Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Euroa : Txanpon aldaketa baino zerbait gehiago

Txanpon berria etortzeak, Europako Moneta Batasuna osatzen duten 12 herrialdeen ekonomiara espainiar Estatuarena behin betikoz gerturatzea espero dute

Oraino ez gaude prest

  • Europar Batzordeak eginiko Eurobarometroko azken datuen arabera, txanpon berriaz gauza asko ditugu oraindik ikastekoak, zenbait alorretan Europako batenaz bestekoak baino informazio hobea dugun arren.
  • Estatu espainoleko %73k zehazki daki zein egunetan sartuko den indarrean txanpon berria. Europar Batasuneko bataz bestekoaren portzentaje berean dabil horretan.
  • Espainiarren %87k badaki txanpon eta billeteak Europar Moneta Batasun osoan erabil daitezkeela (Europar Batasunean, herritarren %80k baizik ez).
  • Estatu espainoleko hiritarren %27k badaki epe batean bi diruak ibiliko direla zirkulazioan (Europar Batasunean, kopuru hori %17raino jaisten da).
  • Estatu espainolean inkesta erantzun duten herritarren %63k mesfidantza agertzen du, prezio berriekin iruzur egingo diotelakoan; EBean portzentaje hori %66ra igotzen da (Alemania eta Frantzian, ostera, %68raino).
  • Espainolen %79k espero du komertzioek Gizabidezko Kodea onartuko dutela (Europako batenaz bestekoa %69an dago).
  • Oraingo txanponarekin euroak zehazki zenbat balio duen galdeturik, espainiar Estatuan hiritarren %74k erantzun zuzena eman zuen; EBean jendearen %54k baizik ez (Alemanian %35k eta Frantzian %71k).

AHOLKUAK

Gogoan izan euro 1, 166,386 pezeta dela, baina zentimoek ere balio (handia) dutela. Egunero kontsumitzen ditugun produktu askoren prezioa euroa baino txikiagoa izango da (100 pezetako ogi barra 0,60 euro kostatuko da, hau da, 60 zentimo).

Kontua partzialen batuketa biribiltzea da; ez, ordea, partzialak banan-banan biribiltzea.

Hasierako egunetan eta behar bezainbeste euro zirkulazioan jarri aurretik, erosketa baten zati bat eurotan eta bestea pezetatan ordaindu ahal izango da.

Ahalegin zaitez lehenbailehen burua eurotan egokitzen. Horretan hasteko modu polita da eskuarki erosten dituzun produktuen etiketetan dauden prezioei (eurotan eta pezetatan) erreparatzen hastea. Praktikatu 6ko erregelarekin (eurotan) eta finka itzazu automatikoki erreferentziak buruan:

  • 6 euro = 1.000 pezeta
  • 12 euro = 2.000 pezeta
  • 30 euro = 5.000 pezeta
  • 1.000 pezetako otordua = 6.01 euro
  • 7.000 pezetako zapata parea = 42.07 euro
  • 275 pezetako aldizkaria = 1.65 euro
  • Bi txanponak batera dabiltzala, inork ezingo lizuke kobratu inolako komisiorik eurotan (txanpon nahiz billetetan) ordaintzearren.
  • Erosketak egiten dituzunean euroak itzuliko dizkizute. Trukea egiteko beste bide fidagarri bat finantza erakundeetara jotzea da: berme osoz trukatu ahal izango duzu bertan zure dirua.
  • 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera ezingo da egin txekerik pezetatan. Horrenbestez, ohiko finantza erakundean eurotan agertzen den taloitegi bat lehenbailehen eskatzea komeni zaizu.

