Ezker izatea

Ohiko berezitasuna

Populazioaren %10 - 15 da ezkertiar
1 urria de 2004
Img miscelanea listado 296

Ohiko berezitasuna

/imgs/20041001/img.miscelanea.01.jpg
Zientziak eta kulturak egin duten aurrerakuntzari esker, ezker eskua nagusiki baliatzen dutenak ez dira egun erdi ezindu edo minusbaliatutzat hartzen. Hori, begi aurrekoa iruditzen bazaigu ere, ez da normala izan 70.eko hamarkadara arte: orduantxe zientzialariek ezker edo ezkertiar izatea pertsonaren beste ezaugarrietako bat zela esan zutenez, aurrerantzean ez zen izango zuzendu beharreko akatsa. Nolanahi ere, gutxiengo zabal horrek egun ere eskuinentzat eratu eta diseinaturiko munduan bizitzera behartua dago: eskaileratik gora joateko esku-baranda eskuinean dago, lanabesak eskuinez maneiatzeko prestatu dituzte eta musika tresnek ezkerra laguntzaile huts daukate.

Kontu genetikoa ala ausaz egokitua?

/imgs/20041001/img.miscelanea.02.jpg
Norbait eskuin ala ezker zergatik den zehaztean ikertzaileak ez dira ados jartzen. Batzuek diotenez, guraso biak edo bietako bat ezker baldin bada, joera hori herentzian jasotzeko aukerak ugaldu egiten dira; beste batzuen ustez, aldiz, naturaren txiripa hutsa da. Kontu pare batean, gutxienez, denak bat datoz: kausak neurologikoak dira, hots, ezkertiar ala eskuindar izatea garunak determinatzen du eta guraso ezkerrak seme-alaba ezkertiar den aiseago atzemango du eta kontzientzia handiagoz lagunduko du umea bere garapenean. Dena den, pertsona hori ezker dela bere autonomia ongi definitzean eta idazten hastean (hau da bost, sei, zazpi urte inguruan) berretsiko da, ez lehenago. Ordura arte pazientziaz eta errespetuz jokatzea komeni izaten da sardexka hartzeko, zapatak lotzeko edo kremailera ixteko umeak ezker eskua erabiltzen duenean. Ondo egiten lagundu beharko zaio, eskumari laguntzen zaion bezala, baina berezko trebezia horren aurrean begirunea agertuz, ikaskuntzan atzerapenik ez nozitzeko bezain artatsu izan dadin zainduz eta beste eskuaren erabilera hertsatu gabe: kontua ez da inola ere “beharturiko eskuindar” bihurtzea. Aski frogatua dago ezker aldeaz baliatzeak ez dakarrela atzerapenik garapeneko inongo alderditatik baina eskuina baliatzeko obligazioak, aitzitik, garapen hori eragotz dezake.

Garunean bestelakotasunak

/imgs/20041001/img.miscelanea.03.jpg
Bi hemisferio daude garunean: eskuinekoak gorputzaren ezker aldeko mugimenduak zuzentzen ditu eta ezkerrekoak eskuin aldeko mugimenduak. Garunak, beraz, gorputza “era gurutzatuan” kontrolatzen du eta, ia beti nagusia ezkerreko aldea denez, agindu gehien-gehienak gorputzaren eskuin aldera doaz. Honetan ezkertiarrak dira salbuespena, beraiengan alderantziz gertatzen baitira gauzok: eskuin hemisferioa da nagusi eta, ondorioz, ezker aldera igortzen ditu agindu gehientsuenak. Honelako arrazoi neurologikoetan euskailu sendoa izaki, mintzairaren ardura ezker hemisferiokoa dela frogatu izan da ikerlan batzuetan; hortik abiatuta, teoria ugarik diote bertan dautzala beste hainbat funtzio, hala nola idaztea, ahozko mintzamena, logika eta pentsaera abstraktua. Eskuin hemisferioari dagokio adierazpen emozionalaren kontrola, mimikazko mintzaira, musika eta artearekiko sentsibilitatea. Bestelakotasun horrek zientzialariei ezker hemisferiok zuzentzen zituen funtzioak garrantzi handiagokoak zirela adierazi zienez, nagusi “bataiatu” zuten. Egungo teoriek, berriz, eskuin hemisferioak betetzen dituen eginkizunak -sormen eta irudimenari dagozkionak- bigarren mailakoak direla auzitan jartzen dute.

