Adopziora egokitzeaz

Adoptaturiko haurrek -hirugarren munduko herrialdeetakoak, batik bat- beren familia berrietan integratu ahal izateko, konplexutasunez josiriko prozesu eta aldiak gainditu behar dituzte
1 urtarrila de 2007

Adopziora egokitzeaz

/imgs/20070101/img.informe.01.jpg Pazientziarik eza, beldurra, nekea eta lilura galtzea, Espainian adopzioa egitea deliberatzen duten milaka familiaren ohiko laguntzaile dira horiek eta, gainera, eskuarki ez dira suntsitzen haurra familia berrira iristean. Gizarte zerbitzuetako arduradunekiko elkarrizketen emaitzak eta txostenak jaso eta bestelako tramite burokratikoak bete bitarteko itxarote amaigabea ere adingabekoaren jarrerarekin, jendaurreko jokaerarekin, elikatzearekin eta, hitz batez, garatzearekin loturiko arazo bihurtzen dira.

Gurasotzako askoren erronka berria, dudarik gabe, seme-alabek familia berriaren maitasuna onartzean datza. Haur horietako gehientsuenak azken aterpe izan duten umezurztegi eta zentro arras prekarioetan arreta, maitasun, estimulu arrastorik ez dute behin ere jaso eta, jakina, horrek umearen garapenean berebiziko eragina izan dezake: bizpahiru urterekin oraino mahaira esertzeari eta elikagai solidoak jateari uko egiten diote (biberoia nahiago baitute), gurasoen besoetan baizik ez dute egon nahi, ez dute beroriengandik bereizi gura, etc. Kanpoko herrialdeetan eginiko adopzioak direnean, berriz, arazoak harik eta larriagoak dira, txikien kultura, hizkuntza eta ohiturak bestelakoak izaki. Espainian 2005ean 35 herrialdetatik adoptatu ziren 5.423 haurretatik, 2.753 Txinatik zetozen, 1.262 Errusiar Federaziotik, 394 Ukrainiatik, 224 Kolonbiatik eta 227 Etiopiatik. Lan eta Gizarte Arazoetako Ministerio espainiarrak emaniko datuen arabera, Espainiako haurren adopzioa guztiaren %10 baizik ez da.

/imgs/20070101/img.informe.02.jpg Haur horien bagajea abandonatzea, arretarik eza eta antzeko zauriz josia dator: gabeziok famili bizitzan eragina agertzen dute gerora, jokamolde zail eta okerretan gorpuztuz. Nolanahi ere, komunikazioan, elkarrenganako konfiantza eta errespetuan, jendetasunean, maitasunean eta familiaz kanpoko pertsonekiko harremanetan oinarrituriko bizi-azturetara familiako kide berria egokitzeko ardura ez da haurrarena bakar-bakarrik. Gogoan izan dezagun, kasu asko eta askotan gurasoak ere haurraren integrazioan eta familiaren elkarbizitzan eragina duten arrisku faktore direla, txikiaren arazoak kudeatzeko prestaturik ez daudelako, adopzioaz eta adoptaturiko haurraz lilurazko edo okerreko itxaropenak ezarri dituztelako, liskar eta arazoak konpontzeko trebezia eskasa agertu dutelako, profesionalen laguntza eskatzeko euskarri sozialik edo motibaziorik sentitu ez dutelako, etc.

Haurraren adina, berebiziko faktorea

/imgs/20070101/img.informe.03.jpg Adopzioak protagonista txikien bizitzari eta garapen psikologikoari aldaketa latzak eragiten dizkie. Haurtxo bat adoptatzen denean, gertatzen ari diren aldaketez ez da jabetzen umetxoa baina haurra konturatu egiten da, sentitzen duena adierazteko gauza ez bada ere. Horregatik kontuan izan behar da abandonatzea zein adinetan eta nolako gorabeheretan gertatu den, horrek eragin gordina izan baitezake: umea zenbat eta helduagoa izan, orduan eta sufrimendu handiagoa, historia latzagoa, babesgabe larriagoa nozi zezakeen. Haurrak espainiar familietara batez beste hiru urteak beterik iristen dira, egoera prekarioetan bizi diren herrialdeetatik.

Arazo larriena hortaz, umeak jatorriko familiarekin elkarbizitzan eman duen urte parea eta, maiz, aterpe-erakundeetan eta baldintza zailetan igaro duen aldia ez ezagutzea da. Horiek onartu eta horien aurrean erantzunik ematea funtsezkoa da; are eta gehiago, adopzioaren aurre-aurretiko bizipenak umea gerora egoki dadin erabatekoak direla kontuan izanik. Dena dela, oraingo pertsona heldu batzuk ordezko familian edo umezurztegian hazi eta hezi izan dira, eskerronekoa eta emozionalki egokia izan dute bizipena eta inongo arazorik gabe egokitu dira egoera berriari.

