Konpontze lan txikiak egiteko
Burusia, ahaztuta utzitako jostailua, orrazia, ur botila erdi hutsik, CD batzuk eta koipez zikindutako oihal pusketan bildutako bihurkin bare bat: horra hor maletategiko noranahi isiltasunean eta ikusezin doazen bidaiariak, gidari eta senitartekoen laguntzaile. Aspaldiko erreminta kutxa astun -aresti arte, autoan beti presente- haren ordez aliketatxo bat eta beste zertxobait jarri da orain. Automobilean elektronika masiboki sartzea eta teknologia honen sinesgarritasun handiagoa direla medio, gidari guztiek ibilgailuaren oinarrizko zaintzak -olioa aldatzea, mantenua, etc.- mekaniko profesionalen eskuetan utzi dituzte. Adituek, nolanahi ere, autoan hainbat erreminta eramatea aholkatzen dute, ezbehar txikiei aurre egin ahal izateko: lanpara bat aldatu, askatutako torloju bat ipini, etc.
Erremintak aldian behin edo, baliatzen badira, adituen aholkua argia da: tresna gutxi baino onak dituen kutxa bat eramatea komeni da, behar baino lehenago higa ez daitezen. Gutxi erabiltzekotan, berriz, hobe du gidariak handiegia ez den maletatxo arin bat erosi baina, kontuz, piezen kopuru handiarekin itsutu gabe: oso litekeena da horiek txikiegi eta kalitate eskasekoak izatea. Erreminta kutxen prezioak 17 eurotik 95eraino doaz. Kutxa hutsik ere eros daiteke, 15 euro ordainduta: erabiltzaileak bere gustura beteko du plastikozko kirtena duten tresnekin: izan ere, plastikoak korronte elektrikotik erabiltzailea isolatu eta balizko deskargetatik babesten dute.
Ezinbestekoak
- Giltza ingelesa. Kutxa guztietan daude sei edo zortzi giltza finko, hainbat tamainatakoak, edo hainbat torlojutara egoki daitekeen zabalgarri bat, bakarra. Merkatuan giltza ingeles estandar bat 15 eurotik gora eros daiteke; giltza finkoen multzoa, berriz, 10-15 eurotan (kalitateak eragin handia du prezioan).
- Karrakadun giltza. Tokirik aldrebesenetan torloju eta azkoinak estutzen dituena da. Biziki baliagarria, esate baterako, bateria aldatzeko unean. 25 eurotik aurrera.
- Allen giltza. Hauek ere bi, lau edo sei aleko txordoetan datoz, tamaina desberdinetan. Berariazko torlojuak estutu eta askatzeko arras eraginkorrak. Bi tamainako pack bat zazpi eurotan eskura daiteke.
- Mailoa. Hau bai ezinbestekoa, giltza finko batekin, adibidez, gurpila zulatzea suertatu eta, gurpileko azkoinak askatzeko. Sei euro inguruan dabil.
- Aliketa unibertsala. Pieza behinena, oinarrizkoa, erreminta kutxa denetan dagoena, soilenetan eta espezializatuenetan ere. Hamaika lan eta zereginetan erabiltzen da aliketa: fusibleak aldatzeko, zeinahi material ebaki, piezak estutu, etc. Aliketarik soilenak 15 eurotan daude salgai baina era guztietakoak daude, horiez gainera: mutur okerrekoa, ebakitzekoa, kableak zuritzekoa, laua, mutur biribildukoa, konikoduna, etab.
- Guraizea. Hobe plastikozkoa bazterrean utzi eta metalezko argiketari edo elektrizistarena ekartzea: honen kirten aldeak ez du zertan metalezkoa izan. Izan ere, plastikoak prezioa merkatuko dio. Zeinahi burdindegitan eros daiteke, 16 eurotik gora ordainduz. Tresna babesteko zorroa hartzea ere komeni da: horrela, hezetasunetik hobe gordeko dugu, ahoak beti zorrotz.
- Bihurkina. Zereginak eta mutur-motak aginduko digu nolakoa aukeratu: horregatik eraman behar dugu izar-muturreko bat eta beste bat, pala lauduna. Erreminta kutxetan, eskuarki, bihurkin bakarra ohi dago, mutur bat baino gehiago aldagarri dituena. Bonbillak aldatzean, funtsezkoak. Prezioak: bospasei eurotik hogeirainokoak.
Erreminta kutxetan ez ohi dauden arren, edukitzea komeniko liratekeenak
- Linterna. Kutxa sofistikatuenek -hots, garestiene- baizik ez daukate linterna. Horregatik hoberena da horrelako bat erosi eta kutxan sartzea, gainerako funtsezko tresnekin batera.
- Patrikako linterna arrunta. Teknikariek, automobilean aurrealdean eta eskura linterna txiki bat eramatea aholkatzen dute, eguneroko erabileran biziki baliagarria gerta daiteke ea: agiri bat bilatzeko, eserleku tarteetan eroritako zerbait jasotzeko, etc. Diseinuaren arabera aldatzen da horren prezioa, hiru eta hogeita hamar euro bitartean.
- Argitasun handiko linterna. Hobe tamaina handiegikoa eta astunegia ez izatea: horrela, motorrean erreminta bat maneiatzen ari garen edo gurpila askatzen dugun bitartean eskuan eduki dezakegu linterna pizturik. Argitasun zuri-zurikoa eta kontsumo apalekoa izatea komeni da. Baita ordezko pilak gainean eramatea.
- Eskularruak. Erreminta kutxetan horrelakoak ez ohi dauden arren, mekanikoek bi motatako eskularruak eramatea aholkatzen dute:
- Arruntak: eskuak koipez, olioz edo antzekoez ez zikintzeko. Hobe erresistentzia handikoak eta barrubigunak izatea, lorazainaren tankerakoak. Lau eta hamabost euro bitarte.
- Babesdun eskularru forratuak. Lehen-lehenik, taila egokikoak aukeratu behar dira, ez handiago eta ez txikiagorik, horrela ez baitute isolamendua bermatuko eta, txikiegiak badira, odol zirkulazioa eragotzi egingo dute. Funtsezkoa da maneiu ezin hobea egitea ahalbideratzea eta, alde horretatik, eskuak ez izerditzeak garrantzi handia du. Horregatik erosi behar dira barruki xurgatzailez hornituriko eskularruak: horrela josturek ez dute igurtzirik eragingo, gainera. Horrelako eskularruak 12 euro inguru eros daitezke automobilean espezializatutako zentroetan.
- Zinta isolatzailea. Erreminta kutxa arruntetan -55 eurotik beherakoetan- hau ere ez dago, eskuarki, baina biziki baliagarria da zuloak estaltzeko eta kableak lotzeko. Euro batean dugu zinta salgai.