Telefono mugikorrak

Mila eta bat funtziodun aparatua

Teknologiaren etengabeko aurrerapenari, gizarte digitalaren garapenari eta aisialdia eta mugikortasunaren arteko konbergentziari esker, telefono mugikorren funtzioak biderkatzen ari dira
1 azaroa de 2006
Img nntt 02 listado

Mila eta bat funtziodun aparatua

/imgs/20061101/img.internet.02.jpg

Teknologia “domestikoaren” bilakaeraren zutabeetako bat telefono mugikorra da, bai etengabe eraldatzen ari delako, baita, azalean behintzat, kontsumitzailearen egarri bizia ezin ase daitekeelako. Industria horren osasun onaren kausak era askotakoak badira ere, horietako gehienak telekomunikazioen etengabeko aurrerapenari eta beste hainbat alorrekin -aisialdia, komunikazioaren (testuak, soinuak, irudiak) transmisioa, etab.- erdiesten ari den lotura hertsiari zor zaizkie. Gizarte digitalak zenbat eta aurrerago egin orduan eta argiago ikusten du bai fabrikatzaileak, baita kontsumitzaileak ere, potentzial teknologikoa ahalik eta aparatu txikien, arinen eta maneiagarrienean bildu beharra dagoela. Funtzio mordo hori bere baitan biltzeko hautagairik argiena telefono mugikorra da, dudarik gabe.

Lehenago beste hainbat aparatuk monopolizatzen zituzten zereginetako asko dakartzate orain azken modeloek: gradu ertaineko prestazioak eskaintzen dituen zeinahi telefonok egin ditzake megapixel bateko zehazpeneko argazkiak eta horietako dozena batzuk metatzeko bezainbesteko memoria dauka. Era berean, irrati emisorean sintonizatzeko, MP3 formatuan artxiboak erreproduzitzeko, bideoklip musikalak agertzeko edota testuak idatzi eta biltzeko gauza da, testudun (SMS) zein irudidun (MMS) mezuak igortzeko aukera ematen du, etc. Hona hemen telefono mugikorrak izan ditzakeen beste hainbat ezaugarri: ordenagailura argazkiak deskargatzeko irteerak eta mugikorrera bideoak kargatzeko sarrerak, JAVA teknologian jokoak metatzeko gaitasuna eta, jakina, gainerako erabiltzaileekin telefonoz hitz egiteko aukera.

Hainbat generazio

/imgs/20061101/img.internet.01.jpg

Telefonia mugikorra hainbat “generaziotan” barrena garatu da. Denetan lehena (1982 – 1992) erabat analogikoa izan zen. Bigarrenak, azken hamar urteotan erabilia, GSM teknologiaren garapena (eraikinen goialdeetan antenak ezarri dituena) izan du bereizgarri nagusia. GSM motako telefonoek seinaleak etengabe igortzen dituzte antenetara, egindako deiak transferitzeko edo jasotzaileraino helarazteko. GSM motako mugikor batek hirigunean, estaldura zabal batez, kalitate oneko deiak egin eta testudun mezuak (SMS) igor ditzake, adibidez.

Mugikorren hurrengo generazio edo belaunaldia ez da 3.a, 2,5.a baizik. GSM teknologiaren ahizpa hobetua den GPRS berriak baldintzatua dator eta emaitza agerian dago: informazio handiagoa igor daiteke -MMS multimedia mezuak (argazkiak), adibidez- eta Internetera konektatzeko baliagarria da; beraz, mezu elektronikoak igorri eta jaso daitezke. Beste ezer gutxi, baina.

3G: ordenagailu ala telefono mugikor?

