Udalekuak, koloniak, eskola-etxaldeak

Haurrentzat, jolas eta hezibide; gurasoentzat, laguntza eta lasaitasunaren berme

Haurraren interesak, zaletasunak, trebeziak, prestakizun fisikoa eta heldutasuna aintzat hartu behar dituzte gurasoek, olgeta eta heziketa-zentro horietako batera bidali aurretik
1 uztaila de 2007

Haurrentzat, jolas eta hezibide; gurasoentzat, laguntza eta lasaitasunaren berme

/imgs/20070701/img.informe-2.01.jpgIkasturtearen amaierarekin batera lehertzen dira Espainiako eskola eta era guztietako ikastegietan alaitasun irrintzi eta poztasun oihuak. Hortik aurrera, udako hilabeteetan haurrak zaindu, dibertitu eta hezten segitzeko zama osoa gurasoek soilik eroango dute. Ikusi batera erraz bete daitekeen eginkizun hori frustrazio-bide bihurtuko da familia askotan, laneko ordutegia eta seme-alabena egokiro uztartzea lortzen ez badute.

Arrazoi ekonomikoak, konfiantzarik eza edo ordutegi bateraezinak oztopo, hilabeteotan haurrak zaintzeko pertsona bat kontratatzea askotan ezinezkoa denez, geroz eta ohikoago bilakatzen ari da guraso biek oporraldiak txandaka hartzea, seme-alabek gurasoetako bat gutxienez erreferente izan dezaten. Hona beste aukera bat, erakargarri eta arrakastatsuagoa: gaztetxoei ingelesez ikasteko Pirinioetan, surfean aritzeko Kantauri itsasoan, abenturak bizitzeko Gaztelako mendilerroan, antzerkia egiteko Bilbon, magian trebatzeko Katalunian eta beste hamaika gauza mila tokitan egiteko aukera emango dieten udaleku eta kolonien eskaintza, egundoko indarrez hazten ari dena.

Aukeren eskaintzak ez du mugarik: hiriko kalean, mendian, baserrian, hondartzan, atzerrian? udalak, ikastetxeak, ludotekak, enpresa pribatuek, finantza erakundeek, museoek edota kirol elkarteek antolatuak, jolastea edo heztea jomuga duten udaleku, kolonia eta etxalde-eskolek uda partean haur eta gaztetxoei olgeta ez ezik, heziketa ere eskaintzen die. Uda-pasa atsegina egiteaz gainera, gurasoek irtenbidea aurkitu diote aspaldiko dilemari, hots, lantokiko oporraldiak (eskolakoak baino askozaz ere laburragoak) iritsi bitartean zer egin seme-alabekin.

/imgs/20070701/img.informe-2.02.jpg
Umeen adina eta zaletasunak kontuan izaki, hizkuntzak, magia tailerrak eta abenturazko kirolak tartekatzen dituzten ekimenak, ingurugiro alorreko jarduerak edo, bestela, biolin eskola eta globoan txangoak uztartzen dituzten eskaintzen artean hautatzeko aukera dago egun. Astebete edo hamabost eguneko iraupeneko ikastaro gisa egituratuak daude eskaintza gehienak eta prezioak ere patrika guztien araberakoak dira: 35 eurotatik hasi eta 1.570 eurotaraino. Prezio batetik besterako alde ikaragarri horren eragilea, batik bat, lojamendua da: haurraren helbidea izan daiteke edo, beste muturrean, lauzpabost izarreko hotela; tartean, aterpe, bungalow, ikastetxe, kanpaina denda, baserria edo, zergatik ez, udalek eta antzeko erakundeek antolatzen dituzten doako udalekuak.

Pribatuak izan, publikoak izan, baliaturiko metodologia gorabehera, udaleku, kanpamendu eta etxaldeek haurrak ikasturtean zehar eskolan hartzen duen prestakuntza-prozesu arautua biribilduko dute. Aldi berean, gazte eta gaztetxoak beren adineko beste neskato-mutikoekin bizi eta sormena eraginez, parte hartuz eta era aberasgarrian astialdiaz goza daitezen espazio egokitzat jotzen dira.

