Eguneko zentroak

Artapenaren kalitatea, hobetzeko modukoa; plazak, eskas oraino ere

Mendekotasunik duten pertsonen eguneko artapen-ekipamenduek kalifikazio polita irabazi duten arren, horien %60etan sartu ahal izateko itxarote-zerrenda errespetatu behar da eta, gainera, hamarretik bik ez dute azterketa gainditu.
1 urtarrila de 2007
Img temap 266

Artapenaren kalitatea, hobetzeko modukoa; plazak, eskas oraino ere

/imgs/20070101/img.tema-portada.01.jpg Sei espainiarretik batek (zazpi milioi eta erdi lagunek, beraz) 65 urte baino gehiago ditu IMSERSO erakundearen arestiko datuen arabera. Espainiako hiritarren zahartze horrek mendekotasunik nozitzen duen populazioaren hazkuntza progresiboa ondorioztatu du: egun, izan ere, 1.125.000 pertsona baino gehiago dira eguneroko bizitzan normaltasunez bere kasa aritzeko gauza ez direnak, gaitasun fisiko edo mentalen urritze latz edo erabatekoa nozitzearren; horrek, noski, pertsona horiek janzteko, jateko, toki batetik bestera mugitzeko, etc, senideek edo zaintzaileek etengabe artatzea agintzen du.

Zaharren egoitzak arras aukera mugatua da, horrelako aterpetxe gutxi dagoelako oraindik: Espainian 3,71 plaza baizik ez da zaharrentzako egoitza pribatu zein publikoetan 65 urtetik gorako ehun laguneko (IMSERSO-k 2006 urtean emaniko datua). Egoitza horietako gehienek, publiko direnek batik bat, eskatzailea hartzeko itxarote-zerrenda luze eta aspergarriak gaindiarazten dituzte.

Menpekotasunik nozitzen duten zaharren eguneroko artapenaren alternatiba urrietako bat eguneko zentroak dira. Mendekotasunik nozitzen duten zaharrentzat 1.703 eguneko zentro daude erregistraturik (IMSERSO-k 2005 urtean emaniko datua), denen artean 40.000 plaza osatzen dituztelarik. Izenak adierazten duen legez, mendekotasunik duen pertsona egunez jasotzen dute (eskuarki, goizeko zortzietatik ilunabarreko zazpiak arte), astelehenetik ostiralera arte eta, kasuren batean, baita asteburu eta jaietan ere. Zentro hauek hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte: artapen pertsonala, mantenua, osasun artapena, errehabilitazioa, jarduera fisikoak, aisialdiko ariketak eta, kasu gehientsuenetan, pazientearen etxetik zentrorainoko garraioa. Honelako artapen modeloa izango da Espainian oraindik orain onetsi den Mendekotasunei buruzko Legearen ardatzetako bat.

/imgs/20070101/img.tema-portada.02.jpg Gaiaren garrantziaz jabeturik, CONSUMER EROSKI-k mendekotasunik nozitzen duten pertsona zaharrentzako 134 eguneko zentro aztertu ditu A Coruña, Araba, Alacant, Asturias, Bartzelona, Kantabria, Kordoba, Granada, Gipuzkoa, Madril, Malaga, Murtzia, Nafarroa, Sevilla, Valentzia, Valladolid, Bizkaia eta Zaragozan. Era berean, zentro bakoitzeko arduradunei hainbat galdera egin zaie, zentroetako artapenaz eta zerbitzuez, erabiltzailearentzako informazioaz, prezioez, segurtasunaz eta sartzeko erraztasunez ahalik eta informazio hoberena eskuratzeko. Zentro horietako 46 publiko dira, 49 pribatu eta 39, berriz, hitzarturiko titulartasunekoak. Horiez gainera, CONSUMER EROSKI-ko teknikariek, balizko bezero gisa (senide bat bertan sartu nahi dutela aitzakiatuz), joan den urrian eguneko zentro guztiak bisitatu dituzte, instalazioen egoera eta kontserbazioa, argitasuna, zaharrek erabilgarri duten egiazko espazioa (paseatzeko tokiak, zentroko dependentzien zabaltasuna, etc.), instalazioen garbitasuna, segurtasuna eta sartzeko erraztasuna bertatik bertara egiaztatzeko.

