Kristalezko meniskoak
Gizakiak dituen ezaugarrietan bereizgarrienetako bat den zut ibiltzeak hamaika abantaila ematen dizkio, eboluzio-azterketa askotan frogatu izan den legez. Abantaila horietako bat -berarekin lotzen da, hein batean, garunaren bilakaera- beso eta zangoak libre edukitzea izaki, horrek hamaika trebezia garatzeko aukera eman digu. Bestetik, ordea, gorputzak nozituriko eraldaketengatik tentsioan bizi behar izatea ondorioztatu du; tentsio horrek eraginiko indar-banaketaren ondorez, mugikortasun eta malgutasunez gozatzeko aukera ematen diguten atalen (junturen) gaitzak etorri dira: belauna da nagusietako bat, berealdiko egonkortasun eta higikortasuna ematen dizkiguna, luzaturik dagoenean bereziki.
Hezur eta giharren propietateak egokitzen dituen eta belauna bere ezaugarriez janzten dituen pieza meniskoa da, juntura barruan dagoen ilargi erdi itxurako kartilago txikia. Horren egiturak tibiaren goialde ia erabat lau horren sakonera areagotzen du, egonkortasunaren mesedetan. Meniskorik gabe, ordea, femurraren zati biribila tibiaren azalera lauan labaindu egingo litzateke.
Belaunak dauzkan bi meniskoek (kanpoaldekoak eta barrualdekoak) femur eta tibiaren arteko kojineteen eginkizuna betetzen dute, gorputzaren pisuak eraginiko indarra arinduz, eta transmitituriko indarrak belaunaren bitartez banantzen dituzte, junturak hartzen duen kargaren %40 jasoaz. Horren egiturak, hiru geruzakoak, indar-multzoa arindu eta gehiegizko higadura saihesteko aukera ematen du. Meniskorik izango ez balitz, hezurren azalerak kaltetu egingo lirateke, ehunaren endekapena ondorioztatuz.
Horregatik meniskoak erabat erauzteak artrosiaren agerpena “erakartzen” duen faktorea da: femur eta tibiaren juntura aldeko azalerek elkarrekin jotzeak kartilagoaren etengabeko erosioa probokatzen duenez, horrek hezurra babesik gabe, agerian utz dezake. Meniskoa, horregatik, ez da erabat kentzen gaur egun.
Lesioak eta higadura
Futbolean, pixka bat tolesturik dagoela eta oina lurrean finko, belauna hausten den horixe da egoera ezin hobea meniskoak hausteko. Trauma oso bortitza baldin bada, oso litekeena da lotailuak ere lesionatzea, eskian gertatzen den bezalatsu. Alboetako lotailuen lesioek, era berean, meniskoetan eragina izan dezakete, batzuk eta besteak hertsiki lotuak baitaude.
Urteetan aurrera joan ahala, meniskoak malgutasunetik galtzen duenez, hauskorrago gertatzen da eta, noski, hutsaren pareko traumatismoak lesionatu egin dezake. Ibilian oztopo bat gainditzea, lur irregularretan ibiltzea, jauzi egitea edota eskaileretatik jaistea adineko pertsonen belaunetako lesio-bide izan daitezke.
Diagnostikoa eta tratamendua
Meniskoan lesio bat identifikatzea ez ohi da kontu zaila: lesioa nola gertatu zen atzemateak, sintomek eta miaketa fisikoak diagnostikoa orientatzen dute. Erresonantzia magnetiko nuklearra (RMN) beharrezkoa izan daiteke, lesioa berretsi eta kokatzeko eta bestelako lesioak (lotailu, hezur, kartilago, tendoi eta muskuluenak) baztertzeko. Erradiografia konbentzionalak, berriz, lesio horrekin loturiko beste baldintzarik ba ote dagoen determinatzeko bakarrik balio du, inola ere ez hautsitako meniskoa baloratzeko. RMN minik eragiten ez duen proba da eta, gainera, artikulazioaren egoera baloratzeko, ez da kontrasterik txertatu behar.
Zenbaitetan metodo diagnostiko modura artroskopia ere (junturetan arazoak ikusi eta tratatzeko baliatzen den prozedura kirurgikoa) egiten da ebakuntza-gelan, anestesia (orokorra, bizkarrezurrekoa edo lokala, juntura edota konpondu beharreko arazoaren araberakoa) emanik. Belauneko junturan eginiko ebaki txiki batetik sartzen den zuntz optikoko kamera txiki-txikiak barrualdea ikusteko, barne egiturak zuzenean baloratzeko eta, beste ebaki txiki bat eginez (hemendik sartuko dira meniskoaren parte hondatua konpondu edo erauzteko beharrezkoak diren lanabes kirurgiko bereziak), lesioak tratatzeko aukera ematen digu.
Zenbaitetan, menisko-urradurak eskuilatze eta sutura bidez konpondu izan dira, baina horrela konpontzea ez da beti posible. Paziente gazteen menisko hautsi berria da konpontzeko aukerarik hoberena; adin handiko pazienteen ahuldade eta higiduragatiko hausturak, endekaturiko oinarria dutenak, ordea, soluzio zailekoak dira.
Lesionaturiko meniskoaren amaiera ez da beti ebakuntza: lesioa oso hedatua ez dagoenean eta minik eta blokeorik probokatzen ez duenean, badago geroratzea. Aditu batzuen iritziz, hala ere, meniskoaren lesioak, txiki-txikia bada ere, junturako kartilagoa honda dezake. Meniskoa, irrigazio urriko estruktura denez, nekez orbaintzen da berez. Nolanahi ere, ez dirudi ebakuntza nozitu ez duen menisko hautsi batekin artrosia garatzeko aukera handiegia denik. Hautsitako menisko zati bat erauzten denean, ordea, zenbat eta zati handiagoa kendu, orduan eta karga astunagoa hartuko du junturak eta artrosia nozitzeko aukera ere handiagoa da.
Ebakuntza egiten denean ebakiak egun gutxitan orbaintzen dira eta bendak 24 ordutara kentzen da. Junturako mina hutsaren hurrena izaki, esteroide ez diren antiinflamatorioekin tratatzen da eta aste gutxiren buruan arazoa konpondu da. Berariazko errehabilitazio-programa egiteak garrantzi handia du, junturak bere funtzionaltasun osoa (edo gehiena) berreskura dezan.
Mina arintzne laguntzeko
- Aurreneko 48 ? 72 orduetan, lesionaturiko tokian ipini hotza, 15 minutuko saioetan, egunean hiru ordu baino gehiago egin gabe. Tenperatura hotzaren eraginez erredurarik gerta ez dadin, hobe da izotzak larruazala zuzenean ez ukitzea.
- Juntura ez da mugitu behar 24 edo 48 ordutan.
- Hanka goian eduki behar da egun batzuetan.
- Benda elastiko bilgarria ezarri behar da, asko estutu gabe.
- Traumatismoa gertatzean baliteke klaska antzeko bat nozitzea.
- Berehala dator sekulako mina lesionatutako alderdian: kanpo-meniskoa denean, belaunaren kanpoaldean; barne-meniskoa lesionatzean, barrualdean.
- Belauna luzatu eta tolestean klaskak senti daitezke.
- Belaunaren luzatze eta biltze mugimenduak mugaturik daude, eskaileretatik igo eta jaistean, makurtzean eta belauniko jartzean hautematen den bezala; intentsitate aldakorreko mina ere sentitzen da horrelakoetan.
- Sintoma klasikoena, belauna blokeatzea da: hautsitako zatia bisagra-mekanismoan geratzen denean juntura erabat luzatzea ez da posible izaten.
- Junturan, garrantzi apaleko sinobia-likidoa isur daiteke.