Botika eta jakitegia egokiro uztartzeko garrantziaz
Egun, prospektuek kontu horren gaineko argibide eta aholkuak ohi dakartzate, bai “Elkarreraginak” atalean, baita “Kontraindikazioak”, “Ohartarazpenak” eta “Segurtasun neurriak” sailetan ere. Botikek elkarren artean edota elikagaiekin eragin kaltegarririk sortaraziko ote duten egiaztatzeko unean sendagilearen edota botikariaren aholkua jaso dezakegu, gainera: aholkularitza hau mesedegarria dute gaixotasun kronikoa nozitzen duten pazienteek, batik bat.
Elkarreraginak ugari-ugariak badira ere, garrantzi kliniko handikoak gizakiaren egoera nutrizionala arriskutan jartzen dutenak baizik ez dira -digestioaren alterazioak (goragalea, gonbitoa, etc.) edo nutrizio-gabeziak eragin ditzaketen botikak, adibidez-, botiken eraginkortasuna edo segurtasuna arriskutan dagoenean. Elkarreragin horiek errezeta bidez edo horrelakorik gabe eskuratutako botikekin jazo daitezke: horrela gertatzen da, hainbat antiazidorekin edota osagarri dietetikoekin, esate baterako.
Elikabidea eta botiken arteko elkarreraginak
- Gantz ugaridun dieta. Hiesaren tratamenduan baliatzen diren botiken -zidovudina, indinavir, didanosina- eraginkortasuna makaltzen duenez, botika horiek barau edo janaria hasi baino ordubete lehenago hartu behar izaten dira.
- Proteina ugaridun dieta. Ultzeraren aurkako sukralfatoaren xurgamena ahultzen duenez, barau edo janaria hasi baino bi ordu lehenago hartu behar da.
- K bitamina ugaridun elikagaiak (aza, erremolatxa, letxuga, te berde, txerri edo behi gibela eta ilar berdeetan datzana): ahoz hartzen diren antikoagulatzaileen -warfarina eta azenokumarola- eragina ahultzen dute.
- Baratxuri ugaridun dieta. Proteasaren inhibitzaileen (hiesaren tratamenduan baliatzen diren sakinovir eta antzekoak) eraginkortasuna galarazten du eta, bste aldetik, ahozko antikoagulatzaileen -warfarina eta azenokuramola- eragina areagotu egiten duenez, baratxuri (edo baratxuridun perla zein pilula) gehiegi ez da hartu behar, hemorragia eta odolustearen arriskua sortzen baita horrela.
- Tiramina ugaridun elikagaiak (proteina ugaridun elikagai zahartu, heldu edo hartziak, hala nola sardinzarra, gazta ondua, hesteki batzuk, etc.). Tiramina aminoazidoa da, eragin antidepresiboa duten eta MAO (mono-amino-oxidasa) inhibitzen duten botika batzuekin elkarreragina sortzen duen proteinen osagaietako bat, alegia. Honelako botikak eta aipatu dugun dieta uztartzearren gertatu ziren garun-hemorragiak eta krisialdi hipertentsiboen kasu batzuk 1964 urtean bertan eman ziren argitara. Tratamendua hartzen den bitartean (baita amaitu ondorengo hiru astetan ere) tiramina ugariko elikagaiei saihets egin behar zaie, zorrotz.
- Esnea eta esnekiak. Tetraziklina eta tankerako antibiotikoen eraginkortasuna eta xurgamena ahultzen dituzte. Botika horiek ez dira behin ere hartu behar esne, kaltzio-gatz edo esnekiekin batera. Antibiotikoa hartu denetik esnekiak irentsi arte bi orduko tartea betetzea aholkatzen dute.
- Ahuakatea. Gantz ugariko elikagai honek ahozko antikoagulatzaileen eragina makaltzen duenez, bata eta besteak batera hartzeari saihets egitea aholkatzen dute.
