Miseriaren kontrako txertoa jarria al diogu geure buruari?
Mezuen saturazioak bere horretan irauten duenean oso litekeena da gizakiok perspektiba galtzea, gaur egun batez ere, krisi mediatikoek goia jo duten honetan, hau da, gatazka eta liskarren gaineko informazio guztia Irak, Afganistan eta Palestinak biltzen dutela. Herrialde horietan jazotzen ari dena benetan ikaragarria bada ere, badira horiek baino bidegabekeria -neurtzeko modukoak balira- handiagoak ere baina, hedabideek agerrarazten ez dituztenez eta politikoek ez darabiltzatenez, ez dira errealitate. Sudanen eta planetako beste hainbat tokitan gertatzen dena ez da krisi politiko, krisi humano “huts” baizik eta, hortaz, egunero-egunero milaka hildako sortarazten badituzte ere, ez dira albiste.
Egun, Ipar Dafurren genozidioa gertatzen ari den ala ez, horixe da eztabaidaren ardatza. Mugarik Gabeko Sendagileak erakundeak ederki ezagutzen du toki hori, hainbat urtetan lanean jardunez gero. Zer da hor?
Izenak izan, Sudanen jazotzen ari dena ezin barkatuzkoa da: milaka pertsona hiltzen ari dira, baina horretarako arrazoirik ez da. Horregatik du garrantzi handia informazio ona edukitzeak eta errealitatea ezagutu nahi izateak. Miseriak gorabehera, familia bere etxean dagoela, gizon armatuak sartu, alaba bortxatu eta hil, senarra jipoitu eta lurrean akabatu, etxeari su eman… amak haurtxoa besoetan hartu ihes egin behar du, noraezean… eremu batera heldu eta, han, milaka gizaki pilaturen artean, desnutrizioz hilko zaio umea… Horrelakoak aditzen dituzunean zeure burua bertan esku harturik ez sentitzea ez da kontu erraza. Panorama lazgarria da, baina guztiz ohikoa.
Hori zergatik gertatzen denean jakitea ere…
Horrek ez du garrantzirik; informazioaren funtsezko xedea gizarteari zerbait egin behar duela sinestaraztea da. Herrialde hauetan gizarte zibilak badu gobernariak presionatzeko ahalmenik, politikariak guk hautatu ditugu eta, hortaz, gauza jakin batzuk egin ditzaten eska dakieke. Presio horrek funtzionatzen duela erakusten dute adibide askok baina, tamalez, gizartea ez da bere ahalmenaz jabetu oraino. Mundu globalizatu honetan munduaren arduraduna mundua da eta Mendebalde hau denaren konponbide edo kausa bakarra ez bada ere, arduradun da bera baita gehien daukana eta, hortaz, gehien eman behar duena. Hortxe sartzen gara gobernuz kanpoko erakundeak, gure eginkizuna arazoak konpontzea ez den arren. Gertatzen ari dena esan eta neurriak hartu behar dituena seinalatzen dugu guk. Hori gizartearekin partekatzen dugu eta gizarteak eta biok giza egintza burutzen dugu. Gobernuz kanpoko erakundeon eginkizuna giza laguntza ematea da, hau da, erasogarri eta eraso jasanak diren gizarteetan asistentzia ematea.
Laguntza hori ematea geroz eta zailago bihurtzen ari da. Afganistan utzi egin behar izan duzue, Ipar Kaukason segituko ote duzuen eztabaidatzen ari zarete… Gobernuz kanpoko erakundeak ez al dira hein batez helburu militarrak?
Borrokan diharduten tokietara zoazenean arriskua onartzen duzu baina, hori ez, helburu izateko aukerarik ez, zu ez baitzara liskarreko parte. Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa dugu babestoki. Irailaren 11ra arte baliozko zen hori baina egun sistematikoki urratu egiten dela ikusten dugu kezkaz. Herrialde jakin bateko populazioa genuen guk ardura-gune: horretara iristeko alderdi guztiekin akordioetara iristen gara (“iristen ginen”, beharko) gure lantokia errespetatua izan dadin. Orain, berriz, geroz eta zailago bihurtu zaigu hori eta, ondorioz, joan egin behar izan dugu askotan, hildako laguntzaileak ez baitu ezertarako balio. Tristea da, ordea, oso-oso tristea ere, hogeita lau urte herrialde batean emanez gero bertatik alde egin behar izatea, eser egiterik ez daukazula ikusirik. Bai, jarrai zenezake, babesturik, baina horrek babeslearen aldeko bihurtzen zaitu. Egun gobernuz kanpoko erakundeei posizioa hartzeko eskatzen ari zaie baina hori doilor eta zitala da. Mugarik Gabeko Sendagileak erakundea zorioneko da horretan, ekonomikoki independente izateak libre egiten baikaitu, baina erakunde guztiak ez dabiltza honela, tamalez. Aldez edo moldezko neurriak hartzea, azken finean, erabaki bidezkoa izango da helburu nagusia populazio zibila laguntzea baitugu. Baina erabaki zail-zaila, aldi berean.
