Konfiantza

Gure baitan sortzen da

Pazientziaz, behar adina denboraz, zuhurtziaz eta gure mugak ezagutuz balioztatuko ditugu geure jarrera eta trebeziak
1 urria de 2004
Img interiormente listado 133

Gure baitan sortzen da

/imgs/20041001/img.psicologia.01.jpg
Geure gaitasun eta ezaugarriez lortzen dugun sinesmena da konfiantza. Betetzen ditugun eginkizunetan geure egokitasuna egiaztatzen dugun neurrian eta gainontzekoekin kalitatezko harremanak izateko trebezia lortzen dugun heinean finkatzen da gure baitan: horrenbestez, geu gara sentimendu horren garapenaren arduradun. Haurtzaroan inguruneak -gurasoek, batik bat- segurtasun eta ardura izateaz gainera, maitatuak garela jakinaraz diezagun premia dugu. Aurrerantzean, bizitza osoan zehar, gure burua aditu, errespetatu, balioztatua izan dadin, besteek guregan eta gure trebezietan sinesten dutela jakin eta sentitu nahi izango badugu ere, konfiantza guk geuk jorratu behar dugu, dudarik gabe. Horretarako, pazientziaz jokatu, itxurak zaindu eta geure egintza guztiak balioztatzea -ez horiek juzkatzeko, geure mugak eta ahalmenak egiaztatu ahal izateko baizik-ezinbesteko premisa harturik, horren arabera jokatu eta erlazioen eremua landu beharko dugu.

Konfiantza geure buruaz

/imgs/20041001/img.psicologia.02.jpg
Besteek guregan sinesten dutela sentitu ahal izateko geuk jo behar dugu geure burua balekotzat. Ezin imajina dezakegu besteek guregan sinesten dutela guk beste horrenbeste ez badugu sinesten, konfiantza ez baitatorkigu behin ere kanpotik. Barne-orekarik ezean, aldekotasuna, txaloa edo doako mirespena gu animatzeko, itxura egitearren edo -gehienetan, ezagutzen ez gaituztenez- proiektatzen ari garen imajinaren antzekoak garela uste dutelako eskaintzen zaiguna uste dugu; bestela esateko, gezurretan ari gatzaizkiela uste izaten dugu. Horrela izaten da maiz, zereginak besteei begira egiten ditugulako, haien onespen eta laudorioaren zain, barne-barnetik geure buruagan sinetsi gabe. Geure helmugara iristeko edo bizitzako proiektua erdiesteko orienta gaitzakeen ipar-orratzik ez dugunez, askoz ere esfortzu handiagoa egin behar izaten dugu eta, geure trebeziak indartu ordez, geure buruarengan izan behar genukeen konfiantza -eta, horrekin batera, auto-estimazioa- suntsitu egiten digu. Zergatik, ordea? Auto-estimazio ona izateko, egin nahi izan dugun bizimoduan jarduteko gai garela sinetsi behar dugu, etsi-etsian sinetsi ere. Bere buruarengan konfiantzarik ez duenak erabakiak geroratu egiten ditu, egiteke dauden kontuak horrelaxe uzten ditu, bidean gauzak burutzeke uzten ditu eta eskuarki paralisi-joera agertzen du, hitz batez. Horrek horrela jardutean, berarengan ezin sinets daitekeela berretsi baizik ez du egiten.

