Zergatik eta nola hartu behar da aintzat psikologoarengana jotzeko egokiera?
Normalean, norbaitek bere bizitza bideratzeko laguntza eskatzeko erabakia hartzen duenean edo arazoren bati irtenbidea bilatzeko norbaiten konpainiaren premia duela adierazten duenean, bizitzan zerbaitek funtzionatzen ez duela, zerbait oker dabilela dioen detonatzaile baten eraginez dihardu horrela. Hori izan liteke haustura bat, dolu bat, ezinegon bat edo depresio bat. Baina hori konpondu gabeko gatazketan eutsiriko iceberg baten muturra baizik ez da. Psikologoak arazoak konpontzen lagunduko dizu topagunean gidari lanak eginez eta konpontze lanak martxan jartzean. Psikologoak egin behar duzuna esango dizu, zeure buruari galderak egiten lagun zaitzake eta bidean lagunduko zaitu, galdera horien erantzunak aurkitu bitartean.
Kontua da pertsona baten eskuetan utzi behar dela zerbait biziki delikatua: ongizate psikologikoa. Nola bermatuko ote dugu profesionalak lagun gaitzakeela?
Psikologoa ez dago zailtasunetatik, liskarretatik eta heldugabetasunetik salbuetsita baina kontua da ahulezia horiek psikologo eta pazientearen arteko topaketa horretan eraginik ez izatea, terapia ez baldintzatzea. Gainerakoak laguntzen lanean dihardutenen kasuan hori funtsezkoa da. Lanbide zeinahi dela ere, geroz eta beharrezkoago bilakatzen da profesionalen arteko elkarrizketa-espazioak zabaltzea, bertan lana bera aztertua izan dadin. Psikologoen kasuan, erne egon beharra dago, erosokerian erori gabe: psikologoa ez dago konpontzen lagundu behar dituen arazoen kontra immunizaturik eta, aldi berean, ezin bihur daiteke izaki iragazgaitz gizartearen liskarren eta garapen psikologikoaren aurrean.
Egun, ikastetxe, enpresa, osasun zerbitzu publiko eta bestelako erakundeek ere psikologoak dituzte bertako ikasle, langile edo pazienteentzako. Zer dela eta premia hori? Prebentziozkoa ala fakultatiboa da?
Biak, batera. Egungo gizartearen egitura likidoa dela eta balioak lehenago bezain solidoak ez direla pentsatu behar dugu. Lehen, pertsona batek 18 urte zituenetik bazekien zer egin behar zuen. Rol sozialak ez ziren batere aldatzen, finkoak ziren: emakumea bazinen, nobioa bilatu, ezkondu, umeak eta etxe zaindu? Gizonezkoa bazinen, lana eskuratu, seme-alabak emango zizkizun andrea bilatu, eta bazenekien aurrerantzean nola funtzionatu. Egungo gizarteak, ordea, egitura eta balio ugariago eta bariatuagoak ditu eta horrek, azkenean erabaki bihurtuko diren aukeren ugaltze itzela dakar berarekin. Egokiera horrek pertsona libreago bihurtzen du baina, era berean, nahasiago ere, bizitzan egin beharreko urratsak deliberatzerakoan.
Badirudi erantzun askoren jatorria familian datzala.
Ezin aska gaitezkeen sistema dugu familia. Ez naiz ari instituzioaz, sistemaz baizik. Denok gara aita eta amaren seme-alabak, denok, eta hori gure pertsonak berezkoa du eta, horrenbestez, baldintzatu egiten gaitu. Hori ez dago borondatearen, ezagumenaren, hezkuntzaren edota kanpo-faktoreen menpeko. Geure baitan markaturik daukagu guztiok. Gizaki bakoitzak bi guraso ditu, eta lau aitona-amona, zortzi birraitona-amona, etab. Nonbaitetik gatoz. Gauzak horrela izateak uste baino eragin handiagoa du gure bizitzan.
Guraso bakarreko seme-alabek, ordea?
Guraso biologikoak dituzte. Eta horrela dago idatziz beraien geneetan. Ezin ukatuzkoa da hori. Adoptaturiko seme-alabei ere gertatzen zaie hori: bada sakoneko indar bat, seme-alabak guraso biologikoen bila bultzatzen dituena.
Gauzak horrela ikustea biziki eztabaidagarria izan daiteke gaur egun, are famili plegu berriak sortzen ari diren une hauetan. Jabetu al zara horretaz?
Zertan bihurtzen ote da hau guztia?
Printzipiotan. Aurreko direnek atzeko direnen gainetik lehentasuna dute. Gurasoek eman egiten dute, seme-alabek hartu. Gurasoak handiak dira eta seme-alabak txikiak. Gauzak horrela esateak soilegia badirudi ere, askotan topatzen dituzu horrelako arazoak: seme-alabek gurasoak baino handiago direla sinesten dutelako edo sisteman toki jakin bat bete zuen norbait izan zela aintzat hartu ez duelako.
Zergatik du horrenbesteko garrantzia haurtzaroak gizaki baten psikean?
Haurrak dena xurgatzen du. Heldu bilakatzen garen heinean, gure egiturak geroz eta zurrunago bihurtzen dira baina haurraren gogoak ez du mugarik, zabalik dago. Semiologoek diotenez, haurtxo txikia mundu zabaleko hizkuntza guztietako soinu guztiak ahoskatzeko gaitasuna du. Adinean aurrera joan ahala gaitasun hori mugatuz doa eta bost urte betetzean, adibidez, kroazierako soinuak ahoskatzen lanak izango ditu, horixe ama hizkuntza ez badu. Antzeko zerbait gertatzen da maila psikologikoan ere: haurra jaio berritan mezu eta inpultsu guztiak xurgatzeko gauza da. Horrek oso ahul bihurtzen du umea eta, horregatik hain zuzen, haurtzaroan gertatzen denak helduaroan jazotakoak baino askozaz ere indar handiagoa du.
