso beldurtia naiz eta. Baina neguko gau batean kosakoekin ametsetan ari naizela hiltzen banaiz, bada, kito, akabo, bizi izan dut neure bizitza, eman dut eman nezakeen guztia eta pozik egon behar dut horretaz.
Academiako sarrerako hitzaldiari “Basoan” izenburua jarri zenion. Zergatik?
Txikitan, Mansilla de la Sierran, basora ihes egiten nuen eta liluragarria zela deskubritu nuen; han iluntasunak distira duela eta txorien hegaldiek munduko liburu guztien sorrera izan diren antzinako hitzak idazten dituztela. Sekula ez nuen bizi, eta nire bizitzan ez dut harrezkero bizi izan, errealitate hurbilago eta biziagorik. Basoan dena gerta liteke, gauzarik izugarriena eta zoragarriena; basoan espiritualtasunez betetzen da bizitza eta hantxe dago basatasunaren eta irudi distiratsuen arteko kontrastea.
Fantasia errealitateari kontrajarria dago?
Fantasia errealitatearen zati da, gure ametsak, desioak eta gure memoria errealitatearen zati direlako. Horregatik gertatzen zait hain zaila istorio errealistenen erraietatik irudimena eta fantasia ateratzea, bereiztea, errealismoan ere badaude eta ametsak eta alegiak.
Erdi Aroa da zure liburuetako leku enblematiko bat. Zergatik ote du hainbesteko arrakasta azken urteotan Santiago Bideak?
Erdi Aroarekin liluratuta nago. Garai hartan fantasiazko mundu batean bizi zen jendea, sinesmen handia izaten zuen maitagarri, sorgin, deabru eta abarretan eta horixe da nire literaturako mundua. Santiago Bideari dagokionez, Europako iniziazio-bidea delako da hain arrakastatsua. Graal Sainduaren bilatze amaigabea da eta gizadia horren bila dabil oraindik. Nik 74 urte daramatzat horren atzetik.
Mahai Biribileko zaldunekin?
Mahai biribileko zaldunekin eta ni bezalako zaldun bakartiekin.