Bertan ikusitakoaren zein zentroei eginiko inkestaren konpilazioaren bitartez erdietsitako emaitzen balantzea positiboa da (gehienez ere 10 puntu lor zitezkeela, batez bestekoa 7,3 puntukoa izan da, CONSUMER EROSKI-k 2002 urtean eginiko antzeko azterketan jasotakoa baino hobea, alegia. Azpimarratzeko moduko gabezia batzuek, dena den, hortxe diraute. Osotasunaren maila ona gorabehera, hamar establezimendutik bik ez dute proba gainditu behar bezainbeste sendagile eta espezialistarik ez edukitzearren eta hamar eguneko zentrotik seik itxarote-zerrenda betearazten dute; eragozpen hori hautematen da, gehienbat, titulartasun publikoetan (%87) eta plaza hitzartuak dituzten zentroetan (%74); pribatuetan, berriz, hori %22tan bakarrik jazotzen da. Itxarote zerrenda delako muga hori dutenetan 14 pertsona daude zain, batez beste, baina bederatzi zentrotan zerrenda horietan 30 lagun baino gehiago daude izen emanik. Hona azterlan honetako ondorio nabarmenetako bat: eguneko zentro publikoak, pribatuak baino dezente merkeagoak izateaz gainera, pittin bat hobeak ere badira (7,8 puntu publikoek, 7,4 puntu pribatuek eta 6,7 puntu hitzartuek).

Artapenaren kalitatea, hurrengorako eskegirik

/imgs/20070101/img.tema-portada.03.jpg Eguneko zentroaren kalitatearen adierazleetako bat zuzeneko artapeneko pertsonalaren (sendagile, psikologo, erizain, laguntzaile, zahartzain, etab.) zuzkidura da. Adiera horretan hornikuntza urria da: hamar zentrotatik seik bakarrik daukate zuzeneko artapeneko profesional bat gehienez ere sei erabiltzailerentzat (horixe da, elkarrizketaturiko espezialisten iritziz, artapen-gradu egokia). Ratio hori, hein handiago batean zentro publikoetan (%74) betetzen da; pribatuetan proportzio hori zentroen %56tan eta hitzartuetakoen erdian bakarrik errespetatzen da. Hiru eguneko zentrotik bakar batek dauka egun sendagile-estaldura etengabea: kopuru hori 2002ko txostenean agertu zenaren ia berdin-berdina da. Bestetik, honelako hamar zentrotik hirutan (%32) baizik ez dute geriatrian espezializaturiko sendagilerik, nahiz espezialitate aproposena horixe izan.

/imgs/20070101/img.tema-portada.04.jpg Zentroen %35ek ez dauka fisioterapeuta espezializaturik eta, areago, zentroen %7k, zerbitzu hori badaukaten arren, ez dute horretara egokituriko berariazko gelarik. Era berean, zentroen %53tan osaketak egiten dira sendagilearen kontsultan bertan, nahiz eta adituek berariazko gelatan (ahal dela, elkarren aldamenean) aritzea aholkatzen duten: horietako batean sendagile kontsultak egingo dira bakar-bakarrik eta ondokoan sendaketak.

Hobetu beharreko elementu nagusietako bat, honelako zentroetan alderdi behinenenetako bat den artapenaren kalitateak (neurtzeko moduko kalitateak, alegia, adeitasuna, errespetua eta maitasunezko tratua nekez objektibatu daitezkeelako, kasurik gehienetan) bilduriko suspentso mordoa (%33) nabarmentzen da: jasoriko datuek dioskutenez, pertsonalaren hornikuntza eta kualifikazioa eskasak dira, urriak.

Zentroen %16k soilik ematen die hilero erabiltzaileen senideei berauen bilakaerari buruzko idatzizko informazioa: gorabeherak, jardueren antolakuntza, etc. CONSUMER EROSKI-k kontsultaturiko gerontologia eta geriatria alorretako adituek adierazi zutenez, erabiltzaile bakoitzaren egoera eta mendekotasun gradua kontuan harturik, egokiena hilabetea edo seihilekoa hartuko duen jarraipen pertsonalizatua egitea da. Hamar zentrotik ia lauk (%37) ez dute bertan jolaserako zonarik, ezta 250 metro baino gertuago parkerik ere.