Egoera normaletan haurra familiaren babesean bizi da, arazorik gerta ez dakien zaintzen dute gurasoek. Zergatik dira zailtasun horiek saihestezinak?
Familiarenganako maitasun handia ematen du haurrak, gurasoengatik dena emango luke. Horren ondorioz, nahita eraginiko edo nahiz kontrako gaiztakeria eta minaren aurrean babesik ez du, ez daki bere burua jagoten. Zortzi edo hamar urte bete aurretik, esate baterako, umea ez da gauza dolua lantzeko, kudeatzeko. Aita edo amaren galeraz deitoratzeko, ezagutu eta bereganatzeko baliabiderik ez du. Horren ondorez helduaroan era askotako zailtasun eta oztopoak agertzen dira. Ez da kasu bakana “gurasoenganako mugimendu etena” nozitzea. Bizi izan zuen hura biziki latza izan zenez, orain gizakiaren barnealdea ez da gauza hildako ama edo aitarengana gerturatzeko. Bizitzan ama edo aita ezin izan dezakezunean ongi funtsezko bizi-iturria falta duzu.
Haurrak gurasoengatik dena emango lukeela diozu; zein adinetaraino da osasuntsua horrelako jokaera?
Osasuntsua ez da behin ere, baina horrela da. Umeak horrela pentsatzen du, esate baterako: “Mesedez, ez dakion deus gerta amatxo edo aitatxori, nahiago nuke neroni gerta balekit, nahiago haiek baino neu gaixotzea”. Pentsaera horri eusten dion haurrak, haurtzarotik haratago barneraturik daramanak, printzipioak urratzen ditu: gurasoen gainetik jartzen da eta ez du onartzen gauzak izateko modu natural bat, gurasoek eman eta seme-alabek hartu egiten dutela, alegia. Zenbaitetan gertatzen da, adibidez, seme edo alaba batek bizitzaz ez gozatzea deliberatu duela, arazo baten konpentsazio gisara. Txikitan baliagarri izan zuten formula magiko hari heldu diote: “Amatxo sendatzen bada ez naiz jauzika arituko besaulkian”. Amatxo sendatu zen. Eta formulazio horiek guk uste baino ohikoagoak dira eta eragin handiagoa izaten dute. Ez naiz ari orain eguneroko bizitzari arrotz zaizkion gauza bitxiez: konpentsazio modura, semeak edo alabak ez ezkontzea erabaki du, edo ikasketetan porrot egin du, edo edanari ematen zaio. Konpentsazio magiko arraroa da, ez du inorentzat lagungarri? baina gertatu egiten da. Hauxe bera jazotzen da enpresa erakundeetan ere, adibidez.
Goazemazu ostera familiara. Haurra hazten denean nola manten daiteke gurasoak eta seme-alaben arteko oreka?
Elkarrekin hertsiki loturiko bi kontzeptu dira familietan: erruduntasuna eta errugabetasuna. Ez gara inoiz jabetuko bi horiek gizataldeen eta, zehazkiago, familiaren bizimoduan duten eraginaz. Talde bateko kide garenean errugabetasun-zentzu zabalean dihardugu horrela. Ez naiz ari errugabetasun eta erruduntasunaz adiera moralean. Bestelako zerbait dugu hau. Eman dezagun, esate baterako, erretzen duen nerabea. Erretzen duten nerabe-taldearekiko gaztetxo hori errugabe sentituko da; erretzeak duen arriskua ikusten dutelarik, gurasoen aurrean, berriz, errudun ikusiko du bere burua. Gaztetxo erretzaile horien taldean ez erretzea traizioa egitearen pareko zerbait litzateke. Seme-alabak gurasoen aurrean errugabetasuna jagon nahi du baina, noski, errugabe mantenduz gero, ez da haziko. Hazteak, aldez edo moldez, beti esan nahi du errugabe izatea: itxaropenak ez betetzea, desirak frustratzea, independente bihurtzea? Azkenean, min edo kaltea sorraraziko duten egokierak jazoko dira.
Horrenbesterainokoa da minaren aurreko beldurra?
Mina baino areago, frustrazioa da gizarte honek gaizki-gaizki kudeatzen duena. Esatea polita ez bada ere, auto-estimaren psikologia mota jakin bat kaltegarri suertatzen ari da. Ume bati, bere auto-estima urra daitekeelakoan, deus ezin zaputz dakiokeela sinesteak, zenbaitetan, inongo sufrimendurik ez eragitera eta bere arduraren aurrean ez ipintzera eraman gaitzake. Horrek, oztopoak gainditzeko gai ez diren haur ahulak sortarazten ditu. Haurrak mizke hazten ari gara eta, hazten direnean ere, mizke iraun nahi dute. Erantsi horri lehen urteetan ezarritako gehiegizko arta edo arreta: horren emaitza, babes-egoera artifiziala da. Saihestezina da haurrak zapuzketak, zuzenketak eta antzeko “ezbeharrak” nozitzea; hori da-eta bizitza.
Nola lagundu, beraz, zoriontsu etortzen?
Beraiekin izaten, maitatuz beraiek maitatuz, diren bezala, diren hori, gure baitatik, garen onetatik. Gurasoek dena akats gabe egingo balute, gidoi ereduzkoa perfektu bete balezate, txotxongiloak egingo lituzkete. Hanka sartu beharra dago, sufritu beharra dago: aurrera egiteko elementua horrexek ematen du-eta.