Telefono mugikorrak

Operadorez aldatzeko askatasuna

Telefonia mugikorreko operadoreekiko hitzarmenen deuseztapenen aurrean, kontsumitzailearen interes eta eskubideak geroz eta gehiago babesten ditu Arautegiak.
1 urtarrila de 2007
Img moviles listado

Operadorez aldatzeko askatasuna

/imgs/20070101/img.moviles.01.jpg Espainian erroldaturiko biztanleak baino ugariago dira egun telefono mugikorrak: 44 milioi baino gehiago, hain zuzen. Kontsumitzaileen elkarteek eta kontsumorako informazio-zerbitzu publikoek behar bezalako informaziorik ez duten edota gogobeterik ez dauden bezeroak artatuz dihardute. Bajaren tramitazioan izaniko eragozpen eta zigorrengatiko ohiko erreklamazioei, informazio akastun, atzerapen eta faktura okerrei bestelako arazoak ere gehitu zaizkie orain, hala nola eskatu gabe alerta eta harpidetza zenbaitetan alta ematea, etab. Espainiako Industria Ministerioari atxikitako enpresa-erakunde publikoa den Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizartearen Behategiaren arabera, egun espainiar familiak telefonia mugikorrean finkoan baino gastu handiagoa egiten du.

Nolako eskubideak ditu telefonia mugikorreko erabiltzaileak?

Baja emateko, operadorez aldatzeko eta bere zenbakiari heltzeko, zerbitzua eteteagatik indemnizazioa jasotzeko, faktura atalez atal zehaztua jasotzeko eta ordaintzeko modua erabakitzeko eskubidea du, gutxienez. Bestetik, nahikoa eta egiatia izango den informazioa jasotzeko eta, noski, erreklamazioa egiteko eskubidea ere zor zaio. Galdatzeko modukoa den kalitatearen araberako zerbitzua eskatzeko eskubidea du, hitz batez.

Erabiltzaileak nahi duenean baja eman ahal dezake?

Bai. Bezeroa artatzeko zerbitzuari berri eman ondoren, 15 eguneko epean baja emango zaio. Baja hori, ordea, operadoreak eginiko arau hausten baten ondorio baldin bada, berehala gertatuko da eta erabiltzaileak artapena jaso arte erreklamatu beharko du.

Operadoreak dioenez, erabiltzaileak konpainia horretan urtebete iraungo duela sinatu du.

Mugak muga, 15 egun lehenago erabakia jakinarazten badu, baja emateko eskubidea du erabiltzaileak. Nolanahi ere, iraupen epea ez betetzearren, kontratuan aurreikusitako ondorioak onartu beharko ditu (dirutako indemnizazioa, eskuarki).

Diruzko zigor horiek legezkoak dira, beraz?

Bai, zenbaitetan gehiegizkoak izaten badira ere. Horrela gertatzen da zigorra gogorregia denean edota alderdiek dituzten obligazio eta eskubideen artean desoreka nabarmena gertatzen denean. Esate baterako, erabiltzaileari zigorra ezartzen zaio kontratua eteteagatik baina operatzaileri baimena ematen zaio tramiteekin bere kasa aurrera egin dezan, inolako ondoriorik izateke. Kasu horietan erreklamazioa egin daiteke.

Non eta nola eman daiteke baja?

Egin eskaria kontratuan agertzen den Bezeroa Artatzeko Zerbitzura. Bertan izango da telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta helbide postala. Eskutitz egiaztatua, hartu izanaren oharpen eta guzti, igor daiteke; dokumentu hori iritsi zaien jakin ahal izateko, deitu bertara edo bidali mezu elektronikoa. Garrantzi handikoa da operadoreak zure eskariari eman dion erreferentzi zenbakia eskatu eta horren dokumentu egiaztatzailea igor diezazuten galdatzea.

Nola heldu aurreko telefono zenbakiari?

/imgs/20070101/img.moviles.02.jpg Honako urratsak egin behar dira:

  • Zoaz beste operadorera eta eska ezazu zenbakia mantendu ahal izateko moduko alta.
  • Adieraz iezaiozu aldaketa egiteko datarik egokiena (eskaria egin duzunetik gutxienez 6 egun eta gehienez 30 egun) eta sina itzazu operadore horretako alta dokumentua eta oraingo operadoreko baja dokumentua.
  • Eska ezazu dokumentu guztien kopia.