Segurtasuna, hobetzeko modukoa; garbitasunean, ederki

CONSUMER EROSKI-ko teknikariek eginiko azterketaren arabera, instalazioen garbitasun, argitasun eta zabaltasunei dagokienez, zentro guztiek, oro har, egoera egoki-egokia agertzen dute baina horien %12tako altzarien kontserbazioak akatsak erakusten ditu edo, bestela, erreformak egitea eskatzen dute gela batzuek. Balantze positiboa segurtasun neurrietara ere hedatzen da: ezintasun fisiko eta psikikoak nozitzen dituzten pertsona zaharrak babesteko ekipamenduetan segurtasuna delako hori funtsezkoa da; horrela bada, 2002 urtean eginiko txosten haren aldean, oraingo egoerak hobera egin du. Bada salbuespenik, hala ere: zentro pribatu eta hitzartuetan eta publikoen %94tan ongi taxuturiko larrialdi-plana baduten arren (erkidegoetako legerietan xedatua dagoen bezala, alegia), azterturiko zentroen erdiek baino gehiagok (%54) onartzen dute behin ere ez dutela egin sute-simulaziorik (2002ko azterketan jasotako hartan bezalatsu). Duela lau urte, kontsultaturiko zentroen %15ek ez zuen suteak atzemateko sistemarik baina egun proportzio hori %9raino jaitsi da. Ikusten denez, datu hori ere hobetzeko modukoa da oraino.

Zerbitzuetan, ongi

Janarietan -berealdiko garrantzia duen alderdia da hau- eguneko zentroek kalifikazio ona merezi dute. Horien %95ek adierazi dutenez, erabiltzaileen premia dietetikoetara (ugari-ugariak, adin handi horretako populazioan) egokitutako dieta ematen dute: establezimenduen %94k diabetikoentzako berariazko dieta dute, dieta begetarianoak hamarretik ia hirutan zerbitzatzen dira, %63tan irenste-arazoak nozitzen dituztenentzako dieta prestatzen dute eta %17tan, berriz, hipertentsioa dutenentzakoak.

CONSUMER EROSKI-k zentroak bisitatu eta egiaztatu ahal izan zuenez, instalazioen %90tan jantokiak behar bezain zabalak ziren. Erreklamazio eta iradokizunen atalean, erabiltzaileen eta hauen senideen iradokizunak jasoko dituen mekanismoa izateko obligazioa Legeak berariaz xedatua duen arren, zentroen %65ek ez dute zerbitzu hori. Egoera salatzeko modukoa da, gutxienez (2002 urtean horrelakorik ez zuten zentroen portzentajea %17 zen).

Zentro guztien %17k baizik ez dituzte ateak zabaltzen larunbat eta igandean, nolabaiteko menpekotasunik nozitzen duten erabiltzaileen senideen eskakizunei harrera egiteko eta bere burua ahal den guztian inplikatzeko; larunbatean irekitzen dutenak, berriz, %10 baino ez dira. Eguneko zentroen %42 urteko sasoi batean itxita egoten da (jai egunean edota uda parteko -abuztuan, eskuarki- oporraldietan).

Garraio egokitua: inbertsio garesti baina premiazkoa

/imgs/20070101/img.tema-portada.05.jpg 2002 urtean kontsultaturiko eguneko zentroen erdiek ez zuten bertako garraio zerbitzurik baina oraingoan egiaztatu ahal izan denez, zentroen %13k ez daukate garraio egokiturik -igogailuak, garabiak, arrapalak, etab.-, mugikortasun mugatuko pertsonentzat (hortaz, menpekotasunik nozitzen duten zahar askorentzat) zerbitzu hori funtsezkoa bada ere. Horiek horrela ere, garraio zerbitzua daukaten lau zentrotik ia batean, zaharrak gidariarentzat bakarrik doaz autobusean, lekualdaketetan laguntzaile izan dezaketen osasun- edo beste ezein alorretako pertsonalik gabe.

Garraioaren kostuei dagokiela, aipa dezagun hemen hiru zentrotik bik hileko fakturan garraio-tarifa sartzen dutela eta gainerakoek aparte kobratzen dute. Kontsultaturiko zentro pribatuetan atzemaniko batez besteko prezioa, hileko, 125 euro da; batez besteko garestienak Madrilen (260 euro), Bartzelonan (240 euro) eta Kantabrian (220 euro); merkeenak, aldiz, Valentzia eta Valladoliden (60 euro hilean) eta Zaragozan (70 euro).

