Hegazkinen kutsadura

Kutsatu gabe hegan egitea, denon ardura

Hegazkin txartelen jaitsiera latzaren ondorioz, ibilbide eta erabileren maiztasunak biderkatzeak eraginiko kutsadura ere izugarri areagotu da
1 uztaila de 2007
Img medio ambiente listado

Kutsatu gabe hegan egitea, denon ardura

/imgs/20070701/img.medio-ambiente.01.jpgInork ez dio planteatu bere buruari toki batetik bestera joateko hegazkina maizegi erabiltzen duela. Alderantziz, garraiobide hori geroz eta jende gehiagok darabil, hegazkinaren erabilera egunetik egunera haziz doa eta txartelaren prezioa geroz eta txikiagoa da. Hegaldien trafikoaren eta eskaintzen biderkatze horrek, gainera, milioika jenderen erosotasun eta mugikortasun handiagoak ekarri ditu. Etekin horiek, ordea, badute prezioa, garesti-garestia, inguruneak eta ozonozko geruzak ordaindu beharko dutena, hegazkinen gehiegizko erabilerak eragin dituen kutsadurak larriki jota badaude ere.

Londres eta New Yorken arteko joan-etorria egiten duen bidaiariak etxebizitza urte osoan berotzeko beharrezkoa den emisio-maila berbera sortarazten duela kalkulatu dute. Errealitate berri horren aurrean, Europar Batasuna bera ere hasia da erabakiak hartzen: 2006ko abenduan idatzi zuen arteztarauak hegazkinen eragin kutsatzailea murriztea du helburu. Europar Parlamentuan eta kide diren estatuetan onesteko dagoen arau hori aplikatzeak txartelen prezioan izango duen eraginaren ondorioz, tarifak hein batez garestitu egingo dira. Aditu batzuen iritziz, ostera, hegazkinek eragiten duten geroz eta kutsadura handiagoa saihestea bada kontua, neurri hori ez da aski. Kontuan izan, 1990 eta 2004 urteen artean, hegazkinek eraginiko negutegi efektudun gasak %87 ugaldu ziren eta, areago, Europar Batasunaren aurreikuspenen arabera, zifra hori bikoiztu egingo da 2020 urterako.

Hegazkin batek kutsatzen duena

Karbono-dioxidoaren (CO2) guztirako emisioen %3 hegazkinek eragiten dute, Klima Aldaketaren aurkako Gobernu Arteko Batzordeak eginiko “Hegazkineria eta atmosfera globala” txostenean agertzen denez. Zati esanguratsua ez badirudi ere, kontuan izan dezagun zifra hori biderkatu egingo dela datozen 50 urteetan eta, areago, batzuen aurreikuspenek diotenez, emisio guztien %15 izatera iritsiko dira. Gogoan izan, gainera, CO2 gasa atmosferan ehunka urtez egon daitekeela. Horregatik, beste sektore batzuetan emisioak murrizteko egiten ari diren ahaleginak alferrikakoak izatea lor lezake aire trafikoak eragiten duen kutsadurak.

CO2 horrez gainera, negutegi efektudunak izan arren, %3 horretan sartuak ez dauden bestelako gasak ere igortzen dituzte hegazkinek, hala nola oxido nitrikoa eta nitrogeno-dioxidoa. Hauek troposferan (atmosferako behereneko geruzetan) ozono-kontzentrazioa areagotu egiten dute eta horrek, noski, osotasuna berotzen laguntzen du. Ur-lurruna ere igortzen dute hegazkinek: lurrun horrek aparatuak uzten duen uhera osatzen du eta horrela osatzen dira zirrus motako hodeiak. Esan gabe doa uherek eta zirrus horiek planeta berotzea errazten dutela. Amaitzeko, hegazkinek emititzen dituzten sulfato partikulek eta kedarrak ere hodeiak osatzen laguntzen dute.

Gas horien efektuez ziurgabetasunik baldin badabil ere, klimaren baitan denek eragina daukatela egiaztatu da dagoeneko. Horregatik, hegazkinen inpaktua horien CO2 gasen emisio hutsarena baino bi, hiru eta lau aldiz handiagoa dela kalkulatu da. Europar Batasunak emaniko datuen arabera, Europako industri sektore zenbaitek (altzairugintza edo birfindegiak, adibidez) baino kontinentearen gainetik hegan dabiltzan hegazkinek negutegi efektudun gas gehiago igortzen dituzte.

Arazoaren jatorria

/imgs/20070701/img.medio-ambiente.02.jpg
Kezka latza beste bat da, alegia, orain artean behintzat kutsadura hori geldiarazteko modurik aurkitu ez izana, nazioarteko hegaldietako emisioak Kyotoko Protokolotik at propio utzi dituztelako (horrenbestez, estatu barneko hegaldiak bakarrik sartu dira horretan), nahiz eta Araudi horrek herrialdeen araberako emisioen murrizpenak xedatuak ditu eta, oraingoan, Nazioarteko Hegazkingintzaren Erakunde Zibilari (NHEZ) emisioak urritzea erraztuko luketen egintzak egiten hasteko “gonbit egin zion.”

Egundaino, NHEZ erakundeak ez du urratsik egin bide horretan, aire-konpainia berrien agerpen ia masiboak eta txartel merkeen eskaintza itzelak aspaldi honetan hegaldien kopurua biderkarazi egin duten arren. Hazkunde horretan, sektoreak atera dituen abantaila fiskalak ere lagungarri izan dira: abiazioa BEZ eta erregaien gaineko zergak ordaintzetik salbuetsita baitako. Orain dela mende erdia baino gehiago, nazioartean harturiko hitzarmen batean datza erregaiengatiko zergarik ez ordaintzearen arrazoia: itun haren bitartez, nazioarteko airetiko merkataritza sustatu nahi zen-eta.

Joan den abenduan hegazkinen emisioak kontrolatzea proposatu zuen Europar Batzordeak baina horretarako idatzi den arteztaraua estatu kideek eta Europar Parlamentuak onetsi behar dute. Arteztarau horrek 2011 urtetik aurrera Komunitate osoko hegaldien gaineko kontrola ezarriko du eta 2012tik aitzina Europar Batasunean lur hartu edo aireratzen diren nazioarteko hegaldi guztien gainekoa. Aurrerantzean aire-konpainiek, emisioen merkataritza-sisteman sarturik, onartutakoa baino gehiago kutsatzen badute ordaindu beharko dute. Horrek esan nahi du emisio-eskubide mugatuak izango dituztela (beraz, gehieneko hegaldi kopurua ere bai) eta muga hori gainditzen duten konpainiek, bietako bat: edo isuna ordaindu beharko dute edo “gainerako” emisio-eskubideak enkanteetan erosi beharko dituzte, gasen emisioa murrizteko helburuz honelako neurriak aplikatzen dituzten gainerako ekonomi sektoreetan jazotzen den legez.

Neurria ez da aski

/imgs/20070701/img.medio-ambiente.03.jpg
Arteztarau hori dela eta, konpainiek protesta egin dute, ikuspegi ekonomikotik kaltegarri gertatuko zaielako. Halaz ere, Europar Batasunak aurreikusten duen bezala, enpresek enkanteetan erositako emisio-eskubideen kostua bakarrik ezartzen badute txartelean, honen prezioa 1,8 eta 9 euro artean soilik garestitu beharko litzateke 2020 urtera arte. Hainbat talde ekologista -hala nola Britainia Handiko Hegazkinak eta Ingurugiroa Federazioa, irabazteko asmorik gabeko erakundea- kexu daude Europar Batasunak industriaren presioaren aurrean amore eman duelako eta hegazkineriaren hazkuntza ikaragarria horren azkar biderkatzea galarazteko eskasa delako. Oraindik ere garaiz geundeke, erakunde britainiar horren iritziz, aire-industriak urtetan etekin eskergak ateratako zerga-salbuespenak suntsitzeko. Federazio horren kalkuluen arabera, erregaiaren gaineko zergen salbuespenak bakarrik aire-industriari 35.000 milioi euroko aurrezkia eragiten dio.

Bestetik, balizko prezio-gehikuntzak emisio-eskubide horiek garestitzearen ondorio diren jakingo ote du kontsumitzaileak? Europar Batasunak ohartarazia du: doako emisio-eskubideek ez dutela zertan eragin txartelaren kostuaren igoerarik, enpresari bat ere kostatzen ez zaizkiolako. Motibo horrengatiko tarifen igoera gertatuko litzateke baldin eta enpresak enkantean esleitu zaizkion eskubideak baino gehiago erosi beharko balitu, ez bestela.

Halaz ere, aspektu hori gertutik jarraitzea ez da kontu samurra izango, prezioak arautzen eta tarifen igoerak ondorioztatuko duten kontzeptuak zehazten dituen legeriarik ez baitago. Talde ekologistek diotenez, kasu honetan kontu behinena da aire-konpainiei monopoliozko akordioak izenpetzen eta, horrekin batera, txartelen prezioa altxatzen galaraztea.

Abiadura handiko trenak eta gasen emisio-kupoiak

Aire-trafikoaren neurrigabeko hazkuntzaren problema ez du eragiten urtean behin hegaldi bat kontratatzen duen pertsonak, hegazkina era jarraituan eta premiarik gabe darabilenak baizik. Hori galarazteko proposatu diren soluzioen artean, Europar Batasuneko distantzia laburreko hegaldiek egiten dituzten ibilbide guztiak abiadura handiko trenek egin ditzaten proposatu du Hegazkinak eta Ingurugiroa Federazioak.

Beste hainbat erakundek neurri gisara iradoki du hegazkin-txartela erosten duen herritarrak borondatez gasen emisio-kupoiak erostea: ekimen honi esker erabiltzaileak kontzientzia hartuko luketen arren ez dago bat ere garbi -dio Airport Watch talde ekologisten erakundeak- horrek hegaldietako CO2 itzurtzeko balioko duen. Horregatik Airport Watch-ek aire-industriari erregaien gaineko zergen salbuespena suntsi dadin exijitzen dio eta, bide batez, herritarrari eskatzen dio hegazkin horiek benetan hartu behar dituen edo bidaia trenean egin dezakeen plantea dezan.

Esate baterako, bilera bakarra programatua daukan lan-bidaia egitea bada kontua, ez litzateke posible bideo-konferentziaz aritzea? Nola saihestu gizartearen “hegazkin-morrontza” hori, etengabe hegaldi merkeak eskaintzen badira, edo nola eskatu garapenean dabiltzan herriei kutsadura horri uko egin diezaiotela, geuk egiten ez badugu? Horiek dira erakunde honek jaurti dituen itaunetako batzuk.