Egun, merkatuak 2.5 belaunalditik UMTS teknologian oinarrituriko 3. belaunaldirako (3G) trantsizioa bizi du. Teknologia berri hau urte askotxotan garatu bada ere, erabat finkatzeko GSM antenetan aldaketa ugari -inbertsio handiak, alegia- egin behar direnez, telefoniako operadoreek ez dute berehala onartu berrikuntza. Horri esker Interneten erabat sar daiteke, nabigatu, bilaketak egin, era guztietako testu zein multimedia motako informazioa maneiatu, bideojokoetan aritu, telebista ikusi (Internet bidez, oraino), etc. Telefonoz ere hitz egin daiteke, noski, are doan ere jardunez, Skype bezalako programak erabiliz, Sarean konektaturiko 3G telefonoa daukan beste norbaitekin solastatu nahi bada.

3G motako telefonoak, azken finean, dokumentuak idatzi, informazioak kontsultatu edo mezu elektronikoak bidaltzeko aukera ematen duten ordenagailu txiki bihurtzen dira, erabiltzailea dagoen tokian dagoela ere. Bere burua antolatzeko berariazko sistema operatiboa daukaten smartphon edo telefono adimentsu derizte horrelakoei. Merkatuan hainbat sistema daude salgai: Nokiak Symbian sortu zuen bere aparatuentzat baina beste marka askotan ere abegi ona egin diote. Microsoftek, berriz, Windows Mobile izenekoa atera zuen, ondoren.

Zein telefono erosiko?

/imgs/20061101/img.internet.03.jpg

Erabiltzaileak bere egiazko premien arabera erabaki beharko du; aparatuaren gaitasunek ez gaituzte itsutu behar, praktikan erabiliko ez ditugun heinean, behintzat. Esate baterako, benetan eskuratu nahi duguna deiak egin eta SMS mezuak igortzeko telefonoa baldin bada, ez da zertan 100 eurotik gora gastatu, lehen mailako aparatua eskuratzeko.

Argazkiak eta bideoa egiteko kameradun telefonoak eros daitezke 120 eurotik gora baina, alderdi hori baino garrantzi handiagokoa, hartutako irudiak ordenagailura deskargatzeko gauza izatea da; eta hori, prezio horretan ez da bat ere ohikoa. Telefonia mugikorraren negozioa, tamalez, erabiltzaileak egiten dituen gestio guzti-guztiak ordain ditzan diseinatua dago.

Adibidez, argazki bat egin eta beste norbaiti igorri nahi bazaio, zure aparatuak seguruenik ez dizu aukerarik emango kable bat sartu eta irudia beste dispositibo batera pasatzeko, bertatik posta elektroniko bidez doan bidal dadin; aitzitik, ordea, MMS bidez egin beharko duzu, merketik bat ere ez duen prezioan (euro erditik eurora bitarte). Horrenbestez, multimedia telefono bat erostean beste hainbat dispositiborekin -bluetooth motakoekin, behintzat- konekta daitekeela egiaztatu behar da. Operadoreari ordaindu gabe, mugikorrean multimedia artxiboak kargatzeko ere baliagarri gertatuko da. Kamera eta bluetooth konexio motaz hornituriko aparatuak 130 eurotik gora daude salgai merkatuan.

Buru hotza eskatzen duen beste alderdi bat: Interneten sartzeko gaitasuna. Horrelako ahalmena daukan telefono baten prezioa 200 eurotik ia 600 euroraino doa. Zenbat eta prezio handiagoa hainbat eta gaitasun handiagoak, jakina. Baina Internetekin konektatzeko eta mezu elektronikoak igortzeko zerbitzuak aski garestiak direnez, erabiltzailek inoiz edo behin bakarrik erabiltzen dituzte; beraz, telefono horrek nekez ordainduko du bere burua ahalmen horiek erabiltzeke (Espainiako operadoreek eskaintzen dituzten tarifa lauak, hilean gigabyte bateko igoera-jaitsiera muga izaki, hilean 30 euro inguruan dabiltza).

Etorkizunera begira, ostera, 3G telefonoa edukitzea inbertsio egokia gerta daiteke: teknologia berri (UMA) bati esker, oraingo prezioetan baino merkeago egin ahal izango dira finko eta mugikorren arteko deiak.