Ikasketaren helburua: beharturiko eskuindarrik ez sortzea

Ezkertiar eta eskuindarren gaia jorratzen denean hemisferio bat edo bestearen nagusitasuna zehazteko finkatu den terminoa dator hitzetik hortzera: lateralitatea, alegia. Lateralitatea huts edo bete-betekoa da hemisferio batek alde bereko esku, oin eta begia menperatzen dituenean; zeharkako lateralitatea dela esaten da pertsona eskuindar denean begiz eta, eskuari dagokionez, ezkertiar (edo alderantziz). Azterketa batzuek diotenez, gizaki primitiboaren lateralitatea distantziakide zen eta modu berean ziharduen esku batekin zein bestearekin baina azkenean lantza eskuinarekin erabiltzea nahiago izan zuen, era horretan bihotza -borrokan, alderdirik erasogarriena- babestua baitzuen. Areago, ikerlari zenbaitek diote gehientsuok jaiotzean eskuin-ezkerti peto-petoak garela eta alde batera edo besterako joera berehala agertzen dela umearengan. Haurtxo batek bi hilabete baizik ez duenean ikus dezakegu nola banatua duen lateralitatea, hau da, nola banatzen dituen eskuma edo ezker eskuaren ardurak. Datuak ez dira erabatekoak, dena den: gogoan izan dezagun, berriro ere, oraindik orain ezkertiar izatea ezintasun antzeko zerbait zela. Beraz, azterketa zorrotz gutxi dago kontu honen gainean.

Eskuindarrentzat “alferrik” diseinaturiko gauzak

  • Haurtxoa elikatzeko koilaratxoa: okerdura txiki bat dauka, haurraren ahoan aiseago sartzeko, baina okertze hori zeharo alferrikakoa da janaria ezkertiar batek eman behar badio.
  • Lata-irekigailua: ezkerrak erabili nahi badu, zirkoko malabaristaren trebezia erakutsi beharko.
  • Arrain-pala absurdua da ezkerraren eskuetan, saltsa-koilara den bezala.
  • Golfeko makilak eta arrantzako kanaberak: eskuinentzat diseinatuak daude egun.
  • Zorrozkailuak eta eskuinentzako guraizeak ezkertiarrak ez ditu behin ere eroso maneiatuko.
Ezker oneko denda

/imgs/20041001/img.miscelanea.04.jpg
Ezkertiarrentzat diseinaturiko tresnak berariaz saltzen dituzten dendak geroz eta ugariago dira. Bitxia da establezimendu horietako zerrendak ikustea, batzuentzat mundua alderantziz dagoela frogatzen baitute.

Eskolako materiala: zentimetroak alderantziz grabatuak dauzkaten erregelak, espirala beste aldera duten zorrozkailuak, bizkar leuneko koadernoak -bizkar gogorrak idaztea galarazten dio ezkerrari-, azpian topea daukaten boligrafoak (hatzak muturreraino ez gerturatzeko), tinta ateratzeko presioaren premiarik ez dutenak.

Lanabesak: labanak, kimatzeko guraizeak, igitaiak, igeltseroentzako paleta eta plaunkaiak, belak josteko eskularruak, jostunentzako metroak eta, areago, zaldiaren apatxak garbitzeko tresnak: horiek ikustean, tradizioko lanabesa ispilura begiratzen ari garela ematen du.

Kirolerako materiala: golfeko makilak, boomerangak, beisboleko eskularruak eta pokerreko kartak eskatzen dituzte ezkertiarrek geroz eta sutsuago, lateralitatea errespetatua izango bada.

Artazi edo guraizeak: aparte jorratzea merezi dute lanabes hauek, ezkerrentzat egokitu zen lehendabiziko tresna izan baitzen: estreinakoak XX. mendearen erdialdean moldatu zirelarik, prototipo haren ondotik etorri dira gainerako guztiak: eskolakoak, sukaldekoak, jostun eta modistarenak, sendagileenak, ile-apaindegikoak, manikurakoak, burdina, beruna eta adaxkak ebakitzekoak…