Berehalako kredituak

Benetan alternatiba garestia

1 urria de 2004
Img eco domestica listado

Benetan alternatiba garestia

/imgs/20041001/img.ecodomestica.01.jpg
Telefono dei bat eginik 48 ordutan hiru mila euro eskuratzea behin ere ez da orain bezain erraza izan, aspaldi honetan publizitatean nonahi agertzen zaizkigun Kreditu Finantza Establezimenduen (KFE) arabera. Erakunde horien helburua, diru kopuru mugatu baten premia gorrian dauden bezeroak harrapatzea da (3.000 eurotik gorako mailegurik ezin da egin), baldin eta sos horiek lortzeko %20 UTB (Urteko Tasa Baliokidea) baino interes garestiago ordaintzeko prest badaude (nahiz eta bezero denak horretaz jabetu ez diren). Behetik gora datorren espainiar familien zorpetze horrek -Espainiako Bankuaren arabera, 2003. urtean errenta gordin eskuragarriaren %90- pertsona asko bultzatzen ditu antzeko zerbitzuak kontratatzera.

Nola funtzionatzen du?

/imgs/20041001/img.ecodomestica.02.jpg
Ikusi batera, prozesua azkar, soil eta erosoa da: aski da nortasun agiria egunean izan eta ohiko soldata jasotzea. Etxetik irten gabe eta telefono dei bat eginez edo Interneten bitartez horrelako enpresekin kontaktuan sar zaitezke: horiek, hasteko, galdetegi pertsonal bat erantzutea eskatuko dizute. Ihardespenak emanik, finantza konpainiak ohiko postaz hainbat agiri bidaliko dizkizu, zuk bete eta ostera konpainiari igor diezazkiozun. Informazio hori guztia eskuetan, finantza konpainiak eskatzailearen egokiera pertsonala balioztatuko du eta, bidezkotzat joz gero, hitzarturiko epean diru-sarrera egingo diote. Ez diote bezeroari galdetuko diru hori zertara bideratuko duen eta, areago, erabateko konfidentzialtasuna bermatuko diote, horixe baitu erabiltzaileak erakargarri nagusietako bat. Beste amuetako bat, dirua itzultzeko epea da: enpresa batzuek emaniko kreditua 44 hiletan ordaintzea ere onartzen dute.

Oro urre ote?

Egiazko epeak: bezeroak eskatutako dirua ez du eskuratuko deitu duenetik 48 orduetara, iragarkiek dioten bezala, kreditua ontzat ematen diotenetik 48 orduetara baizik. Tramiteak (galdategiak bezeroari igortzea, enpresara itzultzea, finantza erakundearen azterketa, etc.), berriz, astebete baino gehiago ere luza daitezke. Praktikan, iragarritako epea kreditua onartu denetik hasten da, esan bezala.

Egiazko interesak: kreditua azkar eta eroso lortzeko eta epe luzera bueltatzeko erraztasunen ordainetan, horrelako enpresek bestelako finantziazio alternatibek baino dezente interes garestiagoak ezartzen dituzte. Esate baterako, ohiko banku batean kontsumorako kreditu baten interesa %9 inguruko UTB baldin bada, Kreditu Finantza Establezimenduek %20tik gorakoa aplikatzen dute.

Eman dezagun Cofidis (Europan finkatuen dagoen enpresetako bat) konpainiaren egiazko adibidea. Horren bitartez 600 euroko kreditua eskura daiteke, zazpi hilabetetan itzuli beharrekoa, hileko interesa %1,7367 izaki; horrek esan nahi du hilero 96 euro bueltatu behar zaizkiola enpresari, hau da, guztira 672 euro itzuliko ditu bezeroak. Eragiketak oso bidezkoa badirudi ere, finantza terminoetan adieraziz, urtean %22,95eko interesa ordainduko du eskatzaileak, hots, bankuen mailegu pertsonalak baino 2,5 aldiz garestiago.

