Aurrez prestatu edota kuzinatutakoak

Azkar, eroso, era askotakoak... dena abantaila ote?

1 urria de 2004

Azkar, eroso, era askotakoak... dena abantaila ote?

/imgs/20041001/img.alimentacion.01.jpg
Espainiako etxeen %70etan astean behin aurretiaz kuzinaturiko produktuak kontsumitzen dira; %38k, berriz, hiru baino gehiagotan jotzen du horrelakoetara, Dietetika eta Elikadura Zientzien Elkarte Espainiarra, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Konfederazio Espainiarra eta ontziratutako aurrez kuzinatuen hamalau fabrikatzaile espainiar nagusiek arestian egin duten “Elikagai izoztuen kontsumo azturak Espainian” izeneko azterlanean. Astirik eza, sukaldean aritzeko zaletasun eskasak, horrelako produktuak prestatzeak dakarren erosotasun eta azkartasunak… hamaikatxo argudio erakusten dira jaki horien erabilera zuritzeko. Kontuak kontu, horrelako produktuak ez dira egokienak maizegi kontsumitzeko. Klabea, beraz, gure dietan inoiz edo behin tartekatzea da, inola ere ez elikaduraren oinarri gisa.

Eragozpen nagusiak

  • Osagaiak, kopuruz eta kalitatez, ezagutzeko zailtasunak. Produktu hauetako askoren osaketa zehazki ezagutzea ez da erraza, osagai guztiak banan-banan etiketan agertzen badira ere, kopuru horiek ontziko guztiari baitagozkio, ez anoa indibidualari. Horrek zeharo bereizten ditu jaki hauek etxean eginikoetatik. Horrez gainera, mota bereko eta marka desberdineko produktu batetik bestera aldeak nabarmentzen dira, erabilitako osagaien (hegaztia edo oilaskoa, koipeak edo olioa -oliba, ekilore, soja, koko, palmondoarena-, etc.) mota eta kopuruan. Kroketa, arrainezko ziri eta antzeko elikagaietan, bexamel eta irinen proportzioa handiegia denez, marka desberdinetako produktuen etiketak elkarrekin konparatu eta osagaiak ugarienetik urrienerako ordenan (pisu handienekoa zerrendan aurrena da) agertzen direla gogoratzea komeni izaten da. Alergia edota intolerantziak nozitzen dituzten pertsonek ontziratu gabe salgai dagoen itsaskiarekin arazoak izan ditzakete, horien osagai guztiak ez baitira beti-beti agertzen.
  • Digestio astunagokoak. Espezia min (piperbeltz, curry, kaiena, etc.) edo zapore-indartzaileekin (E-621, glutamato monosodikoa) arras apailatu eta ondutako plater batzuek oso zapore berezia dute baina, beste aldetik, digestio luzea eginarazten diete urdaila delikatua duten pertsonei, batik bat.
  • Sodio eta kaloria gehiago. Produktu hauek, oro har, etxean eginikoek baino sodio gehiago daukate, gatzak kontserbagarri gisa diharduelako eta sodioa elikagaien fabrikazioan erabili ohi diren aditibo zapore-indartzaile askoren berezko osagai delako. Produktu hauen balio energetikoa berez handia izaten da eta, gainera, horietako asko kontsumitzeko frijitu egin behar direnez, kaloria ekarpena are eta handiago bihurtzen da.
  • Gantz ugaria, saturatua gehientsuena. Gantz ase edo saturatua -kopuru handietan odoletako kolesterola ugaltzen laguntzen duen horixe- saltsa, gantz, gurin, esnegain, krema, esnea, hestekiak, pateak eta antzekoak dauzkaten produktuetan ugari datza, baina gantz edo koipe horiek animalia edo landarezkoak diren maizegi ez da aipatzen.
  • Makina bat aditiboz moldatuak. Produktu horietako askok hilabetetan egoera egokian iraun dezaten aditibo kontserbagarriak dauzkate. Lortu nahi den ahoko ukitua lortzeko aditibo destrinkotzaileak baliatzen dira. Plater batzuen zapore eta aroma bereziak ere, koloratzaile, usain-indartzaile eta antzekoen bidez erdiesten dira.

Bada abantailarik

  • Kontserbazio luzea. Produktuok beren propietate nutrizional, organoleptiko eta higienikoak hilabetetan mantentzen dituztenez, etxean beti egongo da plateren bat jateko prest: horri esker minutu batzuetan janari sendo samar edo inprobisaturiko aperitibo bat eskura izango dugu, ustekabekorik gertatzekotan.
  • Prezioa eta kalitatea. Prezio egokian makinatxo bat plater eta jaki prestatu kontsumi daitezke. Nolanahi ere, osagaien kalitatea, prestaera eta higienea bermatuak badaude ere, dieta zuzen eta egokia ezin daiteke egin horrelako platerak bakarrik kontsumituz.
  • Prestatzeko errazak. Produktu horietako batzuk kontsumitzeko salteatu baizik ez dira egin behar, beste hainbat dastatzeko aski izaten da bere ontzian labean edo mikrouhinekoan minutu gutxitan edukitzea… beraz, bazkaltzeko edo afaltzeko denbora neurtua dutenei, plater jakin batzuk apailatzeari deseroso deriztenei eta sukaldaritzan iaioegi ez direnei lana erraztu egiten diete.
  • Era askotako eskaintza. Aurrez kuzinatu eta prestaturiko jakien eskaintza-zerrenda hagitz luzea izaki, eguneroko otordua arazo handirik gabe aldatzeko eta, gainera, ohikoak ez bezalako, tradizioko eta nazioarteko sukaldaritzako platerak dastatzeko aukera ematen digu: horiek, bestela nekez ezagutuko genituzke.

Alternatiba osasuntsuak

  • Ur gazitan kontserbaturiko barazki eta lekaleak ere aukera polita dira, elikagai freskorik ezean. Baratxuri eta tipularekin salteatu eta prest dituzu, besterik gabe. Kontserbagarri gisa gatza daukatenez, ontziko salda alferrik galtzen ez bada ez dugu zertan gatz gehiago erantsi.
  • Produktu batzuk plater osatuak dira. “Era tradizionalean” prestaturiko lekaleen kontserbek maiz txorizoa, urdaia, saiheskia, odolkia… daukate. Paella batzuek animaliazko osagaiak (oilaskoa, itsaskiak, etc) edukitzen dituzte. Kontua da horrelako produktuak inoiz edo behin kontsumitzea, jaki gisa, entsalada eder edo barazki plater batek lagunduta.
  • Prestatzeko unean, hainbat osagairekin aurretiaz prestaturiko platerek baino minuturen bat gehiago kentzen badigute ere, hobe da era naturalean prestatu eta ultraizozturiko produktuak (barazkiak, arrainak, lekaleak, etc.) lehenestea.
  • Frijitu behar diren prekuzinatuak (kroketak, arrainezko ziriak, etc.) edo plater landu eta sendoak (kaneloiak, lasagna, pizza…) hartu behar ditugunean otordua plater arinagoekin (entsaladak, barazkiak, fruta freskoa, etab) oreka dezakegu.
  • Ona ideia polita: prestatu plater bat ugari, egun bat baino gehiagotarako eta izoztu, jatunen kopuruaren araberako ontzietan, aurretiaz kuzinatu eta prestaturiko jaki industrialak maiz kontsumitu beharra ez izateko.