Tramite guztiak egiteaz arduratuko da operadore berria.

Erabiltzaileak utziriko operadoreak zenbakia emateari uko egin diezaioke?

Ez, hurrengo kasuetan izan ezik:

  • Eroangarritasun-eskarian okerreko edo bete gabeko daturik dagoenean.
  • Aurretiaz beste eroangarritasun-eskaririk egin denean.
  • Diru-zorren ondorioz, abonatuak zerbitzua etenik duenean.
  • SIM txartel horren lapurreta edo galeragatiko salaketa ezarri denean.
  • Abonatuak SIM txartela aniztun edo multilinea duenean.
  • Teknikoki ezinezkoa denean.

Jakinarazpenik egin gabe operatzaileak linea etetea legezko al da?

Jokaera hori abonatuaren aldetiko arau-hausteren batek zuritu beharko du, hala nola fakturak ez ordaintzea. Irakur ezazu zeure kontratua: aurretiko ohartarazpena egitera telefonia finkoa bakarrik behartzen du legeak; beraz, telefonia mugikorrean kontratuak dioena hitzez hitz bete beharko dugu.

Abonatuak ordaindu ez badu fakturarekin konforme ez dagoelako?

Horrelakoetan eska ezazu faktura atalez atal zehazturik egin dakizun. Tarifatze Gehigarriko Zerbitzuetarako deiekin (800-tik hasten diren zenbakiak) ados ez bazaude ez itzazu horiek ordain, bai gainerako guztia. Erreklamazioa egiteko, faktura jaso zenuenetik hilabeteko epea duzu. Ez egon ordaindu gabe konpainiak dirua erreklamatu eta zure izena berankorren fitxategian sartu arte.

Eraginiko pertsonak nola erreklama dezake?

Bezeroa artatzeko zerbitzura azken ordainketa egin denetik hilabetea igaro aurretik jo behar da. Erantzuna jasotzeko gutxienez 30 egunez itxaron behar dugu. Zure aldekoa ez bada edo erantzunik jaso ezean, kontsumoko arbitraia planteatu edo, bestela, Espainiako Telekomunikazioetarako Estatu Idazkaritzara jo dezakezu. Organismo horrek sei hilabeteko epean emango du ebazpena eta horren kontra bide administrazioarekiko liskar-auzia egin dezakezu.

Eskatu gabeko edukiak dituzten mezu laburrak jasotzen dituenak zer egin dezake?

Erabiltzaileak horrelakoak eskatu ez dituenean, behintzat, debekatuak daude. Egin ezazu proba bat: igorri “baja” hitza duen mezua zerbitzu horren publizitatea egiten duen zenbaki laburrera. Mugikorretarako Zerbitzuetako Enpresen Elkarteko telefonora ere dei dezakezu (902 93 46 12) zerbitzua ematen duena identifikatzeko, berak darabilen zenbaki edo kode laburrean oinarrituta: horren bitartez, enpresa hornitzaile horretako bezeroa artatzeko zerbitzura automatikoki sartu ahal izango zara, enpresa hori Mugikorretarako Zerbitzuetako Enpresen Elkarteko kidea bada. Informazio zabalagoa izango duzu www.aesam.org gunean.

Ba al zenekien aurtengoan Espainiako Industria Ministerioak onetsitako lege batek urtean 20 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzten telefonia mugikorreko enpresak bezeroei agindu dieten eta egiaz ematen dieten kalitate mailaz informatzera behartzen dituela? Neurketa horiek, gainera, erakunde independenteek ikuskatuko dituzte eta, kalitate maila ez betetzeak abonatuei indemnizazioa jasotzeko eskubidea sorraraziko die.

Zerbitzuaren kalitatea ez ezik, akatsei saihets egiteko, fakturazioaren kalitatea ere ikuskatuko da. Nolanahi ere, komunikazio elektronikoen kalitateari buruzko Aginduak karguak biribiltzeko aukera ematen duenez, ez du xedatzen segundokako fakturazioa, erabiltzailearen eskubidea (benetan kontsumitu duena bakarrik ordaintzea) urratuz.