- Pomelo zukua. Zuku hau ez da behin ere hartu behar hipertentsio arterialaren kontrako tratamenduetan preskribatzen diren kaltzioaren antagonistekin ?felodipina, nifedipina, etab.-, transplanteen arbuioaren kontrako botikekin, antihistaminikoekin eta beste hainbat botikarekin batera, erreakzio toxikoak eragin baititzakete.
- Erregaliza: honakoa txiklean, bonboietan, zigarroetan, tabako-nahaskietan eta garagardoan datza. Azido glizirrikoa dauka, aldosterona hormonaren tankerako estruktura duena. Likido eta sodio-atxikipenaren eta hipokaliemiaren -odoletan potasio urria- mesedetan dihardu eta tentsio altuaren kontrako hainbat botikaren -diuretiko tiazidiko eta beta-blokeatzaileen- eragina ezabatzen du.
- Soja. Bularreko minbiziaren prebentzioan baliatzen den tamoxifeno antiestrogenikozko tratamendua hartzen duten emakume zenbaitetan, sojak horren eragina indargabetzen duenez, botika eta elikagaia batera hartzeari saihets egin behar zaio. Beste hainbat botikaren -haloperidol (nerbio-sistemaren alterazioak gertatzne direnean hartzen dena) eta warfarina, besteak beste- toxikotasuna areagotu egiten du.
strong>Laranja zukua. C bitamina ugariko elikagai eredugarri honek anemiaren tratamenduan burdinadun osagarrien xurgamena areagotu egiten duenez, organismoaren burdina-erreserbak errazkiago berdintzen laguntzen du.
Botikek eraginiko alterazio zenbait
Botika batzuek apetitua areagotu edo makaldu egin dezakete: minbiziaren aurkakoek, maiz, goragalea eta gonbitoen eragile dira; intsulinak, esteroideek, antidepresiboek eta mota jakin batzuetako antihistaminek apetitua piztu egin dezakete, normaltasunetik haratago ere.
Bitika zenbaitek urdailean narritadura eragin dezaketenez, hobe da janariarekin edo esnearekin hartzea. Horrela gertatzen da esteroideoak ez diren antiinflamatorioen kasuan, adibidez.
Botika batzuek nutrienteen xurgapena eragotzi egiten dute. Idorreriaren aurka baliatzen den olio mineralak -parafina olioa-, adibidez, – A, D, E eta K bitamina liposolubleen xurgapena galarazten du eta aluminio-gatzez osaturiko libragarriek, berriz, fosfatoen eta A bitaminaren xurgapena ahultzen dute. Antiazidoek B1 bitaminaren eta burdinaren gabezi arriskua areagotzen dute, antikonbultsiboek azido folikoarena, D eta K bitaminena, etc.
- Segurta ezazu zure sendagileak badakiela nolako botikak hartzen dituzun, bai eskuarki bai inoiz edo behin, preskribatu gabe eskuratzen dituzunak barne.
- Irakurri arretaz botiken prospektuak eta errezetarik gabeko “konponbideek” dakarten informazioa. Gauza gehiago jakin nahi baduzu, galdetu sendagileari edo botikariari.
- Hartu botikak ur askorekin.
- Ez nahasi botikak eta elikagaiak edo hartu kapsulak bereiz, sendagileak bestelakorik agindu ezean.
- Ez hartu botikarik edari beroekin batera: oso litekeena da berotasunak botikaren eragina indargabetzea.
- Ez hartu botikarik alkoholarekin.
- Farmaziak bere ordenagailuan botiken kontrola eramaten du. Botikak farmazia berean erosten badituzu eta bertako profesionalari hartzen dituzun botika guzti-guztien -bai preskribatuak, bai salmenta librekoak eta osagarri dietetikoak- berri ematen badiozu, zure osasunarentzat kaltegarririk izan litekeen erreakziorik gerta ez dadin aurreikus dezake berak.