Zeri egozten diozu zeure buruak piztu duen interes mediatikoa, Asturiasko Printzea saria hartu izanari edo fisika kuantikoaren alor biziki arraro horretan mundu erreferentzia gisakoa espainiar bat izateko harrotasunari?
Saria jasotzeak, dudarik gabe, lehen ilaran jarri ninduen baina, ene ustez, fisika kuantikoa bera ere arras erakargarria da. Badu bakanetik zerbait, badu alderdi esoterikorik eta, fisika hori badela badakigun arren, ikusmira pizten du. Hemendik urte batzuetara partikula bidez funtzionatuko lukeen ordenagailurik izatea ere imajinatzea dibertigarria da niretzat.
Fisika kuantikoak zer du materialetik?
Fisika kuantikoaren %80 esperimentala da. Propietateak forma bakar batek definituak ez daudela esatea formula errealen araberakoa da. Badirudi partikula aldi berean leku bat baino gehiagotan dagoela, denborak propietateak definitzen dituela, propietate horiek agertzen eta desagertzen direla. Hori laborategian eguneroko kontua da, oso-oso erreala da.
Hiroshiman jaurti zuten bonba atomiko harez geroztik, herritarra galdezka dabil zertarako asmatzen edo aurkitzen diren energia nuklearra eta antzekoak, horien erabilera zinez zitala izanik.
Aurrerapen zientifiko baten okerreko erabilerak ez du asmakuntza bera zital bihurtzen. Hari beretik, energia nuklearrak jendea hiltzeko balio dezake baina bizitzak salbatzeko era balio dezake. Oraintxe bertan minbizi mota batzuk fisika nuklearra aplikatuz sendatzen dira eta, etorkizunean -lanean ari dira dagoeneko- fusio nuklearrak, gaurkoa ez bezalako energia atomiko garbia izaki, petrolioarekiko eta beste hainbat energia zikin eta agorgarriren iturrirekiko menpekotasuna gainditzen lagunduko omen du.
Europan eginiko ikerketa baten arabera, dagokiola, bigarren mailako irakaskuntzan matematikaren ezagutza eskasena agertu duen herrialdea Espainia da. Oso argia zara zu ala irakasleekin suerte handia izan zenuen?
Irakasle on-onak izan nituen nik, Unibertsitatean batik bat, eta matematikarekin ez nuen behin ere izan arazorik, gure ama matematika irakasle baitzen Institutuan. Espainiako hezkuntza sistemaren zailtasuna ez dakit zein den, baina datu estatistikoek beste herrialde batzuk hobeak direla frogatzen dutenean, erantzuna maila altuagoko herrialde horietan omen dago. Kontua da horien programa eta irakasteko modua kopiatzerik ba ote dugun. Nolanahi ere, zortzigarren hamarkadan matematika oso modu kualitatiboan irakasteko moda indarrean ibili zen mundu zabalean, ikasgaia ulertzeko esfortzua arintzeko xedez, baina moda hark porrot egin zuen.
Bitxia bada ere, teoremak balira bezala ematen dituzu erantzunak, bere ordenan eta zehaztasun osoz, zirrikiturik utzi gabe. Zer duzu hori, akats profesionala ala komunikatzeko modu soila?
Akats profesionala, inondik inora; familiak ere horrela esaten dit eta,egunetik egunera okerrera doa. Zientzialariok asko eztabaidatzen dugu geure artean, etengabe harremanetan gaude; kateaturiko eta teorema eta formuletan oin harturiko arrazonamendu bidez komunikatzen gara eta horrek, atzenean, bidea egiten du.
Zure hizkera apaldu gabe edo ideiak soildu gabe zenbat pertsonarekin parteka dezakezu ezagutzarik?
Fisika kuantikoaren alorrean pare bat mila lagun gabiltza munduan. Irizpidea hedatuz 20.000raino irits gintezke, ez haratago. Zientzialariok arraro samarrak garela pentsatzen dut neuk ere, tarteka.
