Duela urte batzuk baino gehiago edaten al dute gaur egun gazteek?
Gazteak esatean, 18 urtetik beherakoez ari gara, adin horretara artekoentzat baitago jarrita alkohola saltzeko debekua. Hori horrela, inork ez du zalantzan jartzen gazteek lehen baino gehiago edaten dutela, helduen gizarteak orokorrean alkohol kontsumoa gutxitu egin duen arren. Gazteenen artean asko edateko ohitura hori fenomeno sozial berria da.
Oso gaztetan hasten dira, 12 eta 13 urte bitartean; 14 urterekin salto handia ematen da kontsumoan, adin horretako neska-mutilen erdiak ohiko baitu edatea. Gaur egungo gizartearen beste ezaugarrietako bat gazteen eroste-ahalmen handia da. Dirua izateko ahalmen hori hamar aldiz edo hogei aldiz biderkatu da urte gutxian eta kopuru horren zati handi bat gastatzen da alkoholaren kontsumoan. Edari horiek saltzen dituzten lokalen kopurua ere bikoiztu egin da. Garai batean tabernak besterik ez ziren, baina orain pub, diskoteka, disko-bar, txiringito, txosna eta antzekoak ere baditugu.
Gertatzen ari den fenomenoaren beste ezaugarri bat: nerabeek asteburuetan bakarrik edaten dute. Astean zehar, %80 abstemioa da eta, seguruenik, ikasle eta seme-alaba ereduzkoak. Baina asteburua heltzen denean, neurririk gabe murgiltzen dira gaueko ordu txikiak arte irteteko kultura horretan eta kosakoek adina edanez lagunekin ondo pasatzera.
Argi dago, beraz, alkoholaren kontsumoa asteburuetan areagotu egiten dela.
Lehen, edaten zutenek ia egunero hartzen zituzten basoerdiak edo garagardoak. Orain ez. Egia da edaten ez dutenen kopurua ere apurka-apurka gehituz doala gazteen artean; baina asteburuetan edaten duten hiru lagunetatik batek neurririk gabe edaten du. Gauez irteteko ohitura 12 eta 13 urteko gazteen artean ere ikusten da, gauaren eta alkoholaren erreklamuari erantzutera irteten baitute. Izan ere, bata bestearekin lotuta doa.
Alkohola eta dibertsioa eta horrekin lotuta dagoen desinhibizioa dira gure gazteek gauez irteteko duten arrazoi nagusia. Onartu beharra dago. Orain, alkohola edatea puri-purian dagoen moda da, zapatila marka jakin bat jaztea edo janari azkarreko jatetxe batera joatea bezala. Publizitateak eta komunikabideek balore batzuk sortu dituzte eta horietan funtsezko elementua da alkohola. Alkoholak, gainera, bere ezagupen-kultura propioa du, marka, tipo eta izenez osatua, nerabea edo gaztea estatus jakin batean kokatzen dutenak.
Nola iritsi gara egoera horretara?
Alkohola, gizarteak onarturiko droga denez, heroina eta antzeko beste sustantzia arriskutsu batzuen gaitzespenaren aurrean erantzun gisa sortu da, HIES bezalako gaixotasunez kutsatzeko beldurrak eraginda. Gazteriaren zati handi batek alkoholarekin ordezkatu ditu fama txarra duten beste drogak, alkohola beti hor egon izan den sustantzia magikoa baita, gure gizartean ongi errotua. Eta oker handia den arren, alkoholaren kontsumoak ez ditu gurasoak ere droga ilegalen kontsumoak adina beldurtzen.
Erakundeen prebentzio kanpainek ezertarako balio al dute?
Ezin gara besoak gurutzatuta geratu. Alkohola arrisku handiko sustantzia dela jakinarazi beharra dago; dependentzia eta tolerantzia maila handiak sortzen dituela, gero eta kopuru handiago behar izaten baita efektu berbera lortzeko. Eta adin txikikoek alkohola kontsumitzea oso arrisku larria dela euren osasun eta segurtasunerako. Asteburuetako gauetan gertatzen diren trafiko istripuetan pentsatu besterik ez dago.
Gainera, alkoholak egunak behar ditu gibelaren bidez metabolizatu arte eta bien bitartean kalteak eragiten ditu burmuinean. Gaztetxoek eskolara joan behar dute astelehen eta asteartean, baina asteburuko biharamon fisiko eta emozionalaren eraginez, ez dira eskolan behar den maila emateko moduan izaten. Beste arrazoi batzuk ere badiren arren, aipatutako horiek ere badira nahikoa kontsumoa moteltzeko ahaleginean adin txikikoei alkohola saltzea zigortzeko. Hala ere, oso zaila da kontsumoa galaraztea. Adin txikikoa ez dago pertsona bezala behar bezain heldua alkoholaren kontsumoa bultzatzen duen publizitatea eta presio soziala digeritzeko eta horregatik daude publizitate hori mugatzen eta alkoholaren salmenta debekatzen duten legeak. Kanpainen eraginkortasuna baxua izan ohi da, kanpaina pedagogikoak izaten baitira beste ezer baino gehiago.
