Helburua: etxeko suteen prebentzioa
Txikiak dira, merkeak, instalazio erraz eta mantenu gutxikoak eta pilekin funtzionatzen dute. Herrialde batzuetan derrigorrezkoak izaki, aparatu hauek keak etxeetan eragiten dituen ezbeharren erdiak prebenitzen dituzte. Berrehun euroren truk etxebizitzan keak hautemateko sistema osatua instala daiteke: horren terminalen kopurua aldatu egingo da, etxebizitzako metro karratuen eta sabai motaren arabera baina aparatu independenteak azalera handietan eskura daitezke 30 eurotik gora ordainduta.
Aukeratu aurretik kontuan izan beharrekoak
- Egokiena, ke-detektagailu bat 40 metro karratu bakoitzeko izatea da. Lehendabizikoa etxeko sarreran edo gelen distribuzio-gunean ipini behar da. Etxeak solairu bat baino gehiago baditu, horietako bakoitzean bat gutxienez instalatu behar da.
- Honelako trastetxoak oraingoz ez dira aise aurkitzen merkatuan: aparatu independenteak baino ugariago sistema osoak saltzen dira, aurreneko horiek pisu txiki edota ertainetan praktikoago eta ekonomikoago gertatzen diren arren.
Detektagailu motak
- Etxeko detektagailu ohikoenak fotoelektrikoak eta ionizazioz funtzionatzen dutenak diren arren, badira CO-ren detektagailuak, termostatikoak, su-garrenak eta termobelozimetrikoak, besteak beste.
- Optiko edo fotoelektrikoek kea hautematen dute, honek argiaren baitan eragiten dituen efektuez baliatuz. Badira honelakoen hainbat mota, hala nola argiaren iluntzean eta argiaren banaketan oinarritzen direnak, adibidez.
- Ionizazio bidezko detektagailuek hezetasun, presio atmosferiko eta airean eskegita dauden partikulekiko sentsibilitatez funtzionatzen dute. Kea baldin badago (are ikusten ez denean ere) berehala erreakzionatzen dute eta fotoelektrikoak baino merkeagoak dira, alarma faltsu gutxiago ematen dituzten arren.
Kokapenik egokiena
- Sukaldean, alarma faltsurik gerta ez dadin, detektagailu termobelozimetrikoak instalatu ohi dira: hauek kerik hautematen ez badute ere, tenperatura-aldaketa bortitzen berri gaztigatzen dute berehala.
- Detekzio-terminalak sutearen arriskua dagoen gelen atean jartzea da egokiena.
- Zuk eta zure familiak gelako atea itxirik lo egiten baduzue, ipini beste detektagailu bana logela bakoitzean. Ateak zabalik egoten badira gauez, egokiena da korridorean jartzea, geletatik gertu.
- Etxean erretzen baduzue, ke-kontzentrazio handia biltzen ez den tokiren batean kokatu beharko da aparatua, alarma faltsurik egin ez dezan.
- Egokiena ke-detektagailua sabaiaren erdialdean ipintzea da, izkinetan airea geldirik geratzen baita, mugitzeke. Instala ezazu kearen sarrera galaraz dezakeen zeinahi apaingarritatik -ate, lanpara, moldura, etc.- gutxienez 30 zentimetrotara.
- Sabaian detektagailuaren instalazioa galaraz dezaketen habeak edo bestelako elementuak baldin badaude, aparatua horman jarri behar da, sabaitik gehienez ere 30 zentimetrotara eta izkinetatik gutxienez 15 zentimetrotara.
Toki desegokiak
- Ke-detektagailuak ez dira ipini behar bainugeletan, dutxetan, garajeetan edo ur-lurruna edo bestelako keak aise biltzen diren geletan.
- Ez jarri horrelako aparaturik gelako gainerakoa baino hotz edo beroago ohi dauden tokietan, hala nola atikoetako sabaileihoetan edo hotz-ganbera ez duten kanpoko paretetan.
- Ez instalatu aire-korrontearen norabidea aldaraz dezaketen eta, aldi berean, tenperatura-aldaketa biziak eragin ditzaketen berogailu edo haize-emaile, aire-egokitzaile, leiho zein eguraste-hodien gainean, azpian edo gertu.
Mantenua
- Zaharkitzean ke-detektagailuek erresistentziarik galtzen dutenez, fabrikatzaileek 10 urtean behin aparatua aldatzea aholkatzen dute.
- Begira ezazu aldian behin detektagailua ondo dabilela. Aski da, horretarako, aparatuaren erdialdea sakatzea, alarmak sute-kasuan bezala jo dezan.
- Bateriak gutxienez urtebetea irauten du baina baliteke kargak lehenago huts egitea. Bateria aldatzeak behar bezalako funtzionamendua bermatzen du.
- Garbi ezazu aldian behin detektagailua eskuila leun edo aspiragailuarekin, kearen sarrerarako arrakaletatik hautsa kentzeko, baina ez garbitu barnealdea horrekin: horretarako, erabili berariazko aire-sprayren bat.