Podologia eta ile-apainketa

/imgs/20070101/img.tema-portada.06.jpg Eguneko zentroetako “izarrak” dira podologia eta ile-apainketa zerbitzuak. Podologiari zahar eta senide askok sekulako garrantzia ematen diote, adin handiko pertsonek nozitzen dituzten oinetako arazo ohikoak direla medio. Zerbitzu horiek, normalean, aparte kobratzen dira: podologia zerbitzua, zentroen %85etan eta ile-apainketa %94tan. Batez besteko prezioak, ile-apainketa zerbitzuagatik, 8 euro da eta podologiagatik 12 euro; hemen ez dago alde nabarmenik zentro publiko, pribatu eta hitzartuen artean baina zentro jakin batzuetan, adibidez, ile-apainketa zerbitzua 23 euroraino kobratzen da (Nafarroakoren batean) eta 50 euroraino (Malagan) podologia zerbitzu bakoitzeko.

Irisgarri- tasuna, hobetzeko modukoa

Bainu geriatrikoak ia zentro guztiek dauzkate eta zentro bakoitzak, batez beste, hiru bainu ditu. Horrez gainera, eguneko zentroen %94 ongi egokituak daude (zentrora gurpildun aulkian sar daiteke, badira arrapalak eskailerak saihesteko, etc.). Halaz ere, bisitatu ditugun hamar zentrotik lauk ez dituzte ongi egokituriko sarbideak horrela eskatzen duten eraikineko dependentzietan (arrapalak edo igogailuak). Era berean, zentroen %54tan bakarrik daude heltzeko esku-barandak establezimendu osoan: horrelako barrak arras garrantzitsuak dira zoritxarreko erorikoak saihesteko. Bisitatu ditugun zentroen %6k ez dituzte behar bezala seinaleztaturiko komun egokituak.

Osoko balorazioa

CONSUMER EROSKI-ko teknikariek tokian bertan eginiko azterketatik eta zentroetako arduradunek emaniko informaziotik jasotako emaitzetan oinarrituriko azken kalifikazioak, oro har, asetzeko modukoak dira (“ongi” eta “oso ongi” artekoak) baina lurralde batetik bestera aldeak hautematen dira. Zerbitzuen atalean batez bestekoa “ongi – oso ongi” bada ere, Granadako zentroek gainditzeke utzi dute proba. Kalifikazio okerrenak agertu dituen eremua artapena da: batez besteko balorazioa “gainditua” da, gehienez ere. Proba gainditzeke utzi dutenak hauek dira: A Coruña, Kantabria, Gipuzkoa, Sevilla eta Zaragoza (denak, “erdipurdi”). Artapen alorrean hobekien hornituak daudenak Madril, Murtzia, Nafarroa eta Valladolidekoak dira (“oso ongi”). Zentroen garbitasun eta kontserbazio egoerari goazkiola, lurralde guztiek balorazio on-onak jaso dituzte, A Coruñak eta Granadak izan ezik; hauen kalifikazioa “onargarri” baizik ez da, bisitaturiko zentroren batean hautemaniko gabezien eraginez (altzari zaharrak, nahikoa eserlekurik ez, erabilerak higaturiko aulkiak, zoru eta horma zikinak, etc.).

Kalifikazio hoberenak irabazi dituzten zentroak, hitz batez, Araba, Alacant, Madril, Murtzia, Nafarroa eta Valladolidekoak dira (batez bestekoa, “oso ongi”).

Zenbat kostatzen da eguneko zentroa?

/imgs/20070101/img.tema-portada.07.jpgBatez besteko prezioa, hilean eta erabiltzaile bakoitzeko, 508 euro da. Zentro pribatuetan batez besteko kopuru hori 638 euroraino doa, hots, titulartasun publikokoek batez beste kobratzen dutenaren bi halako (336 euro). Hitzartuek gutxixeago kobratzen dute: 473 euro. Egun eguneko zentroak garesti samarrak direla ondoriozta daiteke, beraz, egoitzen prezioen aldean: CONSUMER EROSKI-k 2005 urtean argitaratu zen legez (ik. Zaharren Egoitzen azterketa) egoitza pribatuetan ordaindu beharreko batez bestekoa 1.342 euro zen, hilean; publikoetan, berriz, 956 euro. Eguneko zentroei dagokienez, gainera, goian aipatu dugun bezala, pribatuetan podologia, ile-apainketa, garraioa eta antzeko zerbitzuak hileko tarifan sartuak ez daudenez, familiek egin beharreko gastua harik eta handiagoa da. Nabarmen dezagun Gipuzkoan (zentro bat), Nafarroan (zentro bat), Malagan (bi zentro) eta Bartzelonan (lau zentro) dauden eguneko zentro pribatuen kasuak: horiek hilean 900 euro inguru kobratzen duten (ia-ia egoitza batek adina), azterlan honetako batez bestekoaren bikoa, kasik.