Udan Madrilen Matematikaren Nazioarteko Kongresua egin zen: bertan aitortu zuten Perelman errusiarrak Poincaré-ren aierua teorema bihurtu zuela. Ba al dakizu zertan den hori?
Konpondu zuen problema ezagun dut, fisikarekin hertsiki lotua baitago, gure diziplinan biziki baliagarria izango da. Asko-askotan fisikak galdetu, matematikak konpondu eta fisikak aplikatu egiten du. Bestela esateko, matematikoaren pentsaera abstraktuak fisikaria problemak konpontzera edo haren bidetik segitzera darama.
Zientzia fikzioko filmek akats nabarmenak egiten dituztenean zientifikoaren sena itzartzen zaizu ala nahiago duzu engainaturik irautea?
Inoiz edo, konturatu izan naiz. Gure irakasle batek horrelakoen zerrenda egin eta, tarteka, eskolan kontatu egiten zizkigun. Atsegina zen hura baina geroz eta akats gutxiago ikusten da horrelakoetan, pelikulak ederki eginak daude eta, ene ustez, gidoilariek zientzialarien aholkularitza zehatza jaso dute. Asmakuntza edo egintza batzuek, dena den, zientziaren hatzaparretatik ihes egiten dute: izaki bat deskonposatu eta bat-batean beste nonbait uzten duen makina, adibidez, fantasia hutsa da.
Hori, gerora egin ahal izango al da edo fisikoki ezinezkoa da?
Ezinezkoa da. Naturaren legeek ez dute ahalbideratzen materia bat-batean bidaltzerik. Badira teoria batzuk, mikropartikulak igortzen dituen arraren hipotesia bezala, baina atzenean Naturak agintzen du.
Aspaldi honetan, publikazio zientifiko ospetsuetan hainbat iruzur argitaratu dira, sasi-aurkikuntzak, eta. Zorroztasunik ezaren emaitza, ala?
Zorionez gutxi izan dira, eta artikulu esperimental zenbaiti zegozkienak. Teoria bat frogatzen denean iruzurrik egitea ezinezkoa da, urrats guztiak eginez gorpuz daitezkeen arauak betetzearen ebidentzia delako hori. Gizatalde batek, ordea, esperimentua egin duela eta ondorio batera iritsi dela dioenean eta ondorio hori ontzat ematen badu, oso litekeena da mundu osoan beste ezein talderik bertan lanean ez aritu izana izatea; beraz, horren egiazkotasuna frogatu arte denbora igaroko da. Agian taldeak, emaitza nabarmenagoak lortzeko, grafiko bat eraldatu egingo zuen eta, orduan, kontua grafiko horretaraino iristea da. Baina ezagutu ditugun kasu horiez kanpo, ez dut besteren berririk nik, bederen. Bakana, aparta da hori.
“Ihes eginiko garuna” zara zu. Zer egin daiteke ikerlariek beren herritik alde egin ez dezaten?
Badira alemanak Estatu Batuetan, estatubatuarrak Japonian eta japoniarrak Britainia Handian ere. Ezin bideratuzkoa da, eta alfer-alferrikakoa, herrialdean herrialdeko lehen mailako zientzialariak diziplina bakoitzean ikerkuntzan jardutea. Espainiarentzat garrantzi handienekoa da ez da “garunak” berreskuratzea, ekartzea baizik. Diziplina batean edo batzuetan zentratu eta punta-puntan ibiltzea, alegia, lantalde hori mimatzea, hoberena fitxatu eta erreferentzia bilakatzea.
Oraindik orain plazaratu den Europar batasuneko azterlan batek dioenez, europar ikertzaileen erdiak emakumeak dira. Teoria batzuek ziotenez, emakumearen garunak gizonezkoarenak baino egokipen eskasagoa zuen ulerpen matematikorako. Egia ote?