Baina, hala ere, egiaztaturik dago gauza bat debekatutzat katalogatzeak debekua betetzera eramaten dituela zenbait gazte. Nolabaiteko beldurra diote legea urratzeari.
Alkoholak gizartean duen onarpenak zailago egiten du gazteen artean kontsumoa gutxitzea?
Alkohola mundu guztiak kontsumitzen du, baita gizartean debekatzen dutenek ere: gurasoek, artistek, irakasleek, kazetariek, medikuek eta Ahaztu egiten zaigu gazteek hainbat gauzatan helduen jokaera imitatzera jotzen dutela. Alkohol munduko “bataioa” familiako ospakizunetan izaten du gazteak, konturatu gabe kontsumitzera bultzatzen baitugu etxean. Horrelaxe jartzen ditugu bidean. Eta ez dugu ahaztu behar alkohola, beste droga batzuk ez bezala, alde guztietan dagoela.
Administrazioak eta gizarte erakundeek ezer gutxi egin dezakete: alkohola oso integraturik dago gaur egun gure gizarte-bizitzan. Neurriz edatera gonbidatzea haizearen kontra joatea bezala da eta kutsu kontserbatzaile eta zaharkitua du, guztiz bestela den arren. Gaur egun, gehiengoak egiten duena egin gabe, asteburuoro drogarik zaharrenaren, alkoholaren, bila irten gabe, ondo pasatzen jakitea da errebelde eta original izatea.
Bada alternatibarik gazteek gauez edan ez dezaten?
Gauez irtetea alkoholarekin oso loturik dago gaur egun. Gaueko 12ak arte irteten duten gazteen %30a bakarrik etxeratzen da alkoholik probatu gabe. Kopuru hori %2raino murrizten da goizaldeko laurak aldera erretiratzen direnen artean. Gauez eta kalean, oso zaila gertatzen da alkohola saihestea. Borroka epe luzerakoa da.
Hezkuntza sisteman informazio-materiala sortu beharra dago (alkohola zer den eta zer ondorio dituen azalduko duena) eta horrekin batera, hurrengo goizerako kultura- eta kirol-ohiturak bultzatu, gaua gazteentzat hain erakargarri izan ez dadin. Baina onartu egin behar dugu: ia ezinezko da gaua beste zerbaitekin ordezkatzea. Irtenez gero, jakinekoa da zer dagoen, salbuespenak salbuespen. Guraso guztiek uste izaten dute euren seme-alabak direla edaten ez duten bakarrak, baina gehienak oker daude. Beste irtenbide bat ere bada: mozkortzea helburu izan ordez, neurriz edanez lagunekin elkartzea. Baina horretarako hainbat kontzeptu aldatu egin beharko litzateke, ongi pasatzearen kontzeptua bera, esaterako.
Gazteak espontaneoago balira eta hainbeste inhibizio ez balute, ez lukete seguruenik alkoholaz eta beste sustantzia batzuez estimulatzeko hainbesterainoko beharrik izango. Irteten dutenean autoaren gidariak ez duela edan behar asumitzea ere positiboa litzateke, trafiko istripua baita alkoholak eragindako beste arazo larrietako bat.
Eta gurasoek, zer egin dezakete?
Horixe dute gainditu gabeko ikasgaia. Gaur egungo gurasoak aurreko belaunadietakoak baino askoz ere liberalagoak dira eta, beraz, askoz malguagoak dira etxeratzeko orduarekin eta askoz ere eskuzabalagoak asteroko pagarekin. Gainera, alkoholaren kulturaren transmisore ere badira gurasoak. Etxe askotan oraindik seme-alaben aurrean edaten da. Guraso askok ikastetxearen gain utzi ditu ardura hauek, “horretarakoxe daude eta”.
Hala ere, eurek izan dezakete arazo hau konpontzeko giltza, gurasoek positiboki baloratzen baitute familiaren eginkizuna. Inkestek diotenez, gazteek gehien estimatzen duten instituzioa da. Hori fenomeno berria da eta aprobetxatu egin behar dugu. Gure jokaerak aldatu egin beharko ditugu, seme-alabentzat eredu garela jakinda. Gurasoek hezkuntza sistemari ere eskatu behar dizkiote -eta ez irakasleari bakarrik- alkoholaren kontsumoa gutxitzeko estrategiak.
Eta azkenik, gurasook gizartearekin konprometitutako hiritar bihurtu behar genuke: alkoholaren publizitate eta salmentari buruzko arauak bete daitezela eskatu behar genuke, edo udalek eta beste erakundeek gazteentzat alternatiba atsegin izango diren kirol guneak edo kultur ekintzak eta aisialdikoak eskain ditzatela, gazteentzat asteburuetan ongi pasatzeko aukera bakarra mozkortzea izan ez dadin.