Erabaki egokia hartzeko aholkuak
  • Izan kontuan: haurrak estreinako udalekura joateko adin egokiena sei urtekoa da. Lehenago ere, hiriko edo eguneko udalekuetara joan daitezke.
  • Lehendabiziko bizipena denean, aukeratu haurraren helbidetik gertuko udalekua, arazorik sor liteke-eta.
  • Sustatu haurrarengan erabakiak hartzeko gaitasuna eta onar ezazu hori. Ume bakoitza mundu oso bat da eta, lotsa gaindituko badu, zenbaitetan bultzada bat eman behar bazaio. Ez behartu udalekuetara joateko, etxetik kanpoko lehen bizipena horixe badu, bereziki.
  • Egiazta ezazu haurrak egiaz joan nahi duela. Hobe da azken unean inskripzioa baliogabe uztea haurrari eskarmentu latza biziaraztea baino.
  • Gaindi ezazu seme-alabak pertsona ezezagunen eskuetan, etxetik kanpora, astebete bat, bi edo hirutan uzteko beldurra eta mesfidantza.
  • Eskaintza zabal-zabala da: aukeren artean hautatzeko unean izan gogoan seme-alabaren zaletasun, trebezia eta premiak.
  • Baliozta ezazu jardueren aukera eta prezioen arteko erlazioa, nolako lekuan bizi izango den (egoitza, txabola, landa-etxea, hotela?) eta materialak eta lekualdaketak prezioan sartuta dauden ala ez.
  • Egiazta ezazu udalekuak antolatzen dituen erakunde publiko edo pribatu hori dagokion autonomi erkidegoko erregistroetan alta emana dagoela eta funtzionatzeko baimena daukala.
  • Kanpamendu onak garbia, segurua eta erosoa izan behar du, gai diren eta ongi prestatuak dauden pertsonek kudeatua. Haurren eskola-trebezien osagarri izango diren kalitateko jarduerak eta txangoak eskaini behar ditu, gainera, eta edozein eratako zalantzarik sortuko balitz noiznahi erantzuteko prest agertu behar du.
  • Garrantzi handia du taldeak adinen arabera sailkatuak egoteak eta, era berean, taldeko kideen arteko alderik handiena hiru urte baino gehiago ez izateak.
  • Udalekuak egingo diren tokiaz erreferentziarik ez baduzu, zoaz zeu, instalazioak bertatik bertara ezagutu ahal izateko.
  • Eska ezazu enpresak jarduera horretan aritzeko dauzkan baimen-agiriak erakuts diezazkizuten. Jakin ezazu nolako osasun-neurriak hartu dituzten antolatzaileak instalazioetako higienea bermatzeko.
  • Eska ezazu burutu beharreko jarduera-egitarauaren xehakapeneko berri eman dakizun eta aukera itzazu baimentzeko prest zauden abenturazko jarduerak. Izan jakitun: oso litekeena da, zure seme-alabaren adina kontuan izanik, jarduera horietako asko eta asko desegokiak izatea eta, gainera, gustukoa ez duen edo beldurgarri zaion horretan parte harrarazi behar ez diozula.
  • Haur txikien kanpamenduetan arriskudun kirolak eta lehia bizi-bizikoak saihestu behar dira.
  • Jakinaraz iezazkiezu udalekuko arduradunei zure seme-alabak nolako zaintza eta arretak behar dituen: asmatikoa den, edo alergikoa, edo diabetikoa, edo lo-arazoak nozitzen dituen, edo jokabide alorrekoak, edo elikabidekoak, etab.

