Finantza-produktu etiko edo solidarioak

"Elkartasunezko ukitua" duten finantzak

Finantza produktuek elkartasunezko jardueretan duten eragina txiki-txikia da, horien benetako helburua errentagarritasun goxoa ateratzea baita, egun ere
1 uztaila de 2007

"Elkartasunezko ukitua" duten finantzak

/imgs/20070701/img.consejo-del-mes.01.jpgHalako finantza produktuak emaniko etekinak bankuko estraktuan aztertzeak eta gobernuz kanpoko erakunde (GKE) batera emakidak igortzeko formularioa betetzeak, ikusi batera elkarren kontrakoak badirudite ere, geroz eta alderdi komun gehiago dituzte, banka produktu etiko edo solidarioen biderkapenak frogatzen duenez. Hala eta guztiz, biziki solidario izenaz bataiatu badira ere, horrelakoak eskaintzen dituzten banku eta aurrezki kutxen helburu behinena betikoa da, oraino ere: dirua irabaztea. Horregatik, horrelako erakundeek bezeroengandik jasotzen duten guztia entregatzen dutela eta horrelako ideia goxoak ahaztu egin behar ditugu. Zergatia: elkartasunean oinarrituriko proiektuak zabaltzen laguntzen badute ere, askotan irabazi-asmorik gabeko erakundeei ematen dizkieten kopuruak hutsaren parekoak izaten dira.

Formula hori blaitzen duen eragin “solidarioak” erakarririk, azken urte honetan irizpide etiko eta solidarioak aintzat hartzen dituzten negozio eta finantza produktuak ?gehien baliatzen diren aurrezki eta inbertsio alorretakoak? dezente biderkatu dira. Aski da, horretarako, kontu korrontea ireki, kreditu txartela erabiliz zerbait gastatu edo inbertsio-fondo etiko izenekoetako bat izenpetzea, elkartasunezko hainbat proiektutan parte hartzeko: umea babestea, herrialde azpigaratu batean ospitalea eraikitzen laguntzea edo Afrikara elikagai eta botikak bidaltzeko kanpainan parte hartzea, adibidez.

Merkatuko lehian diharduten produktu etikoak

Produktu etiko edo solidarioek eta ohiko inbertsio-fondoek, kontu korronteek edo diru-deposituek ezaugarri berberak dituztela berretsirik, aurreneko horien bereizgarritasuna, erakundeak ezarritako elkartasun edo etikazko “ukituan” datza: zenbaitetan, produktu horiek gizartearekin, ingurugiroarekin, hezkuntzarekin, kulturarekin? arduradun jokatzen duten konpainietan bakar-bakarrik inbertitzen dituzte. Bestetan, berriz, produktu solidario horien ezaugarri nabarmenena da erakundeek beren errentagarritasunaren edo jasotako komisioengatiko diru-sarreren parte bat proiektu solidario batzuk garatzera bideratzea.

Horrela, merkatuan lehian diharduten produktu etikoen zerrenda luzatuz doa. Horietan denek har dezakete parte, bai aurreratzaile kontserbadoreenek (beren dirua arriskutan ipini nahi ez dutenek), baita burtsan inbertitzera ausartzen direnek ere. Denek daukate neurrirako toki erosoa, irabazitako interesen parte txiki bat GKE ezagunek (Unicef, Intermon Oxfam, Gurutze Gorria, Minbiziaren aurkako Elkarte espainiarra, Ayuda en Acción…) garatzen dituzten proiektu sozialetara kontu korronte edo banka deposituak eskaintzen dituen merkatu horretan.

Aurrezki plan solidarioak ere sortu dituzte erakunde horiek: horrelakoetan, sektore edo gizaki zigortuenak sostengatzeko ekimenak sustatzeko, erakunde jakin batek sortua duen Elkartasun Fondora ematea bidezkoa deritzon interesen portzentajea ezar dezake aurreztaileak. Estrategia hori kreditu txarteletara ere iritsia da: berauen bidez eginiko erosketen prezioaren portzentaje bat gobernuz kanpoko erakundeetara edo ongintzan diharduten elkarteetara bideratzeko aukera ematen duten plastikozko txartelen zerrenda ere biziki ugaldu da aspaldion.

Inbertsio alorrari dagokiola, ordea, fondo arduradun eta pentsio plan solidarioez aritzea komeni da, bereziki. Kapitulu horretako produktuek, orokorki, erakundeek jasotzen dituzten kudeaketagatiko komisioen zati bat proiektu solidarioak garatzera bideratzen da. Inbertsio- eta pentsio- fondo horiek eragitean, kontuan hartzen diren tradiziozko finantza-irizpideez gainera, Etika Batzordeak definituak dituen eta produktuek finkatuak izan ohi dituzten enpresa-jarduerari buruzko irizpide etikoak ere jotzen dira aintzat.

Kasu askotan, gainera, produktuari dagokion inbertsioaren gaineko informazio orritxoak ohartarazten du ondarea behin ere ez dela inbertituko armak edo ingurugiroarentzat kaltegarri gertatzen diren produktuak fabrikatzen dituzten enpresetan edo, bere jardueran konpromiso sozialeko irizpide etikoak urratzen dituzten konpainietan, adibidez. Produktu horien bereizgarria, esan bezala, inbertsioa eskakizun etikoak betetzeaz gainera, ingurugiroa errespetatzen duten, ondare historiko-artistikoa zaintzen duten edota kolektibo zigortuenetan hezkuntza eta garapena hobetzeko ekimenak dituzten enpresetan egitea da.

/imgs/20070701/img.consejo-del-mes.02.jpg
Bezeroak ordaintzen duen primaren parte bat (%0,7, oro har) irabazi-asmorik gabeko erakundeekin elkarlanean jardutera bideratzen duten aseguruak ere (osasun alorrekoak, batik bat) eskaintzen dira merkatuan.

Elkartasunaren termometroa

Dena den, zein gradutaraino iristen da benetan erakundeen elkartasun hori? Produktuei ezarri dieten abizen handinahi eta erakargarria “solidario” bada ere, asko-askotan, erakunde horiek ekimen sozialetara bideratzen dituzten diru-kopuruak hutsaren hurrena dira: zenbaitetan, errealitatean ikus daitekeenez, esandako GKE horiei banku eta aurrezki kutxa batzuek urtean 350 euro baizik ez diete ematen. Aski laguntza mugatua, beraz.

Horixe da, adibidez, urtean kudeaketagatiko komisio gisa jasotzen dituen diru-sarreren %0,5 ematen duen erakundearen kasua. Erakundeak jasotzen duen guztirako komisioa, inbertitua dagoen ondarearen %1,9 dela kontuan izanik, produktu horretan 6.000 euro ipintzen dituen bezeroak, bankuak “babesten” duen GKE horri urtean 0,57 euro baizik ez dio bideratzen lagunduko. Kopuru horrekin, beraz, nekez izan gaitezke oso solidario. Bezero partikularraren ikuspegitik, egiaz solidario sentitzeko sekulako dirutzak inbertitu beharko lirateke, horrelako produktu bat kontratatuz gero.

Zifra horrekiko kontraste bizia egiten du erakundeak jasotzen duen etekinak, geroz eta handiagoa dena. Aurreko kasuan, pentsio-fondo batean bankuak hiru milioi euro baino gehixeagoko (esandako adibide horretan, 3.743.073 euro, guztira) ondare globala administra dezakeela kontuan izanik, kudeaketagatiko komisio gisa jasotzen duen diru-sarrera 71.118 euro da. Dirutza horretatik erakundeak 355 euro (hots, produktua kudeatzearren jaso duen guztirako diru-kopuruaren %0,5) baizik ez du bideratuko proiektu sozialetara urte osoan. Laburbilduz, erakundeak 70.762 euro irabaziko ditu “solidario” deritzon pentsio-fondoa kudeatzearren eta urtean ongintzazko helburuetara 355 euro baizik ez du bideratuko.

Adibide horretan ikusten dugunez, horrelako produktuak eskaintzen dituztenean erakundeek ez dute inondik ere filantropiaz jokatzen. “Elkartasunezko amuarekin” jantzi dute produktua baina horrek ez die galarazten zentimorik irabaztea horrelako produktuengatik.

Gastuak, interesak, errentagarritasunak

Kalkuluak egin eta honelako produktuen elkartasuna kalibratu ondoren bizi izaniko etsipenaz haratago, egiari zor, honelako ekimenak ezin dira gutxietsi, gizartearen garapenean hondar ale txiki-txiki batekin laguntzeko biziki baliagarriak baitira. Izan ere, oso kontuan hartu behar dugu produktu horiek (kontuak, deposituak, inbertsio- eta pentsio-fondoak eta aseguruak) “etiko” edo “solidario” txartela ez daukaten horiek bezalaxe funtzionatzen dutela. Horrenbestez, hautua baldin bada kontu solidarioa edo kontu tradizionala irekitzea, aurrenekora jotzea aukera polita izan daiteke.

Produktu solidarioek aplikatzen dituzten gastuak eta produktu normalek aplikatzen dituztenak berberak dira: aurrezki kontu eta deposituetan, ohikoena da erakundeek inolako komisiorik ez aplikatzea. Inbertsio- eta pentsio-fondoetan, berriz, komisio handiena aldatu egiten bada ere, gehienez ere %2,5 kobratu ahal izango da.

/imgs/20070701/img.consejo-del-mes.03.jpg
Interesei dagokiela, produktu solidarioak ere errentagarri gertatzen zaizkio aurreztaileari. Kontu korronte eta deposituetan, egun merkatuan dabiltzan produktu batzuek %2,5etik %4ra bitarteko interesa eskaintzen dute, hots, solidario ez diren beste produktu zenbaitek adina, hor nonbait. Bestela esateko, urtebetean 10.000 euro %4ko interesean inbertiturik dauzkan depositu solidario batek 400 euro emango ditu. Horrekin, beraz, ongintzazko jarduera batean laguntzeaz gainera, bezeroak diru-kopuru polita poltsikoratu ahal izango du.

Inbertsio-fondo etiko edo solidarioen kasuan, berriz, errentagarritasuna are eta handiagoa izan daiteke: Aviva Morley European Socially Responsible izeneko fondoak aurten %12 baino errentagarritasun handiagoa metatu du, Lehman Brothers Socially Responsible Investment fondoak %7 baino gehiago eta JP Global Socially Reponsible izenekoak, %6tik gora. Honelako produktuek agertzen dituzten errentagarritasunak, edonola ere, maila askotakoak direnez, helburu etiko bat bilatzeaz gainera, nolabaiteko diru-errentagarritasuna eskatu nahi bazaio, konpainien inbertsio-politika aztertzea komeni da. Oraintxe bertan, errentagarritasun handieneko fondoak beren ondarearen portzentajerik handiena burtsan inbertitzen dutenak dira. Espainiako fondo etiko eta gestoren arduradun zenbaitek %2ko errentagarritasuna bera ere biltzen ez dutenez, inflazioa bera ere (%2,4) ez dute orekatzeko balio.

Proposamen asko egiten diren arren eta egungo gizarteak sektore zigortuenez kontzientzia gradu handiagoa hartu badu ere, azaldu ditugun inbertsioek ez dute zale askorik. ESADE Negozio Eskolako Berrikuntza Sozialeko Institutuak eginiko azterlan baten arabera, Espainian fondoetan inbertitua dagoen diruaren %0,49 baizik ez datza sozialki arduratsu diren produktuetan; Erresuma Batuan zifra hori %33 da.

Banka etikoa Espainian

Espainian produktu etikoak biderkatzen ari dira, baina ez horien bezero zaletuak, beste hainbat herrialdetan ez bezala; Belgika, Holanda edo Erresuma Batuan, adibidez, “filosofia” hori aspaldi-aspaldi finkatu zen. Merkatu horietan erakunde askok lanean dihardute, egun daukagun finantza-sistematik, aldaketa sozial jasangarri eta iraunkorra ekartzeko. Horretan dabiltza, besteak beste, Danimarkako Merkur bankua, Alemaniako GLS Oko Bank, Suitzako Banc Alternatif, Italiako Banca Populare Ética eta Holandako Triodos Bank, Espainian filiala daukan banka etiko bakarra. Erakunde horiek guztiek energia berriztagarrietan, ingurugiro alorreko teknologian, turismo jasangarrian, nekazaritza ekologiko eta antzeko jardueretan dabiltzan enpresetan egiten dituzte inbertsioak eta finantza-eragiketak eta, gainera, produktu guztiak izaera solidariokoak dira. Espainiako Triodos Bank-en kasuan, adibidez, banku horrek eskaintzen duen “Ekodepositua” urtebeteko epe finkorako ezarpena da eta bezeroari %3,5eko errentagarritasuna jasotzeko aukera ematen dio. Izenpetzen duen ekodepositu bakoitzeko, kudeaketa iraunkorreko Triodos Basoan erakundeak arbola bana aldatzeko konpromisoa hartua du.

Kredituak behartsuenentzat

Espainiako banku eta aurrezki kutxen artean hedatuen dagoen ekimenetako bat mikrokredituak eskaintze da. Produktu hauen bereizgarria bistan da: kontsumorako kreditu tradizionalek baino dezente interes apalagoak aplikatuak dauzkaten kreditu txikiak izanik, negozioa martxan jartzeko asmotan dauden baliabide urriko pertsonei eskaintzen zaizkie batez ere: horrelako jendeak, abalik ez duenez, ohiko finantza sistematik baztertua gertatzen delako. Horregatik, askotan, kreditua enpresa txiki bat altxatzeko erabiliko dela frogatuko duen paper edo proiekturik eskatzen du erakundeak. Proiektu horixe da batzuetan egiazko abala. Eskatzailearen diru-sarrera edo egoera ekonomikoaz, jeneralean, erakundeek ez dute eskakizun gehiegirik planteatzen. Egun, honelako kredituak aurrezki kutxa gehientsuek komertzializatzen dituzte, gizarte-obraren osagai gisa, batik bat.

Finantza-produktu

Finantza-produktu etiko eta solidarioek nola funtzionatzen duten jakinik, horrelakoetan interesa dutenek hurrengo alderdiak zaindu behar dituzte, batik bat:

  • Erakundeek ez dituzte irabazi guztiak proiektu solidarioetara bideratzen. Beren helburu behinena dirua irabaztea denez, bezeroak kontuan izan behar du bere kapitalak sortarazten duen errentagarritasun osoa ez dela garapen sozialera bideratuko.
  • Informazio orritxoan edo produktuaren kontratuan ongi irakurri behar da erakundeak nolako emakida egiteko konpromisoa hartzen duen, benetan: komisioen, interesen edo errentagarritasunaren parte bat horretara zuzenduko duen.
  • /imgs/20070701/img.consejo-del-mes.04.jpgZenbaitetan, produktu solidarioek produktuak eskaintzen dituen interesen parte bat lagatzen dutenez, bezeroak gutxiago irabaziko duela jakin behar du. Adibidez, depositu solidarioak urteko %3ko interesa eskaintzen badu baina erakundeak horren erdia proiektu solidarioetara bideratzeko konpromisoa hartu badu, bezeroak %1,5eko interesa baizik ez du jasoko.
  • Kontuz komisioekin: jeneralean, solidario “ukitua” ez duen produktu baten berdina izan behar du komisioak. Halaz ere, zenbaitetan baliteke erakundeak bere emakida kostu handiagoak ezarriz konpentsatzen saiatzea. Inbertsio- edo pentsio-fondoa garestia izango da, komisioak %2 ingurukoak badira.