Uretako botikak, kutsatzaile berriak
Gizakiak edo animaliak botika hartzen duenean, bera osatzen duen konposatu aktiboaren gehientsuena gernu eta gorozkiekin batera kanporatzen dugu. Horrela iristen dira hondakin-uretara eta horrela heltzen dira ur horiek araztegietara. Baina araztegietako tratamenduak ez dira botika-kondar guztiak erauzteko bezain eraginkorrak; hortaz, araztegitik erreka, laku, itsaso, akuifero eta, azkenean, gure etxeko txorrotaraino datoz (kopuru ñimiñotan bada ere).
Zer, non
Espainian, Ikerkuntza Zientifikoen Goi Kontseiluak (IZGK) eginiko azterlan batek eman zuen alerta estreinakoz 2005 urtean. Ebro ibaiaren ibilbideko 18 gunetan bilatu zituen botika aztarnak: horrelakoak denetan aurkitu ziren baina kontzentrazio ugarienak Zaragoza eta Nafarroako hainbat gunetan zeutzan. Ugarien topatu ziren botiken artean, kolesterola erregulatzeko bi produktu (azido klofíbrikoa eta gemfibrozila), naproxeno eta diklofenako analgesikoak, ibuprofeno hanpaduren aurkakoa; karbamezapina antiepileptikoa eta atenolola (beta-blokeatzailea) atzeman ziren.
Ikerlanak frogatu duenez, bainuko jeletik hasi eta goizean hartu eta metabolizatu gabe kanporatu dugun kafeinaraino, denetik atzeman daiteke uretan. Beste aldetik, bakterioren aurkako triklosan desinfektatzailearen lorratzak ere atzeman hasiak dira; triklosana garbigarri askok daukatenez, kezkagarria da bera agertzea, bakterioetan erresistentziak sortaraz litzakeelako. Italian, Mario Negri Institutuak eginiko ikerlan batean Po ibaian kokaina topatu dute, uste gabeko kopurutan: ibaietako urek egunero lau kilo kokaina daramate egunero, hots, urtean 1.460 kilogramo (datu honek, izan ere, kalkulu ofizialek adierazitakoa baino askoz ere kontsumo handiagoa zegoela erakutsi zuen).
Elkar gainka pilatu eta elkar eragiten
Hondakin horien metaketa ez da arriskutsua gizakien osasunarentzat. Ibuprofeno hanpaduren kontrako botika, adibidez, 400 miligramoko grageatan preskribatzen da eta IZGK organismoak Ebron eginiko ikerlan horren arabera, araztegiko isurian jasoriko gehieneko kontzentrazioa 3.000 nanogramo da, ur litro bakoitzeko, hots, 0,003 miligramoren baliokidea, pilula baten ohiko edukitik oso-oso behetik.
Adituen kezka, ur litroan dagoen ibuprofenoak baino areago, beraien artean erreakziona dezaketen konposatuen presentzia da. Kontuan hartu beharreko beste faktore bat, ekosisteman gertatzen den metatze-efektua da. Horrek uretako organismoetan eta, zeharka, gizakiaren osasunean nolako eragina duen atzematea da egungo lehentasunetako bat. Oinarria duen beldur bat, ordea, hauxe da: ekosistemako mikroorganismoak -uretan konta ezin ahala bakterio eta birus baitaude- antimikrobioen presentzian etengabe egotearen ondorioz botika horiekiko erresistentziadun patogenoak sor daitezke, etorkizuneko zolduren tratamendua arriskutan ipinita. Antisorgailuek eta terapia hormonaletan harturiko pilulen hondakinek izan ditzaketen ondorioak (oraingoz, nekez aurreikus daitezkeenak), ordea, ez dira txantxetakoak, horiek aktibo irauten baitute ingurugirora iristean eta, hortaz, organismoen sistema endokrinoa eralda dezakete.
Hainbat azterlanek frogatua dute dagoeneko badirela sexu bietako markak dituzten arrainak: horietan, adibidez, barrabil-ehunak eta obarioak atzeman daitezke. Fenomeno hori ezin egotz dakieke botika hutsei, era askotako jatorridun kutsagarrien efektu konbinatua baita: hormona femenino sintetikoei hormona naturalak (progesterona edota estradiola, esate baterako, hiri handietako hondakin-uretan kopuru handi-handitan agertzen dira) eta industriatik datozen kutsagarriak (nonilfenola, besteak beste) erantsiko litzaizkieke. Horiek denek hormona femeninoak mimetizatzen dituzte
Botika-hondakinak minimiza ahal daitezke? Bai. Horrelako hondakinak murrizten laguntzeko modurik eraginkorrenetako bat, nork bere kabuz botikak alferrik ez hartzea da; horrela, botika-kondarrak komunetik behera, errekara edo antzekoetara botatzea saihestuko genuke.
Nolako eragina du kutsadura horrek pertsonengan? Oraingoz, behintzat, gizakiarentzat ez dira arriskutsuak. Horien eraginak epe ertain eta luzera dira kezkagarriagoak, hala nola antimikrobianoei erresistente bihur litezkeen patogenoen agerpena, eta horrek denak ekosisteman izan litzakeen efektuak. Botikek arrainen ugalketan eragina badute, esaterako, horrek arrantza harik eta gehiago urrituko du.
Nolako eragina du ingurugiroan? Oraintxe ikusten ari gara antibiotikoek uretako landareetan eragina izan dezaketela eta karbamazepina antiepileptikoa arriskutsua dela krustazeoentzat. Badirudi, era berean, propanolol beta-blokeatzailea medaka (ur gezetan bizi den arrain asiar bat) arrainaren hazkuntzarentzat kaltegarria dela. Horrek guztiak, ur-jauzi efektua dela eta, ekosistemaren gainerakoan izan ditzake ondorioak.
Ba al da uretako botika-hondakinak suntsitzeko metodorik? Sistema berriak ikertzen ari dira orain. Horien artean, ozonoa baliatzea uretatik antibiotiko batzuk erauzteko eta mintzez osaturiko iragazki berriak. Ibuprofeno eta antzeko botiken kasuan, aski litzateke hondakin-urak araztegietan denbora gehiago ematea, uretatik hobeki erauzteko. Ura alferrik ez gastatzea ere lagungarri gerta daiteke, araztegietako lana arintzeko; horrela, iristen zaien urak garbitzeko denbora gehiago izan dezakete.