Batzuek aliatutzat jotzen zaituztete, aurkakoek etsai zauzkatete. Ezagutzen genituen gobernuz kanpoko erakunde haien epilogoa ote da hau?
Ene ustez, termino batzuk nahasten ari dira. Militarrek guk baliatzen ditugun bezalako ibilgailuak erabiltzen dituztenean eta elikagai eta botikak ematen dituztenean ez da argi atzematen zein den batzuen eta zein besteen eginkizuna. Liskarrean diharduten alderdiek manipulatu egiten dute eta azkenean populazio zibila -beti-beti galtzaile dena, alegia- laguntzarik gabe geratzen da. Egun, jakina, zibil izatea militar izatea baino arriskutsuago denez, zibilak laguntza handiagoa behar izaten du. Lehen aipatu dudan Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak xedatua duenez, populazio zibilaz humanitarioki arduratzen denak ez du izan behar inongo lotura politikorik. Gobernuz kanpoko erakundeok aktore politiko gara: politikariei zer egin behar duten esaten diegu, kausak, datuak eta konponbideak eskainiz, baina ez dugu politika egiten eta ez dugu zaletasun politiko ezagunik adierazten. Militarrak, berriz, alderdi politikoetako bat dira.
Kaltetuen kopuruak, HIESen kutsatzeari buruzko estatistikak zenbaitetan handiegiak direnez, informazioaren egiazkotasuna ez du onartzen jendeak.
Egia da hori, batzuetan zifrak usteldu egiten dira. Herrialde berberak, laguntza premian badabil, kopuruak biderkatu egiten ditu; inbertsio beharrean badago, berriz, urritu. Dena den, HIESi dagokionez, Mundu Osasunaren Erakundeak agertzen dituen zifrak egiazkoak berak baino txikiago dira, jende askok ez baitaki oraino gaitzak jota dagoela. Hori egiaztatu nahi baduzu, aski duzu Afrikara joatea. Ederki hauteman dugu hori herrialde haiek pandemia baino lehenago eta geroztik bisitatu ditugunok. Herri horien egitura soziala HIES aldarazten ari da. Populazio aktiborik gabe geratzen ari da Afrika. Giza katastrofe horren ondorioak ezin aurreikus ditzakegu baina, edonolakoak izanik ere, beldurgarriak dira.. Gaixo gehien eragiten dituena malaria da oraindik ere, baina egun HIES da mundu osoan hildako gehien eragiten dituen kausa. Niretzat hori lotsagarria da. HIES ez zen miseria edo higienerik ezarekin loturiko herrialde behartsuenen gaitza: Ipar aldean serio hartu zuten kontu hori eta, gaixotasun horren eboluzio historikoari erreparatuz gero, aise ikusten da hemen zifrak murrizten hasi zirenean (guk nolako tratamendua eman behar zitzaion ikasitakoan, alegia) Hegoaldean lehertu egin zela fenomenoa. Hartutako neurriek porrot egin dute, Mendebaldearen ikuspegitik diseinatu direlako. Honetara ezkero, prebentzioa funtsezko neurria bada ere, botika bidezko tratamendu politika eratzea ezinbestekoa dugu.
Horrenbeste kostatzen al zaigu Hegoaldera gerturatzea?
Borondate politikorik ez da eta. Arazo horri eman dakiokeen irtenbide bakarra, aurka egiteko mundu osoko gaitz gisa tratatzea dugu. Ibilbide horretako abiaguneetako bat, farmazia-enpresak ere erregulatuak izan daitezkeela onartzea da: hortxe sartzen da borondate politikoa, erakunde publikoen bitartez.
Nola hartu duzue Bakearen Nobel Saridun bihurtzea?
(Irribarrez). Horrenbeste urte gerran emanik, oraintxe Bakearen Saria… Sekulako garrantzia izan zuen hark. Alde batetik, milaka lagunen ahalegina eta milaka bazkideren laguntza aintzat hartua izan dela ikusteak poza ematen dizulako; bestetik, sariari zegokion diruari oso-oso ondo hartu eta gastatu zelako; azkenik, eta hauxe da agian garrantzitsuena, Nobel Sariak jasotzen duenari bestelako estatusa ematen diolako. Hura eman zigutenez geroztik, ordura arte itxita zeuden ate asko eta asko zabaldu egin zitzaizkigun.