Zintzotasun kontua

Egiazkoa izatea behar-beharrezkoa den heinean konfiantza ezin daiteke itsu izan; aitzitik, ordea, norberaren burua ondo ezagutzean izan behar du euskailu: gure ahalmen eta gure mugen ezagutza zintzo-zintzoa, alegia; horrela, zeinahi zeregini ekiterakoan edo pertsonarteko harremanetan hastean, -kopuruz eta kalitateaz ari garela- porrotak pilatu ordez arrakastak erdiesteko itxaropenak maneiatzen asmatuko dugu. Zintzo izan ez garelako huts egiten badugu, baliogabetu egingo gara, gainerakoak baino gutxiagotzat joko dugu geure burua eta gure iritziak besteenak bezain garrantzitsuak eta interesgarriak ez direla uste izateko joera hartuko dugu. Hitz batez, ez garela gizaki erakargarriak, ezta kontuan hartu beharrekoak ere. Horrelakoetan itxaropen gutxi, isilaldi luzeak eta mintzaira ez-adierazlea hautemango ditugu geure inguruan. Ez dugu eskatu ere egingo eta horren bidez geure burua suntsituko duen ikusezintasunera kondenatuko gara. Mendeko pertsona izango gara horrela eta behar dugunaz guk baino gehiago omen dakitenei geure bizitzaz agintaritza aitortuko diegu.

Gure konfiantza urratua dagoela jakiteko neurri egoki bat dudak aztertzea da, bere buruarengan sinesten ez duenaren bidaide iraunkorrak baitira horiek. Nola jardun, zer egin, besteez zer uste izan, zintzoak ote diren… dena da zalantza, duda, kezka, besteak neurtzeko haga geure burua neurtzeko darabilgun berbera baita; orduan, geure buruarekin fidatzen ez bagara auzokoaz (eta, oro har, edozertaz) ere iritzi eskasa dugun seinale izaten da. Gizakia pertsona tentsua da, harreman sozialak kontrolatzeko joera agertzen du eta, gainera, mintzakidearen doaneko atsegintasunaz mesfidati dago beti. Konfiantzarik ezak eguneroko bizimoduko arrisku eta zailtasunak ausarkeriaz hartzea edo inola ez hartzea dakar eta horrek ondorioztatzen du egunerokotasunean ikasteari, eskarmentuak ezagutzeari eta, hitz batez, bizitzeari uztea.

Harremanak: zaindu ala utzi

Konfiantza geure baitan sortzen bada ere, gure harremanekin eta hauetatik erdiesten ditugun erantzunekin lotura handia du haren garapenak. Horregatik gure esku dago geure inguruko pertsonak hautatu, zaindu eta gustura mantentzea eta, hori bezain garrantzitsua, gure konfiantza -eta, horregatik, gure auto-estimazioa- urritzen dutenei alde egitea.

Harremana izan dadin konfiantza ezinbesteko elementua da; beraz, gure ardurakoa da gure harremanen abiagune eta berme gisa konfiantza osoa babestea. Horri esker irtengo gara geure buruaren baitatik eta geure flakeziak agertuko ditugu. Ezinbesteko ariketa da hori amodiozko, ahaidetasunezko edo bestelako harremanak topaketa bare eta erosoa izan daitezen, gure aberaste pertsonala bidera dezaten. Horrela, orekan, harmonian eta egiazkotasunean bizitzea ahalbideratuko digute.

Beraz, gure buruan sinestea bizitzako ibilbideari ekiteko atea zabaltzea da eta, aldi berean, bizi den tokian, bere adieraz eta bere proiektuaz asko dakien existentzia mugiaraziko duen itxaropen eta ilusioa.

Geure buruan konfiantza indartzeko beharrezkoa dena:
  • Geure burua ahalik eta hobekien ezagutzea, iraunkorki (aldaketak nozitzen ditugu eta), ahalik eta zintzotasun handienaz.
  • Aktiboki bizitzea: iritziak emanez, aukerak eginez, geure burua adieraziz.
  • Geure ahalmen eta trebeziak balioztatzea eta haietaz harro egotea.
  • Geure mugak aintzat hartzea, errealista izango bagara.
  • Arrisku eta erronkei zuhurtziaz eta ausardiaz aurre egitea.
  • Kalitatezko harremanei ekin eta eustea, komunikazio irekia, egiatia, onuragarria mantenduz.
  • Etengabeko tentsioa eta kontrola bazterrean uztea.
  • Garen bezala agertzea, maskara edo mozorrorik gabe.