Hizkuntzak ikastea

Hizkuntzak, gainditzeko gai

1 iraila de 2004

Hizkuntzak, gainditzeko gai

XXI. mendean bete-betean eta egunetik egunera mugak gaindituz doan gizartean, lehentasunezko helburuetako bat komunikazioa dugu. Gauzak horrela, atzerriko hizkuntza bat gutxienez ezagutu gabe lana bilatzea ez da gauza erraza, hainbat sektoretan bereziki; areago, enpresa zenbaitetan horrelako hizkuntza bat baino gehiago menderatzea ezinbesteko baldintza da. Badirudi ingelesa -egun, 800 milioi hiztun baino gehiago dituela- mundu osoko lingua franca bilakatuko dela, ez hiztun gehien dituelako -ohore hori txinera erraztuari dagokio- negozio, teknologia (mezu elektronikoen %80) eta zientzia (argitalpen zientifikoen %45) munduan erabiliena delako baizik.

Nola gabiltza espainolok, ordea, hizkuntza kontuetan? Panorama ez da bat ere atsegina. Europar Batasunak emaniko datuen arabera, espainiarren %47k bakarrik dio atzerriko hizkuntza batean solasaldi bat egiteko gauza dela; horren aurrean, Danimarka, Holanda edota Suedian %80 dira trebezia hori duten herritarrak. Espainian gehien ikasten ari den hizkuntza ingelesa da (populazioaren %36), azken Eurobarometroaren datuen arabera. Urrutitik doakio frantsesa, gutxiengo nagusitzat finkaturik (ikasleen %19); italiera, portugesa eta alemana ikasten ari direnak espainolen %4 baizik ez dira. Inkestari erantzun dioten pertsona gehienen esanetara, beren prestakuntza hobetzean aurkitu dituzten oztopo latzenak ekonomikoak dira, astirik eta motibaziorik ezarekin batera. Hizkuntzen aurreko jarrera hori ikusirik, giza baliabideen departamenduek enpresako aurrekontuaren %5 eta %10 arteko kopuru bat hizkuntzen ikaskuntzara bideratzen dute. Gastu larri hori murrizteko premiak bultzatuta, lanpostuak betetzeko izangaiak bilatu behar direnean, baldintza berdintsuetan izanez gero, hizkuntza gehien ezagutu ez ezik, hobekien menderatzen dituela frogatzen duena kontratatzen dute enpresek.

Ikasteko klabeak

Ingalaterrak sortu eta, ingeleseko irakasle eta itzultzailea izateaz gainera, hizkuntzen irakaskuntzan urtetako eskarmentua duen Minie Izagirreren aburuz, bederatzi hilabeteko ikastaroan komunikatzeko oinarrizko maila hartzeko nornahi da gauza. Izagirrerentzat, “maila horrek ikaslea trebatzen du informazio pertsonala eskatu eta emateko, helbideak galdetzeko, jatetxe, hotel, denda eta garraiobideetan lasai ibiltzeko eta antzeko funtzioetarako, komunikazioa mugatua izango dela eta akatsak izango dituela onratuta, beti ere”. Roberto Tárrega-rentzat astean lau aldiz eskaintzen dionak hizkuntzaren ikasiko du. Tárregaren hitzetan, ordutegi hori beteaz, “urte eta erdian pertsona lasai asko bizi ahal izango da ingelesez”.

Beste pauso bat egin eta ezagutza-maila altua hartzea, Minie Izagirreren arabera, norberaren premia eta eskaintzaren ez ezik, norberaren motibazio eta ahaleginen arabera aldatzen da: ikasle gazte batek akaso hiru ikastarotan maila ona hartuko du baina adin handiagoko beste batek bospasei beharko ditu maila horretara iristeko. Nolanahi ere, “perfekziora iristea ez da posible, atzerriko hizkuntzaren ikaskuntza bizitza osoan luzatzen da baina, bai ikasteak, bai praktikatzeak ondorioztatzen duten atsegin eta pozak betirako diraute”.

ACEICOVA elkarteak eginiko azterlanetako bat ere Izagirre irakasleak adierazitakoarekin bat dator: hizkuntza baten ikaskuntzan, ikasteko behar den denbora eta erdietsiko den maila faktore mordoska batek zehaztuko dute: ikaslearen gaitasuna, motibazio-iturriak, irakaskuntzaren kalitatea, ikasketen maiztasuna, ikasleak ikaste-orduz kanpo hizkuntza horrekin lanean eman dezakeen denbora… denak izango du eragina azken emaitzan.