Jende askorentzat, azken-azkeneko aukera

Nolako jendea dabil bezero finantza enpresa horietan? Eskuarki, kreditu bat edo gehiago emanak dituztenez, banku edo aurrezki kutxek besterik kontratatzeko aukera ukatu dieten bezero zorpe-zorpetuak izaten dira, hau da, honelako finantza erakundeetan azken aukera baizik ez dutenak. Maiz “berantiarren” klubeko kideak ere izaten dira. KFE enpresentzat bezeroa zerrenda beltzean agertzea ez da inolako eragozpenik; alderantziz, etekina bermatuko dien interes tasa altu-altuan dirua uzteko arriskua hartzea biziki negozio errentagarria dute. Beste aldetik, kontuan izan dezagun zordunak sinaturiko hipoteka-letrak dauzkaten inbertsiogile pribatuen eskuetatik ohi datorrela dirua. Gehienetan, gainera, ezezagun hori bankua baino askoz zorrotzago izango da kredituaren titularraren ondasunekin geratzeko unean. Bezero izaten dira, era berean, bidaia bat, etxebizitza edo automobilaren konponketa ordaintzeko dirua premia larriz jaso behar dutenak, edo ezkontidearen atzetik gastaturiko dirua berrezartzeko premia dutenak, adibidez.

Ez dira bankuak edo aurrezki kutxak

Lege-termino zorrotzetan berehalako -edo “iragarkien bidezko”- mailegu hauek ez dira kreditu pertsonalak eta eskaintzen dituztenak ez dira banku edo aurrezki kutxak. Banku eta kutxek dituzten arauen antz-antzekoak bete behar dituzten finantza enpresek errazki eta berehala ematen dituzte kreditu horiek, baina bezeroen deposituak atzematea debekatua dute: kreditu-ariketak bakarrik bete ditzakete, jarduera horretara bakarrik mugatua dutelako. Bankuek ez bezala -hauek kontu korronte, depositu eta antzekoetan atzemaniko diruaz, hein handi batez, bizi direlarik- finantza enpresa hauek finantziazioa akziodunetatik eta banku kredituetatik eskuratzen dute. Espainian 2002 urtean 84 Kreditu Finantza Establezimendu ziren. Enpresa legalak direnez, Espainiako Bankuaren eginkizuna mailegu-emaileak bankutzat ager ez daitezen zaintzea baizik ez da: horrelako iruzurretan harrapatuz gero, 30.000 eurorainoko isuna ezar dakieke. Gainontzean horien jarduera legezkoa da, interes eskerga hori ere legeztatua baitago, “harturiko arriskua aldez edo moldez konpentsatu behar” omen baitute.

Aholku zenbait
  • Bereiz ditzagun munta txikiko (3.000 euroraino) kredituetan espezializatutako erakundeak, batetik, eta Espainiako Bankuaren gainbegiratzetik at diharduten mailegu-emaileak, bestetik. Aurrenekoek eskatzen duten interes tasa benetan altua da: %23ko UTB Cofidis-en Vía Libre izenekoan, %24,60 Sigma Bankuko Aurrezki Kontuan eta %25,65 Fimestic enpresa denean. Bigarrenekoak are eta garestiago izaten da batzuetan baina, kontuz, horiek Espainiako Bankutik at dihardute lanean.
  • Berehalako kredituok bestelako bideak agortutakoan bakar-bakarrik eskatu behar dira. Interesa gainerako banku eta aurrezki kutxena baino 2,5 aldiz garestiagoa denez, hobe izaten da, horrelakoak eskatu aurretik, bestelako alternatiba eta aukeretara begiratzea. Senide edo lagunekin saiatzea edo enpresan nomina aurreratzea eskatzea dira bide horietako bi, adibidez.
  • Horrelako enpresa horietako bati kreditua eskatuko diogula erabakitakoan, azter ditzagun bat baino gehiagoren baldintzak, interesen arteko aldeak handiak izaten direlako.
  • Kontratu guztiak bezala, horrelako enpresek sinarazten dutena ere kontuz irakurri beharra dago, utziriko dirua bueltatzeko epe labur-laburra ezartzen dute eta, zenbaitetan.
  • Kreditua onartutakoan, oro har, ez dago atzera egiterik: beraz, dokumentuak sinatu eta bidali aurretik gogoeta egin beharra dago; gestioek aurrera egin ondoren kreditua baliogabetzea ez dugu kontu erraza.