Iktus / Tabakoaren / Gatza / Klima-aldaketak / Kafea / Elkarrizketa: Josep Blanch

1 uztaila de 2007

Iktus / Tabakoaren / Gatza / Klima-aldaketak / Kafea / Elkarrizketa: Josep Blanch

Hitz bitan

Iktus:
garuneko enbolia edo tronbosia ere esaten zaio garunera odola eroaten duten zainetan eragina duen gaitz zerebro-baskular honi. Iktusa gertatzen da zain horietako bat hausten denean edo odolbildu batek buxatzen duenean, garuneko parte batek premiazkoa duen oxigenoa hartzen ez baitu. Gaitzaren sintoma nagusiak aurpegiaren, beso edo zango baten bat-bateko lokartzea, nahasmena eta mintzatzeko edo ulertzeko zailtasunak dira eta hamaika faktorek laguntzen dute horretan, hala nola adina, famili herentzia, odol-presio handia edo erretzaile izatea. Batzuetan kirurgiara jo behar izaten da odolbildua ateratzeko eta tratamendua, berriz, pazienteari eragin dizkion ezgaitasunen arabera aldatzen da.

Gaztigatzean kalterik ez?

Tabakoaren osagaiek endekapen makularraren arriskua areagotzen dute

Adinak ez du barkatzen: zahartzean ajeak ugaldu egiten dira eta, erretzaileen kasuan, areagotu ere bai. British Journal of Ophtalmology aldizkarian plazaratutako azterlan batek dioenez, pertsona erretzaileek (aktibo izan, pasibo izan, berdin dio), adinean aurrera joanean agertzen den endekapen makularra dela medio, ikusmena osorik edo hein batean galtzeko aukera handiagoa dute. Begiaren endekapen-patologia horrek erretinaren erdialdean du eragina eta ikuspen zentralaren galera progresiboa probokatzen du. Plazaratutako emaitzak kontuan izaki, tabakoa kontsumitzearekin lotu izan ohi diren erradikal askeen gehiegizko produkzioak azkartu egin lezake ikusmen-galera.

Albisteak

Gatza murrizteak bihotz-patologiak nozitzeko arriskuaren %25 jaits dezake

/imgs/20070701/img.salud-2.01.jpg
Sodioa osasunarentzat mesedegarria- tamainan. Aski da janariak prestatzean baliatzen den gatz kopurua jaistea eta aurretiaz prestaturiko elikagaien osaketa aintzat hartzea osasun kardiobaskular hobea izateko, Harvardeko Medikuntza Eskolako zientzialariek egin eta British Medical Journal aldizkarian plazaratutako ikerlan batek dioenez: gatz gutxiago kontsumitzeak arterietako presioa apaldu ez ezik, bihotz-patologiak nozitzeko arriskuaren %25 murritz dezake eta, gainera, baliteke mesede horiek hamar edo hamabost urtez irautea. Ikerlaneko aztergaia hiru mila pertsona baino gehiagoren osasuna izan zen: batzuek sodio gutxiko dieta egin zuten eta besteek, berriz, nahi adina gatz har zezaketen.

Klima-aldaketak arnaste eta bihotz arazo gehiago proboka litzake

Airean polen gehiago eta hauts partikula gehiago egoteak zirkulazio eta arnaste aparatuetako gaixotasun gehiago agertzea ondorioztatzen du. Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez, klima-aldaketarekin batera seguruenik nozituko ditugun bero-uhinen ondorez oso litekeena da “polen denboraldia” luzatzea eta alergiagatiko gaitzak ez ezik, bihotzekoak eta arnastearekin loturikoak ugaltzea. Beroaren eragina ur-kontsumoarekin eta parasitoekin loturiko gaixotasunetan nabarmentzen da: tenperatura handiagoak Europa Iparraldean gaixotasunen eroale diren akainen presentzia handitu egiten du eta, gainera, Afrikan eta Asian kolera eta paludismoaren agerpenak biderka daitezke.

Kafea kontsumitzeak hezueria prebenitzen lagun dezake

Egunean kafe kikara batetik lau arte hartzeak hezueriaren intzidentzia %59tan ere jaits lezake. Gaixotasun metaboliko honen garapena junturetan dagoen azido urikoaren mailaren arabera aldatzen da eta, sintomei goazkiela, behe ataletan -oinetako behatzetan, batez ere- sekulako min sentsazioa eragiten du. Kanadako British Columbia Unibertsitateko eta Harvardeko Medikuntza Eskolako ikertzaileek batera eginiko azterketa baten arabera, kafeak dauzkan substantzia batzuek, hala nola fenol klorogenikoak, haren intzidentzia apaltzen lagunduko lukete, antioxidatzaile ahaltsua baita. Kafea hartze hutsa, dena den, ez da aski trastorno hori prebenitzeko, dieta zorrozki kontrolatzea ere ezinbestekoa izango baita aurrerantzean. Kafe gehiegi hartzeak, gainera, nerbio-sistema zentralaren alterazioak ondoriozta ditzake.

Elkarrizketa: Josep Blanch, Espainiako Erreumatologia Elkarteko (SER) Presidentea

“Edari gasdunek hezurren metabolismoarentzat kaltegarri gerta daitezke”

/imgs/20070701/img.salud-2.02.jpgPertsona obeso eta sedentarioak betidanik medikuntza kardiobaskularraren arreta-gune izan dira; orain erreumatologoak hasi dira ikaratzen, horien hezurren osasuna tarteko.

Dieta desorekatuak, ariketarik ez egiteak eta estresak erreuma-gaitz askoren (artrosia, artritisa, osteoporosia, gerriko mina edota fibromialgia, esate baterako) sintomak larriagotu egiten dituzte eta horien bilakaera klinikoan eragina izaten dute.

Aholkurik, hortaz?

Ahal dela, janari azkarrik ez hartzea (eskuarki desorekatuak baitaude) eta edari gasdunen kontsumoa jaistea: likido horiek ugari dauzkaten fosfatoek hezurren metabolismoa kaltetu egin dezakete-eta. Okerreko nutrizioak, bestetik, hezurren arkitektura makaldu eta erreuma-gaitzei ateak zabaltzen dizkie.

Obesitateak artrosidun belauna kaltetzen du: hori fisika hutsa da, ezta?

Baita kimika ere. Obesitatea eta artikulazioetako patologiaren artean dauden lokarrietako asko gehiegizko pisua eta gainkarga mekanikoarekiko lotura hutsetik haratago iristen dira. Ehun adiposoak ekoizten dituzten substantzia batzuek (leptina, adibidez) junturen hanpadura eragiten dute eta erreuma probokatzen dute.

Estresak, berriz?

Fibromialgiaren kasuan, adibidez, gaixotasunaren eboluzioan eragin kaltegarria ere izan dezake estresak, haren sintomak larriagotu egiten dituelako.

Ez ote dugu gehiago zigortzen aparatu lokomotorea ariketa egiten dugunean?

Arketa gaizki egiten dugunean, bai, baina kontuan izan aparatu lokomotorearen eginkizuna mugitzea dela, hain zuzen. Frogatua dagoenez, ariketa fisikoa egiten duten pazienteak gehiago bizi dira eta bizi kalitate hobea dute, ariketa egiteak nekearen aurrean muskuluaren erresistentzia-gaitasuna areagotu eta hezurra gogortu egiten duelako: honek, gainera, kaltzioari hobeki atxikitzen dio eta, horri esker, haustura gertatzeko arriskua arindu egiten da.