Carmen Rosentzat, ikaskuntza-epea akademiara ekarri den mailaren arabera ere aldatzen da: “Hezkuntza arautuari ikasleak gutxieneko aprobetxamendua atera baldin badio, oso litekeena da gramatikan maila on-ona edukitzea, ahozko hizkeran hamaika hutsune baditu ere. Akademietan, jakina denez, komunikazio-atalik gabetsuena finkatzen da”. Ikastaroari hasiera eman aurretik, ikasleari nolako helburuak dituen galdetzen zaio. Enpresa bateko langileei eskaintzen zaizkien ikastaroen helburua solasaldian ingelesez aritzeko ezagutza ona izatea denez, atal horri ematen zaio garrantzi gehien.

Prezio batetik bestera, sekulako aldeak

Hizkuntza bat ikastearen kostuari dagokionez, prezioen zerrendan denetik sartzen da. Akademia tradizional gehienetan hilean behin edo mailak egin ahala ordaintzen da, eta ikastegiaren eta ikastorduen arabera alde biziak hautematen dira. Ohikoena hilabeteko ikastaro intentsiboak dira ohikoenak, 179 euro kostatzen direnak; baita hiru hilabete irauten duten 36 ikastorduko ikastaroak (270 euro) eta ordutegi bereziei egokituriko 237 ikastorduko ikastaroak (ostiral edo larunbat goizean ematen dira eta bi ordu eta erdiko iraupena dute). Ikastaro osoa (9 hilabete akademiko) 765 euro inguru kostatzen da (85 euro hilean), astean 3 ikastordu izaki. Astean bi ikastorduko ikastaroaren prezioa 612 euro inguru dabil (68 euro hilean). Hizkuntza bat multimedia ikastegi batean ikastearen batez besteko kostua 300 euro izaten da hiruhilekoan, 50 ikastorduko iraupenarekin. Ikastegi horietako batzuek ordainketa aurretiaz egitea agintzen dutenez, ikasle askok mailegu lotuak egin behar izaten dituzte: aurrezki kutxa edo bankuak diru kopuru osoa ikastegiari hasieran ordaintzen dio eta ikasleak finantza erakundean hilero-hilero dagokion kuota uzten du. Mailegu lotuak legezkoak dira baldin eta ikasleari horrelaxe jakinarazten bazaio eta agiria sinatzea onartzen badu. Akademiari ez dagozkion arrazoiengatik ikasleak ikastaroa amaitu aurretik uzten baldin badu ere kuota hilero ordaindu beharko du, zorra kitatu arte. Horregatik, horrelako ikastaroak kontratatu baino lehen hobe izaten da bukatu arte aprobetxatuko diren balioztatzea.

Nolako ikaslea halako metodoa

Euskailu informatikodun metodoak. Multimedia ikastegi horiek dira ordutegi aldakorrak dituen jendearentzako egokienak, hizkuntza beren erritmoan eta eguneko unerik aproposenetan ikasteko aukera dutelako. Dena den, garestiak dira eta borondate handia behar izaten da: aurretiaz finkaturiko ordutegia ez denez, lan-erritmoa lasaitzeko aukera ematen baitu.

Hizkuntza eskola tradizionalak. Metodo klasikoa, egoki askoa ikasleak lan- edo ikaste-ordutegi finko eta egonkorra duenean. Edukiaren %70 eskola presentzialak dira, ahozko irakaskuntzan eta ikasle-irakasleen arteko harremanetan oinarrituak. Honelako ikastaroak merkeago izaten dira, baina eskolarako asistentzia erregularra osatzeko denbora gehiago kentzen diote ikasleari.

Hizkuntza Eskola Ofiziala. Eskolak, autonomi erkidegoetako administrazioen menpeko hizkuntza ikastegi publikoetan ematen dira. Ikasketa horiek, gutxienez 130 ikastorduko bost ikastarotan luzatzen dira, hiru eta bi ikastaroko ziklotan banaturik. Irakaskuntza ofiziala batzuetan presentziala izaten da (ikaslea eskolara ohi doa ikasturtean zehar) eta bestetan librea (matrikulatzeak, egiaztagiria eskuratzeko azterketak egiteko eskubidea bakarrik ematen duelarik, prestakuntza ikasleak egiten du bere kabuz). Dena den, ikaskuntza-premia berariazkoak betetzeko helburuz ere ikastaro bereziak ematen dira: itzulpena, ahozko trebeziak, hizkera espezializatuak, etab.