Eritasunak mehatxuan

Adoptaturiko umearen herentzia genetikoa, ernaldia eta bizitzako lehen egunak misterio iluna dira senide berrientzat. Etxe berrira iritsitakoan azterketa orokorra egin behar zaio ezinbestez, behar bezalako tratamendua egin dezan eta jatorriko herrian ohikoak diren (baina Espainian zeharo suntsituak izan diren edo oraino ezagun ez diren) gaixotasunen transmisioa galarazteko.

Adopzioa eta Jasotzearen Defentsarako Koordinakundeko (AJDK) pediatrentzako Gidak emaniko datuen arabera, Espainiatik kanpo adoptatuak izan diren haurrek nozitzen dituzten patologien %25 baino gehiago garapen neuromaduratiboak agertzen dituen atzerapenekin (esfinterrak kontrolatzeko arazoak, eskolan ikasteko edota etekinak ateratzeko trastornoak, dislexia, disgrafia, etc.), anemiarekin, urdaileko parisitosiarekin eta loaren arazoekin lotuak badaude ere, kasuen %95etan epe motz eta ertainerako tratamendua afektiboa da. Aipaturiko txostenean azpimarratzen den bezala, Espainiatik kanpo adoptaturiko haurren osasun arazorik larrienak psikologikoak eta atzerapen psikomotorea (“umezurztegiaren sindrome” ezaguna) dira: azken hau, izan ere, adoptaturiko umeen %30ek nozitzen dute.

Umezurztegi zenbaiten egoera ezbaitsuari dagokiola, estrabismoa nozitzen dute ume askok, ingurune txiki-txikietan hazi direlako, kanpo aldera irten ez baitira. Afekzio hori era jakin bateko umezurztegietan gertatzen da: horrelakoetan maindireekin biltzen da umearen sehaska-inguru osoa, haurrak hortik kanpoko deus ikus ez dezan eta, bide batez, beste inor molesta ez dezan. Praktika horrek hertsaturik, haurtxoak ezin gara dezake ikusmena era naturalean. Behar ez bezalako aireztatze edo egurastearen ondorioz, arnasketa aparatuko zoldurak ere ohiko kontua dira horrelako umeetan eta, noski, okerreko elikabideak gaitz guztiak elkarren artean kutsatzea errazten du.

Honelako eta bestelako patologiak atzematea hagitz garrantzitsua da, umea sendatuko bada. Horretarako, hoberena (eta premiazkoena) sendagileak aurreneko hiru egunetan ebaluazioa egitea da. Osasun arazoak atzeman eta garaiz esku hartu ezean (haurren %20-30ek osasun arazo larriak dituen arren, kasu horien erdiak ez ziren susmatu edo aintzat hartu adopzioa gertatu aurretik) haur horien etorkizuneko garapen fisiko, emozional eta intelektualean eragina izateaz gainera, familia berrian egokitu eta integratzeko zailtasuna areagotu egin dezake, adopzioaren porrota ondorioztatzeraino.

Nola aurre egin arazo larrienei

/imgs/20070101/img.informe.04.jpg

  • Ez du maitasunik agertzen. Pazientziaz hartu behar da, luzera begira, konfiantzaz jokatu eta haren aldamenean jardun, lokarri afektiboa osatzea lagunduko duten aukerak eskainiz: eguneroko jarduerak berarekin partekatzea, jolasean aritzea, beren gauzekiko interesa agertzea, etab. Oraindik sentitzen ez duen maitasun baten adierazpenik ez zaio agerrarazi behar, inola ere.
  • Familia arbuiatzen du. Haurrak bere famili egoera ezagutzen duela, jatorrizko familiarekin itzultzeko aukera daukala, zer gertatu den ulertzen duela berresteak garrantzi handia du. Berarekin batera gerora begirako planak egiteak, izan ere, familia berrian integratzean nozi dezakeen behin-behinekotasun sentimendua ezabatzen lagunduko dio.
  • Iraganarekin etsipenez oroitzen da. Sentimenduak, behinik behin, errespetatu behar zaizkio: horrelakoak edukitzeko eskubide osoa du, ezin zaio bere barne bizitza ebatsi. Gainera, atzean utzi dituen pertsonekiko eta senide berriekiko sentimendu kontrajarriak landu eta aton ditzan euskailua eman behar zaio.
  • Arreta eta estimu gehiegi eskatzen du. Bere ingurukoen premiak ulertu eta errespeta ditzan irakatsi behar zaio. Elkarrekin bizi ahal izateko arau batzuk denek errespetatu beharrekoak dira.
  • Adopzioak porrot egingo duen beldur dago. Gizakiak lokarri afektibo iraunkorrak finkatzeko premia du. Norbaitengan sinetsi ahal izateko, oinarrizko premiak ase eta bermatuak izan behar ditugu. Ezinbestekoa da haurrarengan familia-kidetasun sentimendu sendoa sortzea. Geroaldiarekiko ziurgabetasuna ezaba daiteke haur horrekin famili bizitzako hainbat alderdi antolatuz eta haurrari horretan parte harraraziz. Berari aldaketen berri eman, berarekin planak aztertu eta gertatuko dena aurreikusi behar da, nolanahi ere.
  • Gezurretan dabil maiz. Askotan, lehen urteetan umeak “bizirik irauteko” ahalegin guztiak egin eta zernahik balio duela usteko du. Zerbait lortzekotan, beraz, gezurretan aritzea ohiko jokaera, are onargarri ere bilaka daiteke egokiera horretan. Defentsa mekanismo horiek (gezurra edo neurriz kanpoko fantasia) ezabatuz joango dira umeak bestelako baliabideak eskuratu ahala. Gezurretan ari den bakoitzean berarengan ipini dugun konfiantza hautsi egiten dela azaldu beharko zaio, maiz azaldu ere. Gezurra esatearen ondorioak egia esatearenak baino okerragoak direla ere jakin beharko du lehenbailehen.
  • Eskolan arazoak ditu. Adoptatu duten familientzako tentsio-gunerik latzenetako bat eskola da. Umeen gabezia, atzerapen eta trastornoen ondoriozko zailtasunek errealismoz jokatzea eskatzen dute, ikasketen helburu eta erritmoei dagokiela. Eskolako etekina hobetu egiten da abiagunetzat umearen egoera hartzen denean, helduen itxaropenetatik abiatu ordez. Ikasketen aurrean haren motibazioa sustatu beharra dago, bere auto-estimazioa eta segurantzia emozionala hobetuz.