ABANTAILAK

  • Atzerrira goazela, dibisak erosteko kosturik ez da izango. Europa osoan barrena (kasik), txanpon bera eta bakarra erabiliz ibili ahal izango dugu.
  • Atzerrirako fondo-transferentziak errazago eta merkeagoak izango dira. Gardentasun eta lehiakortasun handiagoaren ondorioz, transakzioen prezioak ere jaitsiko direla aurreikusten da.
  • Euroa onartu duten herrialdeetan truke-tipoa aldatzearen arriskurik ez da izango; interes-tasak jaitsi egingo dira, maileguen kostua merkatu egingo da, erosteko ahalmena mantenduko da eta ekonomiaren hazkuntza ere hobea izango da.
  • Kontsumitzen ditugun produktuetako asko eta asko EBeko beste estatuetatik dator: komisioak eta dibisak ez izatean, oso litekeena da prezio horiek ere jaistea.
  • Europar Bankuko arduradunen iritziz, diru berriak prezioak garestitu ordez, jaitsieraren mesedetarakoa izan behar du, moneta hori onartzen duten estatuek egonkortasun handiagoa agertuko dute eta.
  • Gure aurrezki-kontuetan euroaren eragina onuragarria gerta daiteke, Estatu espainolak nozitu ohi duen inflazioa baino txikiagoa izan dutelako betidanik estatu-elkarte horretako kideek.
  • Hipoteka-maileguei dagokienez, aldaketarik aurkituko dugu. Gure hipoteka interes finko batez sinatu baldin badugu, eragiketak irauten duen bitartean interes hori ezingo da aldatu. Alderantziz, hipoteka interes aldagarrian kontratatu baldin badugu, aldaketarik izan daiteke, mesedetarakoa askotan. MIBOR ez diren interes-tasa aldagarria dutenek beren baldintzak bete beharko dituzte, ordezko tasei eta erreferentziako interes-tasak kalkulatzeari dagokienean.

ERAGOZPENAK

Eurora Egokitzeko Batzordeak ohartarazpena egin du: euroa indarrean sartu aurretiko hilabeteetan, baliteke komertzio eta bestelako establezimendu batzuek prezioak gorantz biribiltzea.

Horrelako gehiegikeriei saihets egiteko, diru berrirako trantsizioan zehar praktikan jarri beharreko “Gizabidezko Kodea” izeneko konpromisoa bereganatu du hainbat enpresak: kontsumitzaileei euroak behar den eran biribiltzeko, beti-beti euroak itzuli eta informazio egokia ematea agintzen dute. Toki ikusgarrian ipiniko den eranskin urdin bereziak adieraziko digu establezimendu horiek zein diren.

Bihurtze eta biribiltzea

Pezetatatik eurotara

  1. Pezeta kopurua zati 166,386 kalkulatu behar da, sei digituak baliatuz.
  2. Hirugarren dezimalaren arabera, biribildu gorantz edo beherantz.
    • Hirugarren dezimala 5 edo handiagoa baldin bada, biribildu gorantz.
    • Hirugarren dezimala 5 edo txikiagoa baldin bada, biribildu beherantz.

1.875 pezeta kostatzen den liburua

1.875 : 166,386= 11,26897. Hirugarren dezimala 8 denez, azken prezioa gorantz biribiltzen da eta, horrela, 11,27 euro izango da.

340 pezeta kostatzen den kontserba lata

340 : 166,386 = 2,043441. Hirugarren dezimala 3 denez, azken prezioa beherantz biribiltzen da eta, horrela, 2,04 euro izango da.

Eurotatik pezetatara

Euroa 166,386ez biderkatu behar da, sei digituak baliatuz

30 euro kostatzen den alkandora

30 euro x 166.386 = 4.991,58 = 4.992 pezeta

Europarren txanpon bakarra

Zortzi txanpon berriak

Aurrealde berdina (europarra) denek dutelarik, atzealdean tokian tokiko bereizgarria ezarriko dute Estatuek. Txanponak, duten irudia zeinahi dela ere, 12 estatu kideetako alderdi guztietan erabili ahal izango dira.

  • 1 zentimo: 1,66 pezeta
  • 2 zentimo: 3,32 pezeta
  • 5 zentimo: 8,31 pezeta
  • 10 zentimo: 16,63 pezeta
  • 20 zentimo: 33,27 pezeta
  • 50 zentimo: 83,19 pezeta
  • 1 euro: 166,386 pezeta
  • 2 euro: 332,77 pezeta

Zazpi billete berriak

Hainbat kolore eta tamainatan jalgiko direlarik, 500, 200, 100, 50, 20, 10 eta 5 euroko billeteak izango ditugu. “Eurozona” osoan berdin-berdinak izango dira billeteak: txanponak ez bezala, dagokien estatuaren bereizgarririk ez dute izango aurre nahiz atzealdean: bertan agertuko diren irudiek, Europako ondasun arkitektonikoa adieraziko dute. Eurozonan legezko zirkulaziokoak izango dira billete guztiak.

  • 5 euro: 831,93 pezeta
  • 10 euro: 1.663,86 pezeta
  • 20 euro: 3.327,72 pezeta
  • 50 euro: 8.319,30 pezeta
  • 100 euro: 16.638,6 pezeta
  • 200 euro: 33.277,2 pezeta
  • 500 euro: 83.193 pezeta

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak