Hiri-turismoa: froga praktikoa Espainiako 18 hiritan

Hiriek ez dituzte oso kontuan hartzen bertara bisitari doazkien turistak

Hiriak hiri-turismora hobeki egokitzen ari dira aspaldi honetan. Okerrena, tren eta autobus geltokien egoera eta hainbat zerbitzuren -bus turistikoa, adibidez- eskuragarritasun urria
1 uztaila de 2007
Img temap 286

Hiriek ez dituzte oso kontuan hartzen bertara bisitari doazkien turistak

/imgs/20070701/img.tema-portada.01.jpgGeroz eta fenomeno urbanoago bilakatzen ari da turismoa. Uda partean hondartzak erromes-toki nagusi bihurtzen badira ere, urte osoko -baita uda-udako- erakarpen kultural, historiko, artistiko edo ludiko handiak hirietan biltzen dira. Hiri-turistaren itxaropenak asetzea faktore askok baldintzatzen dituztenez, hiriek ahalegin ekonomiko eta logistikoa egin behar dute, bertako plaza eta kaleetatik bisitaria atsegin, eroso eta errazkiago ibiliko bada.

CONSUMER EROSKI-k Espainiako 18 hiriburu hiri-turismoari nola egokitzen ari zaizkion aztertu du: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Kordoba, Granada, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Iruñea, Donostia, Santander, Sevilla, Valentzia, Valladolid, Gasteiz eta Zaragoza. Eginkizun horretan, hainbat alderdi aztertu ditu, hala nola erakarpen-gune turistiko nagusietarako seinaleztapena, turismo bulegoan harturiko artapenaren kalitatea, bus turistikoa baden ala ez, bisita gidatuak badiren ala ez, bisitatzen diren tokien garbitasun eta kontserbazio egoera, hiriko hainbat lekutarako irisgarritasuna, autobus eta tren geltokietara iristen diren bisitariei behar bezain informazio interesgarria ematen zaien, etab. Aldizkari honetako teknikariek tokiko udal arduradunei xehetasunezko informazioa eskatzeaz gainera, beraiek ezagunak ez zituzten hiriburuetara joan eta, bertan, beren burua turistatzat aurkeztu dute, aipatu ditugun alderdi horiek bertatik bertara egiaztatzeko.

Atera duten ondorio nagusia: hiriek ez dute oso kontuan hartzen bertako kaleetan zehar bisitari dabiltzan turisten erosotasuna. Osoko balorazioa “onartzeko moduko” erdipurdikoan geratu da baina, egiari zor, aldizkari honek 2003an egin zuen antzeko azterketa haren aldean, nolabaiteko bilakaera mesedegarria hautematen da, orduan azken kalifikazioa erabatekoa izan baitzen: “gaizki”. Oraingoan, bai hirian sartzeko, baita hiriko toki interesgarri nagusietara (hotel, monumentu, museo, turismo bulego eta antzekoetara) iristeko erraztasunak handiagoak dira, ezarri den seinaleztapen egokiari esker, oro har. Bisitatu ditugun hamazortzi hirietako Bisitatu diren 18 hirietako turismo bulegoetan eskaini den artapenak, autobus turistiko eta bisita gidatuen eskaintzak ere proba gainditu dute; halaz ere, azken bi atal hauetan ezintasunik nozitzen duten pertsonentzako eskuragarritasuna ez da, inondik ere, lortu nahiko genukeena.

/imgs/20070701/img.tema-portada.02.jpg

Gabezia behinenak tren eta, bereziki, autobus geltokietan: horiexek dira hirira iristeko sargune nagusi horietan, hainbat aspektutan -garbitasuna, kontserbazioa eta informazio turistikoa, batik bat- atzeman diren gabeziak. Atal honetan, aztertu diren hirien %44k ez du proba gainditu, %22k “ongi” kalifikazioa eraman dute eta gainerakoak erdipurdiko “onartzeko modukoa” baizik ez dute lortu.

