Kandidiasia / Lan asko egiteak hipertentsioa ekar dezake / Hipnosia burusoilentzat / Hautsak ez du asma sustatzen / Ilargi betean, nekatuago / Elkarrizketa: Ian Banks, Gizonezkoen Osasuna Zaintzeko Europar Foroko Presidentea

1 azaroa de 2006

Kandidiasia / Lan asko egiteak hipertentsioa ekar dezake / Hipnosia burusoilentzat / Hautsak ez du asma sustatzen / Ilargi betean, nekatuago / Elkarrizketa: Ian Banks, Gizonezkoen Osasuna Zaintzeko Europar Foroko Presidentea

Hitz bitan

Kandidiasia

Kimioterapiazko tratamendua, espektro zabaleko antibiotikoak edota kortikoideak luzaro hartzen ari diren pertsonek candida generoko onddoak produzitzen duen kandidiasia nozitzeko aukera handiagoak dituzte. Onddo hori aho, digestio aparatuko eta sexu-organoetako mukosetan datza eta hortik organismo osora heda daiteke, koadro patologikoa sorraraziz.

Gaztigatzean kalterik ez…

Lan asko egiteak hipertentsioa ekar dezake

Jende askoren ametsa da lanik egin gabe bizi ahal izatea. Oraintxe dute aitzakia ezin hobea lan gutxiago egiteko, gutxienez: Urriko Hypertension aldizkarian argitaratu denez, Amerikako Estatu Batuetan 24.000 pertsonarekin eginiko azterketa batek erakutsi du lan gehiegi egitea osasunarentzat kaltegarri gerta daitekeela, presio arterialaren igoera larria proboka dezake-eta. Ikertzaileek diotenez, lanordu ugariko jardunaldiak lanaldi horren eraginetatik gizakiari errekuperatzeko ordu gutxiago uzten dio, are eta gutxiago lanaldi jarraitua denean. Lantokian denbora asko emateak gehiago edan eta erretzea, oreka urriko dieta hartzea eta ariketarik ez egitea dakartza eskutik: faktore horiek guztiek, batera, hipertentsio arterialari eta gaitz kardiobaskularrei bidea berdintzen diote.

Albisteak

Hipnosia burusoilentzat

Ez xanpurik, ez loziorik, ez bitamina-konplexurik. Alopecia areata nozitzen dutenek ile-galera hipnosiaren bidez arin dezakete. Horrela diote Journal of the American Academy of Dermatology aldizkarian ikerlan bat argitaratu duten zientzialariek. Ikerketa horretan, %30etik gorako ile-galera nozitua zuten 21 lagun tratatu ziren. Hipnoterapiaren ostean, eraginiko arearen %75ean ilea berriro agertu zitzaien 12 pazienteri eta beste bederatzik ile osoa berreskuratu zuten. Zientzialariek ikerkuntza dihardute, ilearen hazkuntza hipnosiak zehatz-mehatz nola eragiten duen ezagutzen ez delako oraino; beraz, emaitza horiek orientazio gisakoak dira.

Hautsak ez du asma sustatzen

Alergia eta asma jasaten duten haurrentzat egokiena ez omen da etxea ezin garbiago edukitzea. The New England Journal of Medicine aldizkarian argitaraturiko azterlan batek egiaztatu duenez, orain arte esan izan denaz beste aldera, bakteriodun substantzia -hautsetan do animalietan datzana, adibidez- gehiagoren erdian bizi diren haurrek asma nozitzeko arrisku txikiagoa dute. Austria, Suitza eta Alemaniako ikertzaileek sei eta hamahiru urte bitarteko 800 haur (horietatik, 319 baserrian bizi ziren) ebaluatu dituzte. Azterketako emaitzek agertzen dutenez, etxean azienda zeukaten haurren %4,1ek bakarrik du saralearen sukarra eta %3,1ek, asma. Gainerako pazienteetan patologia horien eragina %10,5 eta %5,9ekoa zen.

Ilargi betean, nekatuago

Herri xeheak ilargialdiak aldaketa fisiologikoekin, osasunaren trastornoekin eta jokamoldearen aldaketekin lotu izan ditu beti. Hori zientifikoki frogatu da oraindik orain. Journal of Sleep Research aldizkari zientifikoan aresti argitaratutako azterlan batek frogatu duenez, goizeko nekea ilargialdiekin lotua dago eta unatze hori ilargi betean harik eta larriagoa da.

Elkarrizketa

Ian Banks, Gizonezkoen Osasuna Zaintzeko Europar Foroko Presidentea

“Erditze osteko depresioa aiten %10ek ere nozitzen dute”

Gizonezkoak emakumeak baino lehenago hiltzen dira; kausa naturalen biktima, bakarrik?
Gizonezkoaren burua matxuratu xamarra dago. Lehen arretako sendagile batek, halaz ere, emakumearen depresioa gizonezkoarena baino hobeki ulertzen uste du eta, horregatik, sakonkiago diagnostikatzen du.

Baliteke gizonezkoari ahuleziak gainerako gizasemeei erakustea ez gustatzea.
Erresuma Batuan suizidioen %75 gizonezko helduena da. Eta Britainia Handian 35 urte arteko gizonezkoen hilkortasun-kausa behinena, izan ere, suizidioa da.

Horren sentibera da gizasemea?
Emakumea bezain sentibera, edo gehiago; gure arazoa emozioak kanporatzeko zailtasuna da, berehala ahuleziatzat jotzen ditugu eta, hortaz, lotsatu egiten gara horietaz.

Kontua ez da maitasunezko frakasoak anbulatorioko sendagileari kontatzera jotzea.
Frakaso horrek nolako intentsitatez erasotzen digun. Sintoma fisiko ugari (burukominak, sorbaldako minak, insomnioa edota gastroenteritisa, adibidez) gaizki konpondutako gatazka emozional baten ondorio izan daitezke.

Edatea ahazteko ote?
Bai, zera! Alfer-alferrik da. Alkohol lar kontsumitzen dutenen %67 eta alkoholarekiko mendekotasuna dutenen %80 gizonezkoak dira. Erditze osteko depresioa emakumeak bakarrik pairatzen duela ere ez da egia: hamar gurasotatik batek agertzen du gaitz hori.