Eguneko zentroa aukeratzen lagunduko duten 10 erantzun eta konparaketako taula

Zer da eguneko zentroa?

Establezimendu horiek, egunez, mendekotasun fisiko edo psikiko-sozialekin loturiko arazoak nozitzen dituzten pertsona zaharrei artapen integral indibidualizatua ematen diete. Egoitzatik kanpoko programa horri esker pertsona zaharrak bere etxean lo egin dezake. Autonomi erkidego zenbaitek honelako zentroak bestela bataiatu dituzte espainolez: horra hor Andaluziak izendaturiko Egunezko Egonaldirako Unitateak.

AHOLKUA: jakin ezazu zeure udalerrian -edo inguruetan- zeure premiak asetzeko moduko eguneko zentrorik ba ote den. Aukera ezazu haren senideak edo lagunak bizi diren tokitik gertuko zentroa.

Nolako helburua dute eguneko egonaldi programek?

Pertsona edadetuaren autonomia pertsonala mantendu edo hobetzea eta zaharrak artatzeko lana bereganatua duten senide edo zaintzaileak sostengatzea eta, era berean, horiei lana eta bizitzako alor hori uztartzeko aukera ematea. Zaharrei, artapena jasotzeaz gainera, beren aisialdiaz gozatzeko bide man behar diete programa horiek.

AHOLKUA: egiazta ezazu eguneko zentroak eskaintzen dizkizun zerbitzuek zure premiak asetzen dituela eta jakin ezazu nolakoak diren gainerako aukerak. Hitz egin ezazu laguntzaile sozialen batekin orientazioa hartzeko.

Nolako baldintzak bete behar dira horrelako zentroetan sartzeko?

  • Autonomi erkidegoak determinatzen duen adina (60-65 urte inguru).
  • Eskaera egiten den udalerri edo autonomi erkidego horretan erroldaturik egotea.
  • Gaixotasun infekto-kutsagarririk edo kronikorik, egoera terminalean, ez nozitzea. Zentroko elkarbizitza larriki aztora dezaketen jokabide-trastornorik edo gaixotasun mentalik nozitzen dituzten pertsonen sarrera mugatzen dute administrazio batzuek; ez dute horrela jokatzen, dena dela, hainbat motatako dementziatan edota Alzheimerrean espezializaturiko zentro psiko-geriatrikoek.
  • Norberari edo famili unitateari eman beharreko diru-laguntzaren premia egiaztatzea.

AHOLKUA: ahal dela, ez egin alferrikako gestio eta lekualdaketa. Deitu telefonoz: galde ezazu zein diren sartzeko baldintzak, nolako dokumentazioa aurkeztu behar den, (baldin badago) itxarote-zerrenda nolakoa den; beharrezkoa bada, eska ezazu aurretiazko hitzordua.

Noren menpeko dira?

Eguneko zentroak titulartasun publiko, pribatu edo hitzartukoak izan daitezke. Aurrenekoak autonomiako edo tokiko administrazioek kudeatzen dituzte eta pribatuak erakunde edo partikular batek gestionatzen ditu. Hitzartuen kasuan, berriz, titulartasun pribatua eta hainbat plaza publiko konbinatzen dira eta azken hauek zentro publikoetakoen baldintza berberak bete behar dituzte.

Eguneko zentro motak

  • Titulartasunari dagokiola: publikoa, pribatua eta hitzartua.
  • Erabiltzaileen arabera: baliodunentzako zentroak, lagunduentzakoak, zentro mistoak (bai bere kasa baliatzen direnak, baita nolabaiteko menpekotasuna nozitzen duten pertsonak artatzen dituztenak) eta psiko-geriatrikoak, arazo fisikoak (Alzheimer edota antzekoak) nozitzen dituztenentzat.
  • Eguneko zentroaren artapen-motaren arabera: laborala, etengabekoa edo asteburu eta jaiegunetakoa.