Hainbat aukera

  • Udalekuak. Aukera seguru eta erosoa, txikienentzat batez ere: kanpamenduetan ez bezala, lojamendua egiten da haurraren helbidean bertan, hoteletan, ikastetxeetan edo talde ugariak hartzeko prestatuak dauden aterpetxeetan.
  • /imgs/20070701/img.informe-2.03.jpgHiriko udalekuak. Hauek dira aspaldi honetan demanda handiena izan dutenak. Aukerarik merkeena izateaz gainera, haurrik txikienentzat (hiru urtetik aurrerakoak joan daitezke horrelakoetara) eta udan seme-alabengandik urrutiratu nahi ez duten gurasoentzat hautu egokiena da. Ikastetxeak legez funtzionatzen dute. Goizeko bederatziak aldera zabaltzen dituzte ateak (batzuetan bazkaria ematen da) eta seiak inguru ixten dituzte. Hemengo jarduerak gainerako aukeretakoen tankerakoak dira, gutxi-asko: badira kirolak, ingurugiro alorrekoak, musikarekin eta pinturarekin lotutakoak, antzerkigintza, hizkuntzak, magia etab.
  • Udako kanpamenduak. Udalekuen antzekoak badira ere, honelakoetan umeak paraje naturaletan kokaturiko kanpin-dendetan bizi dira, txikiak naturarekin kontaktuan mantentzea agintzen duen filosofiarekin bat. Horregatik, hizkuntzak eta kirol zein arte-materiez ahantzi gabe ere, ingurunearekin loturiko gaiek berariazko garrantzia dute, hala nola inguruetako fauna eta flora behatzea eta txango eta ibilbide ekologikoak egitea.
  • Eskola-etxaldeak. Baserri-giroko bizitza ezagutzea jomuga dute udaleku eta kanpamenduaren arteko konbinazio antzeko hauek: eraikin batean (ohean) lo egiten bada ere, naturarekiko kontaktua erabatekoa da. Programetan jolas eta heziketazko jarduerak, batetik, eta baserriko lanak, lanabes, produktu eta elikagaien (xaboia, ogia, gazta, kirtenak…) eskulangintzazko ekoizpena, abeltzaintza eta ortu-zaintza, bestetik, uztartzen dira.
Segurtasuna, funtsezkoa
  • Monitoreek “Aisialdirako Monitore Diploma” edo antzeko titulua daukate. Gurasoek zalantzarik izatekotan, agiri hori erakuts dakiekeen eska dezakete.
  • Udalekuek, etxaldeek eta kanpamenduek oinarrizko sorospen-botikina ez ezik, intsektuen ziztada, ebaki, kolpe, erredura, beherako, sukar, gonbito, katarro eta antzeko arazoak konpontzeko pertsonal jantzia daukate.
  • Gerta daitekeen osasun-arazorik artatzeko osasun-pertsonal espezializatua ere badaukate. Horrez gainera, larrialdirik gertatzekotan, berehala ospitalera irteteko dena prest egon ohi da.
  • Parte-hartzaileen segurantzia babesten duen istripu eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza kontratatua dute kanpamenduek.
  • Antolatzaileek eta monitoreek guraso guztien telefono eta helbideak dauzkatenez, ezustekorik gertatzekotan, berehala dei dezakete umearen etxera. Horregatik da oso garrantzitsua gurasoek telefono zenbakia eta helbide elektronikoa ematea, erraz lokalizatuak izan daitezen.

Zaletasun eta patrika guztien neurrirako eskaintza tematikoak

  • Arte alorrekoak. Materia bakarra ardatz duten koloniak dira, eskuarki artea: musika, antzerkia, dantza, zinema, argazkia, magia, etab. Hainbat jardueratako tailerrek haurren sormena sustatu eta trebeziak garatzen laguntzen dute. Lau urtetik gorako haurrentzat, bereziki. Astebeteko prezioa 98 eta 380 euro artean dabil.
  • Kirol alorrekoak. Itsasoa, hondartza eta ur kirolekin kontaktuan egun batzuk eman nahi dituzten gaztetxoei zuzenduak, era guztietako zaletasunak asetzeko jarduerak eskaintzen dira: bela, windsurfa, snorkela, piraguismoa, igeriketa, futbola, saskibaloia, atletismoa… kirolak praktikatzeko aukerak asko dira eta mota askotakoak. Baldintza bakarra, umeak zazpi urteak beterik izatea. Astebeteko prezioa 60 eta 379 euro artean dabil. Kirol praktika hizkuntza baten ikaskuntzarekin elkartuz gero, aste horren prezioa 400 euro ingurukoa izango da.
  • Hizkuntzetakoak. Udalekuen antolamendu-kontuetan eskarmentu handikoak izaki, aurreko guztien konbinazio modukoak dira: abentura, kirola, artistikoa; horiei, hizkuntza horretan murgiltzeko aukera eransten zaie, kasu askotan beste herrialde batzuetako haurrekin eskolak eta aisialdia partekatzeko aukera emanez. Sei urteak beterik dituzten haurrentzako aproposa. Hamabost eguneko prezioa 760 eta 1.570 euro artean dago.
  • Ingurugirokoak. Udaleku hauek landa giroko tokietan daude eta bertan umeek eskualdeko flora eta fauna bertatik bertara ezagutzeko aukera izaten dute, tailerrak, txangoak, bisita kulturalak egiten eta ingurunea zaintzen ikasten duten bitartean. Kirola ere praktikatzen da horrelakoetan: mendi ibilaldiak, igeriketa, orientazioa, tirolina, etab. Zazpi urteak beterik dituen umearentzat egokiak. Bost eguneko prezioa: 175 eurotik aurrera; hamar edo hamabi egunekoa 380 euro inguru.
  • Abentura anitzekoa. Abentura anitzeko eskaintza ugalduz doa udatik udara. Naturan bertan bizi direlarik, gazteak abenturazko kiroletan aurreneko urratsak egin ditzakete, hala nola kanoan arroila eta errekak jaistea, arku-tiroa, raftinga, eskalada, rappela, hipika, etc. Bertan izena eman ahal izateko aski da zazpi urteak beterik izatea. Prezio batetik bestera sekulako aldeak daude: 195 eurotik 700 euroraino, astebeteko, eta 350 eurotik 1.130 eurora arte, 15 eguneko.
Txikientzako mesedeak

Fisikoak

  • Hazkuntza indartzen dute.
  • Gorputzarekiko kontzientzia, koordinazioa eta kontrola hobetzen dute.
  • Umearen gaitasun fisiko kondizionalak -indarra, erresistentzia, lastertasuna, malgutasuna eta arintasuna- garatzen dituzte.
  • Umeak espazioan eta denboran bere motrizitateaz jabetzen dira.

Sozial eta emozionalak

  • Eguneroko elkarbizitzan adiskidantza, lagunartekotasuna eta elkartasuna indartzen dira.
  • Entretenitzen eta elkarrekin bizitzen ikasten laguntzen dute
  • Haurraren autonomia eta ardura pizten dute.
  • Ingurunearekiko haurrak dituen lokarriak sendotzen dituzte; umeari beste pertsona batzuekin bizitzen ikasten lagunduko dio, talde-kontzientzia eta elkarrenganako errespetua sustatuz.
  • Egintzara eta antolakuntzara begirako ekimena indartzen dute.
  • Naturan egiten diren jardueren aldeko zaletasuna eta asetasuna sustatzen dituzte.
  • Arauen aurreko errespetua finkarazten dute.

Intelektual, ekologiko eta elkartasunezkoak

  • Natur ingurunerako hurreratzea sustatzeaz gainera, hori errespetatzeko eta zaintzeko joera indartzen da.
  • Aire zabaleko teknikekin eta kirolarekin ohitzen dira haurrak eta, gainera, abentura eta kontrolpeko arriskudun kiroletan hasten dira urratsak egiten.
  • Ume txikiek naturan egiten diren abenturazko jarduerak balioztatzeaz gainera, gozatu egiten dute.
  • Horrelako instalazioetan tokian tokiko ohitura eta baliabide kulturalak ezagutarazten dira eta, bide batez, landa-mundura gerturatzen dira haurrak.
  • Txikienek, era guztietako arte-materiak ez ezik, hizkuntzak ere ikasi eta praktikatzen dituzte.