Artikulu hau itzulpen automatikoko sistema batek itzuli du. Informazio gehiago, hemen.
Euskarara itzultzeko sistemek aurrerapen handiak izan dituzte azken urteotan, baina oraindik badute zer hobetua. Hobekuntza horren parte izan nahi? Aukeratu esaldi osoak nahieran, eta klikatu hemen.
Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.
: Onak, baina miraririk gabeak
Hortz-haginen kanpoaldea zuritzeko gauza direla dioten hortzetako pasta horien eraginkortasuna egiaztatzeko xedez laborategira eraman eta hirurogei kontsumitzailerekin probatu genituen zortzi pasta: horietako lau zuritzaileak dira eta beste laurak, berriz, konbentzionalak. Batenaz beste zuritzaileak garestiagoak badira ere (%25, ia), xehetasunez azaltzen diren datuak ez dira horren zorrotzak. Pasta zuritzailerik merkeena Licor del Polo da (16,93 euro kostatzen da, litroko), konbentzionalik merkeenaren parekoa (Licor del Polo klorofiladuna, 16,67 euro litroko), kasik. Bestetik, zuritzailerik garestiena (Binaca aquafresh) dezente gehiago kostatzen da: 32,77 euro litroko. Hamaika proba sakon egin ondotik, kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Signal markako biek ematen dute (bistan denez, zuritzailea egokiagoa da efektu horren bila doanarentzat): biek daukate materia aktibo ugari (fluorra, agente urragarri eta tentsioaktibo anionikoak), hortzetako mukosak erraz toleratzen ditu eta erabilera proban kontsumitzaileei atsegin gertatu zitzaien.
Hortzaren azala
Pasta zuritzaileek hortzen kolorea argitzen dute, kaltzio-karbonato, dikaltzio-karbonato, aluminio-oxido, silize hidratatu eta antzeko agente urragarriei esker hortzen azaleran dautzan metaketa eta orbanak konbentzionalek baino eraginkortasun handiagoz suntsitzen dituztelako.
Zortzi laginetan ere osagai ugariena ura delarik, ondotik datoz agente urragarriak, substantzia humektanteak (pasta lehortzea galarazten, trinkotasunaz janzten eta egonkortasun mikrobiologikoa bermatzen dutenak, hain zuzen), lodigarriak (substantzia urragarriak metatzea galarazten dutenak), opazifikatzaileak eta koloratzaileak, tensioaktiboak (plakaren kontrako egintza) eta zapore alorreko agenteak (osagairik garestienetako batzuk dira hauek).
Agente urratzaileek berebiziko eragina dute hortzak zuritzean eta, gainera, orbanak eta plakak desegiten laguntzen dute: eskuilatzeak beroriei esker leuntzen ditu hortzak. Esmaltea ez higatzeko, dentifrikoek ez dute sobera agente urratzaile: horregatik aholkatzen da honelako pastak eta bestelakoak txandaka erabiltzea.
Agente urratzaileak
Osagaien artean, zortzi laginek (bai zuritzaileek, bai klasikoek) silizea daukate agente urratzaile behinena, baina horren proportzioa pasta batetik bestera dezente aldatzen da: eduki osoaren %1,7tik (Signal oinarrizkoa) %24raino (Colgate zuritzailea). Signal markako bi pastek, ordea, kaltzio-karbonatoa (agente urragarri leuna) daukate ugariena (%41 zuritzaileak eta %36 normalak); karbonato hori bera agertzen da Colgate zuritzailean ere, baina askoz ere urriago (%2,4).
Hortzetako pastek dituzten agente urratzaileetako batzuk fosfatoak dira; agente urragarri izateaz gainera, dena den, fosfatoen beste eginkizun garrantzitsu bat lertzoa suntsitzea da. Osaketan presentzia urria dute: %0,2 (Licor del Polo) eta %4,8 artean (Binaca zuritzailea). Amaitzeko, adieraz dezagun aluminioa geroz eta gutxiago baliatzen da funtzio hori betetzeko: Licor del Polo zuritzaileak bakarrik dauka hori bere formulan (%0,35).
CONSUMER EROSKI-ko teknikarien iritziz dentifrikoaren osaketan substantzia urragarriek %25 bete behar dutenez, %19ra iritsi ez direnek ez dute proba gainditu. Atal honetako hoberenak Signal markako biak dira (%46 zuritzaileak eta %39 konbentzionalak) eta urrutitik Colgate zuritzailea datorkie (%27). Licor del Polo eta Colgate konbentzionalak ez dira gutxieneko mugara iristen. Harritzekoa bada ere, Signal oinarrizkoaren urratze-ahalmena (beraz, zuritze-ahalmena) Binaca eta Licor del Polo zuritzaileena baino eraginkorragoa da.
Aho osasuntsu bateko listuaren pH-a 7 inguruan ohi dagoenez, hortzetako pasta bat hobea izango da 6,9 eta 8 bitartean badabil. Hiru dentifriko soilik (Binaca, Signal eta Colgate marketako zuritzaileak) 7ko neutraltasun horretatik urrundu eta 9ra gerturatu dira.