AHOLKUA: zentro jakinen batean interesik baldin baduzu, erabakia hartu aurretik bisita ezazu arreta osoz. Egiazta ezazu zentroa baimendua dagoela. Irakurri arreta handiz Barne Araudia eta Harrera Kontratua.

Nolako zerbitzuak eskaintzen ditu?

Ohikoenak artapen pertsonalizatuko zerbitzuak dira: erizaintza, ostalaritza, artapen soziala, terapia okupazionala, fisioterapia eta animazio soziokulturala. Horiek ez ezik, eguneko zentroek aukerako zerbitzuak ere eskaintzen dituzte, hala nola: garraioa, ile-apainketa, podologia, kapera…etc.

AHOLKUA: egiazta ezazu zentroak nahikoa pertsonala baduela, langileek behar bezalako titulazioa eta eskarmentua daukatela.

Zentroen gutxieneko materialak

Eguneko zentro gehientsuenek harrera eta arropa gordetzeko altzariak, jantokia, jarduera-area, zaharren premietara eta gurpildun aulkietara egokituriko komunak dituzte. Bainu geriatrikoa edukitzea ez da derrigorrezkoa Espainiako autonomi erkidego denetan; areago, toki batzuetan tarifa aparte ordaintzen da erabilera bakoitzeko. Materialek ez labaingarriak eta erraz ikuzteko modukoak izan behar dute.

Behar bezalako aireztatze eta egurastea edukitzea zentro guztiei galdatzen zaie; zentroek, era berean, ur beroa eta kalefakzio sistemak eduki behar dituzte. Erkidegoetako legeriak aintzat hartzen duen beste alderdi bat argiztapena da, apainketarekin batera; giroa atsegin eta naturala izatea lortu nahi da horien bidez.

Ongi seinaleztaturiko larrialdiko argiak ere eduki behar ditu zentroak dependentzia denetan eta, era berean, erabiltzaileek eskura telefonoa eduki behar dute. Altzariek pertsona zaharrentzat seguru, iraunkor eta erosoak izan behar dute, behar bezalako mantenuz zaindu behar dira eta gurpildun aulkia bertatik ibiltzerik ez dute altzariek galarazi behar.

AHOLKUA: eska ezazu eguneko zentroko areak erakuts diezazkizuten; egiazta ezazu zabalak eta behar bezain ongi egurastu eta argiztatuak direla, komun osoak dauzkatela. Egiazta ezazu, era berean, dependentzia guztiak higiene eta osasun-egoera perfektuan daudela.

Ordutegiak

Pertsona edadetuek eguneko zentroan egunean 11 ordu izateko aukera izaten dute, batez beste (8:00etatik 19:00ak arte).

AHOLKUA: Galde ezazu zure lagun edo senidea eguneko egonaldian bisita ahal dezakezun eta nolako ordutegia duen libre bisitak hartzeko.

Prezioak

Eguneko zentro askotako hileko tarifa aldatu egiten da, zaharren mendekotasun mailaren arabera (eguneko zentroetako hilekoaren batez besteko tarifa 508 euro inguru dabil: 336 euro publikoetan, 473 euro hitzartuetan eta 638 euro pribatuetan). Prezio horretan erabiltzailearen oinarrizko artapena sartzen da (elikadura, osasun zerbitzua eta artapena). Zentro pribatuen prezioan ez da sartzen garraio egokitua eta, pribatu zein publiko eta hitzartuetan, apartekotzat harturiko zerbitzuak (podologia, ile-apainketa, etab.) aparte kobratzen dira.

AHOLKUA: eska ezazu prezioan sartzen diren eta aparte ordaindu behar izaten diren zerbitzuen gaineko informazioa.
Gogoan izan era bat baino gehiagotako diru-laguntzak jasotzeko eskubidea izan dezakezula: kontsulta egin ezazu, beraz.

Zentroen kalitatea

Kontua da, ahal den heinean, pertsonari etxean balego bezala sentiaraztea eta laguntza ematea, bai bere eguneroko jardueretan, baita beste kideekiko elkarreraginean eroso ibil dadin.

AHOLKUA: kontsulta ezazu zentroaren hainbat alderdiren berri: larrialdi sistemak, janarien asteko plana (ongi osatua, bariatua, egokitua eta sendagileak ikuskatua izan dadin), senideekiko komunikabideak, pertsona horiekin egiten dituzten jarduerak, errehabilitazio zerbitzuak, etab.