Zoritxarraren eskola
Erresilientzia hurrengoetan agertzen da:
- Suntsipenaren aurrean, presiopean beren buruaren osotasuna babesteko ahalmen handia erakutsiz.
- Ezbeharraren aurrean, zailtasunak zailtasun, bizi-jarrera positiboa adieraziz.
Pertsonen erresilientzia indartzen duten ezaugarriak
Eguneroko bizitzan era askotako gertakari latzak jazotzen dira: maite genuen norbaiten heriotza, gaixotasun luze edo larriak, lan-bizipen zailak, bikotekidearekiko harremanetan arazoak, bakardadea, isolamendu soziala, halako lanpostu hura okupatzeko lehia, langabezia, estualdi ekonomikoak… Egoera horien aurrean pertsonek erreakzio desberdinak agertzen dituzte, norberaren erresilientzia graduaren arabera.
Trebezia hori zenbait ezaugarrik indartzen dute, hara:
- Introspekzioa: honi esker pertsona bere buruaren baitan sartzen da, behatu egiten du, gogoeta egiten du eta galderak egiten dizkio. Nork bere buruari galderak egin eta erantzun zintzoak eman diezazkion laguntzen du.
- Independentzia: norberaren eta ezbehardun giroen arteko mugak ezartzen laguntzen du. Egoera jakin batzuen aurrean, nork bere burua isolatzera iritsi gabe, distantzia fisiko eta emozionala ezartzen laguntzen du.
- Ekimena: arazoei aurre egin eta kontrola ezartzeko prestakuntzaz janzten du pertsona.
- Umorea: ezbeharrean, egoeren alderdi barregarria bilatzen laguntzen du.
- Sormena: kaos eta desordenatik abiatuz, ordena eta edertasuna sortzen laguntzen du. Haurtzaroan, sormenean eta jolasetan adierazten da: horiexek dira bakardadea, beldurra, hira eta itxaropenik eza mozorrotzeko bideak.
- Moraltasuna: asetzeko moduko bizitza pertsonal zabala, barne-aberatsez apaindua izatera bultzatzen du. Horren baitan sartzen dira kontzientzia morala, balioekiko konpromisoa eta ongia eta gaizkia bereiztea.
- Gainerakoekin lokarri kuttun esker onekoak ezartzeko trebezia. Nork bere burua gainerakoei eskaintzera eta gainerakoak norberearen bizitzan onartzera bultzatzen du trebezia honek.
Erresilientzia sustatzen duten faktoreak
- Gurasoenganako lotura edo atxikimendua. Orain arte eginiko azterketek nabarmentzen dutenez, guraso bietako batekin, gutxienez, sostenguzko harreman beroa izateak (ez da zertan alderdi denetan eta uneoro agertu behar, gainera) zoritxarreko munduan bizitzearen efektu kaltegarriak arindu edo horietatik babesten du pertsona. Bestela esateko, beharrezkoa da gurasoetako batekin gutxienez, edo beste pertsona adierazgarriren batekin harreman emozional iraunkorra izatea.
- Kanpo-interes eta lokarri afektiboen garapena. Familiaz kanpoko pertsona adierazgarriek erresilientziazko jokabideak agertzea errazten edo laguntzen dute, adibidez, norberaren familiak ezbeharra bizi duenean. Kontua da familiatik kanpo ere nolabaiteko laguntza sozialik bilatzea.
- Hezkuntza-giro egiatia, jokabidean mugak zehazki ezartzeko modukoa.
- Ezbeharrari era konstruktiboan aurre egitea motibatuko duten eredu sozialak.
- Auto-eraginkortasun, auto-konfiantzazko bizipenak izatea, auto-irudi positiboa izatea.
- Estresa sortzen duten egoera edo faktoreei era aktiboan erantzuteko aukera izatea.
- Estresari adiera subjektibo eta positiboak egoztea, krisiak ezbeharrari erantzuna eskaintzeko aukeratzat deskribatuz.
Aldatzeko, adin guztiak egoki
Erresilientziak sustatzen dituen faktoreak eta trebeziak hainbat gorabeherarekin agertzen dira nortasun-mota desberdinetan baina nork bere burua gainditzeko gaitasun horretaz gozatzera garamatzaten ezaugarriak indartzeko lana egin daiteke. Hobekuntza horren bila goazenean topatzen dugun eragozpen larriena, aldatzeko gauza ez garela onartzea da: “horrelakoxea naiz ni”, “bakoitza den bezala da”, “ene adinean ez dago ezer aldatzerik” eta antzeko esakuneak hartzen ditugu aitzakia: horra hor akats nagusia. Norberak nahi eta ahal izanez gero, adin guztiak dira egokiak aldatzeko.
Jokaeraz aldatzeko behin ere ez da berantegi, pertsona pentsamendua aldarazteko tekniketan trebatzen bada, gertaerak bestela interpretatzen ikasten badu, bere buruaz gogoeta egiteko gaitasuna berreskuratzen badu, bere nortasunaren balorazioa lantzen badu, asertibitatea eta antzeko trebezia sozialez jabetzen bada, positiboki mintzatzen ikasten badu, etc. Horretarako badago psikologiako profesionalen laguntza eskatzea: krisialdi emozional edo psikopatologiak nozitzen ditugunean ez ezik, bizitzako gertaera bakoitza egokiro bizitzeko entrenatu nahi dugunean ere jo dezakegu psikologoarengana.
Erresilientzia, bizitzari buru egin eta amildegian lur jota ez geratzeko, zulotik adorez irteteko gaitasuna ere ikasi egiten da.
Ezaugarri pertsonal batzuek lotura hertsia dute herentzia-faktoreekin, dudarik gabe, baina nortasuna hezi egiten da. Seme-alabak ez dira inprobisazioaren emaitza. Akats handia da “ume honen jenio tzarra aitarena bera da” edo “neskato horren aiurria amonarenaren igual-iguala da”, amona ezagutu ez badu ere. Marjinaltasun egoeran bizi diren haurrak, erresilientzia aldetik aberatsak direnean, honakoa ez dute “herentzian” jaso gurasoen genetatik. Bizitzak, inguruneak, gorabeherek hezi dituzte.
Garrantzitsua da, beraz, nork bere burua hez dezakeela, erresilientzian hobe daitekeela: bakoitzak bere buruan ez ezik, beste gainerakoen baitan ere aldaraz ditzake hainbat jarrera edo jokabide.