Aholkuak

  • Adoptaturiko umearen aurrekinak, gertakariak, kalteak, traumak eta bizipenak ezagutzeak berebiziko garrantzia du, bere nortasunean, jokabidean, aiurrian, errealitatea atzemateko moduan, garapenean eta familiaren baitako elkarbizitzan eragina dutelako. Aurrekin horiek jakiteari esker, izan ere, txikiaren ondore, trastorno eta atzerapenak emaitza hobeak lortzeko bermearekin ulertu eta landu ahal izango dira.
  • Adoptaturiko pertsonaren egoera bere garapen-alor guztietatik -fisikotik, psikologikotik, heltze-alorretik, kognitibotik, intelektualetik, sozialetik, etc.- ebaluatzea komeni izaten da.
  • Nolako haurrak, halako bilakaera-erritmoa. Eta erritmo hori hertsatzeak lortu nahi dugun helburuaz beste aldekoa ekar dezake.
  • /imgs/20070101/img.informe.05.jpgUmeak jasotzen dituen estimuluak dosifikatu egin behar dira, estimulu gehiegi izateak bai gehiegizko kitzikadura baita inhibizioa sor bailezake haurrarengan. Txikienak, eskuarki, eremu urri-urrian bizi izan direnez, hemengo zernahi berri dute: soinuak, espazioak, usainak, mugimenduak, baita ingurukoekiko gorputz-kontaktua bera ere. Garrantzitsua da umeak gurasoak eta etxea bere ingurune berri gisa identifikatzea. Famili eta gizarte giroko gainerakoak pixkanaka sartuko dira egurats horretan: hastapenean, bat-batean aurpegi berri gehiegi ikustea umearentzat izugarri eta nahasgarri gerta daitezke.
  • Adoptatu nahi den umeak hiru urte baino gehiago baditu funtsezkoa da adin horretako umeen psikologian sendo prestatzea, guraso berriengan konfiantza sorrarazteko eta txikiengan egokipen zoriontsu eta azkarra bermatzeko.
  • Hiru urtetik gorako ume horren iraganeko historiak sorrarazten duen beldur edo segurtasun-eza familiak gainditzerik ez badu, hobe du bere mugak onartu eta horrelako adopzioari uko egitea edo, gutxien-gutxienez, poliki joatea, haurrarekiko topaketa hobeto prestatzeko astirik hartzea.
  • Adin horretako haurrak, maiz, iraganeko zerbaiti heldu nahi izaten du (jostailu edo arroparen bat) gauza hori, askotan, “trantsiziorako elementu” bihurtzen baita, aldaketak eraginiko egonezina arintzen, iraganiko bizitza lagatzen eta egoera berriko gorabeherak hobeto nozitzen lagunduko diona. Horrela ulertu behar da eta bere nahi hori errespetatu behar zaio, gainera. Gauza horiek, pixkanaka, umeak ez ditu ezinbestekotzat joko eta naturaltasun osoz urrunduko da beraietatik.
  • Era guztietako gabeziak pairatu dituen umearen aurrean errazena da orori baiezkoa eman eta mugarik ez ezartzea. Gurasoek, dena dela, umeari ulertarazi behar diote beraiek direla agintariak eta arauak hausteak ondorio jakin batzuk dituela. Hori laguntzaile eraginkorra izango da umeak hasiera-hasieratik familiaren baitan eta bertatik kanpora jokabide aproposak ager ditzan.
  • Hizkuntza-arazoak erraz konpontzen dira, haurrarekin komunikazio kodea ezartzeko arreta eta interesa emanez eta, horrela, zerbait gertatzen zaion, ezer adierazi nahi duen, zer gura duen, zer gustatzen zaion eta zeren beldur den atzemateko.