Trinkotasun zehatza
Pastaren ukitua likidoegiak produktuaren dosifikazioa zaildu egiten du eta dentsitate handiak, aitzitik, dentifrikoa ontzitik ateratzea eragozten du. Pastaren itxura eta trinkotasunean eragina duen sorbitol izeneko agente humektantea zortzi laginek baliatu dute, %10etik (Licor del Polo zuritzailea) %35eraino (Colgate jele). Glizerola ere substantzia humektantea da baina Colgate markako bi dentifrikoetan eta Binaca eta Licor del Polo marketako zuritzaileetan baizik ez zen atzeman. Licor del Polok eta Binaca Aquafresh oinarrizkoak agertu dute trinkotasun egokiena. Dentifrikorik diluituena Colgate oinarrizkoa da baina ontzian bertan adierazten du produktua ez dela pasta, jelea baizik.
Fluorrak txantxarra prebenitzen du, bakterioen erasoen aurrean esmaltearen erresistentzia areagotzen du eta azido organikoak (azido laktikoak) esmalte disolbatzea galarazten du. Hortaz, fluorra biziki onuragarria denez, dentifriko guztiek sartu dute osaketan. Europako legeriak gehienez ere onartzen duen edukia %0,15 da. Bistan da laginek parametro horretara hurreratu behar dutela, gainditu gabe, noski. Colgate oinarrizkoak bete-betean jo du (%0,15), Colgate eta Signal zuritzaileak ehuneneko batera geratu dira eta Signal kariearen aurkakoa eta Licor del Polo zuritzailea, bi ehunenekotara. Licor del Polo klorofiladuna (%0,10) eta Binaca biak (%0,11), aitzitik, atal honetako kaskarrenak dira.
Plakaren aurka
Zortzi laginek laurik edo sodio-sulfatoa daukate: proteinak desnaturalizatzeko ahalmen handiko tensioaktibo anioniko honek eraginkortasun handia erakusten du plakaren kontrako egintzan. Denetan hoberenak Signal biak eta Binaca zuritzailea (hirurak ere, %1,7) eta Licor de Polo oinarrizkoa (%1,5) dira. Binaca (%1,2) eta Colgate (%1,3) marketako oinarrizkoak, berriz, substantzia horretatik gutxien baliatu dutenak.
Hortzetako pasta baten eraginkortasuna balioztatzeko unean nabarmentzen den aspektuetako bat eskuilatzean aparra sortzeko ahalmena da. Ahalmen hori neurtu nahi izanik, 40 gramo dentifriko litro bat uretan (50ºC-ko tenperaturan) diluitu eta hiru minutuz astindu zen likidoa (aholkatzen den batez besteko eskuilatzeak irauten duen denbora, alegia), aparrak egokitzat jotzen den 300 mililitroko muga gainditzen ote duen egiaztatzeko. Colgate jele fluorduna gertatu zen apartsuena eta apar hori egonkorrena, gainera.
Dentifrikoak narritadurarik eragiten duen jakiteko, in vitro berrosaturiko ahoko mukosetako zelulekin kontaktuan jarri ziren laginak. Proba egindakoan zenbat eta zelula gehiagok bizirik iraun, hainbat eta hobea da dentifrikoa. Proba hau gainditu gabe lagin bakar batek utzi ez bazuen ere, Binaca markako bi pastak, Signal markako biak eta Colgate oinarrizkoa gainerakoak baino hobeak dira.
Osoko kalitatea
Hortzetako pastaren osoko kalitatea entsegu analitiko guztietako kalifikazioen batez besteko ponderatuak ematen du. Proba nagusia aho-tolerantziari dagokiona da (%30); ondotik, agente urratzaileen eta fluorraren presentziak adierazten dute (%20na. Trinkotasunak eta aparra sortzeko ahalmenak guztirako kalifikazioaren hamarren bana puntuatzen dute eta, azkenean, pH-a eta substantzia anionikoak osotasunaren %5.
Kalkuluak eginik, oso onak dira Signal markako biak, aho-tolerantzia onekoak direlako eta, gainera, agente urratzaile ugari eta fluor asko dutelako.
Badauka beste agente urratzaile bat, oraino: kaltzio-karbonatoa, beste gainontzekoek daukaten silizea baino leunagoa. Signal konbentzionalak, bere aldetik, kaltzio-ekarpen oparoa eskaintzen du, kaltzio glukonato gisa gorpuztua. Binaca markako biak, Colgate eta Licor del Polo zuritzailea onak dira. Aurreneko biak ez dira bikaintasunera iritsi fluor gutxi daukatelako (dena den, Binaca konbentzionalak proprietate bakterizidak dituen bradosol produktua dauka): Colgate konbentzionala, agente urragarri gutxiegi dauzkalako eta beste biak, ahoko mukosa lagin hoberenak bezain ongi "tratatzen" ez dutelako. Licor del Polo konbentzionala da onargarri huts agertu dena; triklosan (bakterioen kontrako substantzia bat) edukitzea bakarrik du alderdi azpimarragarria.
Eduki honen barruko orrialdekatzea
- Ez dago aurreko orririk
- Orri honetan zaude: [Or. 1 de 3]
- Joan hurrengo orrialdera Konparaketako taula »