Opor egun batzuk egiteko aukeratutako herrira iritsitakoan, inori ez zaio gustatzen galduta edo desorientaturik sentitzearen ondorioz, kaleko jendeari non dagoen halako tokia edo bestelako monumentua behin eta berriro galdetu behar izatea. Seinaleen presentziak -hirigunea adierazten dutenak, batez ere, ingurune horretan biltzen baitira interes turistikodun guneetako asko edo gehienak- hortxe betetzen du erabateko eginkizuna. Bartzelona, Madril eta Zaragozan eskasak badira ere, bisitaturiko hiri guztietako hiriguneraino zailtasun latzik gabe iritsi ahal izan ziren teknikariak. Interes turistikodun gune, hotel eta ospitaleetara orientatzen duten seinaleen hornikuntza egokia dela hauteman bazen ere, turismo bulego, tren eta autobus geltokietara gidatzen dutenen kopurua urritzat jo da; are eta eskasagoak dira, oraino, aireportu eta polizi komisarien kokapena adierazten dituztenak.

Turismo bulegoak, zuzen

/imgs/20070701/img.tema-portada.03.jpg>Turismo bulegoa bisitariarentzat funtsezko gunea da baina, horretaz baliatu ahal izateko, bertaraino iristea ezinbestekoa da eta hori seinaleztapen on bati esker bakarrik lor daiteke, hiriko biztanleek, orokorki, bulego hori non dagoen ez baitakite. Bisitaturiko bulego guztietatik zazpi bakarrik (Kordoba, Malaga, Oviedo, Iruñea, Valentzia, Valladolid eta Gasteizkoak) zeuden behar bezala seinaleztatuak. Alacant, Bartzelona, Granada, Murtzia, Sevilla eta Zaragozakoetan kartel eta seinaleak urriegiak ziren; A Coruña, Bilbo, Madril, Donostia eta Santanderren, berriz, teknikariek horien arrastorik ez zuten topatu.

Bulegoetan artapena berehalakoa izan zen, Bartzelona, Kordoba, Madril eta Sevillakoetan izan ezik: hauetan itxaronaldia lau eta zazpi minutu artekoa izan baitzen. Mostradorearen aurrean ilara egitea beharrezkoa izan zen Madril, Sevilla, Granada eta Malagan aztertutako bulegoetan. Aitzitik, Alacant, Granada, Donostia, Sevilla eta Valladolidekoetan bisitariari bere zaletasunez eta bere bidaiaren nolakotasunez galde egin zioten.

Hiriko planoa, berriz, bulego guztietan eman zitzaion bidaiariari, baita museo, monumentu eta zona esanguratsuei buruzko datuak ere. Horrez gainera, hiriak dituen ibilbideez ere informazioa (idatziz, ahoz edo bietara) eman zuten, Granada eta Santanderren izan ezik. Bostetik lautan bisita gidatuen gaineko informazioa eman zuten, %73tan garraiobide turistikoei buruzkoa eta erdietan, azkenik, jatetxe, taberna, kafetegi, gaueko aisialdi eta berdeguneez. Lautik hiruk toki interesgarriei eta ordutegiei buruzko informazioa eman zuten, %61etan ikuskizunen berri eta %45etan merkataritza gune, sarreren prezio eta lojamenduena. Hiri-garraioaren, turistentzako berariazko garraiobideen eta museoak bisitatzeko abonuen berri, xehetasunez, lautik bakar batean eman zioten bisitariari.

Hamar minutuko artapena

Hamar minutu eta hogeita hamar segundo izan zen turismo bulegoetan bidaiariari emaniko artapenaren batez besteko iraupena, batetik bestera berebiziko aldeak hauteman baziren ere: lau minutuetatik (Bilbo, Oviedo, Donostia eta Santanderren bisitatutakoetan) ordu erdiraino (Alacant eta Sevillakoetan). Bisitatu diren lau hiriburutik hirutan, turismo bulegotik irtetean, osotasunez eta adeitasunez informatu eta artatu izanaren sentsazioa atera zuen teknikariak. Informazio eskasa eskuratu izanaren sentsazioa Santander, Kordoba, Malaga eta Murtziakoetatik bakarrik atera zen. Azterturiko lautik batean bazegoen bizikletak alokatzeko zerbitzua eta, gainera, lojamendua erreserbatzeko gestioak egiten zituzten. Bestetik, hirutik batean garraiobideetarako txartelak eta abonuak saltzen zituzten.

Hobekien baloratu zen guneetako bat, bulegoen garbitasun eta kontserbazioa izan zen. Horrez gainera, den-denak zeuden ezinduentzat egokituak.

Bisita autobus turistikoan

Autobus turistiko batean zoazela, hiria gainetik behintzat ezagutu eta hartaz gozatzeko aukera hiriburu askotan ematen dizute. Azterturikoen %61etan ematen da zerbitzu hori eta gainerakoek ez zuten horrelakorik edo bisita egin zen garaian (maiatzean) ez zegoen martxan. Autobus zerbitzu honen osoko kalitatea ona da.

Autobus turistikoa 12 euro inguru kostatzen da, batez beste, eta ordubete eta hogeita bost minutu irauten du, honetan ere hiri batetik bestera sekulako aldeak atzeman diren arren: lau eurotik (Zaragoza) 19 euroraino (Bartzelona). Deskontuak den-denetan aplikatzen dira, haur, erretiratu eta ikasle jendearentzat, bereziki.

Bilbo, Malaga eta Zaragozan autobusaren etorrera atzeratu eta itxaronaldia, Bizkaiko hiriburuaren kasuan, hamabost minutukoa izan zen. Autobus denetan ematen diren azalpenak espainolez ere baliagarri daude, %75etan ingelesez ere bai eta %58tan frantsesez orobat. Zerbitzu honen gabezia larriena, ezinduek eskuragarri ez izatean datza. Hiru autobus turistikotik bakarra zegoen egokitua mugikortasun urriko pertsonak bertan sar zitezen.

Geltokiak

/imgs/20070701/img.tema-portada.04.jpg

Paradoxa bada ere, tren eta autobus geltokietan, turisten sarrerako bide nagusietako bat izanik, ez dira biziki kezkatzen bisitariaz. Proba hau gainditu gabe utzi dute A Coruña, Murtzia, Iruñea, Donostia, Santander, Sevilla, Valladolid eta Gasteizek. Gainerakoek, proba gainditu bai, baina doi-doi: emaniko kalifikazioak “onartzeko modukoa” (Alacant, Bilbo, Granada, Malaga, Valentzia eta Zaragoza) eta “ongi” (Bartzelona, Kordoba, Madril eta Oviedo) baizik ez ziren izan.

Gabezia larriagoak autobus geltokietan atzeman ziren: ohikoen eta garrantzizkoetako batzuk, kontserbazio eskasa eta garbitasun urria, komunetan batez ere. Hamar geltokitik bederatzi, aitzitik, garbi zeuden eta komunen %22tan bakarrik topatu zen kiratsik edo zikintasun arrastorik.

/imgs/20070701/img.tema-portada.05.jpg

Alacant eta Bartzelonak bakarrik daukate turismo bulegoa tren eta autobus geltokietan; Bilbo, Granada, Malaga, Oviedo eta Donostiak, berriz, autobus terminalean bakarrik daukate turismo-informazioaren gunea. Kordoba, Madril, Valentzia eta Zaragozak tren geltokian bulegoa dute. Hamazortzi hirietara eginiko bisitan aurkitu ziren hamahiru turismo bulegoetatik hamar baizik ez zeuden zabalik. Alacantekoa asteburuan ixten da, Granadakoa astegunean eta larunbat goizean bakarrik irekitzen da eta Donostiakoan artapen-ordutegiaren berririk aipatu ere ez da egiten. Autobus geltokiez bereziki ari garela, emaniko informazioak gabeziak zituen. Horrez gainera azterturiko hamazortzi hirietatik lauk bakarrik erakusten zuten geltokietan gune interesgarrien informazioa bere panelean.

Teknologia berriei goazkiela, gainerakoetatik Granada gailentzen da, bertako autobus geltokian baitaude hiriari buruzko informazioa kontsultatzeko ordenagailuak, telefono mugikorrera deskargak egiteko aukera ematen duen bluetooth sistema eta SMS bitartez informazioa jasotzeko sistemak.

Bisita gidatuak, merezi

Bisitaturiko hamazortzi hirietatik zortzitan (ahal izan zen denetan) teknikariek bisita gidatua egin zuten. Zortzietatik seitan azken kalifikazioa “oso ongi” izan zen (Alacant, Granada, Malaga, Murtzia, Iruñea eta Gasteizen) eta beste bietan, “ongi” (Kordoba eta Valentzia). Zortzi hirietan ere, erreserba egin zen egun hartan bertan gauzatu zen bisita. Hauen iraupena aldatu egin zen, hiri batetik bestera: lau ordutik (Malaga) ordu eta erdiraino (Gasteiz). Den-denak bere orduan hasita, luze-zabal samarrak gertatu ziren. Murtzia eta Malagan bisitak doakoak ziren. Kordobakoaren prezioa, aldiz, 14 euro izan zen, batez besteko kostuaren (9,2 euro) oso-oso gainetik.

Gidak, orokorki, ozenki ematen zituen azalpenak, mikrofonorik gabe. Malagan, berriz, gida horren ordez erabilera indibidualeko MP3 erreproduzitzailea dabil eta bertan agertzen dira ibilbideko tokiei buruzko sostengu materialak. Akats nagusia: zortzi hiri horietatik hirutan (Kordoba, Murtzia eta Iruñea) bakarrik egin zezakeen bisita mugikortasun urriko pertsona batek; bostetan (Alacant, Malaga, Granada, Valentzia eta Gasteiz), berriz, bisitaturiko espazioetako batzuk baizik ez zeuden egokituak pertsona ezinduentzat.

Hiri-turismoaren erradiografía, hiriz hiri

Bartzelona

Oso ongi. Hiririk atseginena turistarentzat. Turismo bulegoan ematen den zerbitzua ona da. Hirian barrena autobus turistikoan eginiko ibilbidea bikaina, baina garestia (19 euro). Tren eta autobus geltokiek turismo bulego bana daukate eta biak jendearentzat zabalik zeuden bisita egin zenean.

Bilbo

Ongi. Hirigunea adierazten duten seinaleak aski dira eta egoera onean daude. Zerbitzu ona turismo bulegoan. Hiriak bisita gidatuak eta autobus turistikoan ibilbidea egiteko aukera ematen du eta bertan ezintasunik duten pertsonak sar daitezke. Tren eta autobus geltokietako komunetan erabateko garbitasunik ez.

Alacant

Ongi. Hirian orientatzeko eta tokiak aurkitzeko bezainbeste seinale on eta ikusgarri ditu hiriburuak. Oso ongi turismo bulegoa: informazio-emaileak bisitariari zaletasun eta gustuen berri galde egiten dio. Bisita gidatuen zerbitzua, oso ona. Autobus geltokia, berriz, onartzeko modukoa baino ez. Eraikinaren barrualdea zikin dago eta, gainera, zain dauden bidaiariek segurantziarik ezaren sentsazioa izaten dute.

Madril

Ongi. Errepideetan seinaleak ez dira ugariegiak eta, gainera, eranskinen hondakinak direla medio, ez dira oso ikusgarriak gertatzen. Turismo bulegoetan emaniko zerbitzua, “onartzeko modukoa” baino ez. Artatua izateko itxaro egin behar da eta turistaren zaletasunengatik edo bidaiaren nolakotasunengatik inolako interesik ez dute agertzen. Halaz ere, autobus turistikoan egiten den Madril Historikoaren bisitaldia merezi du. Ongi, era berean, autobus eta tren geltokiak.

Granada

Ongi. Hiria bisitatzeko eskaintza desberdinak on-onak dira, bai garraiobide turistikoa (gune interesgarri nagusietan gelditzen delako), bai aukeran dauden lau bisita gidatuak. Hiria oso ongi seinaleztatua dagoenez, toki esanguratsuenetara iristea erraza da. Turismo bulegoan emaniko artapena ona da, batzuetan ilarak osatzen badira ere; eskatzen duen pertsonaren zaletasun eta gustuetara egokitutako informazioa ematen da. Geltokien -autobusena, batez ere- egoera gainerako hirietakoa baino hobea da.

Malaga

Ongi. Hiri hau berritzaileenetako bat da, bisita gidatua MP3-en zortzi hizkuntzatan grabatu eta turistak doitutako erritmoaren arabera emaniko informazioarekin osatzen baita. Malagan, beste gutxitan bezala, bisita hau doakoa eta bost ibilbideren artean hautatzeko aukera dago. Autobus turistikoan bisita egiteko aukera ere badago.

Valentzia

Ongi. Turismo bulegoan emaniko artapena asetzeko modukoa da eta, bai bisita gidatuko zerbitzua, baita autobus turistikoan egiten den ibilbidea eskertzeko modukoak dira; zenbaitetan, ordea, autobuseko grabazioa ez dator bat ibilbidearekin. Hirian barrena orientatzea kontu erraza da, kaleetan dagoen seinaleztapenari esker. Autobus geltokian zain dauden bidaiariek segurantziarik ezaren sentsazioa izaten dute.

Kordoba

Onartzeko modukoa. Turismo bulegoan jasotako artapenak ez du proba gainditu hiri honetan eta beste gutxi batzuetan: ez da informazio nahikorik, ezta toki jakinak bisitatzeko aholkurik ere ematen; pertsonak eskatu ahala, orritxoak ematen zaizkio. Besterik ez. Bai ibilbide turistikoa, bai bisita gidatua ere, asetzeko modukoak dira baina eskaintza ez da bariatua. Hobekien seinaleztatuak dauden hirietako bat da hau eta bertako geltokiek kalifikazio hoberenak eraman dituzte.

Donostia

Onartzeko modukoa. Gipuzkoako hiriburua seinalez ongi hornitua dago eta turismo bulegoko artapena zuzena da. Hiria hobeki ezagutzeko aukera ematen dute bisita gidatuak eta autobus turistikoko ibilbideak. Okerrena: autobus geltokiak ez du eraikinik, geraleku hutsa da.

Sevilla

Onartzeko modukoa. Hirigunearekiko komunikazioa ongi seinaleztatua dago, zuzena da turismo bulegoko artapena (hiri honetan bakarrik ohartarazten diote bisitariari hiriko alderdi arriskutsuez). Autobus turistikoan egiten den ibilbidea, oso ona. Autobus geltokia, berriz, zikin eta hondatua dago.

Murtzia

Onartzeko modukoa. Turismo bulegoan emaniko artapena onartzeko modukoa baino ez da. Hirigunea adierazten duen seinaleztapena on-ona da, bisita gidatuen eskaintza bezala. Monumentuetarako bisita, bereziki, doakoa da eta, talde handi asko osatzen badira ere, ibilbidea eskertzeko modukoa da. Autobus zein tren geltokiek gabeziak dituzte, informazio turistikoari dagokionean, batik bat.

Oviedo

Onartzeko modukoa. Inolako garraiobide turistikorik ez dago hiria bisitatzeko eta bisita gidatuak enpresa pribatu batek antolatzen dituenez, aurretiaz erreserba egin eta, multzoa osatzeko behar adina jende izan arte, itxaron behar da. Turismo bulegoan ematen den artapena, berriz, asetzeko modukoa da. Geltokietako seinaleztapena eta ekipamendua onak dira.

Iruñea

Onartzeko modukoa. Garraiobide turistikoan ezin da hiria bisitatu eta, turismo bulegoan bisita gidatuak egiteko aukera badagoela esaten duten arren, horrelakoen antolamendua enpresa pribatu baten eskuetan dago. Turismo bulegoan emaniko artapena ona da, bidaiariari ematen zaion tratamendua bikaina eta informazioa nahikoa baita eta, gainera, telefono mugikorrera informazioa deskargatzeko bluetooth sistema dago eskuragarri. Seinaleztapena on-ona bada ere, geltokietako informazio turistikoaren zerbitzua ez da aski gertatzen.

Gasteiz

Onartzeko modukoa. Hirigunea adierazten duen seinaleztapena aski da eta egoera onean dago. Turismo bulegoan eskaintzen den zerbitzua, denetan hoberena, Alacantekoarekin batera; hemengoak, gainera, bestelako informazio sistemak dauzka, hala nola bluetooth. Udan hiria tren turistiko batean zeharkatzeko aukera izaten da. Arabako hiriburuko geltokiek, berriz, ez dute proba gainditu, biak gaizki seinaleztatuak baitaude; era berean, autobus geltokian garbitasunean gabezia larriak hauteman dira.

Valladolid

Onartzeko modukoa. Turismo bulegoan ematen den tratamendua bikaina da: bisitariari bere zaletasunez eta egonaldiaren iraupenaz galde egiten zaio. Autobus turistikoan egiten den bisita ongi antolatua dago eta gune interesgarrietan geldialdiak egiten ditu. Halaz ere, autobus zein tren geltokietako bidaiariek informaziorik ezin eskura dezaketela azpimarratu behar da.

Zaragoza

Onartzeko modukoa. Hirigunean sartzea zaila izan daiteke, gune hori adierazten duten seinaleak urri-urriak direlako. Hiri barneko turismo bulegoan tratu atsegina eta behar adinako informazioa ematen da. Autobus turistikoan egiten den ibilbidea eskertzeko modukoa bada ere, grabazioa denez, zenbaitetan azalpena eta bideko gorabeherak ez datoz bat.

Santander

Erdipurdi. Proba gainditu ez duen hiri bakarra, A Coruñarekin batera. Seinaleztapenak bakarrik gainditu du. Turismo bulegoan gabezia larriak atzeman dira: inolako aholkurik ez dute ematen eta, gainera, informazioa urria da. Horrekin batera, bisita gidatuak egiteko edo autobus turistikoan hiria zeharkatzeko aukera uztail eta abuztuan baizik ez dago. Tren eta autobus geltokietako hornikuntzak eskasak dira: ez batean, ez bestean dago hiriari buruzko informazio turistikoa eman lezakeen gunerik. Autobus geltokiko komunetako garbitasuna eskas-eskasa da.

A Coruña

Erdipurdi. Turismo bulegoak “onartzeko moduko” hutsa baizik ez du irabazi, gaizki seinaleztatua baitago; jendeari galdetu behar da bulego hori non dagoen. Udako jai egunetan hiria tranbea turistikoan bisita daiteke: horra hor, aukera bakarra. Autobus eta tren geltokiek ez dute proba gainditu. Aurrenekoaren komunek ez dute oinarri-oinarrizko higiene-baldintzak betetzen.

Turistarentzako hiri eredugarria

Turistarentzako hiri eredugarriak bere premiak betetzen ditu, goizean irten denetik etxera itzuli arte. Horretarako, hurrengo zerbitzuak eman behar ditu:

  • Informazioa: bidaiari asko irteerak prestatzeko garaian teknologia berriez baliatzen direnez, oso-oso garrantzitsua da hiriak sarearen bitartez informazio baliagarria eskaintzea: lojamenduak, bisitatu beharreko tokiak, aisialdiko alderdiak… Are eta garrantzi handiagokoak dira turismo bulegoak, hauek eskainiko duten zerbitzu baliagarrian denetik sartu behar baita: interes turistikodun guneak, lo egiteko aterpe eta ostatuak, kultura eta aisialdiko eskaintza eta era guztietako aholkuak.
  • Konexioak: konexio onak izan behar ditu hiriak. Autobus eta tren geltoki, aireportu eta portuak dira turista askoren sarrera-guneak: hortxe bilatuko dute hasiera-hasierako informazioa helmuga horretaz. Horregatik dira biziki baliagarriak bertako informazio-guneak.
  • Hiri garraioa: hiri turistikoak garraiobide ona eskaini behar du (autobusak, metroa, tranbea, taxia…).
  • Lojamendua: kalitate guztietako lojamendu-eskaintza zabala agertu behar du hiriak.
  • Garraiobide turistiko eta bisita gidatuak: turista batzuek hiria bere kasa zeharkatzea nahiago badute ere, beste batzuek informazio zabala emango dien gida turistiko baten eskutik tokietan barrena ibiltzea dute gustuko.
  • Eskaintza gastronomikoa, ludikoa eta kulturala: hiri-turismoaren gakoa. Hiria erakargarria izango da baldin eta museoak, zaharberrituriko hirigune historikoak, monumentuak, kultura-guneak, antzokiak eta antzekoak baditu eta, horren gainera, jatetxe, taberna eta kafetegien aukera zabala erakusten badu.
  • Trafiko atsegina: autoa da turistak baliatzen duen beste garraiobideetako bat. Horregatik, hiriak puntu asko irabaziko ditu trafiko arina badu, auto-pilaketa eta geldialdirik gabe.
  • Seinalez- tapena: funtsezkoa da turista ez galtzea; beraz, gune interesgarriak adierazten dituzten seinaleak (behar adinakoak, egoera onean eta ikusgaiak) agertu behar ditu hiriak.
  • Helmuga turistiko segurua: kaleko segurtasuna funtsezkoa da, bidaiaria lasai eta eroso senti dadin.
  • Hiri garbi eta jasangarria: hotsak, kutsadura, zikinkeria? ez ditu gustukoak turistak.