Ez dut uste. Matematika eta fisikan diharduten emakume ezin argiagoak ezagutzen ditut nik.. Iparraldeko herrialdeetan, Alemanian, Eskandinavian, Britainia handian, Estatu Batuetan… ikerkuntza alorrean emakume gutxi jardutea deigarri egiten zait, egiari zor. Hori ez da, inondik ere, herrialde horietako berdintasunaz a priori dugun ideiaren isla. Europako eta Amerikako herrialdeetako emakumeen kopurua, berriz, gizonezkoenaren paretsukoa da.
Informazioa igortzea dela-eta, batek eta zeroek osaturiko sistema bitarra ulertzera iritsi ez garen honetan, nola ulertu etorkizunean horrelako sistemarik izango ez dela?
Batek pentsa lezake egungo batari eta zeroari bia erants geniezaiokeela. Baina kontua ez da hori. Hori azaltzen saiatuz, konparazio bat ezarriko dugu. eman dezagun xakean ari garela; joko-arauak aldatu egingo ditugu: erregea koadro bat mugitzean bi errege bihurtzen da; alfila, pieza bat jandakoan, beste koloreko bihur daiteke. Bestelako arauak finkatzen dira, hitz batez. Ordenagailuekin ere, antzeko zerbait gertatzen da. Horiek funtzionarazten dituzten egungo arauak baliatu ordez, informatika egiteko legeak aldatu egingo ditugu. Batak hiru tokitan daude aldi berean, zeroak lekuz aldatzean bikoiztu egiten dira, baturak paraleloan egiten dira. Bestelako legeak eta erantzunak formulatuko dira, mundu makroskopikoko arauekin ezin uler ditzakegunak; ez, ordea, garapen faltagatik, bestelako jokoaz ari garelako baizik.
Asko falta al da horretarako?
Falta da, kriptologiarekin loturiko komunikazio sistema batzuetan aplikazio kuantikorik, hein batean, garatu bada ere. Izan, badira kalkuluak egiten dituzten ordenagailu kuantikoak, baina hastapen fasean dabiltza oraino.
Galderak, ostera, formulatuak al daude?
Galderetako asko, bai; kontua, orain, teknologia hobetzea da; denbora eta diru kontua, alegia. Badira, dena den, egin beharreko beste hainbat galdera ere. Bestela ez genuke lanik izango! Ordenagailu kuantikoa nola izan litekeen eraginkorragoa, errepikagailu kuantikoak nola osatu behar diren… horrelako galderak egin behar ditugu.
Gainerako gizakientzat ezin ulertuzkoak diren gauzetan pentsatzen ari ez zarenean, zertan ematen duzu denbora?
Normaltxoa naiz ni. Lagunekin irteten naiz, garagardo batzuk hartzera, alabekin eta emaztearekin izaten naiz, irakurri egiten dut.
Lehen hitza: gainjartzea, hots, objektu berak aldi berean bi propietate desberdin izateko gaitasuna. Zerbait horia eta gorria izan daiteke aldi berean, unibertso desberdin edo gainjarrietan. Edo, gauza bera: atomo bat bi tokitan egon daiteke aldi berean, gainjartze egoeran. Bigarren hitza: elkarlotzea; horretarako bi sistema behar dira eta sistema horien egoerak gainjartzea izan behar du. Adibidez: bi txanpon dauzkazu. Horietako bakoitza aurki, binper edo gainjartze egoeran ager daiteke, hots, aurki eta binper batera edo ez aurki eta ez binper, batera. Bi txanponak aurki badituzu, gainjartze egoera duzu. Baina, zuk txanpon horietako bati begiratzen diozunean berak erabakitzen du aurki edo binper egon nahi duen. Hirugarren hitza: neurria edo behapena, objektua behatzen duzunean aldatu egiten delako. Zuk begiratzean, aldarazi egiten diozu. So zaudenean beti ikusten duzu aurki edo binper.