Burdinazko okelak
Burdinazko osasuna metafora hutsa baino beste zerbait ere bada. Nerbio eta immunologia sistemek ondo funtzionatuko badute, gure organismoak ezinbesteko mineral horren garrantzia ere adierazten du. Dieta orekatu batean burdina sartzeko beharra, horrenbestez, ezbairik gabeko kontua da. Halaz ere, hainbat elikagairi -dilistei, besteak beste- burdina-ekarle nagusi izatea aitortzen dieten herri-sineskerez beste aldera, burdinarik hoberena eta organismoak asimilatzen duen erarik hoberenean datzana -hemo burdina izenekoa- okelean datza. Honela, bada, badugu beste arrazoi bat haragia gure dietan sartzeko, hori bai, tamainan: astean hiruzpalautan, 120 gramo okela.
Burdina gehien duten okelen rankinga
Okela gorrien burdina-edukia: 2,5 – 4 mg, 100 gramoko
Okela gorrien burdina-edukia: 1 – 1,5 mg, 100 gramoko.
Burdina gehien daukaten haragi gorriak:
- Usakumea: 20 mg 100 gramoko
- Faisaia: 8,5 mg 100 gramoko
- Erraiak (gibela, giltzurruna, bihotza): 5-10 mg 100 gramoko.
- Galeperra:4 mg 100 gramoko
- Zaldikia: 4 mg 100 gramoko
- Ardiki eta behikia: 3 – 3,5 mg 100 gramoko
Burdina guztiak ez dira berdin
Burdina ugari daukaten elikagaiez ari garela, kontuan izan dezagun, mineral horren edukiera ez ezik, okeletan nola agertzen den eta gure organismoa zein proportziotan asimila edo aprobetxa dezakeen; izan ere, batetik besterako aldeak sekulakoak dira. Beste hainbat mineralekin gertatzen den bezala, xurgatzen dugun burdina guztira irensten dugunaren zati txiki bat baizik ez da eta eragile askok baldintzatua dago xurgatze horren errazte edo zailtzea: gorputzean dautzan metaketak, kontsumitu den kopurua, burdinaren izaera kimikoa eta beste.
Burdina motak
- Hemo burdina edo burdina heminikoa, erraietan, okela eta okelazkoetan, arrain eta itsaskietan. Esnekiek ia ez daukate burdinarik. Irentsitako kopuruaren %15 – %35 bitartean aprobetxatzen da, gorputzeko metaketak gorabehera.
- Hemo ez den burdina, lekale, fruitu lehor, hosto berdeko barazki, labore aberastu eta arrautzetan. Irentsitako kopuruaren %3 – %8 inguru aprobetxatzen da.
Hemo ez den burdina hori heminikoa baino gutxiago xurgatzen da eta bere asimilazio-gradua irentsitako osagai batetik bestera dezente aldatzen da: batzuk eragileak diren bitartean, beste batzuek eragozle jokatzen baitute.
Xurgatzea eragiten dutenak:
- animali proteinak
- azido organikoak (azido zitrikoa, azido laktikoa)
- C bitamina
- hainbat azukre (hala nola sorbitola eta fruktosa).
Zenbat burdina daukagu?
Pertsona heldu baten organismoak lau bat gramo burdina dauka, emakumeek gizonezkoek baino gutxiago daukaten arren. Lau gramo horren gehientsuena (2,5 gramo) globulu gorrien hemoglobinan dago: proteina horrek oxigenoa zeluletaraino garraiatzen du, energia eskuratu eta beren eginkizunak bete ditzaten. Hemoglobinan datza gorputzak guztira daukan burdinaren %65. Gainerakoa banaturik agertzen da: mioglobinan -muskuluan dagoen proteina-, entzimetan -hamaikatxo erreakziotan esku hartzen duten substantziak- eta metaketetan -ferritina eta hemosiderina izeneko proteinetan-. Burdina apur bat, berriz, odoletan dabil zirkulatzen, transferrina izeneko garraio-proteina bati erantsita.
Burdinaren premia
Zergatik behar dugun burdina?
Organismoan behar bezainbeste burdina edukitzeak etekin fisiko zein mental ona ateratzen laguntzen du. Hemoglobina osatzeko eta, hortaz, biriketatik gorputz osoko organo eta sistema guztietako zeluletaraino oxigenoa garraiatzeko ezinbestekoa da. Nerbio-sistemak eta immunologi sistemak normal funtziona dezaten funtsezkoa da. Burdina-gabezia arinenak lanean aritzeko gaitasuna jaistearekin eta eragintza immunologikoa ahultzearekin lotzen dira; umeetan gertatzen denean, apatia (arreta eusteko zailtasuna), suminkortasuna agertzearekin eta ikasteko gaitasuna urritzearekin.
Nork ote du gabezi arrisku larriagoa?
Burdina-gabezia eta, areago, anemia ferropenikoa garatzeko arrisku larrienekoak dira haur eta nerabeak (ehunak eta odolaren bolumena etengabe handitzen ari direlako), haurdunak (fetuak burdinaren eskakizuna areagotu egiten du, odol bolumena ere handituz doan heinean), pertsona zahar eta gaixoak, urdaileko edo hesteetako ultzera, hemorroide eta antzeko gaitzak nozitzen dituztenak.
Harrigarria badirudi ere, urdaileko azidotasunak burdinaren disolbagarritasuna areagotu eta mineralaren aprobetxamendua hobetu egiten du. Aklorhidria (azido gastrikoa ez jariatzea) ondorioz, hipoklorhidria (behar adina azido ez jariatzea) eta antiazidoak hartzeak burdinaren xurgatze prozesua, hein batez behintzat, galarazi egiten dute.
- Taninoak: te, kafe, ardo eta beste hainbatetan presente dauden substantziak.
- Oxalatoak: ziazerba, txokolate beltz, erremolatxa, te eta beste hainbatetan.
- Fitatoak: labore-aleen azaleran .
- Bitamina gabezia.
- Burdina-eroale diren mekanismoen lehiakide jokatzen duten hainbat mineraletatik gehiegi edukitzea (fosforoa, kaltzioa, zinka, kobaltoa, kadmioa, manganesoa, beruna…).
- Kobre gabezia .
- Proteina urriko dieta.