Ikasi beharreko hizkuntza mintzatzen den herrian aldi batean bizi izatea. Biziki eraginkorra, kultura horretan murgiltzera behartzen baitu ikaslea eta ikasi nahi duen hizkuntza horretan bakar-bakarrik komunikatzeko aukera ematen diolako. Dena den, aldi luze batez beren bizimodua bertan behera utzi eta beste herri batera joateko aukera oso pertsona gutxik dute.

Auto-ikaskuntzako ikastaroak. Bideo eta CD, testu-liburu eta ariketen bitartez, ikastaroa bere kabuz egiten du ikasleak eta eginiko aurrerakuntza balioztatuko du, aurrerapausoak egin ahala. Liburu-dendetan daude salgai eta udal liburutegi askotan ere maileguan har daitezke.

Hizkuntzak on-line. Gauez zein egun argiz, edozein ordutan eta etxetik irten gabe, beste hizkuntzak ikasteko aukera ematen dute ordenagailuek eta ikus-entzunezko sistema berriek. Programa horietako gehienek ahotsa ezagutzeko sistema eta balizko elkarrizketa eta solasaldiak daukate, ahoskera hobetzeko unean lagungarri gertatzeko. Ordenagailuko memoriak egunero gordetzen ditu ikasleak eginiko aurrerakuntzak eta biharamuneko eskola bezperan utzitako tokitik hasten da.

Metodo tradizionala vs. multimedia

Minie Izagirrerentzat hizkuntza, batez ere, “elkarreragin soziala” da. Filologia Ingelesean lizentziatua den irakasle horren arabera, “hizkuntzen irakaskuntzan oinarrizkoak diren imitazio, ordezkapen eta saiakera/akatsen mekanismoak era naturalean sortzen dira familian, haurra ama hizkuntza ikasten ari den bitartean”. Ikasgelako egoera, hasteko, artifiziala dela (ikasleek ez baitute elkar ezagutzen) aitortzen badu ere, denbora joan ahala “garatzen den ingurune sozialak komunikazio naturala eragiten du”; horrela, “ikasleak zuzenean irakasleak egiten dizkion zuzenketen bidez ikasten du baina, zeharka ere, gainerako ikasleei egiten zaizkien zuzenketen bitartez ere ikasten du”. Izagirreren iritziz, elkarreragin hori multimedia metodoetan galdu egiten da eta, gainera, beste arazo bat agertzen dute: ikasleren batek uste ahal izango du ordenagailua dela ikasteko ahalegina egingo duena, bere partez. Miniek dioenez, CD-ROM edo programa informatiko bat eduki-segida hutsa baizik ez dira eta, ederki estrukturatuak badaude ere, “ez dute irakaslearen lan metodologikoa ordezkatzeko balio”.

Carmen Ros ere ados dago horretan: “Joera tradizionaleko akademiek irakasledun eskolari garrantzi handiagoa aitortzen diote eta, teknologia berriak ezari dituzten arren, hauek osagarri gisa sartzen dira, irakasleari dagokion funtsezko eginkizuna ordezkatu gabe, ikasleak ikasteko funtsezkoa baitu alderdi hori”. Helduei zuzenduriko ikastaroek ahozko komunikazioa lehenesten dute, idatzizkoaren kaltetan, eta solasaldia, gramatikaren kaltetan. Dena den, “hastapenetako ikastaroetan gramatika pixka bat ematen da baina, hori bai, funtsezkoa solasaldia dela kontuan izaki”.

Multimedia metodoak, dena den, baditu abantailak, Minie Izagirrek zalantza izpirik gabe aitortu duen bezala: “ordutegia aukeratzeko askatasuna uka ezinezko abantaila da, inondik inora”. Beste aldetik, “kontuan izan dezagun, hautatu dugun metodoa zeinahi dela ere, hizkuntzak ikastea lan astuna dela, nekosoa, eta multimedia sistemak biziki baliagarriak gerta daitezkeela eskolako betikotasuna pizteko balio baldin badu”. Berak diosku, ondoren: “Multimedia fonetika praktikan jartzeko tresneria egokia da, zailtasun horixe agertzen duten hizkuntzen irakaskuntzan, bereziki, ingeles edo frantsesarekin gertatzen den legez”.