Ez galdu informazio hau, baldin eta?
- Ibilgailua aseguratzeko poliza sinatu nahi baduzu
- Istripua nozitu duzu eta zure ibilgailua erabateko hondamen egoeran geratu bada
- Zure aseguru konpainiak ematen duen balio benala istripua nozitu duen ibilgailuaren tankerako beste bat erosteko adinakoa ez bada
Ordainketa hau ez da beti aski
“Erabateko hondamena” esakunea gidari askorentzat aseguru konpainiarekin liskar bide bilakatu da. Istripua nozitu duen ibilgailua konpontzea ezinezkoa izateak, eskuarki, asegurua duen jabea eta konpainiaren arteko istilu iturri izaten da. Aseguru konpainia gehientsuek automobila konpontzea kostatuko litzatekeena baino indemnizazio txikiagoak eskaintzen dituzte. Horrelakoetan bazabiltza, ez etsipenik eman, ez zaitez asebete dirutza ziztrin batekin: horrekin ez autoa konpon zenezake, ez berria ekar zenezake-eta. Dirutza horiei balio benala deritze; bestela esateko, jeneralean kontsumitzailearen interesen galera esan nahi du horrek. Zer da balio benala?
Halakotzat jotzen da istripua nozitu duen datan ibilgailuak zuen salmenta-balioa, erosketa-merkatukoa baino txikiagoa, noski. Balio hori konpainietako perituek tasatzen dute eta, ibilgailua konpontzea baino merkeagoa denean, aseguru konpainiek konpontze lanak ordaintzeari uko egin ohi diote: horren ordez balio benala eskaintzen diote bezeroari.
Errua nirea denean, balio benal hori baizik ez zait eman behar?
Ez beti. Horregatik komeni da polizan agertzen diren baldintzak ikustea. Baliteke zure automobila aurreneko urteetan erosi berri bezalako balioan aseguratua izatea edo portzentaje batez hobeturiko balio benalean, erosketa-merkatuko balioan. Epaitegi Gorenaren arabera, indemnizazioa balio benalera mugatzen duen klausula baliozkoa izan dadin, nabarmendua agertu behar du eta, gainera, aseguratuaren sinadura agertu behar du bertan.
Errua beste ibilgailuarena izan denean, zer erreklama daiteke?
Konpontze lanen kostua ibilgailuarena baino handiagoa denean, hartu kontuan aholku hauek (finko eta uniforme ez badira ere):
- a) Abiapuntua: indemnizazioaren munta konponketak adierazi behar du. Besteren erruagatik kaltetuta gertatu denari bere ondarea istripua gertatu aurretik zegoen bezala geratzeko eskubidea zor zaio, ez tu inongo galerarik nozitu behar.
- b) Kalteturik egokitu denak ez du aberastu behar. Konponketa egin dakion eta ondasunik ez galtzeko eskubidea du, ez besterik. Horregatik, ibilgailua konpondu edo ez konpondu, bi planteamendu egiten dira horrelakoetan:
- b.1) Txikizioak konpondu direnean edo konpontzeko asmo zintzoa dagoenean, indemnizazioaren munta konpontze lan horien fakturak (BEZ eta guzti) adieraziko du.
- b.1.1) Zenbaitetan indemnizazioari gutxitze-portzentajea aplikatzen zaio, erabilitako piezen ordez berriak sartzeak ibilgailuari eransten dioten balio-gehikuntzaren arabera.
- b.1.2) Ibilgailua konpontzearen balioa balio benala baino askozaz ere handiagoa denean, hauxe izango da indemnizazioa ezartzeko baliatuko den erreferentzia; balio hori behar bezainbeste handituko da, antzeko beste ibilgailu baten erosketa gastuak estali arte. Horrenbestez, indemnizazioaren munta kalkulatzeko, kasuan kasuko gorabeherak aztertu behar dira.
- b.2) Ezbeharra nozitu duen ibilgailua konpontzen ez bada, kalteturik gertatu denari balio benala gehi diru-kopuru bat (%20 – %25) ordainduko zaio indemnizazio gisa, bigarren eskuko merkatuan antzeko beste automobil bat erosi ahal izan dezan. Konpontze lanik egin gabe, horien balizko balio osoa ordainduko balitzaio, kaltetutakoa bidegabe aberastuko litzateke: ezbeharra gertatu denean ibilgailuak balio zuena baino diru gehiago jasoko lukeelako.
- b.1) Txikizioak konpondu direnean edo konpontzeko asmo zintzoa dagoenean, indemnizazioaren munta konpontze lan horien fakturak (BEZ eta guzti) adieraziko du.
- Arrisku orotarako asegurua kontratatzean, galde ezazu erabateko galeragatiko baldintzen berri. Berriaren pareko balioagatik aseguratzen baduzu, ordaindu duzun prezioaren araberako indemnizazioa eman beharko zaizu.
- Errua hirugarrengo batena denean eta ordaintzea komeni baldin bazaio, egin horrela eta erreklama itzazu konpontze lanen eta bidezko epe batean ibilgailurik ez edukitzeak sorrarazitako gastuen munta. Epaiketara jotzen baduzu, jakin ezazu epaitegiak ez dizula arrazoia automatikoki emango. Konpontze lanaren kalitatea dela medio, ibilgailuaren balioa dezente handitzen bada, epaitegietan jasoko duzun diru kopurua nabarmen jaits daiteke. Arrisku hori arintzeko, erabilitako piezekin egin dezakezu konponketa.
- Konpontze lanak ibilgailuaren balio benala baino askoz ere handiagoa denean, epaitegi batzuek indemnizazioa kalkulatzeko honelako eragiketa egin izan dute: konponketaren kostua gehi balio benala zati bi.
- Baliabide ekonomikorik ez izatearren ibilgailua konpontzerik ez baduzu eta konpontze lanen munta erreklamatu nahi baduzu, epaitegietara jo dezakezu, zure eskariaren arrazoiak adieraziz eta epaiaren exekuzio fasean ibilgailua konpontzeko